Harpideak: irakurleen argazkia eta iritzia 2.0

 

Irakurlerik gabeko aldizkari bat pedalik gabeko bizikleta bat bezala da. Ez du ezertarako balio. Letek baratze laiotz edo izoztu bati buruz egindako poema baino goibelagoa, Mañukortak grabitazio uhinari buruz emandako esplikazioa baino ulergaitzagoa… Hortaz, zenbaki berezi honetan, Bertsolariren harpide eta irakurleontzat ere gorde nahi izan dugu tartea. Interesgarria iruditu zaigu harpideen zerrendak eman ditzakeen datuei erreparatzea, eta duela 20 urte egin zen lan batek eman zituenekin alderatzea. Harpide ilustre batzuei aldizkariaz galdetu diegu hurrena, eta baita harpide diren hainbat bertsolariri ere. Azkenik, Facebookeko aldizkariaren jarraitzaileen argazki robota osatu dugu.

TESTUA: ANTXOKA AGIRRE
ARGAZKIAK: ANDONI LUBAKI
MARRAZKIAK: PATXI GALLEGO

 

Urteurrenaren bueltan ale zaharrei gainbegiratu bat ematen ari nintzela, Bertsolariren 23. zenbakian topatu dudan lan batek bonbilla piztu dit. Harpidedunen iritziz du izenburua duela 20 urteko (1996ko udazkena) testu hark, eta, harpideen zerrendatik ateratako datuekin nahiz harpideei eginiko elkarrizketen bidez, gure irakurleen argazki robota osatzen eta eurek aldizkariaz zuten iritzia jasotzen saiatu zen. Bonbilla piztu berriak dio 25. urteurrenaren zenbaki honetan irakurleei eman nahi diegun tartea osatzeko polita izan litekeela ordukoaren eta gaurkoaren arteko alderaketa bat egitea.

23. zenbakia esku batean eta 2016ko otsaileko harpideen zerrenda jasotzen dituen Acces taula bestean, bada, hainbat antzekotasun eta ezberdintasunak arakatzen hasi gara.

 

Portzentajeak bere horretan mantendu dira, beraz, ez bada Nafarroak eta Bizkaiak zerbait gora egin dutela eta Arabak behera. Zuberoa da gorabehera gutxien izan duena: Niko Etxartek jarraitzen du harpidedun bakar gisa.

 

Harpidedunen lurraldekako banaketa ez da izugarri aldatu. Duela hogei urtekoak dio harpidedunen erdia baino dezente gehiago gipuzkoarrak zirela, Bizkaia zetorrela ondoren ehunka batzuekin, Araban eta Nafarroan hirurogeina pasa zeudela, Iparraldean Lapurdi zela harpidedun gehien zituena eta Zuberoan Niko Etxart kantaria zela bakarra. Hogei urte geroago, harpidedunen %58 gipuzkoarrak dira, %31 bizkaitarrak, %3,5 arabarrak, %6,5 nafarrak eta %1 Iparraldekoa. Portzentajeak bere horretan mantendu dira, beraz, ez bada Nafarroak eta Bizkaiak zerbait gora egin dutela eta Arabak behera. Zuberoa da gorabehera gutxien izan duena: Niko Etxartek jarraitzen du harpidedun bakar gisa.

Herrialdeari beharrean herriari erreparatzen badiogu (duela 20 urtekoan ez zen egin), berriz, hauek dira, gaur egun, ‘Bertsolarizaleenak’: Donostian 103 harpidedun daude, Bilbon 76, Azpeitian 63, Zarautzen 60, Zumaian 55, Hernanin 53 eta Gasteizen 52. Gainerako herri guztietan 30etik behera dira harpidedunak.

Euskal Herritik kanpo, duela 20 urte, Errioxan eta Zaragozan ere bageneuzkan bi harpidedun, bakoitzean bana. Egun, ez daukagu horrelakorik, baina Estatu Batuetako Renora bidaltzen da ale bat, hango unibertsitateak hala eskatuta. Bestalde, duela 20 urte bezala, badauzkagu aldizkaria Euskal Herritik urrun jasotzen duten preso politikoak ere: Ekhiñe Eizagirrek Fresneseko espetxetik jarraitzen gaitu, eta Juan Carlos Arrutik, Kordobakotik. Ea laster duten etxeko helbidea emateko modua.  

96ko testu hark aipatzen zituenen artean, aldizkaria jasotzen zuten baserrien kontaduria izan da kuriositatea piztu digunetariko beste bat. Horretara jarri gara berriro: Oñatiko Azkontegi, Engarabaltza, Largokua eta Gomiztegi; Errenteriako Barin, Zamalbide eta Eguzki-Borda; Igeldoko Habana eta Ondazarte; Ataungo Auztiazpikoa, Olatza-Txiki eta Zeberiotegi; Azpeitiko Gerra-Haundi eta Beristain; Aiako Etxeta, Olasoro eta Agirresarobe-Txiki; Errezilgo Aloña eta Munoanundi; Zaldibiko Aitzondo eta Arruarte; Berastegiko Etxe-Orde eta Intze; Hernaniko Orkolaga eta Añua-Berri; Egileor, Idiazabalen; Abaitua, Berrizen; Txibilten, Azkoitian; Barrengo, Mallabian; Lamen-Erreka, Muxikan; Lindurreborda, Lesakan; Mendoitxe, Busturian; Mutitz, Donezteben; Irabane, Mendaron; Gatañatza, Iurretan; Etxabarri, Amoroton; Artzadun, Lezon… 73 kontatu ditugu guztira.

Duela hogei urte 126 ziren. Hortaz, diferentzia esanguratsu bat badago hor, baina ez gara ondorio zientifikoetara iristeko gai ikusten. Izan daiteke baserrietako zaleekin hobeto konektatzen genuela hasierako urteetan, izan daiteke bertsozaleen artean ere baserriko zaletu klasikoak pisua galdu izana… Baina baserrietan irakurtzen gaituen jendearen profila ere askotarikoa izan daitekeenez, esan bezala, oso litekeena da hauek guztiak alferrikako burutazioak izatea.

 

Donostian 103 harpidedun daude, Bilbon 76, Azpeitian 63, Zarautzen 60, Zumaian 55, Hernanin 53 eta Gasteizen 52. Gainerako herri guztietan 30etik behera dira harpidedunak.

 

Orduko hartan ematen ziren beste hiru datu harpideturiko ikastetxeena, 92, liburutegiena, 119, eta euskaltegiena, 33, ziren.  Ikastetxeek eta liburutegiek, behera egin duten arren, bere horretan diraute gutxi gorabehera, baina euskaltegietan gorakada eman da: egun, 54 dira aldizkaria jasotzen dutenak. Baserritar gutxiago baina euskaldun berri gehiago ditu bere irakurleen artean, beraz, 2016ko Bertsolari honek.

