Elkarrizketa: Jose Luis Gorrotxategi

2018-11-03

Jose Luis Gorrotxategi –

Julene Frantzesenak Urola Kostako Hitzan Jose Luis Gorrotxategiri egindako elkarrizketa.


 

JOSE LUIS GORROTXATEGI: “BELDURRA EMATEN ZIDAN JAIALDIETAN EZINEAN IBILTZEAK”

73 urterekin hartu du plazetako erretiroa osintxuarrak. Beste modu batean, baina “oraindik ondoen” egiten duen lan horri ez dio utziko; bertsolaritza gertutik segituko du, ikusiz eta gozatuz.

Jose Luis Gorrotxategik (Osintxu, Bergara, 1945) duela egun gutxi egin zuen azken plaza. 55 urte bertsoak buruan eta ahoan ibili ostean, plazetako erretiroa hartu du. Bertsolaritza ez du, baina, albo batera uzteko.

Jose Luis GorrotxategiBergarako frontoia, 1963ko martxoaren 3a. Zer datorkizu gogora?

Urte hartan soldadu zihoazen gazteek jaialdi bat antolatu zuten. Ni sei bat hilabete lehenago nengoen bertsotan hasita, eta lankide batek esan zidan kantatuko al nuen. Noizbaiten probatu beharko nuela pentsatuta, baiezkoa eman nion, eta hala aritu nintzen Benito Irasuegirekin eta Martin Egileorrekin batera. 55 urte pasatu dira dagoeneko, baina oroitzapen ona dut, oso lasai joan nintzen. Plazan ez naiz urduri jarri izan. Txapelketetan ere saioa bera baino txarragoa izaten zen bezperako eguna.

55 urte pasatu dira ordutik. Erraz esaten da, ezta?

Hasi nintzen garaian, ez nuen uste plazetan ez 55 eta ez bost urte egingo nituenik. Tarteka aritzen nintzen kantuan, Bergara inguruko jaialdiren batean, baina aurrera begira ez nuen ezer buruan. Urtebetera edo, Kintopeko Txapelketa antolatu zuten Bergaran. 11 bertsolari aritu ginen lehian, eta ez dakit merezi nuen edo ez, baina lehenen egin nuen. Gero, Gipuzkoako Txapelketa etorri zen, han ere parte hartu nuen, eta… Hala hasi nintzen.

Zer dela eta hasi zinen bertsolaritzan murgiltzen?

Jaiak ziren Bergarako Basalgo auzoetako batean. Dozena inguru neska eta mutil festatik etxera gindoazela, lagun bat bertsotan hasi zen.Mendaroko gizon batek aita-alaba batzuk hil zituen Markina-Etxeberriko baserri batean, eta haren bertsoak abesten hasi zen. Hari erantzunez, neuk pentsatutako bertsoak kantatzen hasi nintzen, eta hala esan zidaten lagunek: “Joño, hi, errimatu egin duk eta!”. Lagunekin hasi nintzen, eta saioren baterako deitzen zidatenean, beste asmorik gabe joaten nintzen.

“Beste asmorik gabe” hasi zenak, punta-puntako bertsolariekin abestu du urteetan.

Hala da, bai. Basarrirekin, Uztapiderekin, Xalbadorrekin, Mattinekin, Xanpunekin, Enbeitarekin… Gehienekin abestu dut.

Zer oroitzapen dituzu?

Onak gehienak, denak ez esatearren. Osintxuko taberna batean urtero bertso bazkaria antolatzen zuten, eta tabernariak esan zidan hurrengo egunean Basarrik eta Uztapidek kantatuko zutela. Esan nion haiek entzutera joateko asmoa banuela, eta esan zidan entzutera ezetz, kantatzera joan behar nuela. 19 urte bete berri nituen, eta halaxe joan nintzen bazkaritara; urduri samar, egia esan. Bazkalostean, kantuan hasi ziren biak. Basarrik bertso bat abestu zidan, eta neu ere bertsotan hasi nintzen. Izugarrizko animoak eman zizkidan saioa bukatzean. Uztapiderekin ere saio asko egitea egokitu zitzaidan gerora. Dena den, nik ez dut sekula saio asko-asko egin; urteren batzuetan 90 inguru, gerora 60 bat eta azken urteetan 8-10, jakineko lekuetan.

Osintxuarra izatez, Landetako Unibertsitateko kide izan zara. Ondo hartu al zintuzten?

Oso ondo. Azpeitira lehen aldiz Loiolako Herri Irratiko bertsolari txapelketaren finalera etorri nintzen, anaiarekin. 17 bat urte nituen, eta bizikletan etorri ginen biok. Harritu egin nintzen Azpeitian denek euskaraz hitz egiten zutela ikustean; izan ere, orduan Bergaran gaztelaniaz aritzeko joera zegoen. Herrian buelta eman genuen saioa bukatzean, eta neure artean pentsatzen nuen: “Joe, hau dek herria. Zezen-plaza, Loiola aldea. Bai elegantea. Ederra izango litzateke hemen bizitzea”. Eta begira!

