Eskulturak, bustoak eta plakak. Julian Albistur.

2017-10-24

Julian Albistur –

Bertsolari handiei zor diegun begirunea nola erakutsi, Julian Albisturrekin hizketan

 

2014ko urtarrilean inauguratu zuten Errenteriako Foruen plazan Xenpelarren fruituak altzairuzko irudia, Gotzon Huegun eskultore gaztearena. Ekitaldi luze horretako agurra Eduardo Mendoza alkateak egin zuen bertsotan, bertso eskolan ibilia izaki. Bertso musikatuak, koreografia baten estreinaldia eta hainbat kultur ekintza izan ziren, eta, tarte batean, Julian Albisturrek, egitasmoaren alde lanik gehiena egin duen bertsozaleak, orrialde bat irakurri zuen eskultura jarri ahal izateko egindako ibilbide luzea agertuz.

Ibilbide hori 1969an hasi zen, Oteizak Xenpelarren omenez gero bertsozaleek behin eta berriz ikusi izan dugun bozeto famatua egin zuenean.

Oteiza eta Antonio Valverde Ayalde margolari eta inprimatzailea oso lagunak ziren. Eskultoreak maiz egiten zion bisita Valverderi Oiartzunen zuen baserrian, eta inguruan gisako etxe bat aurki ote zezakeen galdetzen zion, horrelako leku batean bizitzea amesten zuelako.

Udalak, Valverderen bidez, Foruen plaza urbanizatzeko proiektua eskatu zion Oteizari, eta honek, hasiera batean, burutzeko moduko diseinu bat aurkeztu zuen: Itziarko harri beltzarekin osatuko zen egitura bat, erdian gurutze etzan batekin; eta, plazak bizitza gehiago izan zezan, aparkalekuak kendu eta etxeetako balkoi guztietan arropa eskegita edukitzea proposatu zuen. Baina, Jose Luis Ansorenak Oarso aldizkarian argitaratutako artikulu batean kontatzen duenez, berehalaxe hasi ziren Udalaren eta eskultorearen arteko tirabirak, Oteiza gero eta eskakizun zailagoak egiten hasi baitzen.

Eskakizun horien artean dago Xenpelarren eskulturarena. Bertsolariaren heriotzaren mendeurrena egiten ari ziren urte horretan, eta plazaren ertz batean zazpi metro altuko brontzezko eskultura bat proposatu zuen Oteizak. Antzeko beste hiru irudiren bozetoak ere egin zituen. Horietatik lehena da geroztik hainbatetan ikusi duguna. Giacomettiren Gizon ibiltaria gogoratzen du, Xenpelarren irudia geldirik badago ere, ukabilak itxita dituela eta begirada, zeruan. Badirudi Gandiagaren Hiru gizon bakarka poema ilustratzeko igeltsuz egin zituen irudietan zutela oinarria. Diogun, bidenabar, bi eskulturak —Giacomettirena eta Oteizarena—, garai bertsukoak direla.

Kontua da ez zela adostasunik egon Udalaren eta Oteizaren artean. Haserretu egin ziren, eta bertan behera geratu ziren Foruen plazako urbanizazioa eta Xenpelarren irudia. Berehala, bere haserrea adierazten duen laugarren irudi bat egin zuen: ukabilarekin amorru keinua egiten duen beste Xenpelar bat, Azkoitiko bere aitonaren burua zuena.

Dena den, zazpi metroko altuerakoa izan nahi zuen Xenpelar haren bozetoarekin serie bat egin zuen, eta haietatik lau ditu Andoni Egañak etxean, Txapelketa Nagusietan txapeldunari emateko erabili baitziren. Egaña izan daiteke, beraz, Oteizaren obra gehien dutenetako bat Euskal Herrian.

……………………………………………………………………………………………

 

-Noiz hasi zineten berriro Xenpelarren eskulturaren alde lanean?

1969an egin zen mendeurreneko gertakari horien ondoren, 40 urteko hutsunea etorri zen. Xenpelar Bertso Eskola 1987an sortu zenez, 2012an ospatu genuen 25. urteurrena, eta berriro heldu genion eskulturaren gaiari. Bien bitartean, nik erretiroa hartu nuen edo hartu behar izan nuen. Oiartzungo Maquinaria Bonak enpresako bulego teknikoan egiten nuen lan, eta lantegia itxi egin zen 59 urte nituenean. Aukera ona zela pentsatu nuen buruan nituen bi kapritxo egiteko: neure bertsoen liburua Auspoan ateratzea (Dozenaka sortuak), eta txosten hau eta Xenpelarri zor zaiona izeneko lan honi ekin nion. Gerra aurretik jaiotako 14 bertsolari aukeratu genituen, Fernando Amezketarra eta Manuel Lasarteren artean daudenak; hau da, XVIII. mendetik hasi eta 1936ko gerrara bitartean jaiotako bertsolari handienak. Udarregi, Bilintx, Xenpelar, Pello Errota, Pedro Mari Otaño, Txirrita, Balendin Enbeita, Basarri, Uztapide, Mattin, Xalbador eta Lazkao Txiki daude zerrenda horretan, aipatu ditugun Fernando Amezketarra eta Lasarterekin batean.

