Mauleko saioa

2017-11-07

 

Mauleko saioa

Manex Mantxola

Irungo katarsi kolektiboa -zirrara konpartitu hori, txalo zaparrada, ukabilak gora eta malkoak behera- errepikatzea ezinezkoa zen. Eta noski, Maule-Lextarreko saioak, osagaiak izanagatik ere, ez zuen lortu.

Zortziko nagusian sendo hasi ziren bertsolariak. Beñat Gaztelumendi eta Nerea Ibartzabalek, azaroaren 1aren ostean hilerria garbitzera doazen bi udal-langileren paperetik, lan txukuna egin zuten. Bereziki aipatzekoa Gaztelumendiren sakontasunaren aurrean, Ibartzabalek hartutako bidea heriotza desmitifikatuz, Mikel Laboaren, edo hobe esanda, Bertolt Brecht-en aipu eta guzti:

 

Etorri gera hilerrira ta

Urteroko historia

Hango larrosa gorria eta

Hango krabelin horia

Ia ahaztuta utzia dago

Maitearen hilobia

Egutegiak bezain ahula da

Jendearen memoria

 

Baina nik drama kendu nahi diot

Egoerari dena den

Pertsona hauek hil ziren baina

Benetan ez daude hemen

Eta askotan esan da nola

Gure bihotzetan dauden

Oindik ez dakit azaroaren batez

Zergatik etortzen garen

 

Ba maiteari nahi zaiolako

Maitasuna erakutsi

Etortzen dira bai beren lore

Beren malko beren huntzi

Hemen ezin da urtean behingo

Data ahanzturan utzi

Ohitura asko baitauzkagu guk

Eta sentimendu gutxi

 

Baina zergatik etorri gorpu

Hotz baten aldamenera

Nahiz ondo jakin hauxe dugula

Gu guztion amaiera

Egun denetan aurrera egin

Ta oroitzea hobe da

Bizitza ez al zen ba handiena

Bota ustelak lurpera

 

Beraz ustelak bere lurpetik

Behar omen du igaro

Protokoloak agintzen digu

Hori nahiko argi dago

Heriotzaren aurrean nola

Sentitzen naizen arraro

Nik errausteko eskatuko det

Usteldu baino lehenago

 

Heriotzean pentsatzeak on

Egin dezake tarteka

Imajinatuz zure nitxoa

Errautsak edo hileta

Baina mugatu bizi gara hemen

Ta ez eman hainbeste buelta

Erraustuta ere gu berdin berdin

Ahaztuko gaituzte eta

 

Nerea Elustondo eta Julio Sotok ere utzi zuten ale ederrik. Honela zioen gaiak: “Julio eta Nerea mendiko erreskate-talde batean hasi dira boluntario lanean. Gaur irten dira lehen aldiz mendizale baten bila”. Bereziki aipagarria Julio Sotoren lana, saioa Zuberoan zela aprobetxatuz Orhi eta Ibañeta mendiak aipatuz eta aurreko ofozioko hilerriko loreen gaiari erreferentzia eginez.

 

Zortziko txikian kolpeak bai baina saio osorik ez. Txalotuena, Beñat Gaztelumendi Benitorekin tematuta. Puntu erantzunen ariketari euri zaparradaren zarata batu zitzaion, bertsolarien kontzentrazioa eta entzulearen atentzioa oztopatuz. Gauzak horrela, ez zen aparteko dizdirarik izan.

 

Mauleko saioa

 

Seiko motzean egin zuen berriz gora saioak. Beñat Gaztelumendi eta Nerea Elustondok kantatu zuten etxetik badoala esan dien Down sindromedun baten gurasoen paperetik. Elkarrizketa bikaina osatu zuten biek ala biek:

 

Adinez denez nagusi

Bere lagun eta guzi

Bere burua etxetik kanpo

Nahi luke ikusi

Maitasuna erakutsi

Diogu eta ez gutxi

Joaten utzi nahi diot baina

Ezin diot utzi

 

Dugu alaba abila

Ta izan zaitez umila

Bera laguntzen izango ditu

Monitore pila

Etxetik joan dadila

Askatasunaren bila

Biok dakigu bere burua

Zaintzen badakila

 