Unibertsitatean lagun onak egingo zenituen, ezta?

Bai, lizasotarrak, Lazkano, Agirre… Landeta aldean bertsozale ugari zegoen, lagun ugari egin nuen, eta oraindik baditut.

55 urteotan une gogoangarriak biziko zenituen. Bat aipatzekotan, zein?

1967ko Gipuzkoako Txapelketan Euskal Herriko finalerako txartela lortu nuen. Maiatzean, baina, soldadu joan nintzen Cadizera, eta ekainean zen finala. Soldaduskan baimena eskatzeko Euskaltzaindiak sinatutako dokumentu bat eman zidaten, eta oso xelebrea izan zen guztia. Arrue bat bazen orduan, abokatua, gorteetako prokuradorea eta Euskaltzaindiako kidea, eta hark esan zidan baimenik lortu ezean berari deitzeko. Ez zidaten baimenik eman: “A cantar en euskara?“, zera emango zidaten baimena! Orduan, Arrueri telefonoz deitzera joan nintzen ofizialordearen bulegora –han zegoen telefonoa–, eta estrategia bat asmatu nuen: “Es la casa de don Antonio Arrue, procurador en cortes?“. Bulegoan ziren kargudun guztiak harrituta, zein ote nintzen pentsatuz. Arruek esan zidan egingo zuela ni Euskal Herrira itzultzeko modua, eta, halaxe. Hiruzpalau egunera koronelarengana deitu ninduten. Hark: “Con que usted es poeta, e? Tiene un permiso de ocho dias“. Halaxe atera nintzen kanpamendutik. Txapelketan, goizean eta arratsaldean, Xalbadorrekin aritzea egokitu zitzaidan; ordura arte ez nuen ezagutzen. Xalbadorri txistuak jo zizkioten finala izan zen hura.

Nolako bertsolaria izan zarela esango zenuke?

Ni baino hobeak asko izan dira, baina batez ere, gai serioetan aritu izan naiz ondo. Ez naiz gizon serioa, baina… Ez dut izan beste batzuek izan duten azkartasun hori; pentsatu, hausnartu eta denbora hartu izan dut.

Nola aldatu da bertsolaritza urte guztiotan?

Zeharo aldatu da: kantatzeko era, gaiak, gaiak jartzeko modua… Orain bertsolariak egin behar du pelikula, zabalagoak dira gaiak. Nahiago ditut gai itxiagoak, halakoetan ez baituzu aitzakiarik modu batean edo bestean hasteko. Bestalde, gaur egungo bertsolariek ez dute potorik egiten; lehen asko egiten ziren, ez baikenuen prestakuntzarik.

Erraza egin al zaizu aldaketetara ohitzea?

Urte pila bat pasatu nituen jaialdiko bertsolari gazteena izaten, eta kolpera ni nintzen zaharrena. “Atzo gazteena nintzen, eta gaur zer egiten dut nik mutil muturzikin hauekin?”, galdetzen nion neure buruari. Oraingo bertsolariekin oraindik eta alde handiagoa dut. Lehen ere izan dira bertsolari oso onak, baina gaur egun sekula izan den bertso mailarik onena dago.

Igandean Xalbador Egunean jakinarazi zenuen plazak utziko zenituela. Zergatik han?

Azken pare bat urtean buruan nebilkien plazak uzteko ideia; izan ere, bertsotarako ondo nengoela hartu nahi nuen erretiroa. Beldurra ematen zidan jaialdietan ezinean ibiltzeak, horrek saioen kalitatea jaitsi egiten duelako. Urepeletik deitu zidatenean, ez nuen bi aldiz pentsatu, eta erabaki nuen hura izango zela azkena. Zergatik? Xalbadorri diodan miresmenagatik eta errespetuagatik, eta Iparraldean zelako eta hara joaten dena benetan bertsozalea delako.

Plazak utziko dituzu, baina bertsolari izateari uzterik ba al dago?

Ez, eta ez diot utziko. Ikusiko nauzue hemengo eta hango saioak entzuten. Oraindik ere, bertsoa da modu errazenean egiten dudan lana, baina gauzak aldatu egin dira. Begira orain zenbat doinu dagoen… Jada joan zaizkit kezka horiek, orain bizitzea soilik nahi dut.

Jose Luis Gorrotxategi
Jose Luis Gorrotxategi
Jose Luis Gorrotxategi
Jose Luis Gorrotxategi
Jose Luis Gorrotxategi