Bertsogintzaren ekosistema

2018-10-03

Bertsogintzaren ekosistema –

Ainhoa Larrabe Arnaizek Berria egunkarian idatzia.


Urriaren 6an abiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren fasea. 38 bertsolarik kantatuko dute. Abenduaren 15ean jokatuko da finala, Bilboko Miribilla kiroldegian.

Bertsogintzaren ekosistema

Ione Narbaiza txapelketaren arduraduna, Ana de Castro Bizkaiko Diputazioko euskara zuzendaria eta Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko burua. FOKU

Baso baten irudia. «Lehen begiradan ikusten dena baino gehiago da: basoa ekosistema bizi eta anitza da eta elementu askok parte hartzen dute bizirik manten dadin». Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren arduradunak ikusten ez den ekosistemarekin lotu du bertsoa. «Txapelketetan badaude bistan dauden elementuak: bertsolariak, gai jartzaileak, epaileak… Baina guztia ondo joan dadin, beharrezkoa dute ekosistema bat». Bertso eskolarik eta bertsozalerik gabe, kasurako, ezinezkoa litzateke Bizkaiko Bertsolari Txapelketa antolatzea; eta ideia horretan indar eginez aurkeztu zituzten atzo 2018ko lehiaren xehetasunak. Udaberriko sailkatze fasearen ondoren, urriaren 6an ekingo diote berriz txapelketari. Orotara, 38 bizkaitar arituko dira kantuan, eta zortzi iritsiko dira, abenduaren 15ean, Bizkaiko hiriburuko Miribilla kiroldegian jokatuko den finalera. Orduan ikusiko da Bizkaiko txapela zer buruk jantziko duen.

Bi urtez behin egiten da txapelketa, eta lurraldeko bertsolaritza «azaleratzeko» aukera ematen du ekitaldiak, Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidentearen esanetan. «Bizkaiko bertsolarientzat beraien lana eta bertsokera erakusteko plaza da. Are, arnasgunea ere bada da lurraldeko bertsozaleentzat». Azpimarratu duenez, azken urteetan nabarmen hedatu da Bizkaiko bertsolarien sarea. «Hezkuntza arautuan eskualde guztietara iritsi da bertsolaritza». Horrek eragina izan du txapelketan: «Eskualde gehienetako ordezkariak izan ditugu txapelketan, eta orain arte zegoen desoreka leuntzen ari da».

Bederatzi ekitaldi

Aurreko edizioaren formari eutsi diote aurten ere. Ondorioz, bi fasetan banatu dute txapelketa: udaberrikoa eta udazkenekoa. Apiril eta maiatz bitartean egin ziren lehen faseko sailkatzeak. Inoiz baino parte hartzaile gehiago izan dira udaberriko lehian: guztira, 78 bertsolarik kantatu dute, eta horietako 23k lehen aldia izan dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Bada, udagoiena iristearekin batera helduko diote txapelketaren bigarren aldiari: bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira orain.

Orotara, 30 bertsolari izango dira kantuan bost kanporaketetan: udaberriko fasetik sailkatu diren 29 bertsolariak eta duela bi urteko kanporaketak irabazi zituen Oihana Bartra, hain zuzen. Finalaurrekoetan hemezortzi lagun arituko dira lehian. Fase horretan sartuko da txapelketara 2016ko edizioan finalean izan zen zortzikotea —Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue, Beñat Ugartetxea eta Jone Uria—, eta kanporaketetan puntu gehien lortu dituzten hamar lagun gehituko zaizkie lehiara.

Finalaurreko hiru saioen irabazleak eta puntu gehien bildu dituzten bost bertsolariek lortuko dute finalerako txartela. Lekuek jantzi zuen txapela 2016ko txapelketan, eta ikusteko dago Miribillara iritsi eta tituluari eusten dion.

Koloretako basoaren irudia jarri diote aurtengo lehiari, eta Maite Berriozabal gai jartzaileak idatzi du txapelketako mezua. Hala dio: «Basoan landatu barik hazten da eta landatu ezkero hazi egiten da. Eta hori da hain zuzen be Bizkaiko bertsolaritza: hazten iztea, landatzea eta hazten laguntzea». Bada, gaur dute basoa hazten laguntzeko aukera: txapelketa ren aurkezpen jaialdia egingo dute Bilboko Kafe Antzokian, 19:00etan.

Bertsogintzaren ekosistema
Bertsogintzaren ekosistema