BERTSO EGUNA - BERTSOLARIEK NORA ETA NORAINO ERAMANGO

Bertsozale askorentzat, izan hango edo hemengo, huts egin ezineko hitzordua da. Kanpoan hiru aldiz elurra egin dezake edo Kantauri itsasoak harrotu eta Kursaala besarkatzea erabaki. Baina, barru giroan, kasik bi mila bertsozale, bi ordu luzez, dena begi, dena belarri izaten dira Bertso Egunean.

Erakusleiho handia da, eta berezia. Esperimentazioa, laborategia, berritasuna. Etiketa asko jartzen zaizkio bertsozaleak zorrotz, oso zorrotz, bizi duen plazari. Eta bertsozalea esatean espektro oso zabalari buruz ari gara; adinez, jatorriz, ideologiaz, mundu ikuskeraz, oso desberdinak direnak esertzen dira Kursaalgo kubo handian elkarren ondoan. Musua gorri, beroki-jertse-bufandak erantzita, bertsolariek nora eta noraino eramango dituzten zain.

1968. urtean hasi zen antolatzen. KTE erakundeak –Donostiako Kultur eta Turismo Ekintzetxeak– San Sebastian jaiaren barruan bertsotarako plaza bat jarri nahi izan zuen. Orduko txapelduna, Manuel Olaizola “Uztapide” izan zen omendua estreinako urte hartan. Lehenengo hura polito joan zenez, KTEk antolatzen segitzea erabaki zuen. Bertsolari Eguna izena hartu zuen eta garaiko bertsolari ugariren omenaldi eguna izan zen urte askoan.

1995ean etorri zen, segur aski, aldaketa handiena. Bertsolari Eguna izatetik Bertso Eguna izatera pasatu zen. Udarregiren mendeurrena eta Andoni Egañaren eta Zazpi Eskale taldearen disko aurkeztu berriak izan ziren saioaren ardatza. «Garrantzitsuena filosofia aldaketa izan zen. Bertsolaritzaren aldaketa sinbolizatzen du Bertsolari Egunetik Bertso Egunerako saltoak. Azken hamar urtean, 1985etik 1995era, gauza asko aldatu ziren, eta horren bilakaera da Bertso Egunaren bilakaera. Bertsolaritzaren sozializazioaren islada da. 1986-1987 urtera arte, elkartea sortu arte, omenaldiak izaten ziren, indibidualak. Gainera, nahiko gazte zirela omentzen ziren bertsolariak», gogoratu du Andoni Egañak. Hala da, gainera. Pentsa, 1968. urtean Bertsolari Egunean omendu zutenean, Uztapidek 59 urte zituen. Xalbadorrek, 1969an omenaldia jaso zuenean, 49 urte. Manuel Lasartek, 1971ko omenaldian, 44 urte. Eta Lazkao Txikik, 1976ko omenaldian, eta Txomin Garmendiak, 1984koan, berrogeita hamarna urte.

Hasierako urteetan bitxia zen omendua aukeratzeko modua. Omenaldira bildutako entzuleek erabakitzen zuten hurrengo urtean zein izango zen bertsolari omendua. Hartara, sarrera txarteletan jartzen zuten omendua izatea nahi zutenaren izena. Herri bozketa horren ondorioz, aipatu bezala, oso gazte zirela omentzen ziren bertsolariak. 1979. urteko bertsozaleek Imanol Lazkanoren aldeko boza eman zuten hurrengo urtean, 1980. urtean, omendua izan zedin Bertsolari Egunez. Baina Lazkanok ez zuen onartu, 43 urterekin omenaldirik ez zuela behar esanez. Hartara, bigarren bozkatuena izan zen Etxahun Iruriko omentzea erabaki zuten antolatzaileek. Baina, gauzak zer diren, Etxahun omenaldiaren eguna baino lehen hil zen. Dagoeneko entzuleek aukeratzeko tarterik ez zutenez, 1980. urtean ez zen omenaldirik izan. Gainera, 1980ko urte hasiera hartan txapelketako azken saioa Donostian jokatu zen eta horrekin nahikoa zela erabaki zuten. Ordurako bertsolariak biltzen hasiak ziren eta batzorde bat osatua zuten Bertsolari Egunaren bueltan. Eta ordutik aurrera batzorde horrek erabakitzen zuen omenduaren izena.

«Elkartea sortu berritan Zarauzko ikastolan egiten genituen bilerak. Eta gogoratzen naiz nola bertsolari edadetu batek, 65 bat urte izango zituen, proposatu zuen ‘tira, hasi beharko dugu omenaldiak binaka egiten. Bestela, guri ailegatzerako hil egingo gara’», segitu du Egañak.

