[Bertsoa eta punka I] Andoaingo herritik dator notizia (1985)

2018-01-24

[Bertsoa eta punka I] Andoaingo herritik dator notizia –

TESTUA ETA ARGAZKIAK: Alberto Irazu

 

Andoaingo herritik

dator notizia

gaztetxe bat bazela

genioz bizia,

kontatutzera noa

bistan ikusia

alegratzeko triste

dagoen guztia.

 

90eko hamarkadan bertsolaritza espazio berri askotan sartzen hasi zen, besteak beste, gaztetxetan. Baina denei aurrea hartuta, Andoainen inon baino lehenago gertatu zen konexio hori, 1985ean bertan hasi baitziren bertso kontutan. Andoaingo gaztetxean kaleratutako fanzineetako bertso-sortak eta bertso-kronikak dira txinparta aitzindari horren froga harrigarria.

 Kokaleku fisiko eta testuinguru historiko zehatzak ditu istorio honek: kokalekua Andoaingo gaztetxe zaharra da eta testuinguru historikoa, 80ko hamarkadaren bigarren erdialdea. Baina goazen banan-bana, eta eman ditzagun irakurleari lagungarri gertatuko zaizkion zertzelada batzuk batari eta besteari buruz.

Leitzaran eta Oria ibaiek bat egiten duten tokitik bi pausora, Santa Kruz elizatik gertu zegoen gaztetxe zaharra, Ankoras kalean. Bere garaian eskola izandako etxe txikia Gazteen Etxea bihurtu zen Andoaingo Gazteen Asanbladak 1984ko azaroaren 24an okupatu zuenean. Gaztetxeak 1996ra arte iraun zuen zutik, hondeamakinek behera bota zuten arte. Gaztetxe zaharra botata, gazte andoaindarrek gaztetxe berria eraiki zuten; han segitzen dute.    

Gazteak etxe zaharrean sartzea eta hura berpizta, dena bat izan zen: lau pareta haiek Euskal herriko eta atzerriko ehundaka musika talderen ezinbesteko kontzertu-gune bihurtu ziren berehala. Kontzertu haien testingantza grafikoan murgildu nahi duenak, eskura dezala “Istorio bat kameraren atzean” liburua, Aitor Arregi “Txisto” (1960 – 1994) argazkilari andoaindarrak emanaldi haietan ateratako ehundaka fotografia dakartzana.

80ko hamarkada da, gaztetxeen munduan horrek esan nahi duenarekin: punka indarrez sartu da eta talde batzuk hardcorea egiten hasi dira; gaztelania da nagusi eta ia esku bateko hatzekin konta daitezke euskaraz kantatzen duten taldeak; herri askotan gazteak lokakak okupatzen hasi dira eta fanzineak dira mugimendu horren bozgoragailu; haxixa (“kostoa” kaleko argotean, “porrua” gurasoentzat) indarrez sartu da gazteen artean. Tragedia handia gertatzen ari da heroinarekin, yonkien garaia da.  

Garai berean baina oso bestelako kultur  testuinguruan, lehen bertso eskolen eklosioa gertatzen ari da, baina luze joango da bi “gune” horien ibilbideak gurutzatu arte. 90eko hamarkadan helduko da hori, Negu Gorriak taldeak bere “Bertso hop”-arekin ekarritako iraultzaren ondoren.  Ordura arte, rock kontzertuen espazioa zen gaztetxea eta bertsoarena bertso eskola.

 

Bertsoak fanzinetan!!

Lokala prest, gazte asanbladakoek badute non apaildu “Peste” izeneko fanzinea. Gaztetxera sartu aurretik kaleratua zuten zero alea eta 1985eko otsailean kaleratuko dute lehendabizikoa: B.G.K, Discharge eta Holly Dolls hardcore taldeei buruzko artikuluak, Familia Iskariote taldeari egindako elkarrizketa, okupazioaren aldeko aldarriak, komikiak… 80ko hamarkadako kontrakultura girotan perretxikoak bezala ugaritutako fanzineen ezaugarri guztiak ditu Gazte Asanbladak ondutako zenbaki berriak, baina horrelako argitalpenetan erabat berezia den zerbait ere badakar, azalean bertan iragarria: bertsoak! 

Fermin Lagala preso andoaindarrak Herrera de la Manchako espetxetik herriko gazteei bidalitako aleak dira, eta zer diren gauzak, Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabeak Martuteneko kartzelatik ihes egin eta Kortatuk “Sarri, Sarri” abestiarekin harriazpiak berak dantzan jarri baino hilabete batzuk lehenago argitaratuko dira. Fanzine batean inoiz argitaratutako lehen bertsoak? Halaxe izango da, seguru asko. Hara aleetako bat: 

 

(…)

Zuek hortikan zaudete gogor

ni egon gatik larria

ondo jarraituaz betitandik

daramagun lokarria

latza ta gogorra izan arren

borroka arrigarria

hola segitzen bada aurrera

aseko da egarria

esperantza badet zuengandik

gaztedi agurgarria.

