Beizamako krimena: hilketak, konspirazioak… eta bertsoak

2019-02-04

Beizamako krimena –

Testua: Beñat Hach Embarek Irizar

Argazkiak: Itsasondoko Udala, Juan Ignazio Iztueta Fundazioa, Erabaki Produkzioak

 

Beizamako krimenaEuskal Herrian egin diren krimenen artean orrialde beltzenetakoa da Beizamakoa (Gipuzkoa). Korosagasti baserrian gertatutakoak hotzikarak sortu zituen orduko gizartean, eta hura bizi izandako zahar gutxi geratu arren, jakina da ez dutela ahantzi ez haiek ez haien ondorengoek Urola eta Goierri eskualdeen arteko herritxoan.

Baina zergatik landu garai hartako kronika beltza Bertsolari Aldizkarian? Bertsolariak beren sasoiko kontuen kantari direlako, eta Gipuzkoa osoa aztoratu zuen delitu haren inguruko bertsoak utzi zituelako idatzita Patxi Erauskin bertsolari zaldibiarrak.

Korosagasti baserriko hilketak

Azter ditzagun krimenaren nondik norakoak. Askok idatzi dute gaiaren inguruan, koska ugari dauzka aferak, eta hipotesi ezberdinak defenditu dira krimenaren atzean zeuden arrazoiak zeintzuk ote ziren azaltzerako orduan. Lehenik, beraz, datu objektiboak, eta, ondoren, irakurketa subjektiboak.

Jazinta Odriozola Tolosan zebilen neskame lanetan, eta zerbitzari ere aritzen zen Zeru-Txiki tabernan. Haren aita aspaldi hil omen zen, eta bi anaia Amerika aldera joanak zituen, diru bila edota soldaduskatik ihesi.

1926ko azaroaren 14an, igandero legez, oraindik hurbil zeukan familia bisitatzera joan zen Beizamako Korosagasti baserrira. Berak aurkitu zituen Bibiana Azkardi ama (66 urte) eta Maria Odriozola ahizpa (27) hilda, ziurrenik ardiei ilea mozteko guraizeekin egindako zauriekin. Maria baserriko atarian zegoen zerraldo, etxeko txakurra, Kanel, alboan zuela; amaren hilotza baserritik metro batzuetara zegoen. Hilketak, ziurrenik, ostiral gauean gertatuko ziren, ama-alabak ez baitziren larunbateko Tolosako azokara jaitsi, ohitura zuten bezala. Ziurrenik erasotzaileak lehenik alaba hil zuen. Ondoren, ama egoeraz ohartu eta laguntza eske atera zen, kriseiluarekin. Gorpuaren ondoan zeukan, baserritik 300 metro ingurura. Beraz, erasoa gauez izan zen, eta amari bidea argitu zion kriseilu berak argitu zion hiltzaileari non zegoen ama. Bibiana Azkardik orpoak odolez zikinduak zeuzkan, baina alpargatak ez. Hortik ondorioztatzen da hilketen ordena: ama goian egongo zen eta alabaren oihuak entzunda jaitsiko zen… alabaren gorpua ikusiko zuen, oinutsik ondotik pasatu eta oinak odolez orbandu zitzaizkion… eta, ondoren, espartinak jantzi eta kriseilua hartuta kanpora irten zen, ondoko Garagartza baserrirantz, laguntza eske joateko.

Jazintak ere Garagartzako bidea hartu omen zuen etxean topatu zuenaren berri emateko, baina mundura ekarri zuen emakumea lurrean odoleztatuta eta bizkarra zauri sakonez josia ikusi zuenean, ez zuen indarrik izan haren ondotik pasatzeko. Buelta hartu eta Txapartegi baserrira jo zuen. Laster agertu ziren Korosagastira Bidaniko mikeleteak. Diligentzia guztiak egin eta Azpeitiko epaitegira igorri zuten kasua. 

