[Egañaren belaunaldia V] Xabier Euzkitze

Joxean Agirre-(r)en argazkia Joxean Agirre 2021-05-03
Ilustrazioak: Akuarelak: Mari Kruz Etxeberria. Erretratuak: Pilar H.Socobehere. Gertakarien ilustrazioak: Txema Garzia Urbina

Xabier Euzkitze –

Gaur askok telebistako pilota emanaldietatik ezagutzen badute ere, Xabier Perez Euzkitzek ibilbide distiratsua egin zuen bertsolaritzan. 1966ko ekainaren 9an Azpeitian jaio zen, baina harreman estua izan du amaren herriarekin, Azkoitiarekin, eta bere goitizena ere, Euzkitze, amaren jatorriko baserritik hartu zuen. Gaztetxoa zela pilotan txapelketa bat baino gehiago irabazitakoa, bertsotan ere garaitsu horretan hasi zen, eta bitan jantzi zuen Eskolarteko txapela. Txapelketa Nagusian hirugarren gelditu zen 89an, eta bigarren 93an, baina 32 urterekin esan zion agur plazako jardunari.  Hemezortzi urterekin hasi zen esatari lanetan Euskadi Irratian, eta lau urte geroago eman zuen telebistarako jauzia. Hizkuntzaren beraren lanketa ez ezik, bertsoaren formarena muturreraino eramaten dakien bertsolaria da. Prentsan ere kolaboratzen du. Noticias de Gipuzkoa sortu zenetik zutabe bat idazten du igandero egunkari horretan eta zutabe hori Noticias taldeko beste egunkariek ere argitaratzen dute. Zarautzen bizi da. Seme zaharrenak ere, Anerrek, egiten du bertsotan eta behin edo bestetan kantatu izan dute elkarrekin. Ikasturte berria Gasteizen hasi du Euskal eta Ingeles filologiak egiteko asmoa baitu. Euzkitzek eta Txusek aurrera atera duten familia berezi samarra da; beste bi seme-alaba ere badituzte: Garazi, adoptatua, eta Jon, harreran hartua. 

Xabier Euzkitze

Bi ikurrin txiki

Sarasuak kontatua

Hiru nerabe, motxila astunegi bana bizkarrean hartuta, Donostiatik Elizondorako autobusera doaz. Saizarbitoria ikusi dute aulki batzuk aurrerago, eta artean euskal telebistarik ez badago ere, ezagutu egin dute. Elizondotik mendiz Urepelera joateko plana dute, han bazterren batean kanpin denda jarri, eta egun batzuk Xalbadorren usainean pasatzeko. Xabier, Aitor eta Jon. Xabier izan da plana proposatu duena.

Xabier artean ez da Euzkitze, besteak anaiak dira. Txapelketa batean ezagutu dute elkar, eta txapelerako lehiakide nagusi izatea fortunatu zaie, baina adiskidetasun bitxia sortu da haien artean. Autobusean, autoestopean edo bizikletan Aretxabaletara hurbildu izan da azpeitiarra, Oriora ere bai. Atxabaltarrek ere ezagutu dute Azpeitiko familia. Egin dute lo ohe berean. Elkarrenganako begiruneaz gain, lilura bat bizi dute. Maitemin bat. Hau, gure zertasun hau. Hargatik doaz mendiz Baxenafarroara, bertsolari artzainaren paisaian egotera. Eta ingelesezko kantuei euskarazko letrak jartzen dizkiete, haien artean soilik kantatuko dituztenak. Eta, tarteka, bertso neurriz kanpoko hitz neurtuz egindako gutunak jasoko dituzte anaiek Lekarozetik. Ernai daude, eta ernari. Hizkuntza eta euskaltasunaz janzteak dauzka kitzikatuta, gehitzeak, hobetzeak, ez dute aski haien euskalkiekin, ez euskara batu estandarrarekin. Euskara totalagoaren bila daukate barrua. Harako aditz forma, harako kantuak dioena, harako bertsolariaren esamoldea, harako euskalkian duten baliabidea. Hizkuntzaren zaporea, izate zaharraren usaina, biziberritze grina. Gaztetxoak dira, gutxi dira, oso gutxi, eta horregatik bilatzen dute elkar. Unibertso liluragarri baten zordun eta eramaile sentitzen dira, baina egiteko dagoen mundu batena ere bai. Eta, tartean, haiei dagokie. Prestatu beharra dute.