 

1985eko azaroan, gaztetxearen lehen urtemugan, bertso saioa antolatuko du Gazte Asanbladak Jokin Sorozabal, Joxe Oiartzabal, Pablo Joxe Aristorena eta Joxe Mari Izeta gonbidatuta: aurrerantzean bertso saioa antolatzearena ohitura bihurtuko da urtemuga oro. Hain justu, bertso saio horren kronika argitaratuko da 1986an, “Pestea” fanzinearen bigarren zenbakian. Hor daude jasoak bertso “historiko” hauek, nork bota zituen jakiterik ez dagoen arren, giro arrotzean kantatzera joandako bertsolariaren kezka transmititzen dutenak:

(…)

Egia da bai gizarte hauxe

gaur dagula motelduta

gazteen alde ezer askorik

inoiz ez du azaldu ta

baina hala ere nik pentsatzen dut

dena ez dago galduta

gure buruan hemengo danok

esperantza badugu ta. 

Zer ikusterik jakin gabe nik

azaldu nahiz honera

ta ikusi dut Andoain hontan

gazte jendea da gera

jarri zarete giro honetan

elkar harturik aurrera

eta bigarren urte betean

berriz etorriko gera

baldin bitartez euskera altxa

eta mintzatu euskera

 

Bada gehiagorik ere:  “Odolgaldua” izeneko ipuin laburra ere badakar “Pestea” fanzineak, zortziko txiki batek emandako errematea eta guzti. 80ko hamarkadan bertso giroan halakorik imaginatzea kosta egiten den arren, “speed” izeneko droga sudurretik sartzearen ekintza formulatzen da ipuin surrealista horren amaierako alean:

(…)

Hobeto zeundeke orain

sudurra bazina,

zulotik sartutzeko

espita raia fiña.

 

1986an bertan, gaztetxean mugitzen den lagun koadrila batek “Karkaxa” izeneko beste fanzine bat kaleratuko du. Anti-Dogmatiks, GRB, Rigidos, Exterminio eta Verbal Abuse hardcore taldeei buruzko artikuluen artean, hor daude Jose Antonio Ardanza lehendakariari jarritako ale arpa-jotzaileak, hor Espainia N.A.T.O-n sartzeko erreferenduma dela eta jarritako bederatzi puntuko hau:

 

Arazoak ere (…)

(…) beste arlotan

eta zer esanik ez

monkloa hortan

asko aritu dira

horiek ardotan

Ta orain ondo daukagu

guretzako O.T.A.N

ez taere astotan

inolako motan

dauden horren lotan

demokrazi hontan

ta horrela egon gera

urte askotan.

 

Tantoak dira, baina zerbaiten erakusgarri. 1994an Pestea fanzinearen zenbaki berri bat kaleratu zen, baina zer diren gauzak, bertsolariak beste gaztetxetan sartzen hasi ziren garaian, orduantxe desagertu ziren bertsoak eta kronikak Andoaingo gaztetxearen oradle ofizialetatik. Karkaxa fanzinearen kasuan, ez zen zenbaki gehiagorik kaleratu. 

Berriro diogu: garaiak eta testuinguruak egiten ditu berezi 80ko hamarkada erdialdean fanzinetan kaleratutako bertsook. Kontrakultura munduaren sinbologia eta hizkeraz inguratuta, punk eta hardcore taldeen estetikak bidaide, ordura arte sekula esploratu gabeko lurralde sinboliko eta ideologikoan ageri da bertsoa. Berezitasun horretaz jabetzeko, bi aldeetara begiratu eta konparazioa egitea da akaso gauzarik onena.

Begira dezagun fanzineen mundura. Kontsigna bakar batzuk kenduta, garai hartako fanzine gehienak ia gaztelania hutsez ziren: “Destruye!” fanzinea (Donostia), “Brigada criminal” (Zarautz), “Unica alternativa” (Errenteria), “La pesadilla del poder” (Tolosa)… Andoaingo fanzineak eta Tolosako “Pakean utzi arte” dira gaztelania nagusi izan arren euskarazko testu luze samarrak zituzten fanzine bakarretakoak. Nola sartuko zen bertsoa euskara apenas ere ez zegoen agerkarietan? Lehen baldintza hori ere betetzen ez bazen, imaginatu hortik aurrerakoak…    

Begira dezagun orain beste aldera, eta konpara ditzagun fanzine hauen ezaugarriak  garai hartan bertsoak kaleratzen zituzten agerkariekin: zerikusi dute garai berean bertso idatziak kaleratu ohi zituzten Auspoa liburutegiarekin, Herria astekariarekin edota Diario Vasco egunkariko “Nere bordatxotik” atalarekin?… Zeharka-meharka loturaren bat topatzekotan, Argia astekariaren atal ikonoklasta batzuekin eta Susa literatur aldizkariaekin egon daiteke konexioa.

