Eider Perezi elkarrizketa

2018-10-10

Eider Perezi elkarrizketa –

Urtzi Urkizuk Berria egunkarian Eider Perezi egindako elkarrizketa.


«Saioa sortu zenean ez nintzen jaioa: jakin-mina dut duela 30 urteko irudiekin»

 

Formatu eta aurkezle berriarekin itzuli zen ‘Hitzetik hortzera’ saioa aurreko igandean ETB1eko programaziora. Astero gai bati buruz ariko dira, eta gaur itsasoa izango da aukeratutako gaia, 15:00etatik aurrera.
 
Eider Perezi elkarrizketa
 
Aktorea, idazlea eta bertsozalea da Eider Perez (Pasaia, Gipuzkoa, 1995). Lehen lana du telebistan, eta nabari zaio pozik dagoela eman dioten aukerarekin eta alboan duen lantaldearekin: 26 igandez ariko da Hitzetik Hortzera aurkezten.

Nondik datorkizu bertsozaletasuna?

Etxean, txikitan, ez nuen bertsoa ezagutu, baina kantu asko entzun eta ikasi nituen. Kanta horietako batzuetan bertsoa zegoen inplizituki; gero, ikastolan ikasi nuen bertsoa existitzen zela. Mugitzen hasi nintzen; nire inguruan ez zegoen bertso girorik, baina Lezoko [Gipuzkoa] bertso eskolara gerturatu nintzen. 17 urte nituela bertso udalekuetara joan nintzen, laguntzaile gisa.

Zer moduzkoa izaten ari da zure lehen esperientzia telebistan?

Oso ona. Txikitatik antzerkian dezente aritu izan naiz, eta ez da sekulako jauzia izaten ari. Grabaketa batzuetan asko errepikatu behar izaten dugu, baina erraz doa. Grabazioetan eroso sentitzen naiz, ingurua oso erosoa delako. Gustura nabil lantaldean hasieratik. Edonola ere, hau erronka profesional bat da, eta neure buruari gauzak ondo egitea exijitzen diot.

Bertsolaritzaren ekosistemak azalduko dira saioan sasoi honetan. Nola egingo duzue hori?

Programa bakoitzean gai bat landuko dugu; gaien artean bertsolaritzak hartzen dituen eremu guztiak hartu nahi dira, eta ekosistema bat osatu. Horretarako, mural handi bat daukagu, eta atal bakoitzean collage bat egingo dugu. Lehen saioa Donostiari lotutakoa zen, eta collagearen lehen zatia txertatu genuen. Murala bertsoaren inguruko pertsonaiekin eta gaiekin osatuko dugu denboraldiaren amaieran.

Soilik bertsozaleek gozatuko dute saioarekin?

Esango nuke ezetz: publiko orokorrarentzat ere izango da saioa. Txakur Gorria taldearen collageak bistarako ederrak dira, eta jende askoren gustukoak izango dira. Gaur, adibidez, itsasoa izango da gaia, eta Ibai Esoain bertsolariarekin hitz egingo dugu. Orion itsasontzi batean izango gara harekin, eta angulen arrantzaz ariko gara harekin. Bertsoak entzuteaz gain, beste adar batzuk egongo dira programan.

Collageak egiten zu azaltzen zara.

Ni agertzen naiz, baina Txakur Gorria taldeko Mariñe Arbeo daukat denbora guztian alboan.

Gidoiak idazten ere parte hartzen duzu?

Ikasturte hasieran, gaietan proposamen batzuk egin nituen. Baina gidoiak Nerea Ibarzabalek eta Ane Labakak idazten dituzte. Nik horiek jaso, prestatu eta kamera aurrera eraman behar ditut.

Abenduan 30 urte beteko ditu Hitzetik hortzera-k. Urteurren horretara iristeak, saioko aurkezle izanda, nola sentiarazten zaitu?

Luxu bat da. 30 urte betetzean ni hor egotea iruditzen zait aukera bat dela. Abenduan atzera begira jarriko gara, eta garai bateko Hitzetik hortzera-ko irudiak berreskuratuko ditugu. Saioa sortu zenean, ez nintzen jaioa oraindik: jakin-mina dut duela 30 urteko irudiekin, ea zer egiten zen saioan.

Herrialdeetako txapelketak egingo dira datozen asteetan. Esaterako, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketa egin zuten atzo. Txapelketa horiek nola landuko dituzue?

Txapelketei beren espazioa emango zaie, kasu askotan, aste bakoitzaren gaira egokituta. Bertsoak dira, eta modu batean edo bestean sartuko dira gure programan.

Iaz, ETB1ek Aulki jokoa saioa eman zuen txapelketa nagusiaren garaian. Hitzetik hortzera-z gainera, bestelako bertsolaritza saioak egin daitezke?

Bai, saio bakoitzak bere izaera du. Hitzetik hortzera-ren tonua bat zen, eta Aulki jokoa-rena, beste bat. Hitzetik hortzera-k ukitu literarioagoa du orain, baina beste formatu bat egon daiteke alboan, beste izaera batekin. Bertsolariekin fikzioa egitea ere ondo legoke.

Antzezlan batean bazeunde, zeri kantatuko zenioke bertso bat, librean?

Antzerkiaren eta bertsoaren arteko berdintasunei: oholtzan bertsolari batek eta aktore batek sentitzen dutenaz kantatuko nuke.

 
Eider Perezi elkarrizketa
Eider Perezi elkarrizketa
Eider Perezi elkarrizketa