Txapela janzteko modukoa

Txapela janzteko modukoa –

Eduki hau Argia aldizkariaren ataritik hartu dugu, eta Estitxu Eizagirrek egindakoa da. 

…………………………………………………………………………………………………………………..

Txapela janzteko modukoa

Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001) izan da bertsotan Euskal Herriko txapela jantzi duen lehen arabarra. Saran jantzi zuen Eskolarteko txapela ekainaren 10ean, Amets Arzallus txapeldun nagusiaren eskutik. Arrizubietarekin eta bertso eskolako irakasle Oier Arbina Badillo-rekin (Agurain, 1992) bildu gara, Arabako bertsolari gazteen panorama ezagutzeko. Lan handiaren saritzat daukate lortutako txapela, eta etorkizunean Euskal Herriko saioetan arabarrek ere kantatuko dutela desio dute.

 

Txapela janzteko modukoa

Aroa Arrizubieta Barredoren ibilbidea adibidetzat har daiteke, Bertsozale Elkarteak harrobia lantzeko osatu duen irakaskuntza-ibilbidea azaltzeko: “Uxue Diaz de Cerio etortzen da bertsolaritza irakastera Armentia ikastolara, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan, 15 egunean behin. Hor ezagutu nuen bertsoa. Gero galdetzen du nork hasi nahi duen bertso eskolan, ikastolan bertan baina eguerditan, gehiago lantzeko. Bertso eskola horretan hasi ginen 14 bat ikasle eta bik jarraitzen dugu”. Eskolan bertsolaritza ezagutu ostean ulertu zuen etxean jaso izan zuena: “Aitita lekeitiarra da eta beti aritzen zen bertso zaharrak kantatzen. Nik uste nuen kantugintza zela, ez zidan arretarik deitzen. Ikastolan bertsoa azaldu zutenean, orduan lotu nuen dena eta are hurbiltasun handiagoa sentitu nuen”.

Harrobia lantzeko, hezkuntza arautuan eta bertso eskolan egiten den lana, aisialdiko ekintzekin biribiltzen du Bertsozale Elkarteak (udalekuak, topaketak…), eta aisialdiko lan horren adibidetzat har daiteke Oier Arbina Badilloren ibilbidea: “Gure familian bi lehengusu gara euskaldunak. Koadrilako lagunak bertso eskolan hasi ziren, baina nik ezin izaten nuen joan. Arabako Eskolarteko finalaren ostean topaketak egin ziren, Ubidean gelditu ginen lotan, jendea ezagutu nuen, oso harreman ona egin genuen eta ordutik ari naiz bertso munduan. 18 urterekin hasi nintzen Lautadako bertso eskolan, Oihane Perea irakasle genuela eta 19 urterekin jada irakasle hasi nintzen”. Egun irakasle lanetan buru-belarri dabil, Armentia ikastolako bertso eskola ematen du eta Lautadakoa Agurainen. Bertso udalekuetako begirale ere bada.

Txapeldunaren agurra (bertsoa.eus webgunean bideoa ikusgai)

Eskerrik asko Muxikakoei
tratatzearren horrela
zuei ere sentitu bainaiz
udalekutan bezela.
Familiakoei, klasekideei
ezin zen izan bestela.
Ta kritikatu gaituzten denak
izorratu daitezela!
Arabar batek lortu duela
Euskal Herriko txapela!

 

Txapela janzteko modukoa

 

Arrizubieta: “Argi utzi nahi nuen arabarra naizela, askotan entzun ditugulako komentarioak: Arabako Txapelketa irabazi du, bai baina Arabakoa, bost bertsolariren artean ez zen zaila…  alde horretatik, to! Esan nahi izan nien”. Arbina: “Azken bi puntuak arabarron ahotik abestu zituen. Beti entzun behar izan dugu Araban bertsolaritza ez dela maila berekoa… lan handia egiten ari garen bitartean hori entzutea zaila da eramaten, umorez egiten da beti komentarioa, baina egin egiten da. Horregatik, txapela jantzi osteko bi puntuak oso ongi bota zituen, zeren historikoa izan zen. Oraindik ez gara konturatzen zer lortu duen”. Arrizubieta: “Garaipen hau ez da nirea bakarrik, arabar guztiona da, izan zitekeelako beste edonor. Maila badaukagu eta atzeko lan guztia da gakoa. Ni beti entrenatu naiz Araban eta arabarrekin. Bertsotan nire erreferenteak hurbilekoenak dira: Peio Ormazabal eta Oier Arbina irakasleak, Iñaki Viñaspre, Xabi Igoa, Paula Amilburu, Izar Mendiguren, Oihane Perea… “. Txapel honek ekarriko duena ikusteko dago, baina Arrizubietak hauxe desio luke: “Nahi nuke txapel honi esker Araba gehiago baloratzea, jende gehiago hastea Araban bertsotan, ikus dezatela eurek ere hel daitezkeela urrun…”.

