“What is bertsolaritza?” dokumentala ikusgai

2018-12-07

“What is bertsolaritza?” dokumentala ikusgai –

Aste honetan aurkeztu du Mintzolak Donostian “What is bertsolaritza?” ikus-entzunezkoa. Nazioartean aritzen diren aditu, bertsolari eta gainerako eragileentzako tresna baliagarria izango delakoan daude ahozko lantegiko kideak.
 

Mintzolaren webgunean eman dute albistearen berri.


"What is bertsolaritza?" dokumentala ikusgai“Gehien txunditzen nauena komunikazio-erregistro unibertsal bat indartzeko ahalmena da”, aipatzen du Paolo Zedda inprobisatzaile sardiniarrak What is bertsolaritza? ikus-entzunezkoan. Izan ere, atzerriko begientzat bertsolaritzak badu berezitasunik; ez da ohikoa ahozko kantu inprobisatuak horrenbeste zale elkartzea eta, zenbaitetan, zuzenean ikusi ezean, bakantasun hori ulertaraztea ez da lan erraza izaten. Ahalegin hori hutsean ez geratzeko helburuz sortu da What is bertsolaritza?.

Etxepare Euskal Institutuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean garatutako ekoizpena da, Laboral Kutxaren babesarekin. Nazioartean aritzen diren aditu, bertsolari eta gainerako eragileentzako tresna baliagarria izango delakoan daude bultzatzaileak, bertsolaritzaren erakusleiho. Aurkezpenean hartu dute parte Irene Larrazak, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak; Marije Etxanizek, Laboral Kutxako komunikazio zuzendariak; Andoni Egañak, Mintzola Ahozko Lantegiko patronatu kideak; Eneritz Urkolak, What is bertsolaritza? ikus-entzunezkoaren zuzendariak; eta Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

20 minutuko ikus-entzunezkoa, ingelesez gauzatu da eta euskarazko, gaztelerazko eta frantseseko azpitituluak jarri zaizkio. Bertsolaritzaren jatorri eta testuingurutik hasita, eta Bertsolari Txapelketa Nagusia aitzakia hartuta, kantu inprobisatuaren deskribapena egiten da. Modu erakargarri eta argian azaltzen da, gainera, bertsoaren sormen prozesua: horretan, Maddalen Arzallus jarri dute lanean. Ikus-entzunezkoarekin batera, gai unibertsalen inguruko bertso bilduma batek osatzen du proiektua.

Laster izango dira ikusgai ingeles hutsezko eta gaztelerazko eta frantseseko azpitituluak dituzten ikus-entzunezkoak.

“What is bertsolaritza?” dokumentala ikusgai