“Nire buruarentzat oasi sortzaile bat izaten saiatzen naiz”

Testua: Jon Martin

Argazkiak: galder izagirre

 

Kafesne bat eskatu du elkarrizketarako, bere buruari egunero baimenduko ez liokeen kapritxoa. Hizketa goxoa eta jarraia dauka Oskar Estangak. Bizitzaren inertziari aurre egiten saiatzen da izokinen egoskortasunarekin.

AURKEZPENA: Gaintzan sortu zen 1978. urtean. 14 urte bete arte apenas atera zen bertatik. Ondoren, Iruñea deskubritu zuen eta hiri harekin batera musika eta bere buruaren zenbait alderdi. Magisteritza musikalean diplomatua eta gitarrajole abila. Kantuzale elkartean lanean jardun zen bost urtez, baina saltxero ofiziala da. Musika eta aisia ditu ogibide. 1991n hasi zen bertsotan Iruñeko bertso-eskolan. Nafarroako Txapelketako finalera heldu izan da azken edizioetan.

Zer da Gaintza?

Gaintza 80 biztanleko herritxo bat da: baserritarra, euskalduna eta kristaua. Iruñera joan nintzen handik, mundu erdaldun batera. Abenturazalea izan arren, gogorra egin zitzaidan ateratzea, niretzat oso arrotza zen hura.

Hala ere, astebururo itzultzen zinen Gaintzara. Nolakoak ziren itzulerak?

Koloretsuak… ilea gorriz margotuta itzuli nintzen behin, belarritakoekin beste batean… Gaintzako baserri eta fabrikek ez ninduten guztiz asetzen. Estetika eta balio berrietara egokitzeko garaia izan zen eta bizitzan nondik joango nintzen galdetzeko garaia.

…eta, orain, argi daukazu zer egin?

Ez, oraindik ez. 14 urterekin gitarra jotzen hastea nire aitarentzat erokeria zen. Nork esango zidan gaur egun nire ogibide jatorra hori izan zitekeenik? Farandulatik bizi naitekeela sinetsi dezaket orain.

Noiz bihurtu zinen heldu?

Ez dira hilabete asko. Urte bat edo bi… Heldu bihurtzeak badu autogestioarekin zerikusia, baina baita autosinesmenarekin eta autokonfiantzarekin ere. “Hau naiz ni eta horrelakoa izan nahi dut zahartzaroraino” esan ahal izatea da niretzat. Aukera asko izan ditut, lan ezberdin asko probatu ditut, eta agian horregatik ez naiz nire bidearekin ziur sentitu beti. Azken bi urteetan, bai, gustatzen zait naizena eta hartu dudan bidea.

Musika oso garrantzitsua izan da zure bizitzan. DJ moduan jardun zenuen lanean.

Munduaren inbestigazio horretan, musika eta perkusioa deskubritu nituen. Musika elektronikoaren eztanda izan zen ordukoa, eta festa asko sortzen ziren. Gaztetxeko ekipoa hartu eta neure kabuz aztertzen hasi nintzen. Lekunberriko areto batean hasi nintzen DJ lanetan eta herrietako festatarako deitzen hasi zitzaizkidan gero. Euskal plazaren ezagutza erraztu zidan bolada hark, eta musikaren unibertsoan gehiago sakontzekoa..

Hala ere, gauetik ateratzeko nahia iritsi zitzaizun ondoren…

Hasieran “jarriko zenuke kantu hau” bezalakoak aditzea demasa zen, magikoa, baina astun bilakatu zen gerora. Magia hori aldatu egin zen, neroni ere aldatu egin nintzela ohartu nintzen. Ondo ordaindutako lana zen, baina fisikoki nekagarria zen gauez bizitzea. Jendea mozkortuta…

Zer iritzi duzu gizarteak duen gauaren eta alkoholaren erabileraren inguruan?

Hasteko, onartu dezadan nahiko parrandazalea izan naizela. Mozkorraldi askoren ondoren, ohartu nintzen hala nenbilen gehienetan neugandik kanpo nenbilela. Hurrengo egunean, berriz, biharamuna eta nekea zetozen. DJ lanetan nenbilenean hori guztia kanpotik ikusteko aukera izan nuen, eta hobeto ulertu nuen dena. Jendearekin harremana izatea da parrandako helburuetako bat, eta lotsa puskatzeko edan egiten dugu. Erritual horretan, ordea, askotan lotsa galtzeaz gain lotsagabe bihurtzen gara… Ondo eramaten duen jendea ere badago, jakina; baina jende desatseginarentzat territorio librea bilakatzen da.

Baina mozkorraldiarena, kulturalki ez da edozein tribuk ospakizunetan bilatzen duen katarsia?

Egin dezakeguna da atzera begiratu eta tradizioaren edo ohituren arabera azaltzen eta justifikatzen saiatu, edo alternatibak eraikitzen saiatu. Nik etorkizunean jarri nahi dut begirada. Tribuko katarsian zer behar dugu? Barruan daukaguna ateratzea, besteekin harremanetan jartzea eta sexualitatea. Hori modu osasuntsuan ateratzen asmatu genezakeela uste dut.

Inertziarekin, artaldearekin batera joatea erosoa da. Zure kasuan, sumatzen da lanketa bat egin duzula. Nola egin duzu?

Batukadek erakutsi zidaten ondo pasatzeko beste modu bat; erritual ezberdin bat, gure parrandarako jarrera ere aldatzen zuena.

Dantzak garrantzi handia izan du zuretzat?

Badut lagun bat dantza askea, dantza-terapia eta abar egiten dituena. Harekin arakatu nituen zenbait aukera. Orain Contact inprobisazioa ikaragarri gustatzen zait. Contact saioetan jende talde bat biltzen da eta espazio baten barruan libreki mugitzen da, elkarrekin elkarreraginez, kontaktuan. Barrutik gauzak ateratzen dira, jendearekin egon, sentsualitatea atera. Emozioekin lotzen gara dantzan eta ondokoenekin konektatzen dugu. Niretzat oasi bat da.

Horrelako oasiek zerekin dute zerikusia: burutzen den ekintzarekin edo burutzen ari diren pertsonekin?

Bi gauzek zerikusia dute. Contact egiteko tenple berezi batean egotea komeni da, eta entzumen berezi bat eskatzen du. Hori, dudarik gabe, fase batean dagoen jendeak bakarrik egiten du. Hala ere, contact saio batean dagoen pertsona bakoitza fase ezberdinetan egon daiteke. Jende klase horrek elkar bilatzen duela, bilatzen dugula, uste dut.

Zer beste ekintza probatu dituzu contactera iritsi bitartean?

Gorputzaren lanketarekin izan nuen lehen esperientzia yogarena izan zen. Ni, nire gorputzarekin eta nire emozioekin egoten erakutsi zidan. Astean pare bat egunean irakasle batengana joan eta hark gidatzen ninduen luzaketetan, arnasketan… Hori izan zen lehen esperientzia. Norbere burua ezagutzeak eta denbora eskaintzeak zer mesede egiten zidan sumatu nuen. Garbiketa moduko bat izan zen.

Gutxiegi ukitzen al dugu elkar?

Bai, zalantzarik gabe. Nik akaso gehiegi ukitzen dut, baina, dudarik gabe, gutxiegi ukitzen dugu elkar. Oso lotuta dauzkagu buruan ukimena eta sexualitatea, eta gizonezkoa izanda are gehiago. Ukitzen badituzu, segituan asaldatuko dira zenbait. Mutila bazara, homosexuala zarela esango dizute eta neska bazara maripurtzil bat zarela. Txikitatik jartzen dizkiote mugak ukimenari. Pentsa zein naturala den besarkada bat haur batentzat, eta nola desnaturalizatzen dugun denbora pasatu ahala. Lan handia dugu egiteko hori normalizatzeko. Sexualitatearekin eta afektibitatearekin lotutako korapilo asko ditugu, eta askatuko bagenitu lasaiago biziko ginateke.

Galdera zail bat: zertan egiten duzu lan?

Ahal dudanean… Iristen zaizkidan proiektuak eta nik sortzen ditudanak uztartzen ditut eta, azkenaldian, erregulartasun bat lortzen ari naiz. Udan Bertso udalekuetan grabaketak egiten ditut eta gaubelak dinamizatzen. Perkusio ikastaro bat ere ematen dut urtean zehar, eta baita ikastaro laburrak ere. Ekintzak sortu eta garatu egiten ditut. Hala izaten zen DJ moduan nenbilenean. Irrien Klubean ere ikuskizunak sortu eta eskaintzen jarduten nintzen. Bertsoak musikarekin eskaintzearena ere hala izaten da, eta Errimatuz garenera arrimatuz ere hori da. Horretaz gain, mila gauza txiki egiten ditut. Diziplinartekotasunak ematen dizkidan aukerak baliatzen ditut: ikastetxe batera joan ninteke, bertsolaritzari buruzko argibideak eman, eta gero kanta batzuk jo…

Eta, inork esan dizu hori ez dela “segurua”?

Bai, aitak eta amak oso maiz… Ez da lan klasiko bat, ez dut nomina erregular bat, baina lanik ez zait falta eta, batzuetan, kobratu ere egiten dut! Imajinatu daitekeenaren kontra, segurtasun arraro bat badaukat, zenbat eta krisi handiagoa izan gero eta lan gehiago izan dut. Langile alferra ere ez naiz, eta kaosaren erdian diziplina ezartzen badakit.

Artista batek bere beharrak bere diru sarreretara moldatu behar ditu?

Halabeharrez, bai. Hala ere, gero eta gehiago saiatzen naiz nik nahi dudana egiten. Nire itxaropena da nahi dudan hura jendearentzat egokia izatea. Esperientziak erakutsi dit nire lana gidatzen, eta besteekin lan egiten dudanean ere, nik egin nahi dudanera gehiago arrimatzen naizela uste dut.

Nola hasi zinen bertsotan?

Eskolarteko seme bat naiz ni. Finalera iritsi nintzen eta bertsoari esker status bat edo nortasun bat hartu nuen hasiberritan. Gero nire gatazkatxoak izan nituen: finalera iritsi, eta norbait nintzen; finalera iritsi ez, eta ez nintzen inor…

Zer leku dauka lehiak gaur egun?

Deus ez daukala esango banu gezurra esango nuke. Azken finean, prestigioak badu zerikusirik produktu bat salgarri izatearekin edo ez izatearekin. Nafarroako finalera iritsi izana bada zenbaitentzat segurtasun bat-edo. Ez nuke nahi lehiak nire bertsokera baldintzatzerik, eta batzuetan hori sumatu dut… Azken urteetan Lekunberrin bertso-eskola maiztasunez egiten dugu eta teknika hobetu dut. Bertsotan nola egin nahi dudan galdetzen diot neure buruari, eta horren mesedetan lantzen saiatzen naiz. Horregatik izan dira hain atseginak azken urte hauek bertsotan. Esan nahi dudana esateko espazioak sortzen ditut horri esker.

Azkenaldian zure bertsokerari muga bat ezarri diozu: entzuleak ez “adarjotze klasikoaz” zirikatzea. Zergatik saiatzen zara entzuleak estu ez hartzen?

Bertsolariek diskurtsoaren boterea daukagu bertso-afari eta abarretan. Horrelakoetan ohikoa da publikoa egurtzea: pertsona bat hautatu, hari kantatu, estutu, eta gainontzeko guztiak erlaxatzen dira. Askotan adarjotze horiek gizarteko topikoengatik dira: burusoila delako, mozkorra… Hori ez egitea erabaki nuen eta apustu bat egiten ari naiz, eta saiatzen naiz emozio guztiak baikortasunetik sortzen, elkartasuna bilatzen eta “gabeziak” nigandik pasatzen; neuk ere badudalako burusoil bat, itxurak beldurtzen duen bat, mozkor bat… Badakit estilo klasikoaren aurkakoa dela, baina oldarkorra ez izaten saiatzen naiz. Bertsokideen arteko zirikaldiak onartzen ditut, defenda gaitezkeelako eta azalpen sakonagoetarako bidea ematen dutelako: nire “defektua” “gure beldur” bezala ikus daitekeelako. Esperimentu bat da, oso interesgarria. Gizakiak elkarrekiko uste baino antzekoagoak garela deskubritzen dugu. Desberdintasunak markatzen ditugu askotan, baina antzekotasunak azpimarratzen saiatzen naiz ni.

Eta entzuleak nola jasotzen du hori?

Nire bertsokerak mugak ditu, eta ez nabil goi-mailako zirkuitu klasikoan. Askotan, ni jarduten naizen zirkuituetan ez dago bertso tradizio markaturik eta, agian horregatik, oso ondo onartzen dute.

Zure bisita klasiko bat da Bertso-udalekuetan. Zer da zuretzat egun hori?

Egun asko elkarrekin daramatzan talde batera iristen naiz eta taldea non dagoen ikusten saiatzen naiz. Jende horri aukera ematen diot elkarrekin kantuak egiteko. Ametsak elkarrekin markatzeko aukera ematen diet. Prozesu bat egiten dute, sistema bat jarraitzen dute modu orekatuan, eta emaitza soinuzko argazki bat da, batzen dituen ideiekin egina.

Aparteko giroa sortzen da Bertso-udalekuetan. Zer gertatzen da uda bukatzen denean?

Klasean edo lanean ordu mordoa pasatzen dugu erdi-derrigortuta. Udalekuetan gure energia leku batean dago eta dinamika osasuntsua sortzen da. Elkarrekin egoteko guneak falta zaizkigu gizartean. Jolasteko eta egoteko guneak. Asko kostatzen zaigu urtean zehar geure buruarentzat hainbeste denbora hartzea. Urte asko daramatzat Udalekuetara joaten, eta, bertsolaritzako belaunaldi berrietan, udalekuen ondorio oso interesgarriak sumatu daitezkeela uste dut: elkar entzutea, elkarlana… ideal batzuen garapena eta praktika ikusten dut.

Errimatuz, garenera arrimatuz

Estangak urte hasieran kaleratu zuen Errimatuz, garenera arrimatuz izeneko lana. Hip-hop doinuen gainean konplexuz betetako gizarte konplexu baten diagnosia egin du. Kantuen izenburuak ardatz hartuta egin dugu bere letren analisia.

Asko epaitzen al dugu geure burua?

Zuek ez dakit, baina nik behintzat bai. Eta, gainera, kantan diodan bezala: “dendetako eskaparateetan, kotxeetako leihatiletan, igogailuetan” etengabe ikusten dut nire burua eta etangabe epaitzen. Eta, egunaren arabera, batean nire bizitza kaka bat da eta bestean, zoragarria. Pentsatu nuen, hori niri gertatzen bazait, balitekeela besteei ere gertatzea.

Eta norbere buruaz gain, besteak epaitzeari buruz?

Uste dut norbere burua epaitzen duenak besteak epaitzen dituela. Epaitua sentitzen denak epaitu egiten du. Nik uste, neurriz gain epaitzen gaituen gizarte batean gaudela. Epaiketa maila bat sanoa izan liteke gizartearentzat. Kontua da noiz, nola eta zergatik jartzen naizen epaiketa baten aurrean. Nire kasuan ez dut kontrolatzen.

Gehiegi epaitzen gaituen gizarte baten aurrean, beraz, soluzioa perfektuak izatea da. Ezin al dugu perfektuak izan?

Perfektuak gara gure inperfekzioan. Momenturo zer eskatu diezaiokegu gure buruari? Eredu asko eskaintzen dizkigute, baina interesatuak eta iristezinak dira ereduok askotan. Eredua izan liteke hobetzeko helmuga bat, baina antsietate iturri bihurtzen zaigu askotan. Beti izango ditugu arazoak, eta hori onartu egin behar dugu. Kantuak jendea erlaxatzea du helburu.

Eta zuk zertan sinesten duzu?

Hasteko, badakit zer hiru gauzatan ez dudan sinesten. Lehenengo, kristautasunaren fedearen erorketaz hitz egiten dut, niri ez baitit balio izan neurri handi batean. Gero, ondasunen pilaketan, aberastasunean. Horrek ere ez gaitu zoriontsu egiten. Hirugarren aukera, parrandarena da. Zentzumenen mundu horrek ere bere mugak dauzka… Bukaeran aipatzen dut: “sinistu nahi dut pertsona/ izan daitekeela ona/ horri dariona dela betiko zoriona”.

Eta, orduan, zertan sinetsi?

Sinesten dut egunerokotasuna arakatu behar dugun zerbait dela. Gure ekintzek eta sentipenek zentzu bat daukatela. Puzzle hori osatzea da helburua. Testuinguru berri bat osatu behar genuke garai berri hauetan. Totem zahar asko bota ditugu, baina haien lekuan totem berriak jarri ditugu intuitiboki; eta ez dakit beti asmatu dugun…

Sentimenduak aipatzen dituzu. Oso deskonektatuak gaude sentitzen dugunetik?

Pertsona bezala eta mutil bezala, hala sentitu naiz, neurri handi batean. Zein puntutaraino ulertu dut benetan sentitzen ari nintzena edo zein puntutaraino deskodetu dut sentitzen nuena sentitu beharko nukeenean oinarrituta? Sentipen txikienak ere bere ondorio garrantzitsua izan dezake, eta susmoa dut batzuetan ez dakigula zergatik egiten ditugun egiten ditugun gauzak

Generoaren gaietan murgilduta zabiltza azkenaldian, ezta?

16-17 urte nituenetik ez naiz inoiz sartu gizon estandarretan. Nire inguruko gehienak eraikuntza munduan zebiltzan, eta niri musika eta dantza gustatzen zitzaizkidan. Ez nintzen batere oldarkorra… Seguraski hori dela-eta hasi zitzaizkidan generoaren inguruko gogoetak interesatzen.

Gizonen topaketetan ere izan zara aurten. Atera duzu ondoriorik?

Gizonen prozesua emakumeenetik oso ezberdina da. Momentu honetan emakumeek biltzeko eta autoelikatzeko beharra dute. Gizonezkoei ez litzaiguke gaizki etorriko hori, baina momentu honetan bakoitza bere planetan dagoela uste dut. Gure erritmoa behar dugu eta gure beharrak identifikatzen asmatu.

Gizonezkoak konturatzen al gara zenbateraino zanpatzen gaituen sistemak?

Ni sentitu izan naiz zapaldua. Nire eginbeharra bestelako testuinguruak sortzea da. Zapaltzailea naizen momentuan identifikatu nahi dut noiz ari naizen zapaltzen edo noiz nire pribilegiootaz aprobetxatzen. Identifikatu nahi dut noiz ari naizen panfletotik hizketan eta noiz ekintzatik. Feminista naiz, baina gizona ere bai. Uste dut horiek detektatu eta hitzetik ekintzetara pasatzeko garaia heldu zaigula gizonoi.

Biologia ez duzu aitzakia bezala onartzen, ezta?

Biologiak garrantzia izan dezake, baina gehiegitan jo izan da garena izan garenarekin azaltzera. Gehiago interesatzen zait zer garen behatu eta zer izan gaitezkeen galdetzea. Ez dut gizarte artifiziala sortu nahi, hori da erronka. Kontuan hartuta, gaur egungoa ere zerbait artifiziala izan zela edo artifizio bat izan zela aurreko egoerarekin konparatuz.

Gizarte eredu berrien sortzailea zara?

Nire buruarentzat oasi sortzaile bat izaten saiatzen naiz. Horrek emozioekin, praktikekin, ekintzekin, ideiekin eta harremanekin esperimentatzera eraman nau. Zer sentitzen dut nik, zer sentitzen du jendeak? Hori lehengai oso interesgarria da, plastilina bezain moldagarria den lehengai bat.

Gizarte ideala zein litzatekeen argi daukazu?

Ez daukat argi. Ongizate orekatua bilatzen dut niretzat. Zorionaren eta tristuraren artean badago erdiko bide bat. Tarteka mina sentitu dezaket, tarteka poza, baina sentzitzen dudana sentitzen dudala ere sakontasun batetik sentitu nahi dut. Ongizate horretarako ez da ezer berezirik behar. Gizakiaren zikloak errespetatu behar dira. Neguan eta udan ez dugu zertan berdin sentitu, eta ezberdin sentitzeak ez du ezer txarrik.

Norentzat dira idatzi dituzuen letrak?

Edozein pertsonarentzat. Nik uste bakoitzari bere modura balioko diotela. Dena den, kantuak argitaratzeko hip-hop estiloa hautatu dudanez, mundu horietatik gertu dagoen jendearengana iristea errazagoa izango da. Gazteekin oso ondo funtzionatzen du eta ez hain gazteekin ere bai. Bertso munduko jendearentzat ere badira, ohituta gaudelako letrak arretaz entzutera.•