Nere barruko olatu

Hau ezin det kontrolatu

Monitoreek eman dituzte

Makina bat datu

Lasai liteke moldatu

Ta dena nahi du aldatu

Nola hazi den orain arte ez

Nintzen konturatu

 

Barruan dezun dilema

Neretzat ez da problema

Eta zai nago noiz iritsiko

Ote astelehena

Etzazula hartu pena

Inuxente alaena

Hark ote dauka zure beharra

Ala zuk harena

 

Malkoa eta marmarra

Daukat nabarmen xamarra

Bera ez baita hemen arazo

Bat daukan bakarra

Eta hara aita zaharra

Tristura eta negarra

Nerea hemen denok daukagu

Elkarren beharra

Arituak hikamikan

 

Sorpresa baten orbitan

Soluziorik ba ote dago

Gure kalapitan

Euritan zein eguzkitan

Beharrezko dan guztitan

Nahi dezunero joango gara

Harena bisitan

 

Gustagarria ere, Beñat Iguaran eta Julio Sotok, bereziki bigarren honek, egindakoa iraganean sexu-erasoak jasan dituzten bi aktoreren larrutik.

 

Amaitzeko, kartzelakoan izan zen ale ederrik. Honela zioen gaiak: “zure ibilbidearen onenean zauden arren, zure jarduna uztea erabaki duzu”. Etxahun Lekuek Kevin Spacey aktorearen larrutik kantatu zuen. Beñat Iguaran, Kontxako Bandera irabazi duen Orioko arraunlaria izan zen eta Nere Elustondok ere, antzeko bidetik heldu zion. Julio Sotok, erretiratzera doan bertsolari modura. Nerea Ibartzabalek haurdun geratu delako futbola utziko duen kirolariaren paperetik eta Beñat Gaztelumendik, Juliok bezala, bertsoa uztera doanaren ahotsetik, baina kasu honetan, aita izango delako. Azken hauek, apartekoak:

 

Bertsolaria naiz ofizioz

Maiz pentsatzen det zertako

Saio txar bat da nere barruan

Zenbat ezten ta zartako

Final bat bec-en gero txapel bat

Bihurtu nintzen modako

Tamalez hori sekula ez da

Aski izan neretzako

Nahiz eta oholtza bihurtu nuen

Ibilbide baten marko

Eragin ditut hamaika irri

Hausnarketa eta malko

Hainbeste plaza bertso afari

Ta telebistako plato

Guzti guztia uzten dut aita

Izatera noalako

 

Hemen guztian agintzen baitu

Izenak ta abizenak

Plazako buru bertso borobil

Ta kurrikulum gizenak

Oraintxe bertan beste zeozer

Eskatzen dit niri senak

Ale gehiago badauzkalako

Bene-benetan naizenak

Entzungo ditut kritikak eta

Komentario kirtenak

Ta igual batzuk minduko ditu

Nere ahotik irtenak

Une honetan nahiz neregana

Datozkidan argi denak

Pertsona asko dauzkat ondoan

Ikustezinak direnak

 

Beraz bertsotik urruntzen zera

Galdetzen didate nora

Hain zuzen ere maite ditudan

Eta nautenen ondora

Kontziliatzen hastea nahiz ta

Omen den egungo moda

Norbait etxean beti utzita

Ni enegoke gustora

Hamar urteko ibilbidea

Neretzat da aski froga

Utzi dezadan noan etxera

Egin dezadan aproba

Bai niri ta bai ingurukoei

Eman nahi diet denbora

Ta ea zenbat argi dagoen

Fokoetatik kanpora

 

Honela geratu zen saioko sailkapena:

1. Unai Gaztelumendi Arandia 694.5

2. Julio Soto Ezkurdia 668

3. Nerea Ibartzabal Salegi 663

4. Etxahun Lekue Etxebarria 656.5

5. Nerea Elustondo Plazaiola 637.5

6. Beñat Iguaran Amondarain 604

 

Lehen fasea amaitzeko, finalaurreko bakarra geratzen da. Aitor Mendiluze, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Miren Amuriza, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran ariko dira kantuan, Durangon.

Mauleko saioa