Esti Alberdi, Bertso Udalekuen koordinatzailea

Esti Alberdi

Elkarrizketa Bertsozale Elkartearen web orritik hartu dugu.

…………………………………………………………………………………………………

“Zorionekoak gu bertsolaritzaren altxorra aisialdiarekin lotuta eskaintzen dugulako!”

 

Bertso Udalekuek 20. urteurrena beteko dute aurten. Jada aurtengo txandak ikusgai daude Bertso Udalekuen gunean, atari honetan bertan, eta astelehenean, 09:00etan, zabalduko da izen-ematea bertso-eskolako kideentzat edota gurasoren bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat. Esti Alberdi Bertso Udalekuen koordinatzailea da eta harekin solasean izan da BertsoZalea berripapera; martxoko alean jasotako elkarrizketa da hauxe.
 
Esti Alberdi
 

Euskal Herriko txoko guztietako gazteak batzen dira Bertso Udalekuetan

Urtero antolatzen ditugu bost txanda bost herrialdetan: Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan urtero, eta Lapurdin, Xiberoan eta Baxenabarren aldiro txandakatuz. Lekuak eragina dauka, baina baita parte-hartzaileak Euskal Herriko txoko guztietakoak izateak ere. Zoragarria da euskalkien aniztasuna eta horrek harremanetan sortzen duen aberastasuna. Hasieran nahasmena sortzen duten euskalkiek sekulako jakin-mina pizten diete gazteei: elkarren hizketa moduak ezagutzeko, erabiltzeko, konpartitzeko eta bizitzeko. Horrela, hizkuntza ardatz bihurtzen da ezagutza eta ikasteko motibazioaren oinarrian.

Zein balio transmititzen dira?

Udalekuek irauten duten denboran zehar-lerro moduan lantzen ditugu balioak: errespetua, entzute aktiboa, elkartasuna, enpatia… eta bereziki hezkidetza eta genero ikuspegia. Gainera, adinaren arabera egokitutako jolas, eztabaida edota gogoeten bitartez ere lantzen dira balioak: sormena, autoestimua, norbera izatea, taldearen garrantzia, eta abar.

Bertsoarekin nolako lotura izaten dute gazteek egun horietan?

Bertsoa zein bertsolariekin zuzeneko harremana dute udalekuan. Txanda bakoitzean bertso bazkari edo afari bat egiten da eta haur eta gazteek aukera ederra izaten dute bertsolariekin jolasteko, hitz egiteko eta bertsotan jarduteko. Dena den, ez da bertsoarekin bakarrik lerrotutako jarduna, beste ahozko diziplinak ere jorratzen ditugu: kantua, ipuina eta antzerkia esaterako, elkar elikatu eta osatzen duten ekintza desberdin eta anitzak burutuz. Horrela lortzen dugu genero desberdinetan sakondu eta bakoitzak bere burua hobeto ezagutzea.

Begiraleak ere bertso mundukoak izan ohi dira.

Begirale guztiak, esatera ausartuko nintzateke, udalekuen emaitza dira. Beraiek udalekuetan eta bizitzaren plazan jasotakoa transmititzen ari dira. Horrela, ikaste prozesua eta praktika eskutik doaz. Zorionekoak gu bertsolaritzaren altxorra aisialdiarekin lotuta eskaintzen diegulako gure haur eta gazteei!

Udalekuek ateak zabaldu ohi dizkiete gazteei, ezta?

Horrela da. Udalekuetan egindako ezagunek eta lagunek harreman paraleloa eraikitzen dute, muga guztien gainetik luzaro irauten duena. Harreman horiek hurrengo pausoak ere errazten dituzte; unibertsitateko ikasketetara urratsa ematean, adibidez.

Bertso Udalekuen informazio gehiago, hemen topa daiteke.

Martxoko BertsoZalea berripapera ere webgunean ikusgai.

Esti Alberdi