Argentina V: Euskaratik Euskal Herrira begira

2017-10-19

Euskaratik Euskal Herrira begira –

Euskal etxeetan ikastaro asko antolatzen da, Euskal Herriko tradizioari eta folkloreari lotuta. Gu euskara eskolek harritu gaituzte gehien; harritu eta harrotu. Sekulako lana da HABErekin elkarlanean zein autogestioan egiten dena, eta hunkigarria da emaitza. Argentinar doinuko euskara darabilte hautatutako bi adibide hauek.

 

Euskaratik Euskal Herrira begira“Euskara hautu kontziente bat da Argentinan, Euskal Herrian bezalaxe”

Maite Bilbao de Ustaran, Necocheako Euzko Etxean euskara irakasle

 

Nolatan hasi zinen euskara ikasten? Zer harreman zenuen hizkuntzarekin?

Umetatik ibili gara Necocheako euskal etxean, gurasoek ere umetatik zutelako ohitura hori (aitak Necochean eta amak Rosarion); guretzat gure etxea zen. Euskal etxeetan beti eman zaio garrantzia dantzari eta gu ere hiru urterekin hasi ginen, gure gurasoek lehenago egin zuten bezala. Euskara ikasteari ez nion zentzu berezirik ematen hasieran. Dantza ikasten nuen bezain era naturalean hasi nintzen aukera sortu zenean. Hizkuntza ez zitzaidan ezezaguna, hori bai. Gure amonarekin oso harreman berezia nuen eta hari ikasi nizkion euskarazko lehen hitzak: amona, goxokiak, polita, ipurdi zikina…

Zer eman dizu euskarak?

Euskara ikasten ari nintzela ez nuen sentitzen ezer berezia egiten ari nintzenik. Geroztik, ordea, jabetzen naiz euskara ikasi dudanetik asko irabazi dudala pertsona bezala ere. Sekula ez nuen hori pentsatu hastean, baina atzera begiratzean ikusi dut ez dela dakidan beste hizkuntza bat soilik. Iruditzen zait dauzkadan lagunik handienak ere euskarari esker ditudala. Erdaraz jende batekin topatzen zara eta euskaraz beste batekin, ez hobeak ez txarragoak, baina egun ditudan lagunik handienak euskarari esker egin ditut eta sekulako altxorra iruditzen zait hori, dagoen handiena.

Euskara ikasi ez bazenu bertsoak ez zenituzke ulertuko…

Maizpiden entzun nituen lehenengoz, eta, ez, kosta egiten zitzaidan ziotena jarraitzea. Ez ninduen asko erakarri. Baina 2009ko Txapelketan Hernanin nengoen eta gogoan dut ezin izan nuela BECera joan tabernan lana nuelako (anaia joan zen lagunekin); guk telebistatik jarraitu genuen eta mundu osoa zegoen horren pendiente, telebistari adi, isil-isilik. Anaiak gauza bera esan zidan: “milaka lagun isiltasun osoz” zeudela bertsolariei adi. Muturreko errespetu horrek asko hunkitu ninduen, arreta mailak ere bai. Futbolarekin ohituta gaude, baina inoiz ez nuen ikusi kultur ekitaldi batekin horrelako jarraipena. Euskal Herrian soilik gerta zitekeela pentsatu nuen. Gainera, Maialen Lujanbiok irabazi zuen eta combo bat izan zen dena! Gero, saiatu ginen euskal etxera ekartzen, baina egutegi arazoengatik ezin izan zen…

Ekarri izan duzue bestela bertsolaririk?

1981ean Euskal Herritik ordezkaritza bat bidali zuten eta pasa ziren euskal etxetik, euskal astean parte hartzeko. Etorri ziren harri-jasotzaileak, musikariak, aizkolariak, dantzariak eta bertsolari bat: Xabier Amuriza. Etorri zen lehen bertsolaria izan zen, eta ordezkaritza hartan euskara hutsez aritu zen bakarra izan zen, itzulpenik gabe.