Hezkuntza arautuan bertsolaritza: lan zaila baina emankorra

Arrizubietak kontatu du gehien bat jolasen bidez lantzen dela bertsoa ikastetxe barruko bertsolaritza ikasgaian. Gogoan du Bambiren ipuina bertsotan jarri zutenekoa. “Baina ikasleen aldetik askotan ez da gogo berezirik egoten, nahiko zaila izan behar du klase hori ematea”. Arbinak gogoan du Iñaki Viñasprek institutuan eman zien ikasgaiari esker ezagutu zuela bertsolaritza: “Nire koadrila erdalduna zen eta nahiko berezia, eurekin ezin zen klasea eman, atzeko lerroan zalaparta ateratzen duten horiek ginen gu”. Arbina egun irakasle da, eta berari dagokio orain ikasleak kudeatzea: “Orain talde polita bildu da Armentian eta oso ongi gaude, katxondeo ederra daukate euren artean eta beraz, bakarrik doa klasea. Orain arte gorabeheratsuagoa izan da”. Hezkuntza arautuko bertsolaritza ikasgaian, bertsoak batez ere idatzi egiten direla dio Arrizubietak, eta jolas bidez lantzen direla errimak. Arbinak eskola ordu horiek bertsoaz gain beste gauza batzuk lantzeko baliatzen dituela kontatu du: “Adierazkortasuna lantzen dugu, hitzekin esan dezakezu gauza bat baina justu kontrakoa adierazi, ideiak lantzen ditugu”.

Euskara eta bertsoarekiko bere ikaskideek zuten perzepzioa sano-sano deskribatu du: “Klasetan ez zen euskararik entzuten apenas… Ikasgelan 25 ikasletik bi gara etxean euskaraz egiten dugunak eta kalean saiatzen garenak beti euskaraz egiten. Ikaskideek ikusten dute bertsoa euskaldun zaharren kontua soilik balitz bezala, beraien mundua ez balitz bezala, eta bada”.

Arbinak, agian ikastetxe gehiago ezagutu dituelako, bestela deskribatzen du Armentiako errealitatea: “Ikastola honekin flipatu nuen. Oso euskalduna da. Ikastetxe batzuek lantzen dute euskara baina hau euskaraz bizi da, oinarritzat daukate, normaltzat hartu dute. Nabari da euskara mailan eta ikasle gehienek bertsolaritza ezagutzen dute ikasgaiari ekin baino lehen, etxetik ere jaso dutela ikusten da”.

Entrenamenduak

Eskola ordutan ematen duten bertsolaritza ikasgaiaz gain, astean bitan bildu dira Armentia ikastolan eguerditan bertso eskola lantzeko, Horrez gain, Gasteizen, Amaia Zentroan, hainbat herritako ikasleak bildu dira astero bertso eskolan, Peio Ormazabal irakasle dutela: Arrizubietarekin batera Xabier Antia Gasteizkoa, Unai Anda Murgiakoa eta Markel Yoyer Ilarduiakoa.

Eta Euskal Herriko Eskolarteko finala prestatzeko, Arabatik sailkatutako Arrizubieta eta Aitor Ugarte Aramaion bildu dira astero, Arbina irakasle zutela. Berak kontatu du nolako entrenamendua jarri dien: “Lehen egunetik esan nien nirekin ez zutela gauza teknikorik landuko, ni baino hobeak direla horretan jada. Hasieran librean egiten genuen berotzeko, gero ofizioren bat… Ahalegindu gara ongi irudikatzen gaiak eskatzen dien rola, azalean sartu daitezela. Gaia nondik hartu ere lantzen genuen, gai berari bi modutan kantatuz… jolas tontoak ere dezente egiten ditugu” gehitu du irriz. Arrizubietak eskertzen du batik bat hitzezkoa ez den komunikazioa landu dutela: “Bai txapelketarako, eta batez ere plazarako, beharrezkoa da. Plazetan jendearengana heldu nahi duzu, ez epailearengana”.

Arabako bertsolari gaztetxoen argazkia

Araban bertsotan ari diren gaztetxoen argazkia egiteko eskatu diegu eta Arbinak horrela kontatu du: “Mendialdean bada bertso eskola, Lautadan ere bai, Gasteizen daude, Aiaraldean dago, Errioxan… Araba osoan daude bertso eskolak. Baina ez dago gaztetxotan bertsolari asko, horren adibide da aurten Arabako Eskolartekoan zuzenean finala egin zela, kanporaketarik gabe. Ea orain jende gehiago animatzen den”.

