Bertso Bizi Gazte ekimena Araban (elkarrizketa)

Bertso Bizi Gazte ekimena Araban –

Anakoz Amenabarrek Alea aldizkarian egindako elkarrizketa. 


“Giro euskaldunean egoteko aukera eman digu bertsolaritzak”

Anakoz Amenabar 2018-04-20 11:52   EUSKARA  ARABA

Bertsoa Bizi Gazte egitasmoari esker, euskarazko sorkuntza landu eta ikus-entzunezko lanak prestatu dituzte Arabako dozenaka gaztek.

 

Bertso Bizi Gazte ekimena Araban
Aroa Arrizubieta, Lexuri Gonzalez de Heredia eta Endika Larrion, Gasteizko Alde Zaharrean. /A. Martinez de Luna
 

Bertsolaritzak elkartu ditu. Zaletasun handiagoa edo txikiagoarekin, baina haren inguruan batu dira Aroa ArrizubietaLexuri Gonzalez de Heredia eta Endika Larrion gazteak. Bertsoez gozatzearekin batera, bertsolaritza “euskaldun giroa” aurkitzeko tresna bat izan dela azaldu dute gasteiztarrek, euren esanetan “aurkitzen zaila” izaten dena. Zeregin horretan laguntzeko, Bertsoa Bizi Gazte egitasmoa jarri zuen abian Bertsozale Elkarteak joan den ikasturtean, arrakasta handiz, eta laster amaituko dute aurtengoa ere, maiatzaren 12an, Legution egingo duten jaialdiarekin. 

Zein izan zen bertsolaritzarekin izan zenuten lehen hartu-emana? 

Lexuri Gonzalez de Heredia: LHko laugarren mailan bertso eskolara apuntatu nintzen, beste hainbatekin, eta hainbat urtez egon ginen. Gero utzi nuen, baina gai-jartzaile bezala ere aritu naiz.

Aroa Arrizubieta: Ni Lexurirekin hasi nintzen bertso eskolan, Armentia ikastolan, eta ondoren Gasteizko bertso eskolan hasi nintzen. Oraindik hainbat biltzen gara Amaia zentroan. 

Endika Larrion:Ni behartuta joan nintzen Judimendiko gizarte etxera, eta gero ikastolan ere pare bat urte egin nituen. Horren ostean utzi nuen, nire adineko jende gehienak bezala…

Bertsoa Bizi Gazte lehiaketarekin bueltatu zineten bertsolaritzara?

E. L: Bai,kurtsoko jende desberdina apuntatu ginen, harremana duguna baina normalean batera egoten ez garena. Gehienek ez zeukaten bertsoarekin harremanik, eta zerbait desberdina egiteko aukera izan zen. Idazten eta grabatzen oso ondo pasa genuen.

L. G:Lagun talde bat apuntatu ginen, Aroa tartean, eta oso ondo pasatu genuen grabatzen. Besteek ere ez zuten harremanik bertsoarekin, eta gerturatzeko modu bat izan da.

A. A:Bertsoa Bizi Gazte lehiaketa bat baino gehiago da, egun osoko jai bat da, lagun artekoa… Kuadrillakoek ere esan didate, beste modu batera bertsoa aspergarriagoa dela, eta honen bitartez gerturatu dira. Era berean, zure adineko jendea ikusten duzunean animatu egiten zara, eta baditut lagunak lotsagatik beharbada utzi zutenak eta berriz bertso eskolan hasi direnak eta gustora dabiltzanak.

E. L: Bertsolaritzarekin harremanik ez baduzu, aukera ona izan daiteke BBG ezagutzea, esperientzia polita da. 

Euskarazko sorkuntza du ardatz BBG lehiaketak, bertsoa, musika, rapa, ikus-entzunezkoak elkartuta… 

A. A:Iaz pentsatu nuen “Aroarekin” eta bertsolaritzarekin nazkatuta izango zirela lagun kuadrillan eta rap bat egitea proposatu nien, eta ondo iruditu zitzaien. Horrek ere erakarri du jendea BBG lehiaketara, beste disziplina batzuekin elkartuta; jendeak uste du modernoagoa dela rap-ean egiteagatik, kar kar…

Bertsolaritzara gerturatu aurretik aurreiritzirik zenuten? Zaharkitua, gipuzkoarra, landa eremukoa…

A. A:Niretzat bertsolaritza aititaren irudia zen: gizon zahar bat, txapela batekin. Denborarekin estereotipoak barneratu dizkigute, gipuzkoarra izateagatik hobea izango dela, gizona izateagatik… baina guk erakutsi dugu ezetz.

L. G:Nik ere antzeko irudia neukan, aspergarriagoa zela uste nuen, eta ezagutu nuenean eta bertso eskolan sartu nintzenean beste aldea ezagutu nuen.

E. L:Nik amak bultzatuta ezagutu nuen bertsolaritza, eta egia da ez naizela oso zalea, baina beste aukera batzuk eskaini dizkigu bertsolaritzak eta BBG lehiaketak; normala dena baino giro euskaldunago batean egoteko aukera, ordu batzuetan behintzat aitzakia izan daiteke horretarako.

Giro euskalduna faltan botatzen duzue?