 

Bertso saio haien testuingurua

Istorio honekin lotura estua duten bi andoaindarrekin elkartu gara kontu zaharrak berritzeko: Jokin Sorozabal eta Juan Joxe Petrikorena dira. Gaztetxe zaharra zegoen tokian egin dugu hitzordua, eta bertan atera ditugu argazkiak.

Sorozabal 1985eko martxoan hasi zen plazetan, eta urte bereko azaroan deitu zuten gaztetxetik lehen urtemugan bertsotara joateko. Saio hura harreman luze baten hasiera izan zen, gaztetxearen 32 urteko historian Jokin gutxienez 20 aldiz bertso kantari aritu baita bertan. 2002an gaztetxekoek oroitarria eman zioten esker onez, bertsoa eta guzti: 

Urte guzti hauetan

ezin egin hutsik

18 urte ondoren

gu zurekin pozik

egin ahalak eginda

hemen gaude zutik

Andoaingo gaztetxeak

hiri asko zor dik

Sorozabalek gaztetxean kehen aldiz kantatu zuenean, Juan Joxe Petrikorena zen entzuleetako bat. Berak jaso zituen han botatako bertsoak gero bertso-kronikan argitaratzeko. 1984an gaztetxea okupatu zuen lagun belaunaldikoa, garai hartan kolaboratzaile lanetan ari zen Argia astekarian. Bi hitzetan: fanzineez ezezik, bazekien zerbait kazetaritza “serioaz” ere.

Sorozabalek oroitzapen ederra du saio historiko hartaz: “ni herriko beste puntan bizi nintzen, giro eta estilo aldetik ez nuen harreman handirik gaztetxeko giroarekin, baina etorri ziren gure bila. Gogoratzen naiz gaztetxeko Josu Olazabal “Lupax” aritu zela gai-jartzaile: munduko borondate guztia bazuen, baina tankera handirik ez gaiak nola jarri eta saioa nola aurrera eraman, baina hori bera graziosoa zen guretzat. Gero publikoarentzat dena ona zen egun hartan, gehienak horrelako zerbait sekula ikusi gabeak ziren eta. Laburbilduz: lehenengo aldi baten oso oroitzapen ona daukat, bai guretzat baita bertakoentzat ere”.

Petrikorenak hartu du hitza: “gogoratzen naiz saio hura oso gertukoa egin zitzaidala, baina bitxia era berean. Ni jabetzen nintzen gaztetxea ez zela zuek bertsolarien gune naturala, eta gogoan dut nire buruari galdetzen niola, “hauek nola sentituko dira hemen?, “zer nolako bizipena izaten ari ote dira?”…  Baina zuek oso natural aritu zineten, gaitasuna izan zenuten horretara egokitzeko”.           

“Giroaz” aparte, bestelako berritasunik izan ote zuen lehen saio hark? Sorozabalek baietz uste du: “1985a da. Orduan saio gehienak herri edo auzoetako festetan izaten ziren, eta festa jakin bat gainera, alegia, bertsolarien festa lekura eguerdian joaten ziren horiena. Garai hartan bertso saio normal bat izaten zen, goizeko 11etan joan Asteasu batera, 12tan plazan lehenengo bertso saioa egin, gero poteoa eta bazkaria, eta arratsaldean berriz saioa. Gazte jendea bazihoan ihesi formatu horretatik, gauez ibilita eta… beraz horko entzulea ez zen oso gaztea izaten. Hor zirkulatuz hasi ginen gu. Gaztetxearena aldaketa izan zen formatuan ere”.

Atzera begira, gauza batzuk nabarmen samar ikusten dira: 80ko hamarkadan ikusmira handia sortu zen bertso eskoletan sortutako bertsolari gazteen inguruan, eta besteak beste, horrek ahalbidetu zuen gaztetxea eta bertsoaren arteko lehen konexio hura. Beste modu batera esanda: kimu berri horiek atera ez balira –beste aukerarik ez eta, gaztetxekoek “oso itxura serioko” gizon edo aiton batzuengana jo behar izan balute, alegia-, gaztetxean behar bada ez zuten saiorik antolatuko. Bi hitzetan: gaztetxetan bertsoa sartzekotan, bertsolari gazteak behar ziren. 

Hain justu, horixe da garai haren ezaugarri nagusia, Sorozabalen ustez: “garai hartan bertsolari gaztea bera fenomeno berria zen, egun gaztea besterik ez dago bertso munduan, baina orduan ez ginen asko. Orduan Andoainen pare bat bertsolari hasi zirela eta herritik kanpora ibiltzen eta, Zarauzko Lizardi txapelketan eta abar, hori bera kristoren berri ona izan zen herrian.

“Jendeak bazuen kezka, ea aurrerantzean bertsolariak sortuko ziren, eta bertso eskoletako lehen belaunaldia atera zenean jendea antena jarrita joaten zen, beren arterako eginez, “gazte hauek moldatuko al dira?”.

Adibidez, Gipuzkoako Bertso Txapelketan, gu ume moko batzuk ginela, Karmelo Balda pilotalekua ia bete egiten zen. Hori normalizatu egin da egun, frogatu da belaunaldiz belaunaldi hizkuntza eta kaleko estiloa aldatzen doan bezala, bertsotan ere eboluzio bat egongo dela. Orduan erakutsi zen ahalmena zuen jendea etorri zela, bertso eskolei esker”.      

 

Zergatik Andoainen?

Eskuartean jarri dizkiegu fanzineak eta bertsoak Petrikorena eta Sorozabali, eta galdera egin: zergatik piztu zen txinparta Andoainen eta ez beste nonbait? Zein da arrazoia beste tokitan hamarkada bat beranduago gertatutakoa, Andoainen hain modu irudimentsuan eta hain azkar piztu zedin?

Gaztetxearen nortasuna bera da gakoa, Petrikorenaren iritziz: “gaztetxeak izan zuen zerbait propioa, eta zerbait propio horretatik hainbat gauza sortu ziren. Hemen bazegoen mundu bat beste gaztetxeen munduarekin antz handia zuena, lelo, eslogan eta ikuspegien aldetik, baina horrekin batera, jende multzo bat zegoen ikastolen mundutik eta heldutakoa, gaztetxera euskal mundu horretatik hainbat gauza ekarri zituena: gu orduan ez ginen bertso saioetan ibiltzen, baina bertso mundua asko ezagutzen genuen eta guretzat oso erakargarria zen. Horrexegatik ekarri genuen gaztetxera”.

Bertsoarekiko harreman hori ez zen gaztetxearen bereizgarri bakarra izan, Petrikorenak dioenez: “oso ikuspuntu politiko konprometitua izan zuen gaztetxeak. Adibidez, Leitzarango autobiaren kontrako mugimendua sakon errotu zen hemen; NATOren erreferenduma egin zenean “gabardinista” taldea sortu zen, Olinpiada Popularrak antolatzen ziren eta ehundaka lagunek parte hartzen zuten… istorio horiek Andoainen sortu ziren eta ez beste lekutan. Egia da kontzertu asko egiten zirela, mundu osotik taldeak etortzen zirela eta horrek protagonismo handia hartu zuela. Baina beste istorio batzuk oso gureak ziren, oso hemengoak, eta bertsoarena hor ulertu beharra dago: bai fanzinean bertsoak sartzearena, bai urtero saioa antolatzearena ere”.

Sorozabalek hartu du hitza: “isileko lana ikusten dut fanzine hauek berriro eskuartean hartuta, bizpairu gaztek hartuko zuten hau egiteko lana, eta bere inguruan zabalduko zen justu-justu, baina hor dago testigantza eta interesa. Giro horretatik kanpora gentozenentzako gaztetxeak bazuen halako irudi bat, drogak eta porroak eta, baina ni orain konturatzen naiz hor barruan zenbat gauza sukaldatzen ziren, musika zela, beste ekintzak zirela… Hemen askotan egindakoa saltzeak balio izaten du, eta behar bada bere garaian ez zitzaion hemen egindakoari merezi bezalako garrantzia emango, kaparazoi horretatik kanpora ez zen lan hori ezagutu ere egingo”.

Balio dezatela lerro hauek egindakoari bere garrantzia emateko. Urte luzez kaxa eta armairuetan hauts artean egondako paper-puskok ahazturatik ateratzea, bada merezi dutenei omenalditxo bat egiteko modua.

Hogeita hamar urte pasatxo joan dira eta giroa goitik behera aldatu da: egun normala da gaztetxetan bertsotan aritzea, eta horren lekuko da “Plazatik gaztetxera” bertsolari gazteen txapelketa. Gaur egun bertsoak bere funtzioa betetzen du gaztetxetan, horretan ez dago zalantzarik.

Uztekotan, beste galdera bat utz dezakegu airean: itzuliko ote dira berriro paperezko fanzineak? Eta itzultzekotan, bertsoak eta guzti itzuliko ote? Eta piztekotan, non piztuko da berriro txinparta?

 

[Bertsoa eta punka I] Andoaingo herritik dator notizia