Ikasturtea agurtzeko, ia 200 bertso emanaldi prestatu dituzte eskolek

Ikasturtea agurtzeko, ia 200 bertso emanaldi prestatu dituzte eskolek –

Diario Vascon.


 

Herri mailako 82 jaialdi egingo dituzte Gipuzkoako bertsolaritza lantzen duten 13 eskola txikietan, eta ikasturte bukaerako eskola jaialdiaren baitan ere egingo zaio tartea bertso emankizunari.

 

Ikasturtea agurtzeko, ia 200 bertso emanaldi prestatu dituzte eskolek
196 bertso emanaldi gauzatuko dira apiriletik ekainera bitartean / XDZ

 

Bertsolaritzaren ikasturtea amaitzear dela, 196 bertso emanaldi gauzatuko dira apiriletik ekainera, ikasleek gurasoei, ikaskideei edota herriko bizilagunei ikasitakoa, eta gozatutakoa, erakusteko. Ikasgela bakoitzak bere emanaldia prestatuko du, izan bat-bateko saioak, urtean zehar gehien gustatu zaizkien sortak edota bertsoa duten antzerki txikiak.

Gipuzkoan, herri mailako 82 jaialdi egingo dira eta bertsolaritza lantzen duten 13 eskola txikietan, ikasturte bukaerako eskola jaialdiaren baitan egingo zaio tartea bertso emankizunari. Nafarroan ere ikastetxe eta herri mailako 22 jaialdi egingo dituzte, eta, zenbaitetan, eskualdeko bertsolariek eta bertso eskolek ere hartuko dute parte.

Araban topaketak egingo dituzte Gorbeialdean, Lautadan, Amurrion nahiz Laudion. Bizkaian ere 18 topaketa egingo dira herri edota eskualde mailan, eta eskualdeko bi bertsolarik hartuko dute parte horietan. Bestalde, Mikel Inunziaga musikariaren laguntzarekin 50 kantaldi eskainiko dira, ikasturtean landutako bertso sortak gogora ekarriko direlarik.

Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoari dagokionez, Seaskako ikastolekin lau Bertsulari Ttiki egun ospatuko dira; ikastola bakoitzak bere emanaldia eskainiko du, Oskar Estanga musikariak eta bi bertsolarik lagunduta. Beste hiru besta ere egingo dira.

Eskolartekoa eta ikasturtea bukatuta, bertso udalekuetan izango dute hurrengo elkarretaratzea gazteek. Uztaileko lehen egunetatik aurrera, Duzunaritzen, Uitzin, Aubixan, Orion eta Zuhatzan izango dira.

Euskararen 7 lurraldeetako 205 herritan, 469 ikastetxetan, 26.366 ikaslek parte hartu dute bertso eskoletan, Bertsozale Elkarteko 53 irakaslek lagunduta. Aurtengo ikasturtean, gainera, www.bertsoikasgela.eus ataria eduki dute eskura. Webgune horretan, bertsolaritza lantzeko baliabideak esku-eskura jarri dira, egitasmoa garatzen den eskoletan.

Ikasturtea agurtzeko, ia 200 bertso emanaldi prestatu dituzte eskolek