Bertso Eguneko kronika

Bertso Eguneko kronika –

Patxi Gaztelumendik GARAn idatzitako kronika.


TXIKIAN ERE ONDO BERTSOLARIAK ETA BERTSOZALEAK

 

DONOSTIAN OSPATU IZAN DA BERTSO EGUNA. IAZKO HUTSUNEAREN OSTEAN GOGOETAK EKARRI DU TXIKIRA MOLDATZEA, ETA HERRIZ HERRI IBILIKO DA AURRERANTZEAN.

PATXI GAZTELUMENDI

 

Bertso Eguneko kronika

Jauzia eman du Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak. Handitik txikira. Donostiatik Mungiara aurten, eta txikiagora joan daiteke datozen urteetan. Herriz herri ibiliko dira bertsozaleak urte hasierako zita honetan. Horrela aritzen dira bertsolariak ere plazaz plaza. Mungian ondo asmatu dute Taket bertso eskolak eta elkarteak. Goizean mahai-ingurua, tabernaz tabernako giroa gero, eta herriko hiru elkartetan ondo jan eta bertso onak entzun ostean, tragoxka bat eta azken saioa Olalde aretoan.

Torrebillela kultur etxean letragintza izan zuten aipagai Jon Maia bertsolari eta kantu idazleak, Rafa Rueda abeslariak eta Maria Rivero musikariak. Alaia Martinek jarri zizkien puntuak. Jon Maiak 200dik gora kantu ditu idatziak dagoeneko, eta gaiari buruz zer esana badu. Rafa Ruedak hainbat bertsolari eta idazleri eskatutako kantuez aritu zen, eta Maria Riverok letragileei dien miresmena agertu zuten publikoaren aurrean. Jon Maiak letrak «musikariaren trajearen neurrira» egiten dituela adierazi zuen; batzuetan musikariak gaia ematen dio, beste batzuetan doinua, eta besteetan libre aritzeko eskatu. «Eta ez da berdina Soziedad Alkoholikarentzat idatzi edo Benito Lertxundirentzat egitea», aitortu zuen zumaiarrak. Maiarentzat literatur azpigeneroa dira kantuen letrak, «ez dira poesia, baina bertso hutsa ere ez dira, nahiz eta neurtuan eta errimarekin egin». Bere obra oparoena alor honetan osatu duela aitortu zigun gero.

Hainbat otordu egiten ditu euskaldunak egunean, baina atzo Mungian hiru bertso bazkari izan ziren aldi berean. Herriko Ehiza eta Arrantza Elkartean aritu ziren Julio Soto eta Onintza Enbeita. Guri Zer? elkartera batu zirenek Igor Elortza eta Jone Uria entzun zituzten bazkalostean, eta Anaitasunan batu zen jende gehien, Sustrai Colinaren ordez kantuan aritu zen Jon Maia eta Miren Amuriza entzuten. Orotara, 230 lagunek bazkaldu zuten hiru elkarteotan.

Jon Maiak eta Miren Amurizak gogotsu eta sei puntukoan kantari ekin zioten lanari. Ordezko izatearen kontuari heldu zion Maiak, baina Mirenek gidatu zuen ia saio osoa. Eta handia txikitu zuen bertso alez bertso ale. Colinarekin bere gorputza alderatzeari ekin zion Maiak, eta Amurizak «itzala estutu eta diskurtsoa sendotu» bota zion azken puntuan. «Kalabaza bat nekez bihurtzen da kalabazina» triste batekin erantzun behar izan zion Maiak. Seikoan jarraitzen zuten. Aitzakia moduan orduan Maiak: «Sustraiek esan nahiko lukeena ari naiz esaten». Gaiak eta moduak aldatu arren, Miren Amurizak handitik eta txikitik, batez ere beretik, bere sendotasuna erakutsi zuen.

Hurbil zen Guri Zer? elkartea ere. Eta heldu ginenerako puntuka ari ziren Igor Elortza eta Jone Uria. Segurako Iparra-Hegoa elkartekoek prestatutako bazkaria jan ostean, bertsolariek publikoaren jatorria aletu zuten: Santutxukoak, Algortakoak, Goierrikoak, hemengoak eta hangoak. Eskoziar bati ere kantatu zioten. «Thank your for coming», bota zuen Jone Uria algortarrak, «thank you justu justu, dizut entenditu» Elortzak, eta sendo erantzun Uriak: «Ulertuko zenuke hogei bazenitu». Adinak ez duela barkatzen.

Adinean aurrera doan Josu Torre zeukan parean Igor Elortzak. Botilero aritu zen, patxarana zerbitzatzen. Eta mungiarrak gogora ekarri gura izan zituen 70eko hamarkadako Bertso Egunak. Kursaalen eta Victoria Eugenian egin baino lehen, Astorian ere egin zirela aldarrikatuz. Han ikusi zituen berak Lasarte, Mitxelena edota Basarriren omenaldi saioak. «Behinola Lazkao Txiki izan nuen parean, gaur Igor Elortza izan dudan moduan» ekarri zigun gogora Josu Torre Altonagak.

Bertso Eguneko kronika