 

Bertsolaritza irekitzen ari zen

Bertsolari Elkartea Bertsozale Elkartea bihurtu zen. Eta Bertsolari Eguna Bertso Eguna bihurtu zen. Segidan emandako aldaketak izan ziren, gogoeta baten ondorio. «Gogoratzen naiz nire hasierako urteetan –1986-87 buelta horretan– saioa Victoria Eugenian izaten zela, eta, gero, bazkaria. Baina bazkaritara bertsolariak eta beren emazteak joaten ziren bakarrik. Gaur egungoaren oso desberdina zen, bertsozalerik ez zen joaten, festa pribatuagoa bezala zen. 1987az geroztik, elkartea sortua zela, bere oinarriak ja jarriak zeuden; transmisioa, ikerkuntza, zabalpena… eta hasten zara pentsatzen transmisioaren ikuspuntutik, adibidez, eta konturatzen zara bertsolari edadetu bat igande eguerdiz Victoria Eugenian omentzeak eta ondoren gutxi batzuk bazkaltzera joateak ez zuela transmisioaren funtziorik betetzen. Akaso, alderantzizkoa lortzen zuen».

Hartara, 1995. urtean Bertso Eguna izatera pasatu zen, eta hasierako urte haietatik hasi ziren igartzen aldaketak. «1996an, lehendabizikoz, kanpotarrak gonbidatu ziren; Alpujarretako Troberoak, Balear uharteetako glosadoreak eta Kubako decimistak izan ziren gure artean. Nazioarteari garrantzia ematen hasi ginen… diskoen aurkezpenak hasi ziren, bestelako proposamenak…», nabarmendu du zarauztarrak. Bertsolaritza irekitzen ari zen urteak ziren, munduari irekitzen eta bere baitan zabaltzen. Eta aldaketa horiek sumatzen ziren Bertso Eguneko oholtzan.

«Benetako saltoa 1995. urtean izan zela uste dut. Gero, 2001ean, Atanotik Kursaalera pasatu ginen. Oholtza aldatu zen, baina ez besterik. Benetako aldaketa, aurrekoa izan zen. 1995eko salto handi hartatik Bertso Egunean beste saltorik ez dugula eman, esango nuke. Aldaketa garrantzitsu bakarra 1995ekoa izan zen. Geroztik, tokiak aldatu dira, Victoria Eugenia, Balda, Atano, Kursaal…; festa igande eguerditik larunbat arratsalde-gauera pasatu da; jantokiak aldatu ditugu –ez delako erraza hainbeste jende kabitzeko moduko tokiak topatzea–, baina mamia ez da aldatu».

Jantokietan bertsozale gehiagori tokia egin behar zitzaion. Eta bertsozaleen begi-belarrietan, bertsolaritza airean zekarten proposamen berrientzat tokia egin behar zen. Bertso Eguneko plazaren aurrean plantatzen den bertsozaleak, urterik urte, gauza berriak espero ditu. Askotan gertatzen da, ordea, batzuentzat berriegiak izatea eta besteentzat ausardia gutxikoak.

«Guk 86an Victoria Eugenian egiten genuena eta orain egiten dena erabat genero desberdinak dira. Victoria Eugeniako gaiak, igande eguerdirako, larunbat arratsaldean, Ordiziako taberna batean presaka jartzen genituen, garai hartako bertsolari gazteek; Iñaki Murua, Millan Telleria, Xebastian Lizaso, Sarasua, Peñagarikano, nik neuk… gaiak bezperan eta presaka jartzen genituen. Eta, gero, Victoria Eugeniako bertso gehienak agurrak izaten ziren. Banaka-banaka, bertsolari denek kantatzen zuten agur bana, eta igual igotzen ziren oholtzara 20-30. Agur bana, ofizioka hiruzpalau saio eta kito. Ez dago konparatzerik ordukoa gaurkoarekin. Gaur egungo saioen emaitza artistikoak ez nau kezkatzen. Badakit ona izango dela».

Bertsolariarentzat plaza oso garrantzitsua da Bertso Egunekoa. «Batzuetan sumatzen dut ahazten ari zaigula zein garrantzitsua den, ohituraren ohituraz. Bertsozalearen aldetik da garrantzitsua. Arantzako bertsozale batzuek eta Azkoitiako bertsozale batzuek pasa dezakete bizitza osoa elkar ezagutu gabe. BECen kointzidituko zuten igual, baita Nafarroako finalen batean ere, baina horiek elkarren ezagutza izateko gune bakarretakoa da Bertso Eguna. Hori da garrantzitsua. Eta bertsolarientzat ere bada kezka, baina ez maila artistikoan. Maila artistikoan maila emango dugula ez daukat zalantzarik».

 

Zelofan gero eta distiratsuagoari, neurriko mamia

Bertso Eguna eszenagrofikoki emanaldi oso zaindua bihurtu da. «Egia da hori, baina tamalez egia da zelofana jartzen errazagoa dagoela gaur egun, eta mamia jartzea lehen bezain zaila dela. Zelofan gero eta distiratsuagoari neurriko mamia jartzen gero eta zailagoa da. Hori horrela da».