Orain euskara irakasle ere bazara Argentinan, zein da ikasle profila?

Gaur egun euskal etxean ditudan ikasleak helduak dira. Gazte asko ari dira ikasten, baina unibertsitatera La Platara doazenez, han hartzen dituzte eskolak; beraz, Necochean 30 urteko batzuk dabiltza eta, gero, 50 urtetik gora doaz. Gehienetan, motibazioa dute aitona-amonak euskaldunak zirelako eta pendiente sentitzen dutelako. Gogo handiarekin etortzen dira eta hitz egitea izaten dute helburu; hori oso zaila da astean behin bi orduz elkartuta. Hala ere, ez ulertzetik ulertzera pasatzea bera asko da berez.

Gero, eguneroko harremanek asko egiten dute, nik Euskal Herrian irakasten nuenean ondo ulertzen nuen hori: ikasleek euren inguruko harreman guztiak gazteleraz eraiki zituzten, ohiturak ere bai. Hizkuntzaz aldatzea oso zaila da behin harremana gazteleraz sortu denean; horregatik esaten nien lagun berri pare bat egiteko erabat euskaraz egingo zutenak eurekin. Niri Lazkaoko harrera familiarekin gertatzen zitzaidan, baina euskaraz aritzeko indarrik ez nuenean ez deitzea erabaki nuen eta hurrengo egunean saiatzea, adibidez, harreman hura euskara hutsean mantendu nahi nuelako.

Zer garrantzi du zure ustez diasporan eta Argentinan euskararen transmisioak?

Nik Argentinan ikusten dut, duela 25 urte euskaraz Euskal Herritik etorriek zekitela, hona iristean galdu ez zuten apurrek. Orain, ordea, orduan baino jende gehiagok daki, ez ama hizkuntza duelako edo han jaso zuelako, baizik ikasi egin duelako. Pentsa zer den Euskal Herritik zuzenean iritsitako jendea zegoenean baino euskara gehiago egitea orain. Euskara indarra hartzen ari da belaunaldiak pasa ahala, eta oso berezia da hori.

Korrika ospatu zenean, zuk irakurri zenuen lekukoan zetorren mezua; zer azpimarratuko zenuke?

Euskarak nortasuna ematen dizu, berezia da. Gaztelerarekin niri ez zait hori gertatu, agian ama hizkuntza delako eta zuzenean jaso dudalako. Nik euskara aukeratu egin dut, eta Euskal Herrian nik bezalaxe jende askok egunero aukeratzen du zer hizkuntzatan egin nahi dituen harremanak eta bizitza; ez da edozein herritan gertatzen. Euskara bai Argentinan eta bai Euskal Herrian hautu kontziente bat da, eta horrek sekulako indarra eta nortasuna ematen dio eta sentiarazi egiten dizu. Horixe azpimarratuko nuke, nortasuna.

 

 

Euskaratik Euskal Herrira begira“Bertso bat aurrez aurre entzuteak ikasketa prozesu osoa merezi du”

Alejo Conti Olivares, Rosarioko euskal etxeko kidea

 

Zein izan zen zure lehen harremana euskararekin? Nolaz erabaki zenuen ikastea?

Malagan entzun nuen lehenengoz, kasualitatez. Biltzar batean geunden eta parte-hartzaile batzuk euskaldunak ziren. Bidaian zehar lagun egin ginen eta haiek irakatsi zizkidaten lehenengo euskal hitzak. Lehen unetik harrapatu ninduen hizkuntzak, ez dakit zergatik. Rosariora itzultzean euskal kulturan murgildu nintzen, euskal musika entzuten hasi nintzen –Berri Txarrak batez ere-, eta 2008. urtean euskal etxera sartu nintzen lehenengo aldiz, hainbeste interesatzen zitzaidan hizkuntza hori ulertu nahian.