Galduta ibili dira muga ikusezineko mendietan. Pentsatutako herrira barik Aldudeko ertz batera atereak izango dira, eta aski berandutu zaie Urepelera iritsi, belaze bat aukeratu eta kanpin denda xutik eman dutenerako. Lanak bukatu dituztenean, Xabierrek motxilatik bi ikurrin txiki atera ditu. Eta dendaren alde banatan sartu ditu lurrean.

 

Loidisaletxe eta Euzkitze

Muruak kontatua

Ez dakit zein urtetako kontua den, baina Loidisaletxe eta Euzkitze Gabiriko Osinalde sarira etorri ziren, behin, eta gai-jartzaile izatea egokitu zitzaidan urte hartan. Euzkitzek 18 bat urte izango zituen eta Loidisaletxek urte batzuk gehiago. Oso posible da biak lehen aldiz kantatzea Osinalde sarian, eta enpate egin zuten. Nik ez dut halako kasurik ezagutu geroztik sari horretan. Entzuleek aukeratzen zuten irabazlea edo epaileek, baina ez da egundo berdinketarik izan. Epaileak han ibili ziren desenpatea jokatzeko zer egin behar zuten eztabaidatzen, eta bederatzi puntukoa kantatu behar zutela erabaki zuten. “Bederatzi puntukoa? geu ere ez gara-eta bederatzi puntuko txukun bat kantatzeko gauza izaten askotan”, esaten nion neure buruari. Zur eta lur geratu nintzen, Osinalde sarira lehen aldiz aurkeztu eta bederatzi puntukoa kantaraztea astakeria bat iruditzen zitzaidalako. Gaia emateko orduan, gogoan dut, luzatzen aritu nintzela, eta gaia eman eta gero ere sekulako erretolika bota nuela, bi bertsolari gazteei astia eman nahirik, bertsoa osa zezaten. Urteak joan eta gero ere gogoratzen naiz Euzkitzek aurpegiratu zidala geu ez ginela bederatzi puntuko taxuzko bat kantatzeko gai eta nola bururatu zitzaigun haiei neurri hori ematea. Eta estutasun horiek pasatu izan ez balitu ez zela iritsi zen lekura iritsiko erantzun behar izan nion.

 

Xabier Euzkitze
Euzkitze baserria. Xabierren ama Euzkitzeneko Lurdes da Azkoitian eta Xabier, Euzkitzeneko Xabier. Aitona Gillermori buruzko istorio eder bat kontatu zigun Xabierrek. Gerran Bizkaiko frontean gudari zebilela, ba omen zekien emaztea haurra izateko zorian zegoela eta abisua pasatu omen zion halako egunetan herritik Eguzkitzera igotzeko, eta, hala, gauez elkartu omen ziren Euzkitzen eta ezagutu omen zuen alaba jaio berria. Goizean goiz, gosaldu eta joan zen berriro gerrara.

 

Euzkitzeren kontu gorde bat

Lizasok kontatua

Berak seguru asko gordeko duen kontu bat badaukat Euzkitzeri buruz. Beti ibili da ez azkoitiar eta ez azpeitiar. Bertsotan hasi zen arte nik ez nuen ezagutzen, eta, hasi zenean, azkoitiarra zela esaten zuen. Behin, galdetu nion zer kontu zen hori, eta, txiki-txikitatik azkoitiartzat zuela bere burua, erantzun zidan, izena ere, Euzkitze, hangoa zuela eta kuadrilla ere hangoa, eta horrelako arrazoiak eman zizkidan. “Nik bazekiat, ba, hiri pasatutako gauza polit bat”, esan nion.