Elgoibarko Gazte Asanblada, Aratz taberna, Arrasateko Jubilatuen taberna, Erniope elkartea, E.H.N.E, Hitzetik Hortzera, Gipuzkoako Ikastolen Elkartea, Ibilixan-ibilixan bertso eskola, Eresbil Euskal Abeslarien Bilduma, Aittitta Txiki kultur taldea, Frantziskotarrak, Jakin aldizkaria, Lau Haizetara Euskara Elkartea, Bizkaia Irratia, Diario Vasco, Ttakun kultur elkartea, Rioja taberna, Arkaitza taberna, Jardun euskara elkartea… Ikastetxe, liburutegi eta euskaltegiez harago, jite askotariko taldeek, erakundeek eta kuadrillek osatzen dute aldizkariaren harpidedunen artean multzo dezenteko bat. Eta hor dago, hain zuzen, duela 20 urtetik hona eman den beste aldaketa esanguratsu bat: 1996an izen-abizenik gabeko harpidedunak bostetik bat baziren, 2016an lautik bat dira. 

1996an adina, ikasketa maila, lanbidea… eskatu zitzaizkien harpidedunei. Elkarrizketaturiko erdiak baino gehiago 34tik 44 urtera bitarteko tartean zeudela jakin ahal izan genuen, esaterako. Gaur egun, egin diren harpidetza kanpainak (bertso eskoletakoak, esaterako) eta Durangoko Azokako standera harpidetza eske hurbiltzen den jendea ikusita, errezeloa daukagu batez besteko adina baxuagoa ere izan daitekeela.

Diferentzia garrantzitsuena, ordea, 1996ko zerrendak zuen sendotasunaren eta egungoak daukanaren artekoa da. 300 bat harpidedun gutxiago dauzka aldizkariak orain. Urte hauetan guztietan zientoka harpide berri egin dira, baina gehiago izan dira bajak. Eta alferrik izango da orduko kopurua bertsolaritzaren 90eko hamarkadako boomaren edo aparraldiaren puntu gorenean eman zela esatea, edo abestiak dioen bezala ‘lirikarentzat garai onak” ez badira, harpidetzak egiteko are okerragoak direla seinalatzea. Alor horretan ez dugu behar bezainbeste egin. Nahi eta nahi ez, gehiago egitea tokatzen da.

 

Kuantitatiboa baino kualitatiboa

Duela 20 urteko Harpidedunen iritziz hura neronek egin nuen. Eta aitortu beharra daukat testu horretan, artean 20 urte bete gabe neuzkala, erakusten dudan lanerako gaitasunak harrituta utzi nauela. Testuak berak ematen du erabilitako metodologiaren berri: “… nori deitu ezartzeko irizpide objektibo bat hartu behar eta elkarrizketak hogeita hamar harpidedunetik behin egitea erabaki genuen. Honela, zerrendan hogeita hamargarren lekuan zegoen harpidedunarekin aritu gara lehenengo, hirurogeigarrenarekin ondoren, laurogeita hamargarrenarekin hurrena… prestatuak genituen dozena bat galderari berrogei harpidedunek erantzutea lortu dugun arte”.

Berrogei elkarrizketa… bada zerbait. Eta telefonoa hartzen ez zutenak edo hartu eta elkarrizketari uko egin ziotenak izango ziren mordoxka bat. Galdetegi luze samarra izan behar zuen, gainera, erabilitakoak, harpidedunaren argazki robota hainbat daturekin osatu bainuen…

 

Niko Etxart, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Rafa Rueda, Mikel Urdangarin, Olatz Zugasti, Jose Ramon Soroiz, Xabier Mendiguren Elizegi, Kike Amonarriz, Fito Rodriguez, Joxe Landa, Maite Aristegi, Julen Gabiria, Markel Olano, Tasio Erkizia… harpide dira.

 

Kontua da orain ez nagoela horrelako zerbait egiteko moduan. Eta pentsatu nahi dut adinarekin konplikatu egiten dela bizitza, eta hortik datorrela ezina, denbora faltatik. Edo jakintsuago bihurtu naizela. Ez dela, behintzat, alferragoa naizelako izango…

Berriro ere duela hogei urteko lan hark egin dit argi. Paragrafo pare batean orduko harpidedun ilustreen izen mordoxka bat dator. Oraingo Accesari begira jarri naiz eta ikusi dut egun ere badauzkagula batzuk: Niko Etxart, Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Rafa Rueda, Mikel Urdangarin, Olatz Zugasti, Jose Ramon Soroiz, Xabier Mendiguren Elizegi, Kike Amonarriz, Fito Rodriguez, Joxe Landa, Maite Aristegi, Julen Gabiria, Markel Olano, Tasio Erkizia… Bertsolariak ere badira dozenaka…

Unibertsitatean ikerketa bat egiteko astia eta dirua dagoenean, kuantitatiboa izan ohi da ikerketa, normalean, eta horrelakorik ez dagoenean, kualitatiboa. Kualitatibotik jotzea erabaki dut, bada. 40 elkarrizketa egin beharrean, sei harpidedun ‘ilustre’ eta zazpi bertsolari harpidedun (ilustreak horiek ere) elkarrizketatu ditut, oraingoan.

Kike Amonarriz Andoni Egañaren ikaskide izandakoa da, eta ordutik, laguna. Aspalditik datorkio, bada, bertso munduarekiko harremana: “Andoniren ondoan zaletu eta 80ko hamarkadan Tolosako bertso eskolaren sorreran ibili nintzen. Gero, Bertsozale Elkartearen sorrerako bileretan ere hartu nuen parte, eta Elkarteak antolatu zuen lehen txapelketa nagusian, 86koan, antolakuntza taldean aritu nintzen”.

Maite Aristegik kontatzen du bere birraitona bertsolaria izan zela: “Xelebre samarra omen zen, oso ipuin kontalari ona, eta auzoan denak gure baserrian elkartzen omen ziren, hark sortzen zuen giroaren bueltan”. Amarengandik datorkio berari, ordea, bertsozaletasuna. “Aita ere zalea zen, eta abesten zituen bertso batzuk, baina ama, ama itsua zen, ikaragarri gustatzen zitzaion”, kontatzen du. Duela urte batzuk Amets Arzallusen bisita izan omen zuten etxean, bertso bat eskaini zion amari eta barru-barruan gelditu zitzaion hari. “Duela bi urte hil zen eta azkenengotako oroitzapen politenetako bat 2013ko finalekoa daukat. Ordurako oso pattal zebilen osasunez eta, BECera joan beharrean, telebistatik ikusi genuen, elkarrekin. Burua primeran zeukan, adi-adi jarraitu zuen, eta nolako poza Ametsek irabazi zuenean…”.

Xabier Mendiguren Elizegi bertso zaharretara gerturatu zen lehenengo. “Letek, Lekuonak eta Valverdek egindako diskoak sekulako zirrara eragin zidan, buruz ere ikasi nituen hainbat eta hainbat. Kantuzalea naiz eta inguruan animatzen zen norbait tokatzen zen aldiro aprobetxatzen nuen bertso horiek abesteko…”. Auspoaren bildumari ere errepaso ederra emandakoa zen, “letren mundukoa naiz ni”, 90eko hamarkadan, batez ere Hitzetik Hortzeraren bidez, bat-batekoa jarraitzeko harra ere sartu zitzaionerako. 

Fito Rodriguezek Bertsolaritza, formarik gabeko heziketa izenburutzat zeraman doktorego tesia aurkeztu zuen 80ko hamarkadaren bukaeran. Bertsolaritzari buruz aurkeztu zen lehen tesia izan zen eta euskaraz aurkeztu zen lehenengoetarikoa. Ordurako, 80ko hamarkada hasieratik, bertso eskola bat sortu eta gidatua zuen Añorgako Amasorrain ikastolan.

 

Kike Amonarriz: “Ez zeukaten Sarasua lokalizatzeko modurik, eta eskatu zidaten txisteak kontatzeaz gain Arantzazurekin bertsotan egitera animatzeko. Ez naiz gogoratzen zer abestu nuen, baina gogoan dut jendeak primeran pasa zuela”.

 

Rafa Ruedak kontatzen du umetan etxean ez zuela euskal giro handirik, eta arrotza zitzaiola bertsolaritza, baina musikari esker, urteen joanarekin, bertsolari asko ezagutzeko aukera izan duela: “Kantuen letra batzuk egin izan dizkidate, edo emanaldi batzuetan eurekin batera aritu izan naiz… Ikusi dut musikaren hizkuntza oso ondo ulertzen duen gremioa dela, eta hitzaren maisuak direla”.

Eta Julen Gabiria, bertsolaria izan zen aldizkariko harpideduna baino lehenago: “Aldizkaria sortu zenean, bertsolaritza utzi berria nuen. 18 bat urte izango nituen orduan, eta azken garaietan beti antzeko saioak izaten nituen: omenaldiak, euskararen inguruko ekitaldiak, mitinak… Nekatu egin nintzen, saio normaletan txarto pasatzen nuen, eta esan beharra dago: oso bertsolari txarra nintzen. Honenbestez, uztea erabaki nuen”. Baina zaletasunak ez zuen bera utzi: “1986ko finala buruan iltzatuta daukat, oraindik kapaz izango nintzateke orduko bertsoaldi asko eta asko buruz kantatzeko, ordutik ia entzun ez baditut ere. 89koan, berriz, gure maisu Lopategik irabazi zuen. Hori ikaragarria izan zen niretzat. Eta gero Egaña, bertsotan egiteko modu hura. Eta Bizkaiko txapelketetako final haiek Arriagan, eta Gipuzkoako 91koa… Gaur egun, askoz saio gutxiagotara joaten naiz, baina, noanean, konturatzen naiz barruko urduritasunak hor segitzen duela, eta iruditzen zait bertsolariarekin batera noala funanbulistaren kablean…”.

Guztiek ere antzeko neurria aipatzen dute urtean zehar bertatik bertara ikusten dituzten saioen kopuruari dagokionez, dozena erdi edo gutxixeago. Rafa Ruedak bere herrian, Mungian egiten direnak, Bilboko jaietakoak eta Larrabetzuko gabonetakoa ez ditu galtzen. Amonarrizek Tolosako Leidor aretoan Amaia Agirre gai-jartzaile izaten duen urteroko saioa aipatzen du. Fito Rodriguezek Bertso Eguna…

Rafa Ruedak kontatzen du mozkorraldiren batean egin duela ahalegina, baina desastre moldatzen dela bertsotan. Xabier Mendigurenek, muturra berotuta ere, “eta bertsolariek zirikatu izan nauten arren”, ez dela inoiz animatu bertsotan egitera. Julen Gabiriak, berebat, kontatzen du utzi zionean erabat utzi ziola bertsotan egiteari.

Beraz, egun bertsotan egiteko ohitura pixka bat duten bakarrak Fito Rodriguez eta Maite Aristegi dira. “Duela hogeita hamar urte inguru, bertsozale eta bertsolari batzuk Egian eta Antiguon biltzen hasi ginen gure bertso txarrak elkarren artean partekatzeko. Otxoki, Xalberdin, Zaldubi, Lexo eta beste batzuk bidean joan dira galtzen, baina Joxemiel Argiñarenak, Josu Zelaiak eta hirurok oraindik jarraitzen dugu hiru astean behin biltzen. Tarteka, beste norbait ere animatu izan da, oso onak baikara bertso txarra botatzen”, kontatzen du irakasle eta ikerlariak. Aristegi, berriz, Bergarako bertso eskolan hastekoa da aste honetan bertan: “Duela urte pila ibili nintzen zerbait, baina, denbora faltagatik, utzi egin nuen eta, gero, desagertu egin zen bertso eskola. Berriro martxan jarri zenean tentatuta egon nintzen, baina Madrilgo Kongresukoa sortu zitzaidan, eta ezin. Legegintzaldia ere bukatu da, ordea, eta berriro hastekotan naiz, hain justu aste honetan”. Hala ere, bertso jarriak omen dira bere espezialitatea, “lagun guztiei egin izan diet euren ezkontzetan, eta lankideen despedidetarako, presoen harreratarako … dezentetan eskatzen dizkidate. Egia esan erraz egiten ditut”, azaltzen du.

 

Xabier Mendiguren: “Joxean Ormazabal, nire lankide zenak, gai-jartzaile aritzen zen Zegamako festetan, eta urteren batean, ezin zuela berak joan eta bere ordez egiteko eskatu zidan. Egia esan gustura egin nuen eta bertsolariak ere ez ziren kexatu…”.

 

Kike Amonarrizek, berriz, bertsotarako ohitura handirik ez du, baina ausardiarik ere ez du falta izan: “Txiste kontalari ibiltzen nintzen garaian, bertso-txiste bazkari bat antolatu zuten Errenterian. Bezperan parranda izan nuen Donostian eta berandu iritsi nintzen, jada bigarren platerean zeudela edo. Arantzazu Loidi bertan zen, puntual iritsita, baina Jon Sarasuaren arrastorik ere ez, eta berak behar zuen bigarren bertsolaria. Garai hartan mugikorrik ez zegoen, ez zeukaten Sarasua lokalizatzeko modurik, eta eskatu zidaten txisteak kontatzeaz gain Arantzazurekin bertsotan egitera animatzeko. Ez naiz gogoratzen zer abestu nuen, baina gogoan dut jendeak primeran pasa zuela bertso haiekin”. Geroztik, intimitatean bakarrik egin omen du bertsotan.

Bestelako rolak ere jokatu izan dituzte zenbaitzuk taulatuaren gainean. Maite Aristegi, esaterako, gai jartzen ere ibilia da: “Garai batean Elosun, Osintxun eta hemen inguruan eliza txikietan egiten ziren bertso saio batzuetan jarri izan ninduten gai jartzen”, kontatzen du. Xabier Mendiguren ere beste hainbeste: “Joxean Ormazabal, nire lankide zenak, gai-jartzaile aritzen zen Zegamako festetan, eta urteren batean, ezin zuela berak joan eta bere ordez egiteko eskatu zidan. Egia esan gustura egin nuen eta bertsolariak ere ez ziren kexatu…”. Ez da berriro animatu: “Saltsero samarra naiz eta probatu egin nahi izan nuen, baina ez nuen lanbide berri bat bilatzen”.

 

Aldizkariaren argi-ilunak

Amonarriz, Mendiguren, Gabiria eta Rodriguez bere sorreratik dira aldizkariaren harpide, eta Aristegi ere hasiera samarretik. Rafa Rueda da berriena: “Iazko Durangoko Azokan NORK komikia erostera joan nintzen aldizkariaren standera, eta harpidetzarekin bueltatu nintzen etxera”.

Aldizkariaren estiloaz edo urte hauetan egindako ekarpenaz galdetu diegunean, Maite Aristegik ekarri dizkigu politenak: “Beti pentsatu izan dut bertsolarien burua berezia dela, eta aldizkari honek asmatzen duela berezitasun hori erakusten. Estilo bizia dauka, jostaria… Nik asko lotu izan dut bertsolaritza jai giroarekin, aisiarekin, eta badirudi aldizkaria irakurtzen jartzen naizenean pixka bat giro horretan sartzen naizela”. Gertutasuna aipatzen du, berari kuttunen zaion munduaren eta balioen, baserri giroaren, emakumeen, lurraren eta herriaren presentzia eta protagonismoa. Eta sosegua: “Bizi garen mundu honetan dena da presaka eta azkar egin beharrekoa, baina Bertsolarik luze jorratutako kontuak ekartzen ditu, patxadaz irakurri beharrekoak, eta hori asko gustatzen zait”. Gaineratzen du nolabaiteko atenporaltasun bat ere badutela gaiek, etxean sartzen diren beste aldizkari batzuetakoak ez bezala ez direla erabat zahartzen. “Apalategian daukat bilduma osoa, eta, lantzean behin, aldizkari bati, edozeini, heldu eta gustura egiten dut eserialdia”, dio.

Xabier Mendigurenen iritziz “bertsolaritza ez da zerbait monolitikoa, ertz asko dituen zera da, jende asko, pentsaera asko, belaunaldi ezberdinak, azterketari ekiteko hainbat ikuspegi, arte mota ezberdinekin izan dituen elkargune anitz… Iruditzen zait aldizkariak jakin duela bertsolaritzaren izaera poliedriko hori jasotzen”. Kike Amonarrizek dio bertsolaritzari buruz baino bertsogintzari buruzko aldizkaria dela, bertsolaritzak euskalgintzan jorratzen dituen aspektuak ere hartzen direla kontuan, eta planteamendu horiek interesgarriak iruditzen zaizkiola. Fito Rodriguezek beste alderdi batean jartzen du azpimarra: “Badirudi, aldizkari koloretsu eta irakurterraza eskainiz, bere irakurleria finkatu duela, eta horrekin batera erkidego oso bat, bertso munduaz arduratzen den oro, trinkotzeko balio izan duela. Ez da gutxi… Dudarik gabe, hastapenetan ez zuen inork pentsatuko horrenbeste iraungo zuenik”.

 

Maite Aristegi: “Estilo bizia dauka, jostaria… Nik asko lotu izan dut bertsolaritza jai giroarekin, aisiarekin, eta badirudi aldizkaria irakurtzen jartzen naizenean pixka bat giro horretan sartzen naizela”.

 

Julen Gabiriak esaten du ez dela gai ikusten aldizkariaren izaera hitz bakarrarekin definitzeko, aldizkariak estilo edo espiritu bat baino gehiago izan dituela iruditzen baitzaio. Zenbaki arinagoak eta dentsoagoak, grafikoagoak eta testualagoak, publiko zabalari zuzenduagoak eta espezializatuagoak tartekatu izan direla dio. “Edonola ere, aldizkariak sekulako garrantzia izan du bertsolaritzaren sozializazioaren arloan, telebistan edo irratian jorratu ezin ziren hainbat gai eta ikuspegi beste patxada batez landu ahal izan direlako bertan. Alde horretatik, iruditzen zait oso ekarpen interesgarriak egin dituela bertso munduko jendearentzat zein zalearentzat”, jarraitu du. Garai berrietara moldatzeko gaitasuna ere aitortu nahi dio aldizkariari: “Gogoan dut, adibidez, hasierako zenbakietan bertso-saioetako alerik onenak agertzen zirela transkribatuta, eta aldizkariak nahikoa arin ulertu zuela horretarako bazeudela beste euskarri batzuk. Antzera gertatu da beste zenbait atalekin ere, iritzi zutabeak gehitu dira eta abar. Edo baita diseinuarekin ere, jakin izan da estilo propio bat lantzen eta, aldi berean, aldaketak, berrikuntzak sartzen”.

Amonarrizi bertsogintzan emozioek duten lekuari buruz berriki ateratakoa gustatu zaio asko: “Antzeko kontuetan gabiltzanoi pista dezente ematen zizkigun”. Umorearen inguruko alea bereziki interesgarria suertatu zitzaion bere garaian, eta NORK nobela grafikoa mundiala iruditu zaiola dio: “Oso komiki zalea naiz”. Xabier Mendigureni izenordeekin Sarrionaindiak aldizkarian argitaratu dituenak iruditu zaizkio onenak, eta Maite Aristegiri azalean Onintza Enbeita zekarrena gustatu zitzaion asko: “Azken lau urte hauetan harreman estua izan dut Onintzarekin. Berari buruz aldizkarian atera diren guztiak arreta bereziarekin irakurri izan ditut, eta zenbaki hura, Diputatuen Kongresuan zerabilen bizimodua kontatzen zuena, aparta iruditu zitzaidan”. Fito Rodriguezi gehien gustatu zaiona aldizkariaren freskotasuna izan da: “Oso aldizkari bizia da, ez baita oinarritzen iraganeko kontu tradizionaletan, eguneroko bertsolaritzak eskaintzen dituen arazoetan baizik”. Azkenik, Julen Gabiriari zenbaki monografikoak gustatu zaizkio gehien, aldizkariaren arnas luzeko lana, bere ustez ekarpenik interesgarriena dena, horietan garatzen baita bere hedadura guztian. NORKen inguruan ere egin nahi izan du aipamena: “Izugarri disfrutatu dut, uste dut ezin zela hobeto ospatu 100. zenbakia”.

Denak ezingo du konplimendua izan, ordea, argi baitaukagu hobetzeko modu bakarra kritikak jasotzea dela. Horrenbestez aldatu, zuzendu, kendu eta gehitu beharrekoez ere galdetu diegu espresuki. Hala, Kike Amonarriz eta Xabier Mendiguren bat datoz aldizkariak azkenaldian argazki gehiegi dituela seinalatzerakoan. “Argazki onak dira, baina askotxo jartzen dituzue, batzuetan irakurketaren haria galtzeraino”, dio Amonarrizek. “Orrien hiru laurden argazkiak dira batzuetan, pertsona beraren 40 argazkirekin… Horren atzetik bertsolaritzaren artxibo grafikoa izateko bokazioa balego, gaitz erdi, baina ez dakit bada hori den kontua… Nik testuei pisu gehiago emango nieke”, komentatzen du Mendigurenek.

Fito Rodriguezek dio hasieran ikerketa aldizkaria espero zuela, baina, funtsean, gizarte kronika bihurtuz joan dela. “Bertsolaritzaz baino gehiago idatzi izan da bertsolarien bizitzaz… Faltan bota izan dut eztabaida gehiago, ikerketa gehiago, mahai inguruak…”, dio. Irudiari, marrazkiei eta argazkiei eskaini zaien gehiegizko presentzia aipatzen du honek ere:  “Azalkeria asko dago batzuetan, baina, era berean, umorea ere ez da falta, eta, ondorioz, erraz irakurtzen da. Ez dakit nik errazkeria txarra ote den berez, baina, txanpon guztiek bezala, aurkia eta ifrentzua izan du honek ere”.

 

Fito Rodriguezek dio hasieran ikerketa aldizkaria espero zuela, baina, funtsean, gizarte kronika bihurtuz joan dela. “Bertsolaritzaz baino gehiago idatzi izan da bertsolarien bizitzaz… Faltan bota izan dut eztabaida gehiago, ikerketa gehiago, mahai inguruak…”.

 

Julen Gabiriari ere gutxien gustatu zaizkionak “argazkietan gehiegi oinarritutako zenbakiak” izan dira, eta txutxu-mutxu edo prentsa arrosaren kutsua zutenak”. “Fribolitatearen beste muturrean, gehiegizko hoztasuna ere ez zait interesatzen”, gaineratu du: “Bertsolaritzaren egoerari, etorkizunari edo plan estrategikoei buruzko txosten mardulak —kongresuetako ondorioak, esaterako—, ez dakit ez ote diren beste moduren batean bideratu behar, soilik bertso munduko jendearentzat edo”.

Rafa Ruedak eta Maite Aristegik ez dute kritika handirik eskaini. “Oraintxe egin naiz harpidedun eta ez nago aldizkariaz gauza askorik esateko moduan”, dio lehengoak; “Neronek denbora gutxi daukat irakurtzeko, hori aldatuko nuke gustura; aldizkaria, dagoen bezala ondo dagoela iruditzen zait”, bigarrenak.

Bestalde, guztiek ere, egindako kritika balorazio positiboa azpimarratuz ñabartu nahi izan dute. Julen Gabiriaren hitzok, adibide gisa: “Dena hobetu daiteke, baina, bestalde, idazle gisa, nahi nuke maila honetako aldizkari bat euskal literatur mundurako. Edo ez derrigorrez horrelakoa: honen herenarekin ere konformatuko nintzateke, egia esan… Zenbaki berria heltzen zaidan bakoitzean, denak dira mardul samarrak, eta batzuk, 200 orritik gorakoak ere bai. Harrituta geratzen naiz zelako lan izugarria egiten duzuen, eta harridura hori ez da 25 urteotan batere aldatu”.

Denak estimatuak dira. Bai konplimenduak, bai kritikak eta baita animoak ere.

 

Bertsolarien bizipen eta iritziak

Iñaki Murua, Igor Elortza, Iratxe Ibarra eta Estitxu Arozena hasieratik dira aldizkariaren harpidedun. Estitxuk gogoan du bere izenean egin eta bere kontu korrontetik ordaindutako lehen harpidetza izan zela Bertsolarikoa.

Amaia Agirrek ere bilduma osoa dauka, baina hasieran gurasoen izenean egin zen harpidetza: “Bertsolari aldizkaria jaiotzearekin bateratsu hasi nintzen ni ere bertso eskolan, eta orduan belaki hutsa nintzenez, seguru ni izan nintzela harpidedun egiteko eskatu ziena (barrez)”.

Jokin Urangak familia politikoaren bidez izan zuen aldizkariaren berri: “Hamahiru urte neuzkala osaba neska erdaldun batekin hasi zen ateratzen, eta haren anaiak, familia berriarekin puntuak irabazteagatik edo, ni bertsolaria nintzela jakinda, San Martin elkartera ekarri zituen ale batzuk. Handik laster egin nintzen harpidedun”.

 

Amaia Agirrek ere bilduma osoa dauka, baina hasieran gurasoen izenean egin zen harpidetza: “Bertsolari aldizkaria jaiotzearekin bateratsu hasi nintzen ni ere bertso eskolan, eta orduan belaki hutsa nintzenez, seguru ni izan nintzela harpidedun egiteko eskatu ziena (barrez)”.

 

Jone Uria dugu harpidedun berriena: “Duela hamar urte izan zen. Durangoko Azokan apuntatu nintzen eta errimak zituen kamiseta urdin bat ematen zuten opari aldizkariaren 15. urteurrena zela eta”.

Ibarrak eta Arozenak gogoan dute aldizkarian lehen aldiz agertu zirenekoa ere. “Ikasle garaian zen, eta emakume bertsolariei eginiko elkarrizketa batera deitu ninduten. Esango nuke bizkaitarrak ginela denak, eta gazteena ni nintzela: Mirari Azula, Xiomara Gezuraga eta, agian, Ainhoa Munitxa ere bai… Leioan egin genuen elkarrizketa, eta gogoan daukat Joxerra Etxebarria irakaslea greban zegoela eta bisita bat egiteko aprobetxatu genuela”, kontatzen du Ibarrak. “Uste dut bertso eskolaren inguruan egindako erreportaje baterako etorri zirela Lesakara argazkiak ateratzera”, dio Arozenak.

Iñaki Murua ez da bertan agertu zen lehen aldiaz gogoratzen, baina gogoan dauka Gipuzkoako Txapelketaren portadan azaldu zenekoa: “Golfeko makila batekin jarri ninduten imintzioak egiten, Zarauzko golf zelaian, eta, halako batean, pilotari jo eta ‘zazt!’ txuloan sartu nuen, nahi gabe (barreak)… Gero, txapelketako saioan, neu joan nintzen txulora (barre gehiago)”. Jone Uria, berriz, portada batean pailazoaren sudur gorria jantzita atera genuela gogoratzen da. Amaia Agirrek ez du gogoan aldizkarian atera zen lehen aldi hura, baina badaki, seguru, amak ondo gordeko zuela: “Ateratzen nintzenean, ohartxo eta guzti gordetzen zituen, aparte batean…”. Emozioen gaiaren inguruan iaz egin ziotena eta aspaldi batean Pako Aristik egin ziona ditu bere kuttunenak.

 

Iñaki Muruak gogoan dauka Gipuzkoako Txapelketaren portadan azaldu zenekoa: “Golfeko makila batekin jarri ninduten imintzioak egiten, Zarauzko golf zelaian, eta, halako batean, pilotari jo eta ‘zazt!’ txuloan sartu. Gero, txapelketan,

neu joan nintzen txulora”.

 

Urangak dio aldizkarian argitaratu zen bere lehen testua duela gutxi irakurri zuela berriro: “Bertso saioa geneukan asteburu bat kontatzeko eskatu ziguten hainbati. Idatzi nuen Eskoriatzan bertsotan izan nintzela Ekaitz Goikoetxearekin, eta Laja eta Iturribide trikitilariek ere parte hartu zutela. Haiekin bueltatu eta, gauean, oinez igo nintzela Xoxotera, bertso bazkari bat genuelako eta bezperatik joatea erabaki genuelako… Ez da denbora asko berriro irakurri nuela, eta lotsa pixka bat ere eman zidan, nola idatzita zegoen ikusita, baina, aldi berean, ilusioa ere egin zidan garai hartan gauzak nola bizi eta sentitzen nituen ikusteak…”. Estitxu Arozena akordatzen da berak Dionisio Mujikari eginiko elkarrizketa bat argitaratu zela aspaldi, eta Iratxe Ibarra, Bizkaiko Txapelketa batean, elkar elkarrizketatzen jarri genituela parte hartzaile guztiak, tartean bera, aspaldi baita ere.

Elkarrizketatuak izateko edo testuren bat eskatzeko deitzen diegunean ilusioa edo nagia gailentzen zaien galdetu nahi izan diegu. Amaia Agirrek dio berari beti egin izan diola ilusioa, eta Iratxe Ibarrak, orain arte behintzat pozik hartu izan dituela gure deiak. “Deia jasotzeak ilusioa egiten du, ‘akordatu dituk nerekin’. Lana egitea tokatzen denean izaten da nagi gehixeago, batez ere entrega data iritsi eta oraindik hasi gabe nagoela konturatzen naizenean. Baina bestelako lanekin ere berdina gertatzen zait”, kontatzen du Jokin Urangak.

Arozenak kontatzen du behin Conny argazkilariak luzaz egon behar izan zuela euren zain: “Lesakara etorri zen Silveira eta bioi argazki batzuk egitera, baina bezperan dezenteko parranda egin genuen eta oso berandu azaldu ginen… Gure lagun bat oraindik gaupasan zegoen eta hura ere azaltzen da argazki erreportajean”. Amaia Agirrek gogoan du behin gurasoen garajean egin ziotela elkarrizketa: “Bunker batean bageunde bezala aritu ginen, nire sekretuak aireratzea arriskutsua izango balitz bezala (barreak)”. Eta, beste behin, xelebre samar joan zela elkarrizketa: “Desio zuten titularra ez nien eman (barreak)”.

Gainerakoek ez dute aparteko pasadizorik oroitzen.

 

Jokin Uranga: “Etxeko armairu bat aldizkariz betea daukat, baina oraindik ere ilusioa egiten dit zenbaki berri bat postontzira iristen den bakoitzean. Egingo diegu tokia etortzen diren berriei”.

 

Igor Elortzari finaleko kontakizunek piztu izan diote interes berezia. “Bestalde, hasierako erreportajeak ere oso gogoan ditut, niretzat artean mundu miresgarri baten kontaketa zirelako”, gaineratzen du. Iñaki Muruak 2003ko kultur artekoari buruzko monografikoa nabarmenduko luke, eta Amaia Agirreri duela hogei urte Inaxi Etxaberi eskaini zitzaion portada iruditu zitzaion oso baliotsua. Iratxe Ibarrak portada mordoxka dauka gogoan: “Mañu bizarra egiten ari den hura, lehenengoa zen, ezta?; Oihane eta Jon Enbeita azalean agertzen direna; Antzuolako futbol partiduarena… Hor pasatzen zitzaidan, Markinako jaiak zirenez, ezin izaten nuela joan, eta inbidiaz irakurtzen nituela… Beste batean, inkesta bat ere egin zen ea nor zen bertsolaririk ederrena, eleganteena eta abar… Euzkitze ateratzen da azalean… Hori, orduan oso nobedosoa izan zen, eta orain ere izango litzateke, gure inguruko jendeaz horrelakoak irakurtzea (barreak)…”. Jokin Urangari kartzelako eta erbesteko bertsolariei buruzkoa gustatu zitzaion gehien: “Xabier Amurizak berea nola bizi izan zuen kontatzen zuen, Txiplasi eginiko elkarrizketa ere bazekarren, baina Jokin Urainen historiarekin ‘flipatu’ nuen gehien… Hainbeste urtean barruan eta oraindik ere bertsoari nola eusten zion…”. Euskal Herriko Txapelketa bateko parte hartzaile guztien errepasoa egiten zuen beste bat ere oso gogoan dauka: “42 printzipalak zekarren, azaleko titular gisa… Bakoitzak zein lanbide zuen agertzen zen, ordurako konturatuta nengoen bertsotatik bakarrik bizitzea oso konplikatua izango zela, eta kuriositate handiarekin irakurri nuen bakoitza zertan ari zen…”.

Gustatu ez zaizkienak ere eskatu dizkiegu. Estitxu Arozenak bertsolarien emazteei buruzkoa aipatzen du, gehiago zehaztu gabe. Jokin Urangak, apaiz bertsozaleei buruzkoa: “Erlijio kontuak ez zaizkit interesatzen eta ez nuen irakurri”. Aipatu izan den aldizkariaren horirako joeraz galdetzeko ere aprobetxatu dugu. “Garai batean argitaratu ziren lan batzuk arrosa samarrak ere baziren, eta bertsolarien artean mesfidantza apur batez hartzen genituen”, dio Igor Elortzak. Gainerakoek ez dute aipagarritzat hartu, edo ez dute espresuki aipatu nahi izan behintzat.

Aldizkariak urte hauetan egindako ekarpenaz galdetu diegu, hurrena. “Nik esango nuke denetariko ikuspegietatik begiratu diola bertsolaritzari eta bertsogintzari, eta, oro har, jakin duela dibulgatiboa izaten, batzuetan akademikoagoa eta beste batzuetan ludikoagoa izanda. Nik neuk, tarteka honetaz edo hartaz jakin edo gogoratu nahi dudanean, begiratzen ditut ale bat edo beste. Dokumentazio lan handia dago hor”, dio Elortzak berak. “Bertsolaritzaren alderdi humanoa azaleratu du batzuetan, monografiko interesgarria besteetan. Ahots, ikuspegi eta bertsolaritzaren ertz ezberdinak agertzea beharko luke ardatz moduan, eta askotan lortu duela uste dut”, gaineratzen du Amaia Agirrek. Kanpokoa ekartzen ongi asmatu duela azpimarratzen du Jokin Urangak, eta Kubari buruzko bi zenbakiak, Renoko Euskal Jaiari buruzkoa eta beste hainbat aipatzen ditu. Iñaki Muruaren iritziz, “ekintzak eta pertsonak ezagutarazten lan handia egin du aldizkariak, modu arin, ikusgarri eta jantzian. Iruditeriak eta argazkiek erakarmen handia sortu dute, euskaldunok oro har dugun izaera zurrunari kontrajarriz”. Estitxu Arozena eta Iratxe Ibarrarentzat, aldiz, hain berezia den alor batean aldizkari bat sortzea bera eta horrenbeste urtetako bidea egitea ekarpen garrantzitsua dira bere horretan.

Harpidedun ilustreei bezala hobetu, aldatu, kendu eta gehitu beharrekoak eskatu dizkiegu, espresuki, baina bertsolariek ez dute haiek adinako ekarpenik egin maila horretan. Amaia Agirrek bertsolari gaztetxoenei tokia egin beharra aipatu du, eta bertso gehiago ere jaso litekeela, iradoki. Gainerakoek ezer ere ez.

Ilustre batzuek argazki gehiegi ote dagoen aipatu dutenez, hori planteatu diegu hurrena. Estitxu Arozenak dio aldizkariaren bereizgarri nagusia argazkien kalitatea dela. “Azken boladan komikigintzan lan polita egin da, baina aldizkariaren indargune nabarmenetakoa argazkiak izan dira beti. Connyk sekulako bilduma egin du, ia hitzik esan gabe beti, irribarretsu, eta klik!”, zabaltzen du erantzuna Igor Elortzak. Iratxe Ibarrak aitortzen du entzun izan duela argazki gehiegitxo ez ote den argitaratzen, baina Iñaki Murua ez dator bat: “Esango nuke orekatuta dagoela. Gogoko dut, iristen denean, lehenengo, argazkien eta titularren bidez gainbegiratua ematea, eta, gero, gaiak hautatu eta sakonago jorratzea”.

Bukatze aldera, aldizkariak izan dezakeen etorkizunaz galdetuta, adarra jotzeko aprobetxatzen du Igor Elortzak: “Etorkizunik baduen zuek galdetuta, ez dakit bada zer erantzun…”. “Hogeita bost urte iraun badu, lanerako gogoa eta ilusioa ezinbestekoak izango zituen. Kalitate oneko ale asko ditut gogoan, eta eskertzekoa da hori. Kolaborazioak edo laguntzatxoak eskatzen direnean ere badakit jendeak ilusioz hartu izan dituela, beraz, aurrera”, bota du berea Amaia Agirrek. Estitxu Arozenak aipatu du zaila dela papereko formatuaren iraupena nolakoa izango den aurreikustea; irudiak, bideoak eta azkartasunak hartu dutela lehentasuna, eta zailtasunak egon daitezkeela horretara egokitzeko. Iñaki Muruari iruditzen zaio “aldizkaria atipikoa dela, eta, dagoen horretan, baduela etorkizunik”. “Elkarteko proiektuekin eskuz esku aritzea komeni zaio eta zaigulakoan nago”, gaineratu du. “Etxeko armairu bat aldizkariz betea daukat, baina oraindik ere ilusioa egiten dit zenbaki berri bat postontzira iristen den bakoitzean. Egingo diegu tokia etortzen diren berriei”, bukatu du Jokin Urangak.

 

2.0 irakurlearen argazki robota

Duela 20 urteko izenburuari ‘2.0’ bat gehitu badiot, nolabait ideia berdina bigarren aldiz lantzen genuela adierazteko izan da, batez ere. Bestalde, orduko hartatik 20 urte pasatu direla ere iradoki lezake, nolabait, kopuruari erdiko puntua kenduta. 2.0 horrek, ordea, bestelako esanahia du izatez, eta, agindutakoaren zorretan, urte hauetan aldizkarira hurbildu den irakurle mota berri horren inguruan ere ekarri beharko da zerbait.

 

Donostian 250 jarraitzaile, Bilbon 187, Gasteizen 83, Buenos Airesen 52, Bartzelonan 39, Madrilen 37, Iruñean 32, Irunen 29, Zarautzen 14, Azpeitian 14, Zumaian 13… Londresen 4 ageri dira, Parisen beste 4 eta Granadan 3.

 

1996an aldizkariak ez zuen papera baino ezagutzen. Lasterrera, baina, sarerako jauzia eman zuen; 1999an, hain zuzen. Ordura arteko zenbakien biltegia eta zenbaki haietan bilaketak egiteko gailu traketsa baino askoz gehiago ez zituen lehen bertsio hark, kolore horia eta gorria nahikoa modu zorigaitzekoan konbinatzen zituen, diseinu sinpleaz harago. Lantaldeari arrotzak zitzaizkion hedabide digitalak, behar besteko dirurik ere ez zen etorri luzaroan, eta, 2007 arte, ez zen bigarren bertsioa etorri: denda gehitu zen, doinuen atala, Bat-bateko bertsolaritza: gakoak eta azterbideak liburuaren lau hizkuntzatako bertsioak, bertsolari batzuen biografia laburrak, diseinu txukunagoa…

Lantaldean kultura digitalean murgilduriko jendea sartzen hasi zen arte, ordea, ez zen aurrerabiderik egin. 2013an, Jon Martin eta Maddi Suarez sare sozialak astintzen hasi ziren, zuzendaritza berriak bideo gutxi batzuk editatzen hasteko erabakia hartu zuen, baita aldizkariaren eduki batzuk sare sozialetan zabaltzen hastekoa ere…

Iazko urte bukaeran etorri da hirugarren bertsioa. Gure ustetan, maila duin bat lortu duen lehenengoa. Blogak jarri dira martxan, sare sozialak webgunean txertatu dira, aldizkariaren edukiak zatikatuta eskaintzen dira, bertsolaritzaren hemeroteka bat atondu da, 25 urte hauetan ateratako argazki guztiak eskaintzen dira, paperekoaren eta sarekoaren diseinuak bateratu egin dira…

Hirugarren bertsio hori berriegia da izan dituen emaitzen inguruan hitz egin ahal izateko. Aurrekoek, ordea, gure harridurarako, oso emaitza txukunak lortzen zituzten. Datu bakarra ematearren, webguneak 2015. urtean 40.717 bisita eta 9.763 bisitari ezberdin izan zituen.

Bertan eskaintzen zena ikusita, aldizkariaren irakurketa eta bilaketak nahikoa traketsak baitziren, datu horrek erakusten du sarean badagoela bertsolaritzan interesa duen irakurle multzo indartsu bat, jada dimentsio garrantzitsu bat hartua duen xede talde bat daukagula esperoan.

Sare sozialetan lortutako emaitzak ere ikusgarriak izan dira. Facebooken, 2.000 jarraitzaileren langa gainditu berri dugu; aldizkariak harpidedunak baino Facebookeko jarraitzaile gehiago ditu. Twitterren ere 1.000 jarraitzaileren kopurua gainditu dugu, 2013ko finalean Facebooken jarri genuen post batek (Ametsen argazkia, txapelarekin, eta agurraren letra) 42.000 ikustaldi izan zituen…  

Eta papereko harpideekin ez bezala, Accesarekin atzera eta aurrera ibili gabe, edo 40 laguni telefonoz deitu beharrik gabe, 2.0 irakurle horien hainbat datu emateko moduan bagaude Facebooken estatistika orrietan sartze soilarekin.

Esaterako, eta poza eman digun datua da hau, badakigu emakumezko jarraitzaileak gehiago direla gizonezkoak baino: %55 emakumezkoak eta %45 gizonezkoak.

Adin tarteak ere eskaintzen dizkigu sistemak: %1ek 13-17 urte bitartean ditu; %28k, 18-24; %34k, 25-34; %21ek, 35-44; %8k, 45-54; %3k, 55-64; eta %2k, 65etik gora. Gauza jakina da sare sozialetan ibiltzeko ohitura gehiago dutela gazteek ilea urdindutakoek baino, baina iruditzen zaigu datuok aurretik aipatzen genuen gure irakurleen gaztetasunaren inguruko errezeloa berretsi dezaketela: Bertsolariren Facebookean portzentaje altuena duen adin tartea 25etik 34 urtera bitartekoa da, eta %63k 34 urte baino gutxiago ditu.

Euskal probintziak ez ditu ezagutzen Zuckerbergek sorturiko sare sozialak. Estatuen arabera egiten du jatorrien partiketa, eta Euskal Herria izan badenik ere ez da ageri, noski, zerrenda horretan. Baina datu bitxi askoak ere topatu ditugu bertan. Adibidez, erabat ‘deskolokatuta’ utzi gaitu honek: jarraitzaile gehien dituen estatua Spain da, espero genuen bezala, baina bigarrena Argentina, 118 jarraitzailerekin. Ez dakigu nolatan, baina bertako euskal diasporan izugarrizko arrakasta izan dugu, nonbait, edo Facebookeko sistemak akats potoloren bat dauka jarraitzaileen jatorriak zehazterakoan. Hirugarrena Frantzia da 49 jarraitzailerekin. Erresuma Batuan 14 dauzkagu, Irlandan 10, Mexikon 8, Alemanian 6, Estatu Batuetan 4, Australian 3… India, Nepal eta Indonesia bezalako lurralde exotikoetan ere badaukagu Bertsolariren jarraitzaile bana: globalizazioak eta krisi ekonomikoak bultzatuta hara mugitu behar izan duten bertsozaleak… Edo Facebooki adarra jotzen dion jendea…

Benetakoak balira, mereziko lukete elkarrizketatxo bat…

 

Facebookeko jarraitzailearen argazki robota: emakumezkoa da, gaztea eta jatorri anitzekoa. Hirian bizi da, eta nagusiki euskaraz mintzatzen den arren, gaztelania ere asko erabiltzen du; baina, tarteka, ingelesa, frantsesa eta katalana ere bai.

 

Paperekoaren harpidedunei erreparatuta, herri ‘Bertsolarizaleenen’ zerrenda egin dugu lehen. Donostia, Bilbo, Azpeitia, Zarautz, Zumaia, Hernani eta Gasteiz ziren harpide gehien zituztenak, hurrenez hurren. Facebookeko sistemak jasotzen duen zerrendak antzekotasun eta ezberdintasun bitxiak eskaintzen ditu: Donostian 250 jarraitzaile, Bilbon 187, Gasteizen 83, Buenos Airesen 52, Bartzelonan 39, Madrilen 37, Iruñean 32, Irunen 29, Zarautzen 14, Azpeitian 14, Zumaian 13… Londresen 4 ageri dira, Parisen beste 4 eta Granadan 3.

Hizkuntza hautuari dagokiona da eskaintzen zaigun hurrengo datua. Jarraitzaile gehienak, espero bezala, euskaldun gisa aurkeztu dute euren burua Facebooken. Baina uste baino askoz gehiago dira, seiehundik gora, hizkuntza lehenetsi gisa gaztelania edo espainola jarri dutenak. Bestalde, gehiago dira sareko hizkuntza gisa ingelesa hautatu dutenak (31), frantsesez dihardutenak baino (21). Katalana aukeratzen duten 10 ere badaude. Exotikoenak, hizkuntza lehenetsia bulgariera eta poloniera duten lagun bana.  

Sare sozialetako jarraitzaileen arten, harpidedunen artean bezala, badira izen-abizenik ez duten irakurleak: Zugatz Ayuso Txirrinduak, Eizu Gaztelekua Beasain, Taket Bertso Eskola, Dolare Sagardotegia, Donostia hostala… Eta baita Maider Nauzu, Goza Tibu, Xu Xirin edo Gora Gure Gura bezala izen-abizen asmatuak dituztenak ere. Kurioski, ordea, harpidedunen artean baino portzentaje altuagoa dute 2.0 jarraitzaileen artean izen-abizenak ematen dituztenek.

Badaude, halaber, gezurretakoak diruditen arren benetakoak diren izen-abizenak ere. Esaterako, Szafranski abizena duen lagun batek Donostiako danborrada, euskal kostako denboralea, Pablo Sorozabalen Sorgin Dantza eta Amasako baratze bat ditu mintzagai, besteak beste, bere Facebookeko orrian. Polonieraz idazten du guzti horietaz. Eta Bertsolari aldizkariaren jarraitzailea da. Bera da poloniera lehenetsia duen jarraitzaile hori. 

Bestalde, badaezpadakoak diruditen hainbat datu egiazkoak izan daitezkeenaren zantzuak ere aurki daitezke jarraitzaileen orrietan, banan bana sartuta. Askok eta askok gaztelaniaz idazten dute barra-barra. Katalanez, frantsesez edo ingelesez ari den bakanen bat ere topatu dugu, eta baita Buenos Aireseko lagunen bat ere…

Kontuak kontu, eta gehiago luzatu gabe, aldizkariaren Facebookeko jarraitzailearen argazki robota egiteko moduan gaude: emakumezkoa da, gaztea eta jatorri anitzekoa. Hirian bizi da, eta nagusiki euskaraz mintzatzen den arren, gaztelania ere asko erabiltzen du; baina, tarteka, ingelesa, frantsesa eta katalana ere bai.

Bat baino gehiago Mañuren esplikazio astrofisikoak baino galduago utz dezakete argazki honek eta aipatu ditugun datu batzuek…

Gutxi gorabeherakoa da, noski, argazki hori. Litekeena da bildutako datuek bestelako azalpenen bat izatea, baina litekeena da, baita ere, bidean aurrera egiteko pedalek, gutxi gorabehera, nortasun horiek izatea ere.

Harpideak