Amaia Agirrek emakume baserritarrei jarritako bertsoak

2018-11-29

Amaia Agirrek emakume baserritarrei jarritako bertsoak –

Estitxu Eizagirrek, Argia aldizkarian.


Urriaren 13an Zizurkilen emakume baserritarrak omendu ziren. Zimiterioan egin zen ekitaldi horren barruan kantatu-antzeztu ziren Plazida Otañoren bertsoak (hemen bideoa). Ondoren, 4 eme taldeak dantza hunkigarria egin zuen eta azkenik, Amaia Agirreren bertso hauek biribildu zuten omenaldia. Bideoan, tamalez, ezin izan genituen guztiak hartu.

 

EMAKUME BASERRITARRAK

DOINUA: Bizkorra ez naiz baina badaukat.

Amaia Agirrek emakume baserritarrei jarritako bertsoak

 

Baserri baten bizi iraupen

sustengu zen auzolana

oinarri eta habe sendotzat

zeukaten hartu-emana

labaderora bidean noiznahi

hitzez goxatuz joana

buru gaineko xexterak ere

garraiatuz banan bana

jarrera garbi, otzana (berriz)

etorkizuna eraiki eta

deseraiki iragana

orain pekatu onargaitza da

lehen sakratua izana. (berriz)

 

 

Amak edota amonak kontu

ta kantuak xehetzean

esaera ta bertso zaharrak

behin sukaldera heltzean

ahoz ahoko jakinduria

babarrunak aletzean

hizkuntza zenbat aberasten den

hitz jokoek edertzean

sutondoan esertzean (berriz)

emakumea balore ikur

kanpoan eta etxean

jarraibidea antzua baita

transmisiorik ezean. (berriz)

 

 

Baserrietan emakumea

agindupera sortu da

sendagilea, sukaldaria

nahiz ama baten ardura

azoketako tratularia

unean behar zen hura

maiz bere bizkar zaharren zaintza

ta haurren elikadura

beti menpeko modura (berriz)

obligazio ezin da izan

garai bateko ohitura

sekula esker onik jaso ez ta

bestearen zerbitzura. (berriz)

 

 

Arrotz zaizkie leku publiko

eta esparru zabala

protagonismo ukazioa

ere ez da kasuala

hitza hartzeak eragiten du

lotsakizun kolosala

baina denborak ta arrazoiak

lekuz aldatu ditzala

mamia eta azala; (berriz)

ganbaran gorde ohi den altxorren

kutxa bat balitz bezala

ikusi ez arren bera da argi

egiten duen itzala. (berriz)

 

 

Gure esparru dira jendaurre,

plaza edota taberna

guk kudeatu ta antolatu

nahi dugu gu geu garena

erreferente premia ase

eta berrien sormena

lortu dezagun isileko lan

jasoaren onarpena

ta ez soilik aipamena (berriz)

zaindu “beti hala izan da” esaldi

fetitxeen ondamena

zer den kimatzen dena eta zer

errotik erauzten dena. (berriz)

 

 

Zeinek agindu ta erabaki

nor bai ta nor ez zerbitza

zeinek hautatu sarraila forma

ta zeinek moldatu giltza

zeinek epaitu gure gainetik,

ta antolatu bizitza

bidezidorrak estalitako

sastrakatan ez gabiltza

gurea da erdigintza (berriz)

Gora plazandre nahiz klausurako

baserriko nahiz anitza

landu dezagun norbere lurra

ta erein dezagun hitza. (berriz)

 

Amaia Agirrek emakume baserritarrei jarritako bertsoak