—Ez al hinduten Herriartekotik bidali azpeitiarra hintzelako? —jarraitu nuen. Eta hitzik gabe utzi nuen. Nonbait, Herriarteko gaztetxoen txapelketan, azkoitiarrekin jarri zuten pilotan eta, salaketaren bat tarteko, bota egin zuten, baina isilik gordeta zuen kontua.

—Hiri zeinek esan dik hori? —galdetzen zidan.

—Egia ala gezurra? —jarraitu nuen nik, eta egia zela aitortu zidan.

 

Hiru bertsolari mozorrotuta

Egañak kontatua

Esango nuke Matxinbentan aritu ginela. Ihauteriak ziren, hori badakit. Bertso saioaren ostean Azpeitira etorri ginen eta Pastorkuaren beheko jangela hartan elkartu ginen, ohitura genuen gisan. Han egiten genituen goizaldeko hitzaspertuak. Kuadrillako arimarik gazteenak, ordea, aspertu egingo ginen txolartean, eta handik irten eta Azkoitira jotzea erabaki genuen.

Banituen nik autoan hiru mozorro Gasteizko Udaleko festaren batean ibiliak, eta haiexek jantzi genituen Iñaki Murua, Xabier Euzkitze eta hirurok. Piolin, butanozale eta marradun preso bihurtu ginen aitaren batean. Eta Azkoitian, goizealdeak Kale Nagusian lurrean etzanda harrapatu gintuen, bertsotan, herritarrek txanponak botatzen zituztela. Egingo nuke Xabier informatibo-aurkezlea zela orduan ETBn. Eta orduz geroztik askotan esan izan dut harro nagoela nire orduko bi kideez. Imajinatu! Matias Prats, Pedro Piqueras, Ana Blanco edo horrelako norbaitekin ez da lurrean etzanda edonor aritzen. Iñaki, berriz, Lehendakari izango zen gerora. Eta ez dut Urkullu postura horretan irudikatzen… Bertsolarien “parranda” eserita ezagutu nuen ordura arte beti, mahai jiran. Egun hartan zutitu ginen lehen aldiz. Eta etzan.

 

Xabier Euzkitze

 

Euzkitzeren bertsokera

Telleriak kontatua

Euzkitze izugarri egokia izan da bertsotan. Bertsoak engranajeak lotuz bezala egiten zituen. Bertsoak egituratzen perfektuena bera izan da. Usurbilgo jaialdi batean elkarrekin izan ondoren, erronkan hasi zen, pilotan jokatu behar genuela. Askotan ibiltzen ginen urte haietan desafioka. Peña eta biok jokatutakoak gara nafarren kontra, edo Jexux eta Felix Irazustabarrenaren kontra ere bai. Gau horretan Euzkitze zen desafioka hasi zena. Usurbilgo frontoian ez zegoen argi askorik, eta kotxearen argiak alde hartara begira jarrita jokatu genuen partida. Euzkitzek bazuen garai hartan bistarekin arazoren bat, lentillekin ibili ohi zen, eta gau horretan behintzat irabazi egin nion. Eta hori ez dit inoiz barkatu izan. Egia da, gero, beste desafio bat bota zidala, eta orduan egun argiz jokatu genuen eta irabazi egin zidan. Behin behintzat, Usurbilgo ezorduetako saio horretan nik irabazi nion.

Bere bertsokera perfekzionista horrek bazituen bere mugak ere. Gu Nafarroara joaten ginenean, afalostean ordu eta erdiko saioak oso ohikoak izaten ziren, gai librean hasi eta bertako kontuei jorratua emanez. Bera hain perfekzionista izanik, gogoratzen naiz, behin, Oizera joan eta zenbat sufritzen zuen saioa luze samar bete behar zenean, zein zaila egiten zitzaion.

