#BERTXIOLARIAK – Sarrera

2018-12-23

Bertxiolariak –

Testua: Oihana Iguaran

 

 

“Txori txiki batek esan dit”… hasten ziren lehen zurrumurruak. Txori txiki hori ez zen Otañoren txepetxa, ez eta Lazkao Txikiren kukua ere. Duela 12 urte jakin dugu txori txiki hori urdina dela; eta ez dakigu zein doinutan aritzen den, baina bai zer neurritan: 140 karakteretan.

Twittik ulertu ez dutenentzat argibideak:

Twitter sare soziala da. Kontu bat sortu eta bertan idatzi edo elkarbana ditzakezu artikulu, mezu eta gainerakoak, bideo, testu, irudi, webguneko esteka eta bestelakoez lagunduta. Sare sozial honen bereizgarria, hasieratik, neurria izan da: testuak 140 karaktere izatea da baldintza (orain gutxi neurria bikoiztu duten arren). Beste sare batzuek lagun figura duten moduan, Twitterren jarraitzaileak dituzu eta jendea jarraitzen duzu; horrek esan nahi du, zure txioak ikusiko dituztela eta zuk eurenak. Honaino azalpen ofiziala.

Bertxio ez ofiziala

Estraofizialki masa-telepatia birtuala dela esaten da, jendea pentsatzen ari dena ikus dezakezulako uneoro. Esan bezala, jarraitzen duzun jendearena ikusiko duzu eta zurea ere jarraitzen zaituenak ikusiko du. Zein da orduan arazoa? Bada, hori bera, jendeak buruan zer duen ikus dezakezula (normalean eguneroko gauzengatik kexak: eguraldia, janaria, jendea, bizitza; edo norbere argazki bat bi orduro, edo otordu bakoitzarena). Beti izango duzu jende astuna jarraitzeari uzteko aukera, baina ez da hain erraza, esaterako, kuadrillako bati azaltzea ez duzula jasaten sarean.

Interesik gabeko jendeaz aparte, interesatzen zaizun jende horren bizitzarako leiho bat izan daiteke sarea. Zure musikari gustukoenak gaurko titularraz zer iritzi duen jakin dezakezu, zure idazle miretsiek zer irakurri duten azkenaldian, zure erreferentziazko jendea non, zertan dabilen… eta aipatutako guztia bertsolariekin ere bai.

Hortaz, norbait aurkitzeko balio dezake, GPSak baino zehatzago kontatzen baitu jendea non, zertan eta norekin dabilen (helbide eta guzti!). Antzeko “zaintza” maila aurreikusi zuen George Orwellek 1984 liburuko distopian; detaile batean gainditu dugu, ordea, aurreikuspena: guk eskaintzen ditugula geure datu pertsonalak, inork lapurtu gabe.

Zorionez, hala ere, Twitterrek ez du guk “informa” dezagun bakarrik balio; informatuta egoteko modua ere izan daiteke, hedabide eta kazetariek ere idazten baitute bertan. Ordubetean jaso dezakezu gertakari baten argazkia, 20 hedabidek zabaldutako titularrak behatuz. Maila berean jasoko dituzu hedabide handien titularrak eta gerrilla kazetariak tokitik bertatik igotako bideo eta azalpenak. Sakontasuna ez du eskaintzen, baina azalera bai behintzat.

BertxiolariakBertxiozale elkarteak

Azalera hori plaza bezala ulertuta, hasieratik dabiltza bertsozale elkarteak, Lanku, Bertsolari aldizkaria bera eta hainbat bertso eskola asteburuko saioen berri twitterren ematen. Saioen kartelak zabaltzeaz gain, bertsotan ari diren heinean kontatzeko aukera eskaintzen du sareak, zuzeneko emisio moduan, argazki eta bideoak igoz edo, besterik gabe, gustuko bertsoaldiak zabalduz.

Esana da Twitterrek neurri berean ematen digula hedabide nagusien eta kazetari baten edo lekuko baten testigantza. Bertso munduan, zorionez, horizontaltasun hori bazen aurretik ere. Bertsozaleena sareko lana izan da beti, -lari zein -zale korapilo berean jarrita. Sare sozialetan ere sumatzen da tokian tokiko norbanako eta taldeek nola astintzen duten bertsoa. Twitter beste plaza mota bat bihurtu da, eta bertso munduak asmatu du bere txorrotxioa entzunarazten.

#btn17

Gai edo gertaera baten inguruan titular, iritzi eta ikuspegi desberdinak biltzea ere lortzen du, sakontasuna deitzea gehitxo litzatekeen arren. Diskurtso pluralerako behintzat balio dezake. Hori etiketen bidez egiten da, ditxosozko traolarekin. Horri esker, esaterako, Txapelketa Nagusia gai aipatuenetakoa izan da euskarazko erabiltzaileen artean, iraun duen asteburuetan. Edonork idatz zezakeen txapelketaren edo saio jakin baten inguruko edozer (baita argazki edo bideoak ere) eta traola erabiliz, txapelketaren inguruko kontakizun korala geratu da bilduta sarean.

Kontakizun hori tranpatia izan daiteke, erabiltzaile anonimo eta zirikatzaile ugari dagoelako. Azken batean, kontu bat egiteko gogoa besterik ez duzu behar, edozein izen eta irudirekin zabal dezakezulako. Adibide gisa Andoni Engañaren izena eta irudia daraman kontu bat dabil sarean, eta Andoni Egaña bera gerora enteratu zen. Mugikorra nola erabiltzen duen ikusita sinestekoa da, gainera, ez duela berak egin. Txiolarien artean, beraz, badira besteren habia erabiltzen duten kukuak.

Txapelketak sarean izan duen arrakastaren seinale izan daitezke profil anonimoak ere, zirikatzaile papera egin dutenak. Hainbat izan diren arren, ezagunen egin direnak ziurrenik Patxi Bakallo eta Pantxike Nomecallo izan dira, ikuspuntu kontrajarri eta batez ere umoretsuengatik. Polemikoak izan dira, hori bai.

Karakterr/ea

Mezua neurtu beharra da Twitterren berezitasuna. 140 karaktere ziren muga orain gutxi arte: zortziko handitik beherakoak soilik kabitzeko lain, ideia bat egiteko. Orain bikoiztu egin da eta zortziko handia kabi daiteke, ez ordea, habaneraren neurrikorik. Karaktere kopuru neurtua izateak hitzak ondo aukeratzea eskatzen du, sintesia. Karaktere bakoitzak izan behar du karakterra, bat ere ez sobera. Eta nor da hitz neurtuan bertsolaria baino eskarmentatuagoa?

Bertso munduko hainbat txiolarik arrakasta dexente dute Twitterren eta eurengana jo dugu tresna berri honen inguruko esperientzia ezagutzera…

Bertxiolariak
Bertxiolariak
Bertxiolariak