Elkarrizketa: Nikolas Zendoia

Nikolas Zendoia –

Elkarrizketa hau Zarauzko Hitzak eta Erlo Telebistak egin dute elkarlanean.

 

«Papertxoaren aurrean jaun eta jabe sentitzen naiz»

 

Aritz Mutiozabal 2017-07-13 08:00   KULTURA

2004tik hona sortutako ia 50 bertso sorta bildu ditu Nikolas Zendoiak Odei guztien azpitikliburuan. Kajoiari «hustualdi ederra» eman badio ere, aitortu du erne jarraitzen duela bertso berriak sortzen.

Nikolas Zendoia

Tenple handiko bertsolaria izanagatik, ez dela inoiz plaza gizona izan dio Nikolas Zendoiak (Aia, 1941). Zarauzko bizilaguna erosoago sentitzen da bere bertsoak paper isiletan arkatzarekin abesten. Beti bakarka, kartzelako gaian bezala. Baina bere sormenek bozgorailurik ere izan dute, eta Auspoa bildumaren babesean plazaratu dira. Odei guztien azpitik da bere azken emaitza,  ibilbideko laugarren liburua.

Zure aurreko lanaren izenburuari –Sasi guztien gainetik prosa liburuari– segida ematen badio ere, bertso idatzietara itzuli zara liburu berrian. Loturarik ba al dute?
Liburu guztiek dute lotura elkarren artean, eta izenburuak ere horrela gertatu dira. Sasi guztien gainetik liburua El Diario Vascorako prosa lanekin eginda dagoen arren, honako hau ia bertso hutsekin egina dago, nire lehen liburuak bezala. Baina zerikusi handia dute, eta antzematen da egile berarenak direla. Bakoitza mundu bat da, eta bakoitzak du bere hizketarako era. Eta nirea ez da egungo euskara berri hori, h hizkiarekin-eta idatzitako. Nik baserrian ikasi nuena eta orain kalean dabilkidana erabiltzen dut. Antzekoak dira, eta idazteko orduan ere bai.

Beraz, agerikoa dena da zure berezko estiloa, zure idazteko era hori, umore ukituarekin.
Nik uste dut nire liburu guztiek dutela naturaltasun puntu bat. Ni ez naiz ikasia. Nik ez dut egin urrutirako bidaiarik bazterrak ikusteko. Herrian bizi den baserritar bat naiz bakarrik. Azken finean, bakoitzaren naturaltasuna azaltzea da kontua eta kito. Hortik aurrera alferrik da, ez baita ezer gehiagorik behar.

Azken 12 urtetan idatzitako bertsoen bilduma bat da liburu berria…
Hori da, bai. Ez dakit zenbat urtetako bertsoak bildu ditut, kajoian gordetzen joan naizenak eta sariketetara bidaltzeko asmoz landutakoak. Pello Esnalek duela bi urte esan zidan liburuxka batean jaso beharko genituzkeela horiek, lan handia zegoelako egina. Beraz, kajoiari hustualdi ederra eman diogu.

Kajoiari bakarrik ala zu zeu ere hustu zara sortzaile gisa?
Ez, nire burua ez da hustu kajoiarekin batera. Burua beti lanean dago, eta zentzua inoiz ez dago lo. Esna egon behar du beti, gainera. Idazlanak ahalik eta ondoen egin nahi badituzu, zentzua beti eduki behar duzu erne. Lotan uzten baduzu, kostatu egiten zaizu berriz hastea. Eta ez hori bakarrik, zeure umorea ere zaindu beharra daukazu. Tristurak ere bai, beharrezkoak direlako. Esaterako, niri atera zaizkidan bertso sorta gustukoenak disgustutxoren bat izan eta pixka bat apal egon naizenetan sortutakoak dira. Esan bezala, zentzua ez dago lo, eta une tristeetan ere bilatzen zaitu. Oso oinarrizkoak dira horiek.

Bertso paper lehiaketak pizgarri al dituzu bertsolari bezala erne jarraitzeko?
Bai, bai. Ni bezalako batek ezin du distiratu sariak irabazten… Noizbehinka gertatuko, bai, betiko bitxikeriak kontatzen ditudalako. Nolanahi ere, jende ikasia dago egun, bai gaztea bai heldua. Gaurkotuta daude, eta oso ongi menderatzen dute idazkera. Nik uste dut aparteko bat naizela, inguruari eusten ari den bazterreko zutoin bat bezalakoa.

Nikolas Zendoia

Eskola zaharreko bertsolaria zara, baina ez horrenbeste plaza gizona?
Hori inoiz ez, eta pena handia dut. Zaletasuna izan nuen, eta pixka bat ere egin genuen: garai hartan egun baino bertsolari gutxiago ginen, eta 1989ko Txapelketa Nagusian Gernikako finalaurrekoetaraino iritsi nintzen. Baina ez naiz sekula plaza gizona izan, eta horrek badu bere azalpena. Nik ez dut distiratzeko moduko ahotsik izan inoiz, eta ahotsik ez duen bat ezin da izan plaza gizona. Ahots ederrak asko janzten du, eta lagundu egiten dio bertsoari. Nik, ordea, ez dut halakorik izan eta jende aurrean aritzeko ere ez dut inoiz balio izan. Hori garbi ikusten dut. 

Erosoago sentitzen al zara etxean koaderno batean idazten?
Orduan, bai. Papertxoaren aurrean jaun eta jabe sentitzen naiz. Arkatza hartu eta paperaren aurrean nagusi jarri behar zara, bestela ez duzu biribilketa goxorik lortuko. Eta mometu horietan, ahal baldin bada, gainera, bakarrik egon. Egongelan banago atea ixten dut edo bestela  parke batera joaten naiz, betiere bakardadearen bila. Gauean ere lan asko egiten dut, batez ere zuzentzen. Isiltasunean gauzak garbiago ikusten ditut, eta garbi ikusi ezean, ez dira jende aurrera atera behar. Argi eta garbi izan behar duzu zeure baitan.

Bertsoak zer idazten dituzu bat-bateko izaera horretatik ala buruan jada argi dituzunean azaleratzen dituzu?
Gehienetan ustez buruan garbi ditudanean idazten ditut. Baina bertso sortari hamaika buelta ematen dizkiot, beti zer hobetua bilatzen eta bilatzen. Liburu baten amaieran ere begira jartzen zara ea akatsik badagoen… Gauza bat da, ordea, bertsoa nola osatu nahi duzun, eta beste bat da erakarketa. Kontatu nahi duzun hori eta erakargarritasunak bat egiten dutenean, orduan daukazu ongi eginda.

52 urterekin hasi zinen bertso sortak idazten, eta bi hamarkada pasatxo daramazu zeregin horretan, hainbat sari lortuz.
Begira, liburu hau txukuntzeko eta bukatzeko lanak egiteaz gain, aurten lau bertso sorta idatzi ditut, eta horiei bueltak ematen nabil, norabait bidaltzeko asmoarekin; izan ere, Lazkao Txiki sariketa badago, Basarrirena ere etorriko da, eta aurten Enbeitarena ere izango da. Horietara aurkezteko zerbait eduki behar duzu, baina ez edukitzeagatik. Gai batek jo behar zaitu, eta gai batek jotzen ez bazaitu alferrik da. Alde handia dago gaia bultzaka datorkizun ala zuk zeuk tiraka hasi behar duzun. 

Liburuko gaien artean, familia askotan agertzen da: bilobarekin egindako tratua, emaztearekin duzun harremana, amona, hil zen txori hura…
Bai, ni beti zain nago bitxikeriaren bat edota heldu bide bat non topatzen dudan. Baina baita norbaitekin hizketan ari baldin banaiz ere. Gustatzen zait entzutea; izan ere, entzuten ez baduzu, ez daukazu hitz egiterik. Horrek esan nahi du jendearengandik asko jaso dezakezula. Horretarako, begiak eta belarriak adi izan behar dituzu.

Nikolas Zendoia

Bilobarekin nintzela, adibidez, lorategian zozo bat topatu nuen saltoka. Zera esan nion: «Jokin, aitonak zozoari bertsoak egiten badizkio, lagunduko al didazu horiek abesten?». Erantzun zidan saria emanez gero kantatuko zukeela. Hirugarren saria eskuratu nuen Lazkao Txiki le­hia­ke­tan. Orduan, bertso sorta bat osatu baldin banuen bilobarekin, liburuan jarri beharra neukan. Liburuko azalean agertzen den mutiko hori da nire biloba. 

Hori izan al zen zure saria?
Liburuan agertzeaz gain, eskupekoa ere iritsi egin behar zaio. Jokin apur bat zazpikia da, San Fermin egunekoa, urteko zazpiarren hilabeteko 7koa…Beraz, zazpi zenbakiarekin badu lotura estua. Zazpi urte zituela, zazpi zazpikorekin bertso sorta bat egin nion. Logelan du zintzilikatuta. Zazpi euro eman nizkion. 

Liburuaren hitzaurrean zera diozu: «Birigarroa badoa bosgarren kabiaren bila». Hurrengo liburuan pentsatzen ari al zara?
Nik inoiz ez dut pentsatu «liburu baterako lanak egin behar dizkiat». Inoiz ez, ez bigarrengoarekin, ez hirugarrengoarekin…Nik lanak ahalik eta txukunen egiten jarraituko dut, eta, ondoren, geroak esango du badagoen ala ez dagoen, eta egonda ere, horrek merezi duen argitaratzea ala ez. 

Aurten lau bertso sorta egin ditut, eta aspalditxoan ez zait sari txikiren bat edo beste erori. Sari bat jasotzea, gaztetxo batzuen ondoan agure bat gailentzea, hori handia da, eta jasoko banu, horrek animatuko ninduke; bestela, ezkutatzen joaten zara. Nik ez dut esango aterako denik, urte asko baititut, eta liburuxka bat egiteko denbora asko behar da. Urteei lasai pasatzen utzi behar zaie, eta bitartean zure lanak txukun egiten jarraitzen baduzu, denborak esango du. Geroak esango du. 

Zure lehen liburuari Beranduko birigarroa jarri zenion. Zeure burua birigarrotzat al duzu?
Garai hartan Antonio Zavala, Pello Esnal eta hirurok bildu ginen meriendatxo bat egiteko. Zavala segituan hasi zen hari muturrari tiraka: «Horrenbeste bertso baldin badituzue, liburu bat osatzeko baduzue nahikoa materiala. Ez badira jasotzen, galdu daitezke, beste asko galdu diren bezala». Nik esan nion ni beranduko birigarroa nintzela, aitona aspaldi egin nintzela. Begira-begira jarri zitzaidan, eta esan zidan: «Zer axola du horrek? Izenburua ere zerorrek esan duzu». Hortik sortu zen, besterik gabe. Gerora etorri zen Egan dijoa bigarren lana.

Esnalek, ondoren, El Diario Vasco egunkarian sei urtez argitaratutako nire testuak bildu zituen Sasi guztien gainetik izeneko liburuan. Beraz, derrigor jarri behar zitzaion Odei guztien gainetik izenburua lan berriari. Hala ere, ez naiz joan liburuen bila; hizketaldietatik atera dira. Baserritar batentzat behintzat bada nahikoa.

 

Nikolas Zendoia