 

 

Euzkitzerekin pilotan

Peñak kontatua

Kirolzalea beti izan naiz, eta izan dira Euzkitze eta beste hainbat ere. Ia bertsolari gehienak dira kirolzaleak. Ez dakit nondik nora sortu zen kontatzera noan pilota partida Betelun.

—Gipuzkoanook ez duzue ezer egin pilotan, ez duzue aspaldian txapelik irabazi eta irabaziko ere –hasi zitzaizkigun nafar batzuk.

—Jokatuko dizuegu Euzkitzeri eta bioi nahi duzuenean —jarraitzen zuten, eta baietz esan genien, jokatuko geniela, beren “frontonan” jokatuko genuela eta epaile on bat eramango genuela gainera, epaile zuzena, Joxean Tolosa, eta baita eraman ere. Hasi ginen pilotan, sekulako eguraldia egiten zuen eta eskerrak, estali gabea baitzen frontona. Beroketak egiten hasi eta, gure kontrario batek zuen estiloa ikusita, jendeak berehala erabaki zuen ez genuela zereginik.

—Gaur ere gipuzkoanoek galduko ditek —errepikatzen zuten. Baina segi eta segi eta hogeita bi eta hamasei uste dut irabazi genuela. Joxean Tolosa harrituta zegoen.

—Ez duk etsitzen sekula. Hi bai haizela pelma —esaten zuen. Eta Euzkitzek:

—Pelma? Orain enteratuko haiz zer-nolako pelma den, hemendik aurrera: galtzaileak mila aldiz entzuteko zeudek nola galdu duten.

Gure kontra galdu zuten pilotariak badakizue zein ziren? Joxetxo Lizartza eta Iñaki Otamendi, Fernando Arretxeren lagun mina eta, honen garairik onenean, bere ezkutaria.

Bertso saioen ondoren ere jokatu izan ditugu pilota partidak. Alkizan, Zizurkilen, Lesakan… hainbat lekutan jokatu ditugu pilota partidak. Lesakakoa kontatuko dut: joan ginen herri horretara bertsotara Mendizabal eta biok, eta Euzkitze han azaldu zen gure kontra jokatzeko gogoarekin. Bertso saioa bukatu orduko hasi zen:

—Pilotan egingo al dugu?

Frontoia libre zegoen. Seguru asko berak aurretik hartuta izango zuen, auskalo, oso maliziosoa baitzen alubita hori. Jokatuko genuela, ba, eta han ekarri zigun Euzkitzek mutil rubio altu bat, gazte dotore bat. Kotxean beti ibiltzen genituen galtza motzak eta txandala, eta prestatu ginen pilotarako. Eskuak berotzen hasi orduko esan zidan Mikelek gazte rubioagatik:

—Ikusten al duk nola jotzen dion.

Estilo bizi-bizia zuen, dotore jotzen zion pilotari, baina Mendizabal mendean hartzea ere ez zen izaten erraza, atzaparrarekin, nola edo hala, itzuli egiten baitzuen, eta partida irabazi egin genuen.

—Ba al dakizue zein zen Euzkitzek bere ustetan guri pasada emateko aurkitu zuen mutila? Julian Iantzi zen, telebistako aurkezle famatua.

 

Euzkitzeren eskakizun maila

Sorozabalek kontatua

Euzkitzek plazaz plazakoa azkar samar utzi zuen eta berarekin ez dut beste askorekin adina kantatu. Hasiera hartan esan dut nola Otañorekin lauzpabost hilabetez ibili ginen ikasten. Egun hartan, Otañok berak eramaten ninduen etxera kotxean eta behin etxe parera iritsi ginenean esan zidan erakutsi beharrekoak erakutsi zizkigula eta aurrerantzean geure kontura ibili beharko genuela. Eta horrela hasi ginen Hernani aldeko bertsolariekin juntatzen. Despedida modura-edo, afari bat antolatu zuen eta bere iloba Anatx eraman zuen afaritara, eta Anatxek Euzkitzerekin harremana zuenez, hura ere etorri zen. Bi horiek jendaurrean aritzen ziren eta gu ez. Xoxoka auzoko festetan antolatu zuen afari hori eta tokiarekin ez zuten asmatu, jendea festa giroan baitzebilen. Anatx eta bere osaba Otaño hori hasi ziren jo eta ke, eta gu ere animatu ginen. Eta gogoan dut Euzkitze deseroso sentitu zela, ez zuela bat ere disfrutatu, ez zegoelako bertsotan egiteko baldintza gutxienekorik. Bertsogintza bizitzeko modu ezberdinak daude, eta nik oso ondo ulertzen dut Euzkitzek orduan eta gero ere izan duen jarrera eta eskakizun maila. Anatx eta bere osaba beren saltsan ibili ziren festa giroko leku hartan, eta Euzkitzek, han zegoen bertsolari onena izanik, ez zuen batere gozatu. Eta bertsoarekin asko gozatzen duen bertsolaria izan da eta gozatzen du gaur egun ere, berak kontatzen duenez behintzat, kotxean doala bertsorik gehien botatzen duena ere bera izango baita. Jendetasuna behar da eta bertsolariak jendearekikoa egin behar du, baina baldintza gutxieneko batzuk eskatu behar ditu bertsotan egiteko. Nik neuk Txapelketan egin dudan saiorik onena Euzkitzerekin egin dut, Egañak lehen txapela jantzi zuen hartan, Belodromoan, goizean sei puntukoan.

 

 

Euzkitzeren parrandak

Peñak kontatua

Euzkitze ere parrandazale amorratua da, edo bolada luze batez hala izan zen behintzat, ETBn berriak aurkezten lan egin zuen garaian. Arratsalde erdian joaten zen telebistara, berriak eman eta bueltatzen zen etxera. Goiz osoa izaten zuen, beraz, lo egiteko, eta batere presarik gabe ibiltzen zen goiz aldeko orduetan.

Egun batean, deitu nion saio baterako abisua pasatzeko eta ohera sartu berria zen ahotsarekin erantzun zidan:

—Zer behar dek? Latosoa, zer behar dek orain? –hasi zitzaidan kexuka.

Eguerdiko hamaika eta erdiak ziren. Ona zegoen hura goizeko zortzietan telefonoa hartzeko.

 

Xabierren aita

Telleriak kontatua

Oso hasierako pasadizo bat ere badut Euzkitzerekin lotua. Urkizutik behera nentorren, norabait bertsotara joango nintzen, eta, bidean, kotxe batekin egin nuen topo eta leihatila jaitsi eta hitz egin zidan:

—Kaixo, Millan!

—Kaixo!

—Ni Xabierren aita nauk.

—Kontxo! Euzkitzeren aita.

—Abisu bat zeukak hiretzako, eta telefonorik ez duzuela eta ematera nentorrean. Denboraz nabilela eta inguratuko naizela esan zioat –esan zidan, eta horrela ezagutu nuen Xabierren aita. Gizon prestu bat zen. Berak esan izan dit aitak askotan aipatzen ziola nola bidean topo egin genuen, hitz egin beharrekoak hitz egin eta itzuli zen etxera, baina ez Xabier eta ez ni ez gara gogoratzen nora joan ginen. 80tik 90era bitarteko hamarkada horretan gazte kuadrilla asko ibili ginen. Nik Txapelketan gehiegirik ez, baina plazak egiteko orduan suertea izan dut edo izan genuen. Andoniri entzun nion, behin, orduan hastea zailago zela eta segitzea errazago, eta orain alderantziz dela, bertso eskoletatik-eta hastea errazago dela, baina gero leku bat aurkitzea zailago. Gu hasi ginenean, bertsolari gazteek plaza asko egiten genituen.

Xabier Euzkitze
Xabier Euzkitze
Xabier Euzkitze
Xabier Euzkitze
Xabier Euzkitze
Xabier Euzkitze
Xabier Euzkitze
Xabier Euzkitze
Xabier Euzkitze
Xabier Euzkitze
Xabier Euzkitze
Xabier Euzkitze