Hasiera batean, Auspoa saileko liburuak etxean, bertso-eskolan eta Xenpelar Dokumentazio Zentroan jorratu genituen: lehendik zegoen materiala bildu, sailkatu eta egiaztatu genuen. Ondoren, bertsolarien jaiotetxeetara jo genuen, lekuak ezagutu eta argazkiak ateratzeko. Aipatutako bertsolarien herrietako kultur teknikari edo zinegotziekin ere hitz egin genuen informazio bila, eta, kasu batzuetan, senitartekoekin ere harremanetan jarri ginen. Bi hilabete osorik eman nizkion lanari, eta horrela atera zen Xenpelarri zor zaiona, 65 orrialdeko txostena, 2010ean. Diodan, bertsolariei omenaldi gisa jarri zaizkien eskultura, busto, plaka eta oroigarrien katalogo gisako bat dela. Txostenaren helburua, berriz, Udalari presioa egitea zen, herrian Xenpelarri eskultura bat eraikitzeko. Ibilbidea luzea izan da, baina lortu genuen helburua; hor dago Xenpelarren fruituak izeneko eskultura Foruen plazan.

-Hamalau bertsolari horietatik hamahiruk zituzten eskultura edo irudi bana. Xenpelarrek ez. Hori zen frogatu nahi zenutena?

Nire txosten horretan agertzen dudanez, bi bertsolari dira gorputz osoko eskulturak dituztenak: Balendin Enbeita, Bilboko Arenalean; eta Lazkao Txiki, Lazkaon. Zerrendako beste zazpi bertsolari dira bustoak dituztenak: Fernando Amezketarra, Amezketan; Pello Errota, Asteasun; Pedro Mari Otaño, Zizurkilen; Txirrita, Ereñozun; Mattin, Ahetzen; Lasarte, Leitzan; eta Basarri, Zarautzen. Neuri, pertsonalki, Basarriren bustoa gustatzen zait gehien, Palmiro Harok egindakoa. Handik igarotzen naizen bakoitzean, begira jarri eta bizirik dagoela iruditu izan zait. Zarauzko Torre Luzearen ondoko parkean dago Lizardirenarekin batean.

-Zuek, Errenterian Xenpelarren busto bat egitea bururatu balitzaizue, ez zenuten bertsolariaren argazkirik.

Hala da. Xenpelarren irudi gisa erabiltzen duguna Antonio Valverdek egindako margolan bat da. Eta eredu bezala ez zuen Xenpelar bera erabili, ordurako mende bat igaroa baitzen hil zela, Oiartzungo Antonio Lekuona Matxio baizik. Kontatzen dutenez, igande goiz batean Antonio Valverde mezatan zegoela sartu omen zen baserritar hori, eta bururatu omen zitzaion margolariari Xenpelar horrelakoxea izango zela. Mezatatik irtetean proposatu zion ea modelo gisa posatzera etxera etorriko zen. Gizona denboraz urri zebilenez, Valverdek estra gisa ordaintzen zizkion orduak, eta Antonio Lekonak mundu guztiari kontatzen omen zion kolperik jo gabe dirua irabazten hasi zela. Valverderen irudi hori hartu izan dugu, geroztik, Xenpelarren irudi benetakotzat. Lan hori bukatu eta berehala hil zen margolaria.

-Eskultura jarri den lekutik gertu dago Xenpelar hil zen etxea ere. Etxe hori izango da baztangaz kutsatuta zegoelako itxi zutena.

Bai, Madalena kaleko etxe horretan hil zen baztangarekin. 1869ko urrian hasi eta 1870eko urtarrila bitartean, 30 bat lagun hil ziren herrian izurritearen ondorioz, tartean Xenpelar eta haren arreba Maria Luisa. Gaixotasun horrekin zeuden etxeak itxi egiten zituzten, eta otartxo batekin igotzen zitzaizkien behar zituzten gauzak. Urriaren 25ean hil zen Xenpelarren emaztea. Fabrikara joaten segitu zuen bertsolariak. Bere azken oihal pieza azaroren 20an bukatu zuen Fabrika Handian. Neba zaintzera joan zen arreba Maria Luisa, haurdun bazegoen ere. Neba hil zen egun berean, abenduaren 8an, eduki zuen haurra Maria Luisak. Osaba gela batean hilotz eta bestean haurra erditzen egokitu ziren. Abenduaren 17an hil zen  haurra, eta biharamunean, ama. Oso istorio gogorra da.

