Aitor Mendiluzeri elkarrizketa (2015)

Aitor Mendiluzeri elkarrizketa –

Aitziber Arzallusek Gipuzkoako Hitzan egindako elkarrizketa.

……………………………………………………………………………………………

“HASIBERRIAK BERTSOTAN BAKARRIK EGIN BEHAR DU; BETERANOAK, SAIOA”

 

Aitor Mendiluzeri elkarrizketa

 

Bertsoaren jiran bizi da Aitor Mendiluze (Andoain, 1975). Hogeitik gora urte daramatza plazaz plaza eta gaztetxoei bertsolaritza irakasten jarduten da eskolaz eskola. Txapelketak gustuko ditu; askotan parte hartu izan du, emaitza txukunekin, gainera. Gipuzkoako txapela bitan jantzi duen bertsolari bakarra da, 1995ean eta 2007an. Aurtengo txapelketan ez du parte hartu, eskuan duelako Euskal Herrikorako txartela.

Txapelketari kasu egin al diozu?

Bai. Bertsozale Elkarteko langilea naizenez, tokatu zait saio batzuetara lanera joatea, eta txapelketan dabiltzan inguruko zenbait kideri laguntzen ere ibili naiz.

Zer iruditu zaizu orain artekoa?

Beharbada, batzuengandik gehixeago espero nuen, eta beste batzuek harritu ere egin naute, ez nuelako horrenbesteko ezagupiderik euren bertsokerekiko.

Nork eman dizu ezustekoa txarrerako eta nork onerako?

Jexux Mari Irazu atzera gelditu izana ezusteko handia izan da. Besteak beste, harekin aritu izan naizelako aurretik bertsotan eta ikusi dudalako nola ari zen. Espero nuen zorte handixeago izatea. Eta onerako, adibidez, Oihana Iguaranek eta Unai Mendizabalek, iruditzen zaidalako salto bat gora egin dutela. Eta haiek bezala, baita beste batzuek ere. Bertsolari batzuei antzematen zaie badutela bertsotan egiteko gogoa, irrika eta ilusioa, eta hori da inportanteena.

Gazteak indartsu datoz, beraz.

Bertsolaritzaren balio handienetakoa da bere burua berritzen jakitea eta bertsogintzan garbi ikusten da hori: batzuk sartzen doazen neurrian, besteak heltzen doaz, eta hala behar du; kate naturala da.

Eta emakumeak zer esanik ez, txapelketan parte hartu dutenen ia laurdenak direlako.

Bertsolaritzan, parekide ez bada ere, normala da gizonek eta emakumeek abestea, eta hori txapelketan islatzea ona da. Lehiatzeko orduan, ordea, niretzat ez dira gizonak eta emakumeak, bertsolari onak baizik, ondo egiten ari direnak. Maialen Lujanbio ez da bertsolari emakume bat: bertsolari bat da, oso ona, eta punto.

Txapelketak erakusleiho ona dira bertsolari gazteentzat?

Bai, baina hori baino gehiago ere badira. Bertsolari gazteentzat, txapelketan parte hartze hutsa euren formakuntza prozesuaren parte da. Txapelketa bat barrutik ezagutzea eta zenbait bertsolarik nola bizi duten ikustea irakaspen bikaina da hasiberrientzat.

Harritu zaitu Aitor Sarriegi txapelketara aurkeztu ez izanak, duela lau urte txapeldun izan eta gero?

Ez, batere ez, harekin aurretik dezentetan hitz egin izan baitut horretaz. Hasieran bazuen joateko asmoa, iruditzen zitzaiolako bazuela hor leku bat. Baina Txapelketa Nagusiak faktura pasatzen du; nekatuta bukatu zuen gainontzeko denok bezala, eta orain, segituan, beste txapelketa batean sartzea… Bere buruari galdetzen zion: ‘Joanda ere eta oso zorte ona izanda ere, zer irabaziko dut, beste txapel bat? Zertarako?’. Ez zeukan irrikarik, ez zeukan koska egiteko gogorik, eta horrela txapelketara joatea gogorra da.

Zuk beste inork baino hobeto ulertuko duzu Sarriegiren erabakia, duela lau urte gauza bera egin baitzenuen.

