Bertsozientzia. Elkarrizketa Kike Amonarrizi

2018-09-27

Bertsozientzia. Elkarrizketa Kike Amonarrizi –

Markel Onaindiak Kike Amonarrizi egindako elkarrizketa, Anboto hedabidean.


“Hizlari, bertsolari eta entzuleen arteko giro aparta sortzen da ‘bertsozientzia’ saioetan”

Markel Onaindia 2018-09-19 12:00   GIZARTEA  DURANGO

Irailaren 21ean ekimen berezi bat hartuko du Plateruenak, 19:00etan, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak antolatuta eta Durangaldeko Bertso Eskolaren laguntzagaz. Jone Uria eta Aitor Sarriegi bertsolariek eta Olatz Perez de Viñaspre, Leire Sangroniz eta Josu Lopez-Gazpio zientzialariek parte hartuko dute. Kike Amonarrizek aurkeztuko du.

Bertsozientzia. Elkarrizketa Kike Amonarrizi

Zientzia eta bertsolaritza. Posible da biak uztartzea?
Bai. Eta, nire ustez, oso erraz, gainera. Bertsolaritza edozein gairen inguruan aritu daitekeen diziplina da, eta gai horietako bat zientzia izan ahal da. Egin kontu: Txirritak norteko ferrokarrilari jarritako bertsoak aspaldikoak dira, eta bertsolaritzak zientziari kantatutako bertsotzat har daitezke.

Zein da saioaren oinarria?
Orain dela lau urte hasi ginen bertsozientzia saio hauekin. Zientziari buruzko bakarrizketa bat dago, eta gero bertsolariek horri kantatzen diote. Harritzea eta entzuleek ondo pasatzea dute helburutzat beti. Ohartu ginen sekulako formatua zela: indartsua, atsegina, entretenigarria, umoretsua, harrigarria… Hizlari, bertsolari eta entzuleen arteko giro aparta sortzen da. Urterik urte gero eta saio gehiago egiten ari direla da horren froga, eta parte hartzen dutenek errepikatzeko gogoa izaten dutela.

Zertaz berba egingo dute Durangoko hizlariek? 
Olatz Perez de Viñasprek sistema adimentsuen aurreiritziez hitz egingo du. Leire Sangronizek polimerozko billeteei buruzko aurkezpena egingo du; diruaren hotsa entzungo dugu eta horri buruzko azalpenak. Josu Lopez-Gazpiok entzuleei oso gogoan geratuko zaien hitzaldia emango du: Burua galtzen denean deitzen da. Bertsolariak Jone Uria eta Aitor Sarriegi izango dira. Une atsegina pasatuko du jendeak. Gauza harrigarriak ikasi, eta beharbada baten bat oparitxo bategaz bueltatuko da etxera.

Komeni da zientzia ere euskararen esparrura ekartzea, ezta?
Dudarik gabe. Euskaraz bizi nahi badugu eta euskarak aurrera egingo badu, gizarteko esparru guztietara zabaldu behar du. Horrelako ekimenek laguntzen dute jende gehienontzat ohikoak ez dien arlo batzuekiko harremana ere euskararen bidez garatzen. Zientziaz eta bertsolaritzaz gozatzea eta euskaraz ondo pasatzea galdu ezin daitekeen luxu bat da.

Bertsozientzia. Elkarrizketa Kike Amonarrizi