E. L:Inguruko jende gehienak gaztelaniaz hitz egiten du.

L. G:Hori da egoera orokorra ikastolan ere, baina bagaude sei laguneko talde bat euskaraz egiten duguna…

A. A:Gure adinean (16 urte) uste dut nahiko definitu egiten dela jendea: euskararen alde edo kontra. Eta bertsolaritza uste dut lagungarria dela horretan. Niri bertsolaritzatik, batez ere, jendeak harrapatu ninduen: ikustea euskaldun giro bat, antzeko interesak dituen jendea, mundua ikusteko antzeko modu bat. Horrek deitzen nau, bertso eskolako jendearekin elkartu eta edozertaz lasai hitz egitea… Lagun giroan euskara gutxi izaten da, eta euskaldun horietatik bertsozale bat topatzea zer esanik ez. Iruditzen zait kuadrillan martziano bat naizela.   

Zer prestatu duzue aurtengo lehiaketarako?

E. L:Iaz depresioa zuen pertsona baten inguruan egin genuen, eta aurten ez zitzaigun ezer bururatzen, eta, hain justu, sormena bilatzearen inguruan egin dugu.

L. G:Guk aurten maitasun istorio baten inguruan egin dugu, bi nesken artekoa. Grabazioan oso ondo pasa dugu aurten ere.

A. A:Iaz kritika bat egin genuen, feminismotik, eta aurten ere hortik jo dugu, kritika eginez baina ez hain nabarmen. Rapa izango da aurten ere, baina bertso zati batzuk ere sartu ditugu, eta uste dut doinu berriak ikasi dituztela lagunek…

Nola daramazu txapela, Aroa? Presioa sentitu duzu azken urtean?

A. A:Bai, momentu batean utzi nahi izan nuen, presioak eraginda. Denbora guztian demostratu behar da arabarra naizela eta txapela zerbaitegatik dudala, ez zela kasualitatea izan… Baina, tira, orain berriro izango dugu eskola artekoa, eta beste baten txanda izango da. Bertsoa Bizi Gazte egunean izango da finala, maiatzaren 12an. Niri, halere, bertsolaritza gustatzen zait, eta jarraitu nahi dut… giroa izugarri gustatzen zait, eta kuadrilla arteko txapelketa izan daiteke adibide; Bapateroak kuadrillan ibili nintzen, eta esperientzia bezala oso polita izan zen, oso ondo pasa genuen…Txapelketa barruko informaltasun hori behar da, nire ustez, arabarrok baduguna eta gipuzkoarrek ez, kar kar kar… gugandik hori ikasi behar dutela uste dut, pixkat informaltzen, ez hain serio hartzen, ez hain zorrotz…

Bada plazarik gazteentzat?

A. A:Uste nuena baino gehiago, batez ere 14 urtetik aurrera. Bertxoko, Bertsokatu, Oholtzapetik… hamaika egitasmo antolatzen dira, eta aukerak badaude. Txapelketa ere bada modu bat zure burua ezagutarazteko, tresna bat da, baina beste bide batzuk ere badaude, eta niri plazak gustatzen zaizkit. 

Ametsik baduzu bertsolaritzan?

A. A:Amets egitea gustatzen zait… baina ez dut inora heldu nahi, heltzen naizen tokira baino. Lujanbiorekin kantatzea gustatuko litzaidake, eta ahizparekin ere gustatuko litzaidake, orain 11 urte baino ez dituen arren.

 

Gazteen kezkak, bideoklipean

Bertso Bizi Gazte ekimena Araban

Bertsoak gazteengana gerturatzea eta euskararen erabilera sustatzea du helburu Bertsoa Bizi Gazte egitasmoak.  Lehen Hezkuntzan ematen diren saioen bitartez bertsoen presentzia ziurtatuta badago ere, Arabako eremu askotan oraindik bertsoak ez zeukala “benetako indarrik” ikusi zuten, eta gazteentzako erakargarri izan zitekeen egitasmoa antolatzea erabaki zuen Bertsozale Elkarteak.

Honetarako euskarazko sorkuntza da ardatz nagusia, baina musika, rapa edo ikus entzunezkoen arteko fusioa lantzea da oinarri nagusia. “Diziplina desberdinak esku artean edukitzea garrantzitsua da, bertsora mugatu gabe, eta horrekin asmatu dugula uste dut”, azaldu du egitasmoaren sustatzaile Julen Zulaikak. Arabako institutuetan (DBH 3. eta 4. mailatan, batez ere) lau ordutako murgiltze saioak egiten dituzte, eta ondoren euren ekoizpenak taularatzen dira bertso saio parte-hartzaile baten bitartez; iaz dozena bat lan aurkeztu zituzten.

Gazteek beraiek pentsatutako gaien inguruko bi minutuko bideoklipak prestatu behar dituzte. “Egitasmo honek funtzionatzeko beste klabeetako bat autonomia izan da; eurek erabakitzea gaia eta planteatzea zein behar dituzten. Uste dut askotan ez zaiela aukera ematen pentsatzen dutena esateko”, nabarmendu du Zulaikak.

Jai handia

Maiatzaren 4rako aurkeztu beharko dituzte lanak eta maiatzaren 12an BBG eguna antolatu dute Legution. Bertan, bideoklipak ikusi, bertsolari gazteen eskolarteko saioaz gozatu, sariak banatu, herri bazkaria, kontzertuak eta bestelako ekitaldiak izango dira egun osoko egitarauan.

Lanak izango du saririk; bideoklip onenaren saria, originalena, webguneko bozkatuena eta txalo-metroaren saria banatuko dituzte, eta guztiek irailaren 7, 8 eta 9ean asteburu-pasa bera izango dute saritzat.

Bertso Bizi Gazte ekimena Araban
Bertso Bizi Gazte ekimena Araban
Bertso Bizi Gazte ekimena Araban
Bertso Bizi Gazte ekimena Araban
Bertso Bizi Gazte ekimena Araban