Arabako beste bertsolari gaztetxoak ezagutzeko eta harremanak sendotzeko topaketek duten balioa nabarmendu du Arrizubietak: “Iaz zortzi bertsolarik jokatu genuen Arabako Eskolartekoko kanporaketa, horietatik sei finalera pasatzeko. Kanporaketaren ostean asteburu-pasa geratu ginen. Hor beste giro bat nabaritu nuen, jendearekin gehiago hitz egiten hasten zara, eta gure Gasteizko bertso eskolako taldea hortik sortu zen. Aurten beste topaketa bat antolatu nahian gabiltza, harremanak sendotzeko eta bertsotan jende gehiago hasi dadin”.

Bertso udalekuetan lurraldetasuna josten

Arabarren artean topaketen bidez dute harremana, eta Euskal Herriko bertsolari gaztetxoek harremana dute elkarrekin bertso udalekuei esker, “eta Euskal Herriko Eskolarteko finalean nabaritu zen” dio Arbinak: “Finalean 13 bertsolari ziren, eta udalekutan nire ume izanak dira gehienak. Koadrila giroa dute euren artean”.

Txapeldunaren agurrean aipatu zituen Arrizubietak udalekuak eta zapla bota du: “Bertso udalekuak dira urteko aste onena. Jendea oso hurbilekoa da, zu bezalako beste batzuk dira. Mundua ulertzeko modua partekatzen dugu, guztia berriz pentsatzeko jarrera da nagusi. Astebete euskaraz bizitzea niretzat handia da, erdaraz hitz egiten baduzu gaizki begiratzen dizute, eta nik horrela bizi nahi dut!”. Arbinak kontatu du begiraleek ere ederki gozatzen dutela: “Nik Aguraingo tabernan egiten dut lan eta  aste hori jai hartzen dut udalekutara begirale joateko. Sortzen den mikroklima berezia da, jendea zoragarria da, ez da giro euskalduna soilik, kanpoan tabuak direnak han natural hartzen dira, mikroklima horretan sartzean ez duzu irten nahi, arnasgune bat da, urtean zehar aurkitzen ez duzuna”.

Bertsotarako plazak Araban

Arrizubietak eta Arbinak berariaz eskertu dute Arabako Bertsozale Elkartea plazak sortzeko egiten ari den lana, horren adierazgarri gazteentzako saioak eta Altxa Kopla Hori egitasmoa. Arrizubietak horrela kontatu du: “Izar Mendiguren, Julen Zulaika eta Asier Otamendirekin aritu nintzen azken saioan. Oso adin ezberdinekoak gara baina saioa ongi joan zen, bakoitzaren alde bat hartuz zerbait polita sortu zen. Niri hori oso aberasgarria egiten zait, ez gabiltza gazteak alde batetik eta helduak bestetik”. Arbinak kontatu du eurak bertsotan hasi zirenean ez zeudela gaztetxoentzako orain bezainbeste saio: “Arabako Bertsozale Elkarteak indar handia jarri du saioak sortzen, harrobia lantzeko eta fruituak orain etortzen ari dira. Eskertzekoa da, isilik egiten dute lana baina asko nabari da, aldaketa handia izan da”.

Herri mugimenduetan bertsoak lekurik duen galdetuta, Arbinak bereizi ditu, batzuek bertsolaritza kultura delako sartzen dutela betegarri moduan, “abesten uzten zaituzte oholtza batean, beste hamar mila gauza dauden bitartean” eta aldiz, beste batzuek propio bertso ekimenak antolatzen dituztela baloratu du: “Gasteizen orain asko mugitzen da bertso-saltsa”. Arabako plazek badutela berezko izaera aldarrikatu du: “Araban bertsolaritza ez da oso ‘serioa’ izan. Gu Arabako Txapelketako saioak entzutera joaten ginen bonboa hartuta. Aihotz plazako saioak serioak izaten dira baina jaietakoak, beste giro bat egoten da. Katxondeo handia dago gure bertso saioetan orokorrean”.

Aurrera begira

Adin honetatik aurrera tokatuko zaio Arrizubietari sariketetan kantatzea, Euskal Herriko txoko batean eta bestean. Arbinak espero du urte batzuetara Euskal Herriko bertso saio arruntetan arabarrek ere kantatuko dutela.

Bakoitzak etorkizun hurbilean bertsolaritzan duen ametsa irudikatu du. Arrizubieta: “Afizio gisa eutsi nahi diot bertsoari, baina ez dut nahi dena izatea bertsolaritza, gustora nabil euskal dantzetan ere, txalaparta jotzen… Niri bertsoak laguntzen dit deskonektatzen, beste bizitza bat bezala da, bazoaz bertso eskolara eta sartu orduko pozik zaude, eta irtetean itzultzen zara errutinara”. Arbina: “Nire helburua Arabako Txapelketan finalerdietara iristea da, azken bietan puntu bakarrera geratu naiz eta! Hortik aurrera asko ematen dit bertsolaritzak eta jarraituko dut irakasle eta begirale”.

Txapela janzteko modukoa