Beizamako krimena

Atxiloketa ugari egin zituen poliziak: Jazintaren lagunak ziren bi artzain, Frantzisko eta Joxe Inazio Aranburu; Joxe Manuel Oiarbide; bi ahizpen senargaiak; Joxe Migel Urkizu beizamarra; inguruan lanean zebilen ikazkin bat (Goizuetakoa omen); Martin Artola, Bedaioko (Tolosa) artzaina; egun batzuk lehenago inguruan ibili zen ijito talde bat; artzaina zen Beasaingo Isidro Aranburu; Joxe Antonio Irazustabarrena, Ormaiztegiko tratantea… eta baita Jazinta bera ere! Sarekada ikaragarri bortitza izan zen, polizia itota sentitu baitzen garaiko hedabideen presioarengatik, eta demostratu behar zuen, handik edo hemendik, zerbaitetan behintzat bazebiltzala. Zentzu horretan, ezer berririk ez.

Azkenean, baserritik hurbil zegoen Lizardi auzora (Itsasondo) jo zuen poliziak, eta Aranzegitarrak eta Mujikatarrak atxilotu zituzten. Aranzegitarrek diru asko omen zeukaten etxean, eta bertako semeetakoren batek Jazintarekin harremana omen zeukanez, poliziak aski froga ikusi zuen horretan.

Bixente Barandiaranek sekulako detaile aberastasunarekin kontatu zituen atxiloketa eta atxiloketaren ondorengoak Goierritarra aldizkariko 1992ko abenduko eta 1993ko urtarrileko aleetan (Zartu gabe ezin bizi liburutik, Auspoa), protagonistak ezagutu baitzituen:

“Ez dakit seguru paper horretan zer abisu ekarri zuten. Baina Beizaman edo Azpeitian presentatzeko izango zen… Lizardiko emazte Madalenak esan omen zuen: “Zer egingo ote digute?” Eta Migel Jose senarrak: “Lasai egon zaitez, orain denekin horrela ibiliko dira eta”. Lehenengo deklarazioak hartu eta etxera bidali omen zituzten, baina hurrengo egunean denak kartzelara eramateko agindu zuen Marroquin epaileak. Eraman zituzten Migel Jose Aranzegi, Jose Joakin seme zaharrena, Jose Antonio seme gazteena eta hiru alaba: Fermina, Joxepa Inaxi eta Luzia. Beste baserritik eraman zituzten Bizente Mujika eta haren alaba Maria Joxepa; Ramon, Bizenteren anaia eta Maria Joxeparen senarra, osaba-ilobak ezkonduta zeuden eta [!!!]. Bi etxeetako amak, Madalena eta Dominika, ez zituzten atxilotu, eta biak edadekoak zirenez, haien alabarik gazteenak etxean utzi zituzten amari laguntzeko”.

Bestalde, tortura psikologiko eta fisikoen berri ere jaso zuen Bixente Barandiaranek, eta horrela idatzi zuen Ramon Mujika atxilotuaren testigantza. Bereziki deigarria da tratu txarretan Marroquin epaileak izan zuen jokabidea:

“Denak kartzelan banaka jarri omen zituzten, elkar ikusten ez zutela […]. Egun batean (Ramon Mujika berak kontatu zigun) juezak esan omen zion beste denak hil zituztela, eta aitortzen bazuen zein zen erruduna, bizirik utziko zutela. Ramonek erantzun omen zion gezurra aitortzea baino nahiago zuela hiltzea. Orduan, “pronto caerás” esan eta ostiko bat emanda bidali omen zuten berriro kartzelara”. Galdera berdina egin omen zioten Bizente anaiari: “…(Bizenteren) erantzuna: heriotza horrekin ez zeukala zer esanik, ez zekiela ezer eta. Orduan, lapitz bat eskuan zuela, kokotsaren azpitik gora jo omen zuen juezak”.

Iskanbila sekulakoa izan zen. Hedabideek heriotza zigorra eskatzen zuten, baina jende askok atxilotuen errugabetasunean sinesten zuen. Akusatuek zer-nolako babesa zeukaten jabetu gaitezen, aipatu behar da ingurukoek auzolanean egin zituztela atxilotuen baserrietako lanak espetxean egon ziren bitartean. Horrela kontatzen zuen Bizente Barandiaranek Goierritarran: ”Kartzelara joan zirenean, soroak garia ereiteko zeuzkaten. Bailarako etxe denetatik lagun bana eta batzuetatik bi joan ziren, soro guztiak laiatu eta garia botatzera”. Ganadua ere zaindu omen zieten.

2.000 lagun elkartu ziren Azpeitian atxilotuak epaitegira nola eramaten zituzten ikusteko. Manifestazioa eta guzti egin omen zuten haien askatasuna eskatuz. Garai hartan toki batetik bestera mugitzeko zeuden zailtasunak kontuan hartuta, 2.000 pertsonako manifestazioak ez ziren maiz ikusiko Gipuzkoako herrietan.

Aranzategitarren etxeko beste kide bat atxilotuko zuten geroago, Martin. Haren sozio eta laguna eraman zuten berarekin, Legorretako Beroztegi bailarako Frantzisko Lasa. Frantziskok zerrategi bat sortu zuen, eta anaia Juanek, etxera ezkonduak, 14.000 duro utzi zizkion. Atxiloketarekin anaia kartzelan eta utzitako diruak bueltan ikusteko perspektiba gutxirekin geratu zen Juan Lasa. Gatazka korapilatu eta hilabeteak pasatu ahala, Juan gero eta gehiago larritu zen. Egun batean, Beroztegin zeukaten errota ondoko Kastilla baserri zaharreko ganbarara igo eta bere buruaz beste egin zuen, urkatuta. Juanen amak berak moztu zuen soka igitaiarekin, artean semeak bizirik egoteko itxura zeukala. Emazte alarguna, alaba umezurtza, ama (seme bat galtzen duen amarentzat ez dago izenik), eta ziurrenik penak eta tristurak jotako anaia utzi zituen Juanek munduan.

Hori gertatu eta gero hildakoaren anaia eta Martin etxera bidali omen zituen Marroquinek; berandu, Juanentzat…

1927ko maiatzean egin zen epaiketa, Pedro Marroquin epailea buru. Ez denak batera, baina, funtsean, guztiak absolbituta, froga falta zela eta. Azkenak Migel Jose Aranzegi eta haren seme zaharrena, Joxe Joakin, atera ziren. Lizardiko errugabeak negarrez atera omen ziren epaitegitik, eta Itsasondon omenaldi bazkaria egin zieten ongietorri gisa. Auzokideek haien ondasunak eta lurrak ondo zaindu zituzten: garia ebakitzeko moduan zeukaten eta ganadua osasuntsu.

Epaiketaren sumarioa 1953ko uholdeetan galdu omen zen.

Beizamako krimena

Itsasondon Lizardikoei egindako ongi etorria

 

Itziarko Luxiano, Mekatxis

Epaiketatik hamazazpi bat urtera dena hankaz gora jarri zen berriro. Itziarko Santuaran baserriko Luxiano tratanteak, Mekatxisek, apaizari bekatuak aitortu omen zizkion hilzorian zela. Tartean, Beizamako krimena.

Tartean, diogu, zeren eta apaizari aitortu omen zion, gainera, inguruko baserri bateko morroia ez zela Amerikara ailegatu, bidaiaren bezperan berak hil eta gorpua Urteagako haitzulora bota zuelako. Apaizak zalantzak izan omen zituen ea hori guztia barka ahal zitekeen edo ez, eta artzapezpikuarengana jo zuen; hark ere ez zeukan oso garbi, agidanez, eta Vatikanora jo zuen. Hainbeste tramiteren artean hil zen Luxiano, bere bekatuen barkamena jaso gabe, eta (bizitza honetan?) zigorrik jaso gabe.

Korosagasti baserriko gertaeretara itzulita, hiru hipotesi nagusi daude.

Lehen hipotesia: Mekatxis lapurtzera joan zen baserri hartara, etxeko gela gehienak hankaz gora baitzeuden, eta, gainera, dirua falta omen zen. Hala eta guztiz ere, Bixente Barandiaranek Goierritarra aldizkarian idatzi zuenaren arabera, Korosagasti baserrikoak larre motzean ohituta zeuden. Maizterrak ziren, eta hilketaren garaian 1.400 pezeta zor omen zizkioten nagusiari. Etxeko txekorra saldu berri omen zuten, baina dirua etxean eduki beharrean Tolosako aurrezki kutxan edo bankuan sartu omen zuten. Kontua omen da, Barandiaranen arabera, txekor hori Luxiano tratanteari saldu ziotela egunez, eta itziartarra gauez itzuliko zela lehenago han utzitako diruak lapurtzera.

Bigarren hipotesia: Luzianoren hitzen lekuko bakarra apaiza izan zen; eta apaizak ez bazuen egia esan? Zer motibo egon zitezkeen ausazko erabaki horren atzean?

Hirugarren hipotesia: Agustin Linazasoro irakasle ordiziarrak babesten duen tesia. Gipuzkoan, garai hartan, trama ilun bat omen zeukaten herrialdeko jauntxoek, eta Korosagastiko ama-alabak tartean omen zeuden: ama proxeneta eta alaba prostituta. Jauntxoek sexu harreman ugari zituzten ezkontzatik kanpo: maitaleak, prostitutak edo etxeko zerbitzarien bortxaketak. Garai hartan antisorgailurik ez zegoenez, harreman haietatik haurdunaldi dezente sortzen ziren. Abortua posible ez zen kasuetan, umeaz erditu, eta ondoren Korosagastikoak arduratzen ziren umea desagerrarazteaz. Baserrian 20 umeren hezurrak agertu zirela dio Lizanasorok. Irakaslearen iritziz, tramako buruek Mekatxis bidali zuten ama-alabak hiltzera, hitz egin ez zezaten. Jon Aranok elkarrizketatu zuen Linazasoro Goierriko Gidan:

 

Paper horituetatik pantaila handira: Korosagasti filma

Zalantza izpirik gabe, Beizamako krimenak ematen du, bai, pelikula bat egiteko, eta badago dagoeneko zeregin horri heldu dionik. Jo eta su dabiltza lanean Azpeitiko Erabaki Produkzioak taldeko kideak. Iaztik daukate esku artean Korosagasti filmaren proiektua, eta pixkanaka badoa gorpuzten.

Dokumentazio lan handi bat egin eta gero sortu zitzaien gidoia idazteko aukera Miren Gorrotxategi eta Alaitz Olaizolari, Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiaren Sorkuntza Beka baliatuta. Asier Sustaeta azpeitiarra da zuzendaria, eta grabazioaren inguruko zenbait azalpen eman dizkigu.

Beizamako krimenaErabaki Produkzioak taldeak hainbat ikus-entzunezko egin ditu, eta azkena sortzen ziharduten bitartean, Pedro Otaegi beizamarrarekin egotea tokatu zitzaien, eta harekin izandako elkarrizketa izan zen ibilbide honen abiapuntua. Otaegirekin izandako berriketaren ondoren, Sustaeta ordenagailu aurrean zela (2017ko udan) sorpresa batekin egin zuen topo: norbait Korosagastiko hiltzailearen erretratua agertzen zen egunkari zahar bat saltzen zebilen. Sustaetari seinale bat iruditu zitzaion. Erosi egin zuen, noski.

Egunkari horretatik abiatuta, hainbat hedabidetako hemeroteketan arakatzen hasi ziren, erreferentziazko datak aintzat hartuta eta kontuan izanda, bistan dena, zeintzuk ziren garai hartako Gipuzkoako hedabide nagusiak: La Voz de Guipúzcoa, El País Vasco eta Argia. Kronologia bat eraikitzea lortu zuten.

Tamalez, ikerketa lan hori egiten ari zirela ez zituzten Patxi Erauskinen bertsoak topatu, eta ondorioz ez dira pelikulan agertuko (gerora jakin dute Pio Barojak ere Beizamako krimena aipatu zuela bi liburutan).

Sustaetari bertsoen inguruan galdetu diogu, eta adierazgarria da bere erantzuna: “Normala da Erauskinek bertso horiek idaztea, kontuan hartuta bere inguruan gehien zabaldu zen tesia itsasondotarren errugabetasunarena zela, eta ondoren Itziarko tratantea erruduntzat jotzea, apaizari konfesatu zitzaiola eta… Baina ez dago horren frogarik. Frogetara jotzen badugu, dakiguna da froga mordoxka batek Lizardikoak jartzen zituztela jo-puntuan. Ikertzen aritu eta gero jakin dugu Lizardikoak boteretsuak zirela, dirudunak eta elizkoiak (baserri jabeak, ganadu asko, zerrategi bat zabaldu zuten, ermita bat konpontzeko dirua eman…); jakin dugu, halaber, Korosagastiko emakumeak liberalagoak zirela, gorriagoak. Errua Itziarkoari bota zitzaion, baina guk gure susmoak dauzkagu. Garai hartan Elizak zeukan boterearekin, ez dugu zertan sinetsi apaizak, Luzianoren azken hitzen lekuko bakarrak, egia esan zuenik. Justiziak apaizarengana jo zuenean ez zuen berriz ezer aitortu, aitortzan esaten dena isilpekoa dela argudiatuta”.

Zuzendariaren aurreikuspena da grabaketa lanak otsailerako amaitzea eta filma 2019aren amaieran estreinatzea. Aktore gehienak Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan antzerkian diharduten herritarrak izango dira, amateurrak izan arren esperientzia handia izan dutenak beste hamaika proiektutan. Aktore zuzendaritza Idoia Urangak egingo du (Goazen!, Goenkale…), Arte Zuzendaritza Itziar Eliasen ardurapean egongo da, Irudi Zuzendaritza Oihana Amezuarenean (Erabaki Produkzioak), eta zuzendaritza lanak, arestian aipatu bezala, Asier Sustaetaren kargu.

Grabaketak Azpeitian, Azkoitian eta Beizaman egin dira.

Beraz, Patxi Erauskinen bertsoek ez dute presentziarik izango, baina bertsoek kontatzen diguten guztiak bai (nahiz eta filmaren egileek beste iritzi bat izan).

 

Patxi Erauskin edo Patxi Errota

Zaldibiako Olako errotako Patxi Erauskin (1874-1945) izango zen, bai, nor, Antonio Zabalari hiru liburu idazteko adina material eman zionerako. Hamaika bertso-paper utzi zizkigun, Erauskin Errotari sinatuta, eta gai askotarikoak jorratu zituen: erlijioa, kirola, umorea, abertzaletasuna, arlo soziala… Bere garaiko kronikagile fina izan zen.

Bederatzi anai-arreba artean koskortu zen baserrian, eta, gero, Irastortza-Handi baserrira joan zen morroi. Gizondu orduko, ordea, soldaduska malapartatu hartan zerbitzatzeko garaia iritsi zitzaion, eta hamabi urte pasatu behar izan zituen deserrian, garai txarrean gainera: Kubako gerrara bidali zuten. Hamabi urte soldaduskan, erraz esaten da; nola ez zituzten, bada, gure arbaso gehienek foruak defendatuko!

Guda haren inguruko bertsoak ugari dira, baina ezin guztiak Erauskinenak direnik baieztatu. Honakoak bai ordea, Antonio Zabalari Patxiren semea zen Ramonek eman baitzizkion, aitaren paperetan eta hark eskuz idatziak:

Beizamako krimena

 

Zenbait seme eder bala granadaz
ill da sartzen da lurpera,
arkaitzak negar egin lezake
konparazio batera;
zer estadutan gelditzen geran
ortik kontuak atera,
mutil solteroak izango diten
andregaietzaz aukera.

 

Pakerik ez du estimatutzen
gerra probatu ez dunak,
osasuna ere ain gutxi berriz
gaxo egondu ez danak;
okasioak ekartzen ditu,
baita aixkidetasunak,
ikasi eta gelditu bitez
len etzekiten personak.

 

Zeruko Argian ere honako bertsoa idatzi zuen, 1934ko apirilaren 15ean.

 

Jorraillan amarrean
irurogei urte
kristau egin nindutela
egin dira bete;
Cuba’n gudan igaroa
zenbait tamal neke,
neuretzat mesederik ez,
sendiantzat kalte.
Orain otoizten oatzean
loak artu arte,
osoro bizi nadin
Goi-Jaunak nai arte.

 

Gerratik itzuli eta gero, CAF tren fabrikan aritu zen lanean. Zabalaren iritziz, Patxi Erauskin Sabino Aranaren jarraitzaile sutsua egin zen, bataio agirietan izenak euskaraz eta euskal grafiarekin jarri zituelako (ez zen ohikoa orduan, “Zavala” bera testigu), baita hizkera “garbitzen” egindako lanagatik ere. Zabalaren iritziz, horrelakorik egin ez balu hobe: “Euskera berri orrek ez baitu bertsoetan ongi ematen… garbizalekeriz kutsatu zan eta orduko euskera berri ori nai zuan bere bertsoetan. Baiñan orrek, bertsolariak bear duan eztena kamustu egin zion, eta jatortasuna murriztu. Ori, noski, gure iritzi bat besterik ez da”. Iritzi bat besterik ez, baina zapla. Badirudi eztabaidak, historia bezala, pendularrak direla.

Gregorio Mujika idazleak bazuen iritzi hobeagoa bertsolariaren inguruan, eta horrela adierazi zuen 1927ko Argiako ale batean: “Iaioa da gero Erauskin au! Gizon argia, euskaldun jatorra, txapela buruan, makilla eskuan, or dabil beti zuti, erne ta txukun, bertso berri batzuk zeri jarri… Bertsolari bai da Prantxisko Erauskin… Ez erdi alper oietako bertsolari ordea. Erauskin’ek bere lan jakiña, bere irabazpide polita badu aspalditik. Beasain’go bagoi-Iantegietan urte askotxo daramazki, ta bertako langille zuzen edo saiatunetakoa da. Andik irten ezkero, ordea, bertsolari, ta bertsolari besterik ez. Bertso-asmoz betea du beti burua. Egin zituan bertsoz, egiten ari danaz eta egiteko dauzkan bertsoz itzegiten, jaten baño gusturago aritzen da. Berak egin, berak kantatu, ta berak erriz-erri igandietan saltzen ditu bertsoak”.

Patxi Erauskin abertzalea zen, bere garaiko testuinguruaren seme, eta, ondorioz, jeltzale. Baina idatzita utzi zituen kartengatik badakigu beste pentsamolde politiko bat zutenekin hitz egiteko batere arazorik ez zuela, ez eta laudorioak banatzeko ere; haietan “ilustreena”, bere Kubako batailoiko tenientea: Jose Sanjurjo militar frankista iruindarra, errepublikarrek 1936ko uztailaren 20an (altxamendutik bi egunera) fusilatua.

 

Excmo. Sr. Don José Sanjurjo SacaneIl.

Madrid.

Salud, mi general: Salud y felicidades le deseo en nombre de los que aún quedamos en el mundo de los que sirvieron en Cuba en el Batallón de Arapiles n.o 9. ¿Se acuerda, mi general? Desembarcó V. E. en la playa de la Habana del vapür León XIII. en 1º de Marzo de 1896. Era segundo teniente de la Cuarta Compañía de dicho Batallón y, por ser más valiente que el Cid, le nombraron Jefe de la Sección de Tiradores.

…pero si alguna vez quiere V. E. disponer de las postreras vibraciones de un corazón entero a pesar de los años, pregunte en ViIlafranca de Oria por Erauskin Errotari.

¡Siempre a la orden, mi General!

Villafranca de Oria. 2 de Mayo de 1932.

Ex-Cabo de la Sección de Tiradores de extrema vanguardia”.

 

Harrapazan/k! Cid baino ausartagoa eta Franko baino frankistagoa zen tenientea fusilatu izan ez balute, batek daki parean tokatutako zenbat gorri separatista hiltzeko agindua emango zuen; Erauskin bera, akaso. Hala ere, aitortu behar da 1932an Erauskinek bederen (eta inork ez, seguraski) ez zuela 1936an gertatuko zena usainduko. Sanjurjok laburrago, baina erantzun zion:

 

“Madrid. 9 de Mayo de 1932.

Señor Don José Erausquin Errotari.

 

Mi querido amigo: No sabe Vd. bien cuánto me ha deleitado la lectura de su cariñosa carta del 2. A Dios gracias. se ha cumplido para ambos la profecía que hicimos en Río Pelayo. De contarnos aquellas escenas cuando viejos…

Me satisface infinito que se encuentre bien y tan elogiado entre los suyos por su sabiduría como el más famoso versolari.

Ya sabe me tiene a su disposición incondicionalmente y es siempre suyo afctm° amigo y compañero que le envía un cariñoso abrazo:

José Sanjurjo”.

 

Gerrak zahartuta harrapatu zuen Patxi, baina haren bi seme, Ramon eta Martin, frontean ibili ziren Bizkaia aldean, gerora kartzelan luzaz egoteko. Zabalak dioenez, ez dago bere bertsorik jasota gerra ondotik. Txoria penak jota isildu ote zen…

 

Iturriak:

  • Goierritarra aldizkaria (1992ko abenduko eta 1993ko urtarrileko aleak)
  • com (Jon Egigurenen idatzia)
  • Argia (Asier Agirresaroberen idatzia)
  • Goierriko Gida (Jon Aranok egindako elkarrizketa)
  • Patxi Erauskin bertsolaria (Aita Zabala, Auspoa)

 

Beizamako krimena – Patxi Erauskin

Beizamako krimena

Auxen da era etorri dana
bertso batzuek jartzeko,
kulparik gabe preso egon diran
itsasondotarrantzako;
letra bat ez da izango
inor ofenditutzeko,
eskerrak onak lege-gizonak
zeuzkatela libratzeko.

Millaz ondoren bederatzi eun da
ogei ta seigarren urtean,
Azaroaren amalauean

egun senalamentean,
negargarri bat gertatu zana 
Guipuzkoa”ko partean,
Beizama erriko Korosagasti
baserri etxe batean.

 

Etxe orretan bizi ziraden 
ama ta alaba bakarrik,
lanean zintzo saiatzen ziran
egin gabetan oporrik;
egun orretan arkitu ziran
biak ill da otziturik,
Euskalerrian ez da gertatu
askotan orrelakorik.

Jazinta Odriozola beste alaba
neskame zegona Tolosa”,
egun orretako amaiketan 
etxe ortara igo zan;
bere ama ta aizpea illak 
billatutzaille bera zan,
aditzerakin ala errira
destetxaetan joan zan.

Jazinta bera parte ote zan
jarririk errezoloso,
kulparik gabe egotea’re
izan zeikean akaso;
zerbaitegatik sartua zuten
bigarren aldian preso,
ez da gainera libratu ere 
garbi jakin arte oso.

Agintariak saiatu ziran 
nun billatuko usaiak,
ama-alaba il zituztenak
agertutzeko etsaiak;
lendabiziko artu zituzten
ijitano ta artzaiak,
kulparik gabe preso, etzeuden
aien biotzak lasaiak.

Andik urrena Itsasondo’ko
Lizarditara jo zuten
aurrean artu Azpeitia’ko
kartzelara zuzen-zuzen;
periodiko batzuek berriz
gezur aundiak zabaltzen,
oiek kulpante omen zirala
baita’re askok sinisten.

Eriotz aiek bateonbatek
egin zituan serio,
esan lezake elkarrengana
asko zutela odio;
aizken orduan guztion aitak
kontuan artuko dio,
zenbait familik negar egin du
kaso ori zan medio.

Aita-semeak, ama-alabak,
senar eta emaztiak,
izan dituzte oso garratzak
gau t’egun, jai ta astiak;
kulparik gabe eraman bear
oinbeste pena tristiak,
orain etxean libre daude ta
aztu bitzaie guztiak.

Ondo dakigu iltzaile oien
billa zorrotz dabiltzala,
denok nai degu gaizki eginak
arren argitu ditzala;
merezi du-ta bizia kendu
edo betiko itzala,
kulpa gabe preso egotetikan
Jainkoak libra gaitzala.

Maiatz illaren ogei ta batean
ta larunbat arratsean
aitzenekoak aita-semeak 
erabat libratu zian;
poz-dardara bat sartu zitzaigun
askori bai biotzean,
lo-gurerikan inork etzeukan
oiek errian sartzean.

Orra azaldu kulparik gabe
nola egonduak diran,
inorentzako mesederik ez,
familientzat galeran;
onra emanaz bertsoak kanta
mundu guztien aurrian,
iltzaile krimen lapurrik ezta
Itsasondo’ko errian.

 

Beizamako krimena
Beizamako krimena
Beizamako krimena
Beizamako krimena
Beizamako krimena
Beizamako krimena
Beizamako krimena
Beizamako krimena
Beizamako krimena
Beizamako krimena
Beizamako krimena
Beizamako krimena
Beizamako krimena