ABENDUAREN 20AN IZANGO DA EUSEBIO EIZMENDI ‘TXAPEL’-EN OMENEZKO BERTSO SAIOA

EUSEBIO EIZMENDI ‘TXAPEL’

Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Miren Amuriza, Andoni Egaña, Oihana Iguaran eta Jon Gurrutxaga ariko dira kantuan Soreasu antzokian. Sarrerak aurrez salgai jarriko dituzte Azpeitiko eta Azkoitiko taberna batzuetan.
 

Abenduaren 20an, asteartea, izango da urtero egin ohi den Eusebio Eizmendi Txapelen omenezko bertso saioa. Azpeitiko Soreasu antzokian 22:00etan izango da Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatutako saioa, eta Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Miren Amuriza, Andoni Egaña, Oihana Iguaran eta Jon Gurrutxaga ariko dira kantuan. Sarrerak aurrez salgai izango dira Azkoitiko Zurt eta Azpeitiko Orkatz nahiz Sanagustin tabernetan, 6 euroren trukean. Egunean bertan, berriz, 8 euro ordaindu beharko da sarrera.

EUSEBIO EIZMENDI ‘TXAPEL’Izen: Eizmendi, Eusebio “Txapel” (1893-1969)

Izen abizen osoak: Eizmendi Urdanpileta, Euxebio

Jaiotza:1893, Errezil

Heriotza:1969, Azpeitia 

Errezilgo Antxubi-goikoa edo Antzizurbi baserrian jaio zen eta baserri honi ere Txapel izenez deitzen zioten, hortik bertsolariaren ezizena. Zestugile lanak Azpeitira eraman zuen eta bertan Josefa Iñazi Lazkanorekin ezkondu eta familia osatu zuen. Bertsotan bera baino hamairu urte gazteago zen lagun Akilino Izagirre “Zepai”rekin batera jardun zuen.

ZABALA, A. Txapel bertsolaria. (Auspoa, 91): Bertsolari zuzena zen. Betelan gutxiko bertsolaria. Hartzen zuen gaiari sustraitik heldu eta biderik galdu gabe jarraituko zion. Hamaika herri eta herrixka alaitu zuen bere anaiatzako Zepai aldamenean zuela. Urte mordo batetan, asko ibili ziren elkarrekin Txapel eta Zepai. Txapelek ez zuen Zepaik bezalako eztarririk. Ondotxo apalagoa bozez… Garai hartan ez zen gaur bezalako mikrofono eta altabozik. Nork bere eztarrriaz baliatu beharra zegoen. Horregatik Txapelen bertsoak toki itxian entzutekoak ziren..”
(J. Dorronsoro Bertsotan 1789-1936)

EUSEBIO EIZMENDI