-Bi irudi daude zure txostenean nabarmentzea merezi dutenak: Remigio Mendiburuk Udarregiri egindakoa eta Nestor Basterretxeak Bilintxi eskainia. Bigarren hori San Telmo museoan egon zela diozu. Ba al dakigu orain non dagoen?

Ez dakit. Nonbait irakurri nuen Basterretxeak irudi bat egin ziola Bilintxi, baina ez dut irudi horren aztarnarik jarraitu.

-Txostenean bertsolarien omenez jarritako oroitarriak, haien izenak dituzten kale, ikastetxe eta erakundeak eta beste hainbat zertzelada bildu dituzu.

Bai, bai. Uztapidek, esate baterako, enparantza bat du Oiartzungo Ergoien auzoan, oroitarri eder batekin. Haren aurpegiaren zirriborroa erakusten duen harrizko plaka bat jarri zioten Endoian, jaiotetxetik gertu, bertso idatzi eta guzti. Beste oroitarri bat du Zestoako plaza batean, eta Irunen ere bada kale bat haren izenarekin. Gehiago edo gutxiago, bertsolari guztiek dute kaleren bat edo plazaren bat, eta nik erreferentzia horien bilduma egin nuen.

-Bertsolari horien memoriari lotutako ondareaz ere arduratu zinen. Jaiotetxeei buruzko argazkiak bildu zenituen. Nola daude bertsolari horien jaiotetxeak?

Jaiotetxe gehienek zutik jarraitzen dute. Fernando Amezketarra Espilla-Saletxen jaio zen eta Asentzinea baserrira joan zen gero bizitzera. Nik Interneteko irudiak erabili ditut, baina biek zutik jarraitzen dutela uste dut. Udarregi Aiako Uztaetaburun jaio zen. Haurra zela joan zen Usurbilgo Udarregira, eta, irudietan behintzat, XVII. mendeko baserri hori zutik dago. Zutik dago Bilintx jaio zen etxea Donostiako Alde Zaharrean. Xenpelar Senpelarre baserrian jaioa zen, Errenteriako lurretan, Oiartzundik gertuago badago ere. Baserri hori erabat hondatuta egon da, sasiak hartuta eta teilaturik gabe, Jose Luis Erkizia Basarrik eta bere emazte Ana Isabel Arrutik hartu eta erabat berritu zuten arte. Basarri bere garaian arraunlaria izan zen eta, gaur, ETBko esataria da estropada emanaldietan. Pedro Mari Otañoren Errekalde jaiotetxeak, Balendin Enbeitaren Jeurik (Jauregi), Basarriren Granadak, Mattinen Harrietak, Fernando Aireren Xalbador baserriak eta Lazkao Txikiren Abeliñek zutik jarraitzen dute. Manuel Olaizola jaio zen Uztapide baserria, Endoian, bota egin zuten, eta haren lekuan etxe berri bat egin zuten. Txirritaren jaiotetxea, Latxe Zahar, desagertuta dago ia erabat, horma zahar bat bakarrik gelditzen baita. Ni neu Epele auzoan jaioa naiz, Ereñotzutik gertu, eta badakit hango berri. Hamahiru urte zituela Errenteriako Txirrita baserrira etorri zen eta baserri horrek, bai, zutik jarraitzen du. Gazteluenek ere zutik jarraitzen du Altzan, azken urteak eman zituen baserriak alegia. Beraz, esan daiteke erabat desagertu diren jaiotetxeak Txirritaren Latxe Zahar eta Pello Errotaren Goiko Errota direla, azken hori industriagune bat egiteko bota baitzuten. Haren argazkiak gordetzen dira, hala ere.

-Beharbada, ez dago kultur ondarearekiko sentiberatasun gehiegirik ere.

Ez dela egon esango nuke. Xenpelarren jaiotetxea erabat hondaturik zegoela erosi zuten Jose Luis Erkizia Basarrik eta bere emazte Ana Isabel Arrutik. Eta eragozpen handiak jarri zizkien Udalak hura berritzeko. Asteasuko udaletxera joan nintzenean ere, bertako langile batek aitortu zidan tamalgarria izan zela Pello Errotaren jaiotetxea bota izana, baina ez zutela eragozteko ezer egin.

-Udarregiren kasuak mereziko luke komentario bat, izen horretako baserrian egon behar dutelako bere bertso jarriak gogoratzeko erabiltzen zituen teilaz egindako arrastoek.

