Jaio, Unean Unekoa, Hil

2018-12-17

Jaio, Unean Unekoa, Hil –

Testua: Galder Izagirre (Berri Txarrak)
Ilustrazioa: Patxi Gallego

 

 

Jaio, Unean Unekoa, HilBatzuek diote gure bizitzak patuaren bideari jarraitzen diola txirrindulariak tropelari bezala, jaiotzen garenez gero dena idatzia dagoela, alegia.

Eta zenbaitetan hori hala den susmoa izan badut ere, badira uneak, esan dezagun ”eremu liberatuak “, zeinetan teoria hori hankaz gora geratzen den, bertsogintza da horietako bat.

Bizitzaren azken helmuga heriotza dela argia den bezala, bertsolariak ere azken hatseraino egiten du beren lehen barne bidaia, idazteke dauden hitzen errimen azken jantzia zein izango ote den asmatzeko.

Itzulipurdia gertatzen da orduan. Amaiera zein den jakinda, bertsolariari baitagokio bizitza duin bat ematea bertsoari, neurri eta doinuaren menpean soilik eta kontrajarriak diruditen bi kontzeptu kontuan harturik, inprobisazioa eta memoria (oraindik bizi ez den zerbaiten memoria).

Harriaren barruan, forma edo figura bat ikusten duen eskulangilearen antzera, hitzez hitz zizelkatzen hasten da harria ahalik eta txukunen iritsi arte erabakitako amaiera horren magalera.

Orduan gertatzen da, bertsolaritzak emana, bizitzaren miraria, ezer idatzia ez den lur idorrean ere, hazia erein, sustraia zabaldu eta bat-bateko jarioaren bitartez loratzen dena.

Hizkuntza batek bizileku bat, ez geografikoa, soziologikoa baizik ematen dizula irakurri nuen orain gutxi. Eta Amets Arzallusen Suaren inguruko 9 puntukoan pentsatu nuen segidan, komunikatzeko modu hau bi kontzeptu horien bueltan dantzan dabilen artea baita.

Dena ez baitago idatzita. Jaio, Unean unekoa, Hil.

Jaio, Unean Unekoa, Hil