Argentina I: Bertsopilota

2017-10-15

Bertsopilota –

Testua eta argazkiak: Oihana Iguaran

Amerikara noa nere borondatez utzi zuen idatzita OtaƱok abiatzerako. Asko izan ziren hara joandako euskaldunak; batzuk ihesi, beste batzuk bila. Guk ez genuen ihes egiteko motiborik, baina borondate osoz joan ginen Argentinara. Bi asteko bira egin genuen hainbat euskal etxetan eskupilota eta bertsoa uztartuz. Datozen orrietan bildu ditugu egindako tantoak eta Argentinak erantzun dizkigun puntu batzuk. Pilota airean dago.

Bertsopilota ez da Argentinarako sortu. Izen eta forma zehatz horrekin duela bost urte jarri zen abian, lagun talde baten ekimenez. Hala ere, ziurrenik, dozenaka herritan sortuko ziren, aurrez, antzeko saioak edo ideiak; bertsoa plazako jardun askori lotua ulertu delako, izan trikitia, izan herri kirolak edo izan apustuak. Frontoiak bere pareten artean hainbeste bertso jaialdi hartu ostean, nola ez konpartitu espazio hori, horma horien berezko arrazoia den kirolarekin?

Bertsoak eta pilotak asko dute komunean: bertsolarion pilota hitzak dira, mezuak; eskuz ordez, ahoz bidaltzen ditugu, eta entzuleen erreakzio-hormatik bueltan iristen dira kidearengana, honek ere airera dagokien hitz forman bidal ditzan. Zer abiadura eta intentsitaterekin bidali, hala erantzun ohi du ondokoak ere. Pilotariak jardun daitezke mihia aterata, eta bertsolariak, patrikan hatzak igurtziz. Bien kolpeak sortuko du oihartzuna, izan horman zein entzuleen buruetan. Oteizak esana da, pilotariek elkarri tranpa espazio-tenporalak jartzen dizkiotela; norabidea eta abiadura da gakoa, iritsi edo ez iritsi. Bertsoan abiadurak ez dakit, baina norabideak badu garrantzia; eta iristeak, zer esanik ez.

Bertsolariak pilotarien botilero bilakatzea izan zen Bertsopilota emanaldien oinarria: kirolarien atsedenaldietan partidaren irakurketa egiteko, pilotariei aholku eskaintzeko edo, besterik gabe, harpa jotzeko. Hain zuzen, umore eta festa tonu horrek eraman zuen ideia hainbat herritako jaietara; pilota partida bizi eta bitxi bat izaten zelako emaitza. Gainera, bertako pilotariak baziren herrietan, eurekin uztartzen zuten festa: pilotariak jokatzera gonbidatuz eta herriko artekari bat lortuz. Txoko askotan eskaini zen ikuskizuna eta hainbatek izan genuen parte hartzeko zortea.

Emanaldiaren helburua, besteak beste, herri eta auzoko jendea festaren parte izatea zen. Ikusleak protagonista bihurtzeko egiten ziren lehiaketa, zozketa eta, haurren kasuan, Irrien Lagunak taldearen babesari esker, jolas bat egiten zuten non irabazleak material kit bat eskuratzen zuen. Baina, batik bat, ikusleek oroituko dutena frontoiko saltsa da, pilotari eta bertsolarien aurkezpen xelebreak, eta musikak guztiari ematen zion show kutsua. Aurkezlearen figurak pisu handia zuen eta du, ikuskizunari darion lehia-umorea balantzan.

Pilotariek gupidarik gabe jokatzen dute, baina Bertsopilota, ezer izatekotan, jolasa da. Guk, oraindik ume izateari uzteko prest ez gaudenez, jostailu hura albora utzitako kutxatik atera, hautsak harrotu eta itxura berrituta atera genuen plazara. Oraingo honetan, sekula baino urrunago. Argentinako tranpa espazio-tenporaletan ezin hobeto moldatu ostean, ez daukagu kutxa batera itzultzeko asmorik. Pilotak bueltaka darrai eta bote hotsei errimak entzuten zaizkie.

Bertsopilota