Seguru asko. Garia jotzeko lekuan teila puska batekin egiten omen zituen arrastoak, eta haiei begira gogoratzen zituen bertsoak, ondoan Jose Aranburu Usurbilgo organistak eskuz paperean jasotzen zizkion bitartean. Arrasto horien moldeak erabili zituen Remigio Mendiburuk herrian eraiki zitzaion irudia hornitzeko. Baina ez dakit, nik ez baititut ikusi, arrasto horiek Udarregin dauden edo ez. Udarregin urte askoan bizi eta gero, Artikula Haundi izeneko baserrira aldatu ziren, eta hau badakit autopista egiterakoan bota zutela. Edozein modutan ere, memorizatzeko erabil daitekeen metodorik bitxienetako bat erabiltzen zuen bertsolariak, eta merezi luke azterketa bat. Jose Aranburuk Udarregira joaterik ez zuenean, bertsolaria bera, makilan arrastoak egin eta, jaisten omen zen Usurbilera; gero, makilari begira esaten zizkion bertsoak organistari. Remigio Mendiburuk 1966an egin zuen eskultura eta badirudi arrastoen molde bat erabili zuela. Ederra litzateke nondik hartu zituen jakitea.

-Txostenean Andoni Egañaren laguntza eskertzen duzu.

Behar izan dugun guztietan izan dugu Andoni Egañaren laguntza, eta eskultura aukeratzeko deialdia egin zenean ere parte hartu zuen epaimahaian.

-Eman iezaguzu zure buruaren berri, labur bada ere.

Bertsolaritzan, gehienbat bertsopaperetara mugatu da nire lana. Esan bezala, Hernaniko Epele auzoko Epele-Borda baserrian jaio nintzen, 1950ean. Fagollagako eskola publikoan ibili nintzen 11 urte arte, 60 bat umeko gela bakar batean eta maistra bakarrekin. 1961 aldera zaletu nintzen bertsoarekin, Ereñotzuko festetan Basarri eta Uztapide kantuan ikusita. Garaitsu hartan, Txirritaren bertsopaperak irakurtzen nituen etxeko liburu zahar batean. Baita Pedro Mari Otañorenak, Xenpelarrenak eta Zapirainenak ere. Ereñotzu inguruan jaio, bizi eta hezi nintzenez, zalea izatea ez da harritzekoa, bertsozaletasun handia baitzen; baita egun ere, Urumea erreka inguru hartan Txabolategi, Txirrita, Saiburu, Hernani Txikia… gertu samar jaioak eta arrastoa utzitakoak izaki.

1963an, orduko EPOn (Escuela Profesional Obrera) hasi nintzen ofizio bat ikasteko asmoarekin. Hastapenekoa gehi 3 ikasturte; guztira, 4 urte. 1967ko ekainean, Oficialía amaitu nuen, delineatzaile espezialitatean. Jarraian, lanean hasi nintzen (Eyher, Hernani), delineatzaile moduan, Bulego Teknikoan; 5 ordu goizez, astelehenetik larunbatera. Arratsaldez, Maestria ikastera joan nintzen beste bi urtez, eskola berean. 16 urterekin hasi nintzen lanean. 1969ko uztailean, amaitu nuen Maestria eta egun osoz, 9 orduko lanaldiarekin, hasi nintzen lanean. Garai horretan futbola ere utzi nuen, Hernani Txikin, jubenil mailan, atezain jokatu ondoren. Urte berean, Donostiako Amarako eskolan Ingeniaritza Teknikoa ikasten hasi nintzen, gauez, egunez lan egin eta gero. Nire eguneroko ibilbidea honako hau zen: anaiaren baten Vespan lehenbizi, eta Lambrettan geroago, Epele-Andoain-Epele (bazkaldu)-Andoain-Donostia-Epele (afaldu). Gero, ahal banuen, eskolako lanak egiten nituen, biharamunean 06:30ean jaiki eta beste egun berri bati ekiteko. Ez nuen aspertzeko betarik izaten; parrandarako ere ez. 1973ko uztailean bukatu nituen ikasketak eta urte horretan erosi nuen nire lehen autoa, Morris 1100 bat. Ikasketak gainditu ondoren, neure buruari egindako oparia izan zen, neuk ordainduta, 6 urte baineramatzan lanean. 1975eko uztailaren 17an, Felicia Pulidorekin ezkondu nintzen eta Errenterian bizi gara geroztik. Seme-alabak ditugu: Aitor eta Aloña. Orereta Ikastolako Batzordean ibili nintzen, eta eskualdeko ordezkari ere bai, Gipuzkoako Ikastolen Elkartean.

Etengabe aritu izan naiz bertso-jartzaile moduan, urte askoan, herri mailan eta eskualdeko lehiaketetan, hasieran, eta Euskal Herrikoetan, gero. Bertso idatzi horiek bildu nituen Dozenaka sortuak liburuan.

Julian Albistur