Txapelketak berak eskatzen dizu intentsitate batekin bizitzea, eta zeuk ez baduzu zeure burua horretarako prest ikusten, onena paso egitea da. Ez dakit Sarriegiren kasuan erabateko pasoa izango den edo lau urte barru parte hartzeko asmorik baduen.

Eta zure pasoa erabatekoa al da?

Txapelketa honetan garbi neukan ez nuela parte hartuko. Batetik, buruan beste gauza batzuk ditudalako, eta bestetik, iruditzen zaidalako Txapelketa Nagusirako txartela eskuan izanda, zer irabazi gehiago daukan beste bati lekua kentzen ariko nintzatekeela. Finalera ailegatuta ere, final horrek niri zer emango lidake? Ezer ez, han kantatzeko plazera izan ezik. Horregatik, nahiago dut txapelketa bizitzeko aukera hori beste batzuei eman, eta gu saiatuko gara Txapelketa Nagusitik zerbait txukun ateratzen. Hala ere, han zorterik izango ez banu, finalera iritsiko ez banintz eta txapelketan jarraitu nahiko banu, aurten Jon Maiak egin duen gauza bera egin beharko nuke: hasieratik hasi eta bide guztia egin. Nik ez diot uko egiten horri; oraingoz, behintzat.

Euskal Herrikora aurkeztuko zarela garbi daukazu, beraz.

Bi urte falta dira, baina oraingoz ez daukat ez aurkezteko motiborik.

Inbidiarik sentitu al duzu bertsolariak lehian ikusita?

Oholtzatik kanpo zaudenean beti sentitzen duzu han daudenen inbidia, baita txapelketaz kanpoko saioetan ere. Inbidia sano hori ona da, gainera; bestela, ez genukeelako gogorik izango plazara joateko ere. Jakin egin behar da noiz den zure momentua eta noiz ez den.

Hurbil edo urrun ikusten duzu Txapelketa Nagusia?

Bi gauzak. Alde batetik, urrun, bi urte denbora asko delako, eta bestetik, hurbil, behin txapelketa hau bukatutakoan jakingo dugulako Txapelketa Nagusira sailkatuak zeintzuk izango diren, Gipuzkoatik behintzat, eta beste fase batean sartuko garelako. Baina alde horretatik nahiko lasai nago, esperientzia pixka bat badaukagulako hori guztia patxadaz hartzeko.

Txapelketako saioetan, oro har, jende dezente dabil. Pozik zaudete zaleen erantzunarekin?

Bai, oso pozik. Kopuru aldetik, oso ondo doa txapelketa, eta jarrera aldetik, ere bai. Ni izan naizen saioetan, aurreko zenbait txapelketatan baino lasaiago ikusi dut jendea errespetu aldetik. Bertsoak entzuten ari diren bitartean txorakeria gutxi. Beti izaten da norbait zarata pixka bat handiagoa egiten duena, baina, oro har, entzule ona doa, bertso onak entzuteko eta txalotzeko gogoz. Alde horretatik, bertsotarako oso giro aproposa.

Eta txapelketaz aparteko saioetan badabil jenderik?

Bai, oro har, jende asko dabil. Batez ere entzule berri asko, jende gazte asko, eta hori oso ona da. Ezagutu ditugu garai zoroagoak ere, jende gehiagoko saioak ere, baina nik uste momentu honetan oso ondo gabiltzala, kontuan izanda urtean 2.400 bertso saio inguru egiten direla.

Zuk zenbat saio egiten dituzu gutxi gorabehera?

Azken hogei urteotan, urtean 80tik 100era bitartean nabil.

Hasierako ilusio bera egiten al dizu norabait bertsotara joateko deia jasotzeak?

Bai, deiak beti egiten du ilusioa, baina egia da ilusio hori aldatzen joaten dela. Hasieran ilusioa egiten dizu zurekin pentsatze hutsak, eta, gero, berriz deitzen dizutenean, aurrekoan gustura entzun zintuztela jakiteak. Ilusioarekin batera, bertsolari bakoitzaren zereginak eta erantzukizunak ere aldatzen joaten dira. Hasiberriak bertsotan bakarrik egin behar du, eta esperientziadunak edo beteranoak, saioa ere bai. Zauden momentuaren araberako poza sentitzen da; poz hori aldatu egiten da, baina ez da gutxitzen.

Finalisten kinielarik?

Ez naiz gai zortzikote bat osatzeko.

Aitor Mendiluzeri elkarrizketa