[Joxe Agirre VII] Erromeriak

[Joxe Agirre VII] Erromeriak –

“Mutilak bazterrean ardoa edaten eta gu dantzan, horrelakoak ziren erromeriak”

 

Testua: Joxean Agirre
Argazkiak: Conny Beyreuther

 

Bertsotan plazak egiten berandu samar hasi zen Joxe Agirre, baina erromerietara joaten oso gazterik, 13 urterako. Sasoi hartan mutikoaren ametsa ez zen aizkolari edo bertsolari izatea, trikitilari izatea baizik, eta soinu-jotzailearen ondoan jarri eta hari begira ematen omen zituen arratsaldeak. Joxek gogoratzen zuen lehen erromeria lekua Iztioko saletxe aurrean zegoen zabalgune bat zen. Han biltzen ziren igande arratsaldeetan, eta Mario izeneko soinu-jotzaile batek jotzen zuen. Auzoko mutilek elkar hartuta erosi zioten soinua, eta Sakabirekin ikasi omen zituen pieza batzuk. Beste bolada batez Leizea baserrian ere egin zen erromeria. Ardoa eta pikuak eramaten zituzten. Baina sona handiena lortu zuen erromeria lekua Izarraizpeko Kostitakoa izