Argentina II: Eskuzko inprobisazioa

2017-10-16

Eskuzko inprobisazioa –

Testua eta argazkiak: Oihana Iguaran

SARRERA

Bertsoak eta pilotak bi hizkuntza desberdin dituzte, baina gutaz ari dira. Bertsoak frontoian lekua har dezakeela aspaldi frogatu zen; oraindik ez dakigu, ordea, esku-pilota plazara molda daitekeen. Zorionez, frontoi edo trinket formako plaza aurkitu genien biei, Argentinan.

Bertsopilota ekimena diasporara eramatea erabaki zen unetik zegoen burutan payadoreen lurraldea. Arakatzen hasi orduko aurkitu genuen euskal etxe andana eta han familiakoen ondorengoak zituen jende ezaguna (gero ulertu genuen ez zela hainbesteko meritua, argentinarren %10 inguru baita jatorri euskaldunekoa). Horrela, ustekabean, amets moduan hasi zena proiektu forma hartzen joan zen. Egutegiei zirrikitua ireki eta bertako jendearekin harremanak lantzen hasi ginen, ibilbidea eta egitaraua zehaztu nahian.

Azkar ikasi genuen, hala ere, argentinarrek beste erritmo bat izan dezaketela. Gauzei gertatzen uztea ere bada aukera bat eta alferrik da guk bertso onenak prestatzea hemen, gero hara iritsi eta eurek jarritako gaiari kantatu beharko badiogu. Dagoeneko ikasita behar genuen, bai pilotan eta bai bertsotan, tresnak ahalik finen prestatu eta datorrenerako prest egotea dela gakoa. Halaxe egin genuen: hegazkina hartu, eskuak takoz babestu eta zetorren pilotarentzat prestatu.

Zozketarik egin gabe hasi zen gure partida, Euskal Herritik egin genuen lehen sakea. Eta hala ere, 1 eta 0 hasi genuen neurketa. Ez ginen ohartu orain arte, baina aspaldi sartu zigun lehen tantoa Argentinak.

 

 

ZAZPIAK BAT

Zazpi, hain zuzen. Kasualitatez edo halabeharrez, hartu gaituzten hainbat euskal etxeren izenak zioen bezala, zazpik egin dugu bat bertsopilotarako. Proiektu honetan, gainera, zazpiak eta diaspora elkartu dira kulturaren, kirolaren eta euskararen bueltan. Binakako pilota partidak izaki, lau pilotarik osatu dute taldea, botilero moduan bertsolari bana zutela. Zazpigarren pieza, aurkezle, teknikari, esatari, abeslari eta beste (h)ari ugarirekin izan da saio bakoitzeko jostun.

Taldea osatzerako, argi zegoen bidaiarako animatuta geundenok Bertsopilotaz harago genuen apurra eskaintzeko prest behar genuela; pilota jotzeaz eta hitza neurtzeaz gain, bestelako lanak ere sortuko zitzaizkigula. Zorionez, eta atzelari trikitilaririk lortu ez arren, nahiko zazpikote saltseroa batu ginen, eta euskal etxeetan dantzak eta abestiak ere trukatu ahal izan ditugu.

-Arkaitz Esnaola Huizi (27 urte, Txarama) / AtzelariaHona zazpikotea:

-Iñaki Lizaso Perez (33 urte, Zizurkil) / Aurrelaria

-Eneko Aizpitarte Murua (24 urte, Hernani) / Atzelaria

-Iker Urmeneta Zabala (30 urte, Añorga) /Aurrelaria

-Ekain Ormazabal Gaston (32 urte, Egia)

-Beñat Gaztelumendi Arandia (29 urte, Añorga)

-Oihana Iguaran Barandiaran (26 urte, Amasa)

Ez dago esan beharrik, hau Bertsopilota emanaldiei dagokien puzzlea dela. Emanalditik kanpo, pilotariek asmatu dute bertsotan eta gainerakook ere astindu dugu pilota, eskuak puzteko beste. Guztiok aritu gara mintzapraktiketan euskara ikasleekin, denok egin dugu dantza, genekien neurrian, eta zazpi ahotsetara abestu ditugu euskal kantuak. Aspergarria delako beti pieza bera izatea, gure ertzak malguak direlako eta ondo pasatzen dugulako.

Gerta zitekeen taldea ez ondo moldatzea, asko elkarren ezezagun baikinen abiatzean. Alderantzizkoa gertatu da, zorionez; zazpi kide joan eta zazpi lagun itzuli. Dudarik gabe, bidaiari esker jaso dugun gauza onenetako bat izan da.

 

BERTSOPILOTA

BIDAIA (apirilak 8-9)

1-0ekoarekin hasi genuen bidaia eta Donostiatik Madrilera abiatu ginen aurrena, beroketa moduan. Madrildik Sao Paulora izan genuen lehen pilotakada, eta oihartzunak ekarri zizkigun Baionako irudiak eta Nafarroako Txapeldunaren izena. Bigarren kolpeak berriz, Sao Paulotik Buenos Airesera eraman gintuen eta taxi gidariarekin pilota motzean egin genuen hirigunerako bidea. Euritan hartu gintuen hiriak eta soinean genituen maletekin ezer botatzeko beldurrez gurutzatu genuen San Telmoko artisau azoka. Ostatura sartu, motxilak erantzi eta sagardo botilak osorik iritsi zirela ikustean sentitu genuen berdinduta geundela. 1-1

 

EUSKALTZALEAK, Buenos Aires (apirilak 9)

Ez zen makala Buenos Airesek bidali zigun lehen pilota: bertso bazkari bat egin behar genuen Euskaltzaleak elkarteko kideentzat. Herrialdearekin eta hiriarekin lehen kontaktua izateaz gain, ez genekien oso ondo zer aurkituko genuen eman ziguten helbide hartan. Toki egokiagorik ezean, euskal etxeko kide batzuen garajean antolatu zuten asadoa eta kanturako toki bildua eskaini zigun horrek. Sekulako harrera beroa jaso genuen, zutenetik onena jarri zuten guretzat: Mendozako ardo aparta, mimoz erretako haragia eta, batez ere, euren arreta osoa.

Harrituta geratu ginen euskal etxeko kide askoren euskara mailarekin, zein dotore eta natural zerabilten. Bazkaldu artean gustura entzun genuen bertako berri, euren ahotik euskara latinoan. Saioari begira bagenuen kezka apur bat, ez baikenekien euskaraz zenbatek ulertuko ote zuten, itzulpenak egiten jardun beharko ote genuen… Sortu aurretik konpondu zen arazoa: euskaraz bazekitenak maila xumeena zutenen ondoan eseri ziren itzulpenak xuxurlatu ahal izateko guk abestu ahala.

Loguraren eta tentsioaren arteko nahasmen batean hasi ginen bertsotan. Hunkigarria zen aurrean genuen argazkia: 30 lagun inguru aho zabalik guri begira, ia isiltasun osoa eta itzultzaileen xuxurlaren bueltan bilduta belarriak. Haien ulertzeko gogoa ikusi egiten zen. Saioa  egokitu egin genuen eurek hitzak jarriz edo egoerak aipatuz parte har zezaten, eta oso erantzun ona jaso genuen. Gero, denok amaitu genuen kantuan.

Guk, genuen onena eman nahi izan genuen eta euren esker onak baieztatu zuen bertsoak Buenos Airesko txoko horretan ere baduela tokia. Pilotakada batzuek ahalegin handia eskatu zuten, baina tantoa egin genion muga linguistikoari. 1-2

Guk bertsoz egindako sakea kantuan jaso zuten eurek, eta pozarren entzun genituen euskaraz ez omen zekiten adinduak euskal kantuak inkontzienteki gogoratzen, abesten, bizitzen. Festa uste baino gehiago luzatuta, euren lokalera lagundu genien gauzak jasotzera, eta ehun ikasleri euskara irakasten zaien gela xumea ezagutu genuen. Eskuak txalo jotzen okupatuegi geneuzkan pilotari eusteko. 2-2

 

LAURAK BAT, Buenos Aires (apirilak 10)

Bertsopilotaren aurreko beroketa gisa joan ginen hiriko auzo “canaxa”ra, bombonerako aho-zulora. Turistentzat espresuki antolatutako Caminitoko eraikin koloretsuetan buelta bat egin eta uler zitekeen zein den plan orokorra: tango dantzariak atzerritarron begiradarekin soilik pizten ziren, musika-kaxako dantzariak nola; eta estatuetan dauzkate argentinar erreferenteak argazkirako eskaintzan, ezagun egin zituen motiboa edozein dela ere (Ché eta Messi selfie berean kabitzeraino).

Bertsolaritzan ohi den bezala, bertako girora sartu ginen, aukera sortu zenean, aurkitu genuen taberna zahar eta berezienera: futbolari lotutako edozer hormetan zintzilik, esertzean ia barkamena eskatzen zizuten aulkiak, partida bakoitzeko urduritasun seinaleak zituzten altzariak eta jendea; batez ere, jendea. Hangoa erreala zen, esentzia zuen. Tranpa espazio-tenporal horretan erori eta bertan bazkaltzen bukatu genuen. 3-2

Argentinan egingo genuen lehen Bertsopilotarako, gogoz hurbildu ginen Laurak-Bat izeneko euskal etxera. Ez zen ezagutzen zaila, baserri itxuran apaindua eta ikurrin handi batekin atarian. Kanpotik suma zitekeen baino ikusgarriago zen eraikina barrutik: egurrezko eskailera arranditsuak, jatetxe elegante bat, Gernikako arbolaren kimutik ateratako haritza (eraikin barruan!) koadro handiak hormetan eta, gure kasuan garrantzitsuena zena, trinketa. 1882an eraikia zen “Plaza euskara” paretako plakaren arabera; geroztik ondo mantendua zen plaza, ez hainbeste euskara.

Pilotariek trinketeko espaziora egokitu behar izan zuten jokoa, eta bertsolariok euskaraz ezer ulertzen ez zuten entzule batzuentzat, mezua. Batzuek eta besteek, ahalegin bereziak egin behar izan genituen eskaintzeko genuena ahalik ondoen aurkezteko. Pilotariak agian ez ziren ohi bezain eroso arituko, baina ikusleek gozatu ederra hartu zuten euren jokoarekin. Bertsotan, aldiz, exotiko sentitu ginen, baina trinket barrutik kantatzeak, esana itzuli beharrak eta jendea urrun izateak ez zigun erreakzioa neurtzen utzi. Zubiak eraikitzen pasa genuen partidak iraun zuena, eta, amaitzean esan zigutenagatik, txaparen goitik joan zen kolpea. Pilotariek eskuetan bezala bertsotarako ere tako mentalak prestatu beharko genituen arren, lehena gainditu genuen. 3-3

 

Buenos Aires (apirilak 11)

Lehen goiz eguzkitsua genuen Argentinara heldu ginenetik, eta, La Platara joan aurretik, Maiatzeko plaza ikusteko baliatu nahi genuen. Espaloiak agertzen du ondoen auzotik auzorako progresioa: zakur kakaz betetako espaloi birrinduetatik baldosa pitzatuetara, eta, baldosen arrakalak estutu ahala, kale garbi eta zainduetara iritsi gara; ‘Europara’. Edozein hiri europar zela pentsatuko genuen, plazaren bueltan ehunka lagun ikusi ez bagenitu, euren eskubideen defentsan.

Irakasleak greban zeuden ikasturtea hasi zenetik eta, gauza batek bestea kentzen ez duenez, plazan antolatu zituzten behin-behineko eskolak. Ikustekoa zen mugimendu haren indarra. Gobernuko Casa Rosadaren parean, ikasleei lezio onena emanez (‘maestro que lucha también educa‘). Lubaki bat dago Maiatzeko Plazaren eta botere exekutiboaren artean. Baina espaloi lehertuetan hazi denak badaki pilotari edozein bote-baldintzatan eusten. 4-3

Maletak lehenbailehen prestatu eta autobus geltokira joan ginen, arratsaldean La Platan baikenuen Bertsopilota. Zen orduan zegokigun tokian jarri ginen zain, baina artean ez genekien nola funtzionatzen duen hiriak: hiru colectivo (autobus) geratu ere egin gabe pasatu ziren geltokitik, gure desesperaziorako. Laugarrena gerarazi genuen nolabait, baina ez omen zuen guretzat lekurik eta bertan utzi gintuen. Ondoko bidaiari argentinarrek ez zioten pilota hari ‘pasa’rik ikusi eta zain geratu behar izan genuen. 5-3

Eskarmentatuta, bosgarrena gerarazi eta ez ginela kabitzen esaten amaitzerako barruan geunden zazpiok. Colectivoko korridorean gure motxiletan eserita iritsi ginen La Platara. 5-4

 

EUZKO ETXEA, La Plata (apirilak 11 eta 12)

Garraioari neurria hartuta, hiriaren zati handi xamar bat gurutzatu genuen oinez, gure traste guztiak soinean genituela. Ez zegoen geltokitik gertu, baina ondo iritsi ginen; toki egokian eta garaiz harrapatu genuen kolpea. 5-5

Iritsi orduko sentitu ginen leku ezagun batean, ostatu itxurako tabernan trinketetik zetozen pilota-hotsak adituz. Bertako jendea gerturatu ahala instalazioak erakutsi zizkiguten eta euren funtzionamenduaren klabe batzuk azaldu: euskara eskolak, kirol taldeak (itsuen areto futbol talde eta guzti), dantza taldea, irratia… Ikasle hiria izateak ere beste euskal etxeetako gazteak biltzen ditu bertan eta, antolakuntza maila handiarekin batera, oso aktibo bilakatzen du.

Pilotariek takoak eta gainerakoak prestatu bitartean gure prestaketa egin genuen bertsolariok; alegia, garagardo baten asmotan informazioa eta harremana bildu. Sumatzen genuen bezala, ordea, Argentinan matearen bueltan biltzen da jendea eta hala probatu genuen, lehen aldiz. “Re-caliente” zegoela esan ziguten, ez alferrik, baina hala ere mihia, ezpainak eta eztarria kiskali zizkigun; ez galdetu zer zapore zuen, ez mateak eta ez egun hartan beste ezerk… 6-5

Trinketeko giroa bero-bero zegoen gu iristerako: jende ugari eta, batez ere, entzuteko gogoa. Euskara ikasle dezente egonik, agurrak itzuli egin genituen; hala ere, pilotarien atsedenaldietan euskara hutsez jardun ginen, bazekitenen konplizitateari esker. Arnasa izan zen guretzat abestu ahala irribarreak edo keinuak sumatu ahal izatea, jendearengana ia zuzenean iritsi ahal izatea. Giroak bultzatuta, genituenak eman genituen, nola bertsotan hala pilotan. 40ra jokatu zen partida eta aho zabalik egon zen jendea esku biluzi haiei begira (han paletarekin jokatzen baitute). Aurkitu genuen bertsoak pareta zeharka zezan zirrikitua. 6-6

Dutxa bat hartu eta asadoaren bueltan bildu ginen 40 afaltiar. Pozik entzun genituen emanaldiak sortutako lehen sentsazioak. Galdera mordoa zuten egiteko bertsoaren inguruan ere. Halako batean, mahaiburutik pilota bat iritsi zitzaigun, gonbidapen forman: Lapridan ere Bertsopilota emanaldia eskaintzea. Guk agenda zabaltzerako errematatu ziguten hitzordua, dena antolatuta. 7-6

Euskal etxeko kideek euren oheak eskaini zizkiguten, eta lehen aldiz banatu genuen taldea, boluntarioen etxeetara joateko. Hurrengo goizean, hiria ikusteko aprobetxatu genuen, iluntzera arte ez baikenuen hitzordurik; Mundu bat ahoz aho genuen proiektatzekoa. Bezperako jakin-minagatik edo kuriositate hutsagatik, hogei bat lagun elkartu ziren dokumentala ikusteko. Euskaraz dago azpidatzia eta taldekideok xuxurlari lanetan aritu ginen, proiekzioak iraun bitartean. Zaila zen sarri haria jarraitzea, eszena bakoitzak galderak sortzen baitzizkieten ikusleei. Arreta handiz segi zuten amaitu arte eta, orduan bai, bueltaka ibili zituzten galderei bide eman zieten. Nahiko hizketaldi luzea egin genuen, esperientzia pertsonaletik abiatu eta antolakuntza osoaz aritzeraino. Euren perspektibatik gure burua begiratzeak asko irakatsi zigun; eurentzat sortutako erantzunetan aurkitu genituen guretzat beste asko. 7-7

La Platako azken gaua agurtzeko, boliche batera joan ginen festara. Han ikusi genuen lehenengoz Chacarera (hemengo fandango modukoa). Gogoz prestatu ginen errematatzeko, baina hatz artetik egin zigun ihes pilota hark. 8-7

 

EUZKO ETXEA, Necochea (apirilak 13, 14 eta 15)

La Platatik Buenos Airesera itzuli ginen, alokatuta genuen furgoneta jasotzeko. Colectivoekin borroka gehiagorik ez, beraz, puska batean. Etxea bizkarrean generaman barraskilook ermitau bilakatu ginen birarekin jarraitzeko, oskol konpartituan. Gure nerbioak probatu ahal izan genituen hiriburuko auto-pila kaotikoan, eta belardiz inguratuta hasi genuen bidea, lehen oztopo hura gainditzean. 8-8

Berandu eta leher eginda iritsi ginen Necocheara, paisaiak erabat gaindituta. Amaigabeko panpan zehar galdu zitzaizkigun begiak, orduak pasa ahala benetako dimentsioa ulertuz. Ederra da soro eta belardi zerrenda, gogorra gertatzerainoko ederra. 9-8

Gutako batzuek, hala ere, atera dute nonbaitetik indarra eta euskal etxeko gazteen eskutik ikasi dute bezperan ihes egin zigun Chacarera. 9-9

Iluntzera arte Bertsopilota hasten ez zenez, hondartza ingurura jo dugu paseatzera. Itsas txakurrak ikus zitezkeela esan ziguten eta zorterik izango ote genuen asko fidatu gabe gerturatu gara. Bada bai, hantxe zeuden; ez gure zain eta ez gugandik ihesi. Egon. Fabrikek hondakinak isurtzen dituzten itsasadarrean, turistaz inguratuta… erresistentzia ekintza serioa da han siesta egitea. Eurengandik ikastea komeniko litzaiguke, zeure izatea ukatzen duen mundu eredu baten aurrean zeure espazioari, besterik gabe, uko ez egitea; egotea, izatea. 10-9

Ura hotzegia zegoela esan digute, urte-garai honetan ez dela inor bainatzen, ez zuela zentzu handirik… guk erronka tonua hartu diegu gomendioei. Zentzu handirik ez duten gauzetan sinesteak ekarri gaitu Argentinara eta bainu ederra hartu dugu Necocheako hondartzan. 10-10

Guretzat utzi diguten etxean atseden apur bat hartu ostean euskal etxeko gazteen gonbita onartu dugu afaltzeko. Ez dakigu zenbat izan diren pilotakadak, baina luze jo du tantoak; gauerdian hasi gara afaltzen. Oso gustura, hori bai. 11-10

Euri langarrez esnatu zen goiza eta bagenuen kezka: Korrika bertan behera utzi zuten. Datozen egunetan euririk ez bazen egingo zela esan ziguten. Guri asko kostatzen zitzaigun hori ulertzea eta zirimiri bat euritzat hartzea, gentozen lekutik etorrita. Baina hala beharko zuen. 11-11

Zorionez, Bertsopilota aterpean egiten da eta, goizean korrika egin ez izanaren penetan, gogo biziz gerturatu ginen trinketera. Harrituta begiratu genien beheko solairuko gizonei, taberna ondoan karta-jokoan. Lagunarteko ohitura horretan murgiltzea gauza ederra zen, baina lehen aldiz horrelako emanaldi bat etorri eta bizkarra emanda eustea beste zerbait da.

Guk geureari segi genion, aurreko egunetan ezagututako kuadrilla osoaren animoekin. Oihartzuna medio, megafonia albora utzi genuen eta entzuleek belarriak gerturatzen zizkigutela sentitu genuen. Oso bero hartu zuten bertso bakoitza (asko baitziren ulertzeko gai) eta berdin itzulpenak. Pilotari bakoitza animatzeko ere aurkitzen zuten txalo-joko edo abesti bereziren bat, eta sekulako giroa jarri ziguten partida osoan. Ez genekien itzulpenari tamaina hartzen gindoazelako edo jendea ezagutu izanak pistak eman zizkigulako, baina behin baino gehiagotan sentitu genuen pilota trinketeko zuloan sartzen, erdiz erdi. 11-12

Dutxatu ostean, Korrika eguna zela-eta antolatu zuten herri afari modukora joan ginen, paella jatera. Han euskal etxeko komunitate zabalago bat aurkitu genuen, adin desberdinetako jendea eta oso giro berezia. Guk, ezkutuan baikenekarren kolpea, kantu-liburuxkak banatu genituen mahaietan eta Euzko Etxeko ‘ochote’a entzun genuen kantuan; gazteek antolatutako ‘calimochote’ taldeak jarraitua. Hain zirudien betiko giroa non tarteka ahaztu egiten baitzitzaigun jende hori euskaraz abesten entzuteak zer esan nahi zuen. 11-13

Bezperako gauak luze jo zuen eta ajez ekin genion Aberri egunari. Meza saltatu eta Gernikako arbolaren kimu aurrean itxaron genuen guztiak elkartu arte. Arraroa egin zitzaigun diskurtsoa gaztelaniaz entzutea, aberria goratuz; aurreskua eta abestia, aldiz, ederki egoki bete zituzten. Horrelako ekitaldi bat Argentinan bizitzeak esan nahi zuenari bueltaka ari ginela entzun genuen Zirkorrika abestia, eta gorputzak aurrea hartu zion buruari. 12-13

Hunkidura betean egin genituen euskal etxerainoko metro apurrak, jendeari begira, irribarrea ezin ezabatuz. Egun gutxi lehenago etxean bizitako sentipenetik desberdin sentitu ginen; erritmoa zen desberdina, norabidea ez hainbeste. Ederki azaldu zuen Maite izeneko euskara irakasleak, lekukoko mezua irakurriz: “euskara gure kultur izaera eta munduan nor izateko gure era da”. 13-13

Alde egin behar genuen, baina ez genuen nahi. Sekulako penarekin agurtu genituen Necocheako lagunak, hiru eguneko bizipenak ordenatzen kostako zitzaigula jakitun. Pilota munduan atxiki deitzen zaiola esplikatu zidaten gero; berdin zion, ez genuen joaten utzi nahi. 14-13

 

UNIÓN VASCA, Bahia Blanca (apirilak 16 eta 17)

Gauez heldu ginen Bahia Blancan eskaini ziguten aterpera. Euskal etxeko gazte kuadrilla batek egin zigun harrera, eta oilasko ederra prestatu ziguten afaltzeko. Estimatzekoa da eurekin pasatzeko tarte txikia izango genuela jakin arren gu etxean hartu izana. Trukean, argi zuten zer nahi zuten: takoak nola jartzen ziren ikusi eta pilota ikastaroa jaso. Goizean goiz mugitu eta euskal etxeko trinketera jo genuen, nahi izan zuenari takoak jarri eta ikastaro laburra eskaintzeko. Sarearen atzean geunden besteok, matea hartzen. Baina ume izateari erabat utzi ez dion edonorentzat, bueltaka datorren pilota baztertu ezin den gonbita da. Matea apartatu eta pilotan aritu ginen denok, alde egiteko ordua iritsi zen arte. 14-14

 

ABERRI ETXEA, Viedma (apirilak 17, 18 eta 19)

Erraz iritsi ginen Bahiatik Viedmara, paisaia ederrari begira, kantuan; Rio Negrok egin zigun ongietorria, eta ibai ertzean paseatzeko gogoa sartu zitzaigun arren, ez genuen horretarako tarterik. Lehenengo, euskal etxera iritsi, elkar aurkeztu eta bazkaldu egin genuen, aurretik genituen hitzordu guztiak errepasatuz. Buenos Aireseko probintziatik urrun geratzen da Patagoniako ataria den Viedma; beraz, euskaldun gutxik egiten dute bertarainoko bidea. Gu animatuta, ahalik gehien zukutu nahi zuten eskaintzeko genuena.

Dutxa azkar baterako baimenarekin irten eta segituan ginen bertan, gitarra batez lagunduta umeen kantu-saiorako. Ederra izan zen jan aurretik euskaraz abesten entzutea, eta pozgarria otsoaren kantu ezagunarekin elkarri helduta erotzen ikustea; are gehiago gozatu zuten gurasoek, eurek jaso ez zuten hori umeengan ikusiz. 14-15

Jarraian heldu zitzaien txanda helduei, eta euskara ikasten dabiltzan askoren motiboak ezagutu genituen, mintzapraktikari esker. Kasu honetan ezin izan genuen euskara hutsean egin, baina polita izan zen eurentzat euskarak zuen balioa ezagutzea. Ikasle gazteenak (17 urte), segituan jo zuen harira: bertsoak entzun nahi zituen. Halaxe eskaini genizkion, oraingoan itzulpenaren morrontzatik libre aritu ginen eta bat-batean. Hain aritu ginen erritmo naturalean, uste baitugu eurek ere hobeto ulertu zutela horrela; gero, noski, itzulpenak eskatu zizkiguten. 14-16

Adineko emakume batek, taldekide batzuen jatorri nafarra ezagutzean, elkarrizketara bildu eta berak lur harekiko sentitzen zuen lotura azaltzen ahalegindu zen. Kontatzen zigun nola oraindik ere, jota bat entzuten zuen aldiro barruraino sartzen zitzaion… eta entzundakoak piztu balu bezalaxe hasi zen gure aurkezlea jota abesten, emakume hari oroitzapen haiek denak berriz ekarriz; isilik egon ginen denok momentuari begira, hunkituta erabat. Denbora geratu egin zen eta emakume haren arnas zotina soilik entzun zen. Pilota ezagutzen duzula uste duzu eta hala ere, batzuetan, espero ez duzun tokira egiten du botea, une batez borobila izateari utzi balio bezala. 15-16

Guretzat espresuki antolatutako herri afaria genuen jarraian, kasinoan. 80 afaltiar inguru bilduko ziren dantza, kantua eta bertsoa iragartzen zituen festaz gozatzeko, eta, bide batez, gure bidaia gastuentzat elkartasun poltsatxo bat biltzeko. Euskal etxeko dantza taldearekin batera jardun genuen dantzan, kontzertu txikia eskaini genuen (Bihozkada taldearen lagina), bertso saio labur bat eskaini genuen, azalpen modura, eta kantu liburuxkei tiraka osatu genuen gaua. Tanto hark pilotakada eta izerdi asko eskatu zigun arren, geure egin genuen. 15-17

Bezperan genituen guztiak emanda, utzi ziguten hondartzako etxean atseden hartu eta itsaslabarra ikusteko aprobetxatu genuen. Une batez lanez ahaztuta, paisaia zoragarri hari begira ibili ginen, itsasoan bainu bat hartu eta loroei segika itzuli ginen euskal etxera, beste arratsalde bete bati aurre egiteko. Hala ere, itsasoko etxea izena jarri zioten eta bi egunez gure esku zegoen etxe hark egin zuen berea, oporretan geundela sentitu genuen. 16-17

Bertsolariak lehenengo aldiz eurekin izanik, bertsolaritzaren inguruko tailer bat eskatu ziguten euskara ikasleentzat. Ez da erraza zer den ez dakien bati egituraz harago esan nahi duena azaltzen; hargatik, azalpen eta bizipen gutxi batzuen ostean bertsolaritza zena bertsogintza tailer bilakatu zen. Ohiko formulari eutsiz: esan nahi dena pentsatu, (kasu honetan) euskarara ekarri, tolestu, errimak osatu eta bete egin genuen. Emaitza ez da bertso soil bat, Viedma eta Patagoneseko jendeak egindako lehena da:

Euskal herriko paisaia eta
jendea ditugu lagun
lurra urruti egonagatik
kultura ez dago urrun
lotsa galduta nahiko genuke
sustraiak sakonduz jardun
Patagonian eta munduan
euskaraz ikas dezagun 17-17

 

Jarraian bai, Bertsopilotarako prestatu ginen eta herriko trinketa betetzen ikusi genuen, beroketek iraun artean. Bezperan hasita ezagutu genituen guztiak gogotsu gerturatu ziren, baita herriko alkatea bera ere, antolatzaileen gozamenerako; esan zutenez “historian Patagonian eskuz jokatu den lehen pilota partida” ikusteko. Pilota jokoak sortzen zuen ikusminera ohituta, bertsoari zegokiona gero eta indartsuago bizi genuen. Zorionez, kasu honetan, bezperakoari esker bagenekien nori ari ginen, nola eragin genezakeen. Jasotako erantzun beroak adierazi zigun baietz, pilota ona zela jokatu genuena. 17-18

Gure bisitari zukua ateraz jarraitzen zuten bitartean bertakoek eta gu, izandako harrera beroarekin edozer emateko prest. Dantza taldearen entsegura gerturatu ginen eta eurekin aritzeaz gain ikasi nahi zituzten beste dantza pare batekin lagundu genien. Esaera zaharrak dio: “dantzari onari musika gutxi”; guk esan dezakegu: “pilotari onari edozein pilota”. 17-19

                Beste behin, aukera izan zuten lehen momentuan estimatu ziguten gure ahalegina; kasu honetan, arkume erre forman. Ardo-dastatze inprobisatu bat egin eta abesti trukea abiatu genuen, euskaldunak eta bertakoak txandatuz; abestera datorrenak entzutea ere funtsezko duelako. Segituan eskatu ziguten bertsotan aritzeko; ez dakigu etxe barruan pilotan hastea gehitxo irudituta gogoratu den bertsoarekin, baina argi dago gureak egin duela txoko bat Aberri Etxean.

 

LAGUNEN ETXEA, Laprida (apirilak 19 eta 20)

Egun osoz gidatu ostean iritsi ginen gure hitzordu inprobisatura eta egonaldia prestatzeko agertu zuen gogo on berarekin hartu gintuen antolatzaileak ‘gure echea’ izeneko rantxo eder hartan. Zuzenean jo genuen trinketera, soberako denborarik ez genuenez. Harrituta geratu ginen ikusmirarekin: gizon kuadrilla handi bat 60 Km-ra zegoen herri batetik etorri zen espresuki ikuskizunerako, herriko haur eta gazte mordoa zebilen pilotarien prestaketa guztia jarraitu nahian, harmailak jendez beteta zeuden hasi aurretik ere. Emanaldia antolatu zenetik astebete soilik zen arren, pilotariekiko interesa medio sekulako mugimendua suma zitekeen herri osoan; zalantza bertsoarekin genuen. Beraz, zer gerta, itsaso-zakurrarena egin genuen: gure espazioa bertsotan aldarrikatu. Eta errespetuzko harrera beroa genuen, egiari zor. 17-20

Dutxatu eta euskal etxera etorrita, mimoz prestatutako afaria genuen zain. Gainera, kideek gauak ematen zuen neurrian euren proiektu guztien laginak agertu zizkiguten, dantza, opari, liburu edo azalpen moduan. Elkarrekin dantzatu ostean berriz ere bertsotan aritu ginen, aldarrikapenak beste espazio bat lortzera eraman gintuen seinale. Halako batean, horman ikusi dugu plaka: “biblioteca Magdalena Mouján Otaño”. Batzuetan, pilota toki batean espero duzu, kolpatzen du fraidean eta ustekabeko boteari begira geratzea beste aukerarik ez zaizu geratzen. Edo agian bai, galdetzea. 18-20

 

OTAÑO

               

ZAZPIRAK BAT, Rosario (apirilak 20, 21 eta 22)

                Zortzi orduz gidatu ostean iritsi ginen Rosariora eta ibai ertzeko parkeak gurutzatuz iritsi ginen euskal etxera. Ez ordea garaiz, euskal astearen baitan antolatua zuten zine-forumerako. Gernika filma amaituta heldu ginen baina tira, ez gintuen bereziki kezkatu tanto hura galdu izanak. 19-20

Afari moduko bat zuten jarraian eta han egin genuen bat, ia ehun bazkiderekin. Zuzendariak gure taldea aurkezteko aprobetxatu zuen eta bide batez, bertso bana eskatu. Euskaraz inork gutxik jakin zezakeela usainduta, bertsoei zentzu sinbolikoago bat ematen ahalegindu ginen, Euskal Herriko lur maite hartan doinua hautatu eta Pello Mari Otaño gogoratzeko baliatuz. Bertsopilotarako deialdia egin genien baina gure arreta besteari eskainita; pozez ikusi genituen poz aurpegiak Pello Mariren aipamena egitean. 20-20

                Rosario ikusteko aprobetxatu genuen goiz librea, hiria erakusteko boluntario agertu zen euskal etxeko kide batekin. Hiriaren eta Argentinaren alde desberdinak ulertzen lagundu zigun, euskara dotore askoan. Bereziki egin zitzaigun deigarri Parana ibaiaren ertzean baserri itxura zuen eraikina; pilota munduko elkarte pribatu bat omen zen. Atea jo eta errezelo apur batekin bazen ere barrura sartzen utzi ziguten: hura zen instalazio pila hura! Hasi trinketetik, frontoi txiki bat, aldagelak, gimnasioa, igerilekua, jangela, egongela … Luxu hutsa iruditu zitzaigun eta argazkietan ikusi ahal izan genuen jende ezaguna izan dutela bertan jokatzen. Batzuetan epailearen gainetik daude artekariak. 21-20

Mundu errealera itzuli, zerbait bazkaldu eta azken bertsopilota emanaldirako prestaketei ekin genien. Ez zen jende gehiegi gerturatu baina kantxara jaitsarazi genituen eta asko itxuratu zen irudia, ikusleak hain gertu izanda. Bezperan baino jende gazteagoa ere gerturatu zen arren, ez genekien bertsoekiko jarrera zein izango zen. Egia esan sorpresa hartu genuen, entzuleek eskaini ziguten arreta. Rosariori eta Argentina osoari “hurren arte” bat eskaini genien, agurrik ezinda. 21-21

Hurrengo sakea eskatzen zigun denoi gorputzak, baina Parana ibaiari utzi genion pilota eramaten.  Frontisak beti dakar bidalitakoa bueltan, ona edo txarra izan bota diozuna; bizitzan batzuetan joaten utzi behar zaie gauzei, momentuei, lagunei, bueltan etorri edo ez erabaki dezaten. Takoak erantzi genituen bostekoak ondo sentitzeko.

 

PAYADOREA Vs. RAPEROA

21na: agurra

Ezagutu ditugu bertan hilabetez geratzea merezi zuten tokiak eta mugitzea merezi zuen jendea. Egin ditugu jokaldi onak eta txalotu ditugu Argentinak egin dizkigunak ere. Batzuetan erdiz erdi asmatu dugu kolpearekin eta bestetan erdi izerdiz altxa dugu ezinezko pilota.

Pilotan, bizitzan bezala, pareta bat ixten denean erreboterako aukera zabaltzen da. Horregatik, 21era berdinduta geratu da partida. Bai, horrela utzi dugu, apropos. Azken tantorik ez diogulako opa Bertsopilotari. Botilerook, oraindik egarri geundenez eta kazetaritik ere zerbait badugunez, iturri gehiagoren bila jo genuen. Aldagelako kontuak ez dira kantxan aireratzen, baina talde osoak esan dezake hurrengo partida prestatzen hasita gaudela; pilota ari dela nora itzuli pentsatzen.

Eskuzko inprobisazioa