Momentu hartan Lekeitioko mutil bat zegoen Euskal Etxean, euskara klaseak antolatzen zituena; bera izan zen nire lehenengo irakaslea. Hurrengo urtean, Euskara Munduan programan parte hartzen hasi nintzen. (HABEk eta EABAk antolatua). Geroago, Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu programari esker, hilabete bat Maizpide euskaltegian (Lazkaon) pasatzeko aukera izan nuen. Horrek lagundu zidan gehien eta komunikatzeko maila lortu nuen. Gainera, euskaldunak irekiak dira zentzu horretan eta hobetzen laguntzen dizute. Zorionez, argentinarra izanik, ez daukat hitz egiteko lotsarik (barrez).

Eta euskaraz jakiteak zer eman dizu? Zer aldatu dizu?

Euskarak bi gaitasun eman dizkit, balio handia dutenak. Bata, Euskal Herria hobeto ulertzeko ahalmena, zeren ezin da Euskal Herria ondo ulertu euskara jakin barik (uste dut euskara ez dela euskal kulturaren osagai bat, baizik eta bere oinarria). Begirada batean euskal ohiturak nahiko sinpleak direla iruditu arren, euskal kultura askok uste duten baino sakonagoa da, eta euskara behar duzu horretaz konturatzeko. Eta bestea, benetako harremanak sortzeko gaitasuna. Euskara da euskaldunak irekitzeko giltza. Nik ez nuke esango euskaldunak hotzak direnik, baina argentinarrekin konparatuta sozializatzeko erritmo ezberdinak dituzte. Nik lagun minak aurkitu ditut eta uste dut hango lagunekin daukadan lotura sendoagoa dela, beraien hizkuntza –eta beraz, beraien izaera- ulertzeko gai naizelako.

Euskal Herrira hainbat bisita egin dituzu, zerekin geratzen zara?

Gehien maite dudan Euskal Herriko ezaugarria ohitura eta berritasunaren nahasketa da. Argentina herri gaztea da, eta gure kultura eraikiz goaz. Zuena, ordea, aldi berean zaharra eta modernoa da. Batzuek uste dute euskal kultura mantendu dela euskaldunak haien mendietan gelditu zirelako, inorekin hitz egin gabe. Justu kontrakoa da: euskaldunak eragin berriak hartuz zerbait sortzeko gai dira, haien balio eta bizimodua aldatu gabe. Euskal kultura mantendu eta birziklatu egiten da prozesu berean, eta horregatik bizirauten du. Adibidez, Bilbora joanez gero, Deustuko zubian gelditu: eskuinean Guggenheim museoa izango duzu, modernitatearen adibide hutsa; eta ezkerrean, mendiak eta baserriak begiratu ahal izango dituzu. Euskal Herria biak dira, ardiak eta titanioa, nahasketa harmoniatsu batean. Oso herri gutxik lortzen dute hori. “Ur berria iturri zaharretik”, Artzek esaten zuen bezala.

Bertsoa lehenengo aldiz Maizpiden entzun omen zenuen, zer sentitu zenuen? Eta orain, zer da zuretzat bertsogintza?

Lehendabiziko bertsoa Lazkaon entzun nuen, Jon Maia eta Angel Peñagarikanok Maizpide bisitatu zutenean. Bertsolaritza zuzenean ikustea esperientzia zoragarria izan zen, eta bertso bat aurrez aurre entzuteak ikasketa prozesu osoa merezi zuela sentitu nuen. Bertso bat ulertzeko gaitasuna izanez gero, urteetan zehar egindako ahaleginak zentzua zeukala. Bertsogintzak argi erakusten du euskara, hainbeste zailtasun eta oztopo izan arren, bizi-bizirik dagoela, eta euskaraz edertasuna sor dezakezuela (edo dezakegula). Euskal Herriari buruz azpimarratu dut ohitura eta berritasunaren arteko nahasketa dela, horregatik biziraun duela: bada bertsoa da horren adibide handienetakoa.

Euskaratik Euskal Herrira begira