Elkarrizketa – Maite Sarasola, Bizkaiko Eskolarteko txapelduna

2019-07-24

Maite Sarasola –

Iñaki Iturrotzek Kontaizu.eus atarian.


 

“SEIGARREN MAILAN BERTSOLARITZA EMAN OSTEAN, ERABAKI NUEN OSO EKINTZA POLITA ZELA HIZKUNTZAREKIN JOLASTEA”

 

Maite Sarasola

 

Maite Sarasola Isazelaia Deustuko bertsolari gazte bat da. Bizkaiko Eskolarteko txapelduna bat-batean Euskal Herriko sariketan ere parte hartzaile izan zen Saran jokatu zen finalean. Hemezortzi urte bete berri, orain arteko bideaz eta aurrera begira dituen asmoez galdetu diogu.

Zerk animatu zintuen bertsolaritzan izena ematera?

Egia esan, ez naiz familia bertsolari edo bertsozale sutsu baten parte, etxetik jaso dudana da euskal sorkuntzarekiko zaletasuna. Gazteagoa nintzenean auzoko bertso-eskolako kideak ikusten nituen bakoitzean inbidia ematen zidaten, nik ere oholtza gainean egon nahi nuen unean etortzen zitzaizkidan ideiak neurtuta eta errimatuta kantatzen doinu jakin batean. Beraz, lehen hezkuntzako seigarren mailan hezkuntza arautuan Etxahun Lekuerekin urte osoa bertsolaritza lantzen eman ostean, erabaki nuen oso ekintza polita zela hizkuntzarekin jolastea. 

Zure gelakideek ba al dakite zer den bertso bat?

Zorionez, lehen hezkuntzan seigarren mailan bertsolaritza landu genuen Deustuko Ikastolako ikasleok ere, beraz, denok ikasi genuen zer den bertso bat eta nola egiten den. Hortaz, esango nuke gelakide orok dakiela zer den bertso bat.

Gogoan al dozu lehenengo abestu zenuen bertsoa zein izan zen?

Gogoan dut ikastolarekin Sarrikon dagoen kontserbatoriora joan ginen egun hura. Hamahiru urte neuzkan, eta orduan bertsolaritza lantzen jarraitzen nuen baina ikastolako kanpoko ekintza moduan, Iñaki Iturrioz zela maisu. Kurtso amaierako ekitaldia egin genuen, eta bilboko eta inguruko makina bat ikastola elkartu ziren bertan, tartean Elorri, Deustuko bertso eskola. Ekitaldiaren aurkezpena gure esku utzi zuten eta bertan bota nuen nire lehenengo zortziko txikia, eskuak izerditan eta ahotsa dardarka neukala.

Hemezortzi urte bete dituzu. Aro honetan zer nabarmenduko zenuke bertsolaritzan?

Sei urte daramatzat bertsotan, baina  bertsolari lez gehien gozatzen ari naizen unea bizitzen ari naiz. Izan ere, azken urteotan bertsolaritzak lagun min eta jende ezagun asko eman dit, eta horrez gain, nire burua hobeto ezagutzeko tresna ere bilakatu da maiz. Plaza batzuetan kantatu ostean, esango nuke ezinbestekoa dela bertsolaritza orain existitzen den Maite Sarasola hori den modukoa izateko. 

Aurrera begira ze erronka dituzu bertso munduan?

Egia esan ez daukat erronka finkorik, baina bertsotan jarraitu nahiko nuke. Bertsoak eman ahal didan guztia jasotzen eta ahal izanez gero nik dakidan apurra ere erakusten edo elkarbanatzen. Horrez gain, plazei dagokienez jarraitu nahiko nuke plazaratzen, gozatzen eta gozarazten. 

Aisialdia eta bertsoa oso lotuta doazela esaten da. Zer moduz bizi izan dozu hori?

Ni oso ados nago esaten den horrekin. Izan ere, bertsoa denbora librean egiten den zerbait da, nahiz eta gero ofizio ere bihur daitekeen. Ni ere hala hasi nintzen, batzuek futbola egiten duten moduan, ni bertso eskolara joaten naiz, baina, denbora aurrera pasa ahala, “lan” ere bihurtu da niretzat. Egia esan oso gustora bizi dut hau, gustoko dudan hori egiten dudan bitartean, ikasi eta irakatsi egiten dudalako.

Bilbon euskaraz bizitzea erraza al da?

Berez zaila baino zailagoa da, hala ere, ni neu erabat euskaraz bizi naiz. Nire lagunak euskaldunak dira, familiakoak ere bai eta aisialdian bertsotan egiten dudanez, hor ere euskaraz nabil. Beraz, niretzat, gezurra dirudien arren, erraza da euskaraz bizitzea. Bestalde, badakit nirea ez dela gehiengoaren egoera, are gehiago, ez dut uste euskaraz bizitzeko bertsolaritza egin behar denik, futbola egiten dutenek edo pianoa jotzen dutenek… nire aukera berberak izan beharko lituzkete eta gaur egun ez da horrela. 

Ikusiko al zaitugu Deustuko jaietan bertsolari beteranoekin abesten?

Deustuko jaietako bertso saioa denontzako da saio berezia,  urtean egiten den saiorik potenteena da. Gustatuko litzaidake egunen baten oholtza horretara igotzea eta nik baino esperientzia gehiago duten bertsolariekin kantatzea. Baina, bertso eskolakoon artean zozketa egin ohi dugu nork abestuko duen aukeratzeko, beraz, tokatuz gero bertan ikusiko nauzue! Ikaragarria litzateke niretzat Andoni Egaña (urtero etortzen delako) eta beste batzuekin batera Arkaitz Estiballesek jarritako gaiekin oholtza gainean bertsotan egitea. Pentsatze hutsarekin urduri jartzen naiz.

Norekin abestuko zenuke gustoren?

Orokorrean bertso eskolakoekin beti kantatzen dut gustora, etxekoak baitira. Eskolatik kanpo bertsolari asko eta asko miresten ditut, eta arrazoi desberdinengatik, haietako edozeinekin kantatzea ikaragarria izango litzateke niretzat: Miren Amurizarekin , Uxue Albedirekin, Maialen Lujanbiorekin, Unai Iturriagarekin…

Maite Sarasola
Maite Sarasola