Aspalditik, Bertso Eguna espresuki horretarako sortzen den talde antolatzailearen eskutan geratzen da. «Hori gauza ona izan da, talde antolatzailea sortu eta askatasun osoa eman, nahi dutenerako. Eta hor askotariko proposamenak sortzen dira, batzuei gustatuko zaizkienak eta besteei ez. Baina hori da gaur egungo bertso publikoa. 20 urteko Hernaniko neska bati eta urtero Arantzatik etortzen den gizon edadetuari ez zaizkie gauza berdinak interesgarriak irudituko, eta, gainera, hala behar du. Bertso Egunean oso ikuspegi desberdinak eta berritzaileak sortu dira, esperimentazio gune bihurtu da, urte batzuetan ondo ateratzen da eta besteetan okerrago. Baina horrek ez nau kezkatzen. Badakit gaizki ateratzen den urtean ere egia asko dagoela oholtza horretan».

Bertso Egunak proposamen oso desberdinak jarri ditu mahai gainean; bertsozalea harritzea lortu du, aspertu ere egin du, algaraka jarri du eta bertsozalea haserretzea ere lortu du. 2014. urtean, esaterako, generoaren inguruko proposamen oso ausarta egin zuen, inor epel utzi ez zuena. Historiako zein gaurko emakumeak oholtzaren erdian jarri eta generoa gai nagusi bihurtu zuen. Batzuei izugarri gustatu zitzaien, besteei ezer ez, deseroso sentitu eta haserretzeraino. «Baina gustatu ez zitzaionari ere emango zion zer pentsatua, ezta? Eta hori gauza ederra da. Bertso Eguneko jaialdiak aukera ematen du elkartearen beste helburuak txertatzen joateko».

Izan ere, nola kontentatu hain espektro zabala marrazten duen publikoa? «Modu bakarra dago kontentatzeko ez, zintzoa izateko baizik: talde antolatzaileak lana gogoz egitea –eta beti egiten du–, eta, bertsolariak, emateko jarrerarekin joatea. Ezin da gehiago eskatu».

Eta hor plantatzen da bertsolari taldea, oholtza gainean, urteko proposamena edo “harrikada” nondik nora joango den oso ondo jakin gabe. «Egia da plaza arriskutsu samarra badela. Gainera, egungo baliabide teknologikoekin-eta, ez dugula jakiten nola aterako den. Eta, lehen esan dudan bezala, zelofana zenbat eta distiratsuagoa, bertso mamia jartzen gero eta zailagoa. Eta finean, bertsolariaren gainean dago saioaren pisua. Baina bertsolaria ohituta dago datorkionari egokitzen. Plaza guztietan egin behar du ariketa hori, baita Bertso Egunean ere, noski».

Baina, Bertso Eguna gainontzeko plazetatik desberdina da. «Naziotasuna da desberdin egiten duena. Lehiarik gabeko bertsozale eta bertsolarien arteko nazio mailako bilera da. Garrantzitsua da hori».

Afariari eta afal ondokoari buelta bat eman beharra

Andoni Egañaren ustez, agian, bada garaia Bertso Egunari beste buelta bat ematekoa. «Arratsaldeko jendaurreko saioak ez nau kezkatzen. Gehiago kezkatzen nau afariak eta afal ondoko saioak. Azken bi urteetan Manteora joan gara, eta sentsazioa daukat agortzen ari ote den afariaren formula. Afal ondoan bertso jardunak izaten dira, baina jendearen %70 igual ja ez dago bertso gehiago entzuteko, baina beste %30a bai, eta zaila da kontua. Afal ostean jende gehiena trago batzuk hartzeko, beste bertso eskolakoekin hitz egiteko, ligatzeko… egoten da. Eta horientzat afal osteko bertso jarduna, nahiz eta punta-puntakoa izan, hari musikala baino ez da. 1971. urtetik gaur arte iraun duen bakarra mahaia izan da, jateko mahaia, eta ez dakit ez ote liratekeen kendu behar, ez dakit ez ote gaituen mahaiak gehiegi lotzen. Aurten, esaterako, Oskar Estangak, Beñat Gaztelumendik eta musikariek sekulako ahalegina egin zuten afal ostean, izugarrizko saioa, eta jende askok ez zien kasurik ere egin. Hari musikala ondo onartzen da beste gauza bat egiten ari zaren bitartean, baina bertsoak ez du onartzen bitartean beste zerbait egiten aritzea».

Gogoeta horrekin bueltaka dabil Andoni Egaña. Bertso Eguna eta hurrengo egunean berriz joan zen Kursaalera, bere bizitzan lehenengoz, opera entzutera. «Asko harritu ninduen publiko oso arrunta zela nik espero nuenerako; euskara asko entzuten zela kubo txikian, laurehun pertsona horien artean; eta zortzi-hamar batek esan zidatela ‘atzo ere hemen ginen. Ondo, e?’, eta beste batzuek ‘telebistaz ikusi genuen bertso eguna, polita’. Niretzat ezustea izan zen operarekin publikoa konpartitzen dugula ikustea…».

Gustatu egin omen zitzaion, ez omen zen aspertu, eta, gainera, bertsotarako gauza batzuk ikasi omen zituen operatik.