Saudade

 

Miren_Amuriza_2011nMiren Amuriza (Berria egunkarian)

Berrogei urte atzo Xalbadorri Urepelen omenaldia egin ziotela; meza lehenik, bertso saioa gero. Artean ekitaldia amaitu barik zegoela, frontoitik lekutu ei zen ondoezik eta bertsolariek agurrak kantatzerako hil, egunotan dagoen lako negu usaina izango zen domeka batean. Ezagutzen dut, Xalbadorrena akorduan, bere omenaldiaren bezperan begirik bildu ezinik egon denik.

Xalbador. Izana eta Izena dokumentala egin zuen orain urte pare bat Eneko Dorronsorok eta pasarte bat gorde nik, haren alaba Elenek kontatua. Aitak astelehen goizetan Baionara eroaten ei zuen eskolara, eguna argitu orduko abiatuta. Xalbadorrek ilunetan gidatzea maite ez nonbait, eta bidean zihoazen batean, non diotson neskari: «argiak ez du nehon ilunean bezain ongi argitzen».

Oraintsu naiz haren bertsoei gerizpetik adi egona, hainbeste zelan hunki nintzaketen pentsatuz; jabetu nintzen arte, belarrietatik bainoago, azaletik entzuten dudala Xalbador. Zelan esplikatu haren aire min hura… Badu portugesak berba eder bat, saudade, itzulpen zehatzik bakoa, malenkonia, bakardadea, nostalgia dariona. «Mar é morada di sodade…» kantatzen zuen Cesaria Evorak. Azaletiko entzunaldi hartan ulertu nuen zergatik hautatzen ditudan ahots sufrituak (Cesaria bera, Xalbador, Anari, Xabier Lete, Chavela Vargas…), une tristeetarako: argiak ilunean bezain ongi inon argitzen ez duelako.

Xalbador