Laaroussia inprobisatzaile marokoarrari elkarrizketa

Laaroussia inprobisatzaile marokoarrari elkarrizketa –

Ane Eslavak egindako elkarrizketa Berria egunkarian.


«Borroka egin behar izan genuen gizonekin abestu ahal izateko»

 
Maroko iparraldeko ahozko poesia tradizionaleko abeslaria da Laaroussia. Gizonekin batera jendaurrean abestu zuen lehenengo emakumea izan zen, eta bidea ireki zien hurrengo belaunaldietakoei.
Laaroussia inprobisatzaile marokoarrari elkarrizketa
Arg: JAGOBA MANTEROLA / FOKU

 

Marokoko folkloreko izen handi bat da Latifa Laaroussia (Xauen, Maroko, 1976), baina bere ametsa betetzeko esfortzu handia egin behar izan zuen. Oso familia kontserbadore batean jaio zen, eta bere aitak ez zion uzten ikasten, ezta kantatzen ere. Hark, ordea, txikitatik jakin zuen ayllus ahozko poesia kantatu nahi zuela eta, oztopoak gaindituz, bere bidea egitea lortu zuen. Sei disko kaleratu ditu, eta hainbat herrialdetan abestu du. Atzo Iruñean izan zen, Kultur eta Gizarte Institutuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak antolatutako Kanta ezan eta kantatuko dinat saioan. Inprobisazio errezital bat eman zuen, Maialen Lujanbio bertsolariarekin batera.

Zer da ayllus adierazpidea?

Maroko iparraldeko ohitura zahar bat da, mendiko emakumeena. Gu mendira joaten garenean, lanera, ilaran jartzen gara, harea biltzeko —emakumeok eskuekin egiten dugu lan hori, ez baitugu makinarik—, eta lehenengo kokatuta dagoenak bertso bat abesten du; ondoren, bere ondoan dagoenak. Honela, banan-banan, guztiok abestu arte. Barnean ditugun arazoak ateratzeko erabiltzen dugu, eta oso garrantzitsua da guretzat. Printzipioz, soilik emakumeok abes dezakegu, baina hori aldatzen ari da.

Gizonek zer abesten dute?

Gizonen adierazpidea taqtoqa da. Antzina, gerra garaian erabiltzen zuten, komunikatzeko. Gizonek gai serioagoen inguruan hitz egiten dute bertsoetan: gerrak, erlijioa… Emakumeok, berriz, ayllus-ean, pertsonalki eragiten dizkiguten gaiei buruz hitz egiten dugu, hala nola maitasuna edo familia.

Zer garrantzia du ahozko tradizioak Marokon?

Iparraldean oso garrantzitsua da, baina orain herrialde guztira zabaltzen ari da. Herrialde osoak ezagutzen du gure ohitura; interesa erakusten dute.

Abestiak buruz sortzen eta ikasten duzue?

Bai, nik ez dakit idazten, ezta irakurtzen ere; dena buruz egiten dut. Abestiak bakarrik ateratzen zaizkit.

Beti erabiltzen dituzue jantzi tradizionalak kantatzeko?

Bai, mendiko jantzi tradizionala erabiltzen dugu. Ezin da taqtoqa edo ayllus abestu jantzi hori jarri gabe, eta emakumeek mendian beti erabiltzen dute.

Zu oso familia tradizionalean jaio zinen. Nola sartu zinen musikaren munduan?

Nire herrian, Xauenen, emakume batek ezkondu behar zuenean, herriko emakume asko elkartzen ziren, eta ayllus-a kantatzen zuten. Soilik emakumeak zeuden, arabiar emakumeok ezin dugulako gizonen aurrean abestu. Ni, zortzi urte nituenetik, etxetik lasterka ateratzen nintzen ezkontza bat zegoen bakoitzean, emakume horiek entzuteko. Buruz abesten zuten, eta niri izugarri gustatzen zitzaidan; haiengandik ikasten saiatzen nintzen. Haiekin batera abesten nuen, baina nire familiak ez zekien ezer.

Noiz hasi zinen publikoaren aurrean abesten?

Egun batean, abeslari batek esan zidan emakume bat behar zuela, abesteko. Nik egiten dudana erakutsi nion, kanta bat sortu nuen; azkar pentsatu eta egiten ditut abestiak. Hark esan zidan kanta biribila zela, oso polita eta hunkigarria. Jende askoren aurrean abestea proposatu zidan, eta egin nuen: antzoki batean abestu nuen, oso agertoki handian. Baina aurpegia estali nuen. Ahoa baino ez zitzaidan ikusten, nire familiak ezin ninduelako ezagutu; bestela, hilko ninduten. Bertso batzuk abestu nituen, bakarrik, danbor batez lagunduta, eta publikoari asko gustatu zitzaizkion.

Hamazazpi urterekin grabatu zenuen zure lehen lana.

Bai, diskoetxe baten jabeak entzun ninduen, eta kasete bat grabatzea proposatu zidan. Baietz esan nion, eta grabatu genuen. Baina nire familiak ezin zuen ezer jakin; horregatik, ez genuen nire argazkia jarri.

Lan horrek arrakasta izan zuen?

Bai. Argitaratu genuenean, arrakasta izugarria izan zuen, kantetan nire historia kontatzen nuelako: haurra nintzenean asko sufritu nuela, ez nuela ama ezagutu, etxetik alde egin nuela, ezin izan nuela ikasi… Hitzak tristeak ziren, eta jendea hunkitu egiten zen.

Zein izan zen zure ibilbidea gizartearen eta zure familiaren onespena lortu arte?

Bigarren disko bat egin nuen, eta horretan nire argazkia jarri genuen. Disko horretako kanta batean nire aitarekin bizitakoa kontatu nuen, hark nola tratatu ninduen. Diskoak arrakasta handia izan zuen. Nire aitak ere erosi zuen, eta entzun zuenean eta ni nintzela konturatu zenean, nire bila joan zen: barkamena eskatu zidan, eta etxera itzul nintzala erregutu zidan. Baina nik ezetz esan nion, nire bizitza eta nire lana nituelako. Nire anaiek, berriz, hil egin nahi ninduten. Baina Bartzelonan bizi den beste anaia batek ni bakean uzteko esan zien; lasai ibili nintzen handik aurrera, eta lasai abestu ahal izan nuen.

Orain, Marokon, zure lanaren balioa aintzat hartzen dute?

Bai, asko kostatu zitzaidan, baina lortu nuen. Orain, adibidez, nire herriko festa batean abestu behar dut. Hori oso garrantzitsua da niretzat, ayllus-a nire bizitza delako: nire odola.

Zergatik joan zinen Espainiara?

Gizon batekin ezkondu nintzen, baina hark nire dirua nahi zuen: ni agertokira igotzen nintzen, abesten nuen, eta berak nire dirua xahutzen zuen. Beraz, «aski da» esan nuen, eta Espainiara joan nintzen. Abesteko, lan egiteko eta aske izateko alde egin nuen. Orain, Frigilianan [Malaga, Espainia], oso lasai nago, eta askeago. Hasieran, han inork ez zekien ni abeslaria nintzela. Orain, berriz, bizilagun guztiek ezagutzen naute; hemendik gutxira herrian ospatuko den jaialdi batean parte hartuko dut.

Zu izan zinen gizonekin taqtoqa abestu zuen lehenengo emakumea. 

Bai, gizonekin jendaurrean abestu nuen, lehen aldiz, 1991n. Orain, denok elkarrekin abes dezakegu, gauzak aldatu egin baitira; baina hori lortzeko borroka egin behar izan genuen.

Tradizioak jarraipena izango duela uste duzu?

Bai, hau ez da inoiz hilko, oso errotuta baitago. Taqtoqa ikastetxeetan irakasten dute, eta udalek adierazpide hori eta beste batzuk bultzatzeko ekintzak antolatzen dituzte. Ayllus-a ikasteko, berriz, emakumeekin lan egin behar da, mendian, ez baita eskolan irakasten.

Gustatuko litzaizuke haurrek eskolan ayllus tradizioa ikastea?

Bai. Nik eskoletan irakatsi nahi dut, haur askok ez dutelako inongo loturarik mendiarekin. Marokora bidaiatzen dudan bakoitzean, jende askok eskatzen dit haurrei ayllus-a irakastea.

Bertsolaritza ezagutzen zenuen?

Ez, ez nuen ezagutzen, baina, Iruñera etortzeko deitu zidatenean, esan zidaten hemen pertsona batzuek inprobisazioa egiten dutela, guk bezala. Emakume baten bideo bat erakutsi zidaten [Maialen Lujanbiorena]. Hark nola abesten zuen entzun nuen, eta zoragarria iruditu zitzaidan; ayllus-aren antza pixka bat zuela iruditu zitzaidan. Horregatik, esan nien etorriko nintzela, Euskal Herria eta emakume hori ezagutzera.

Laaroussia inprobisatzaile marokoarrari elkarrizketa
Laaroussia inprobisatzaile marokoarrari elkarrizketa
Laaroussia inprobisatzaile marokoarrari elkarrizketa
Laaroussia inprobisatzaile marokoarrari elkarrizketa
Laaroussia inprobisatzaile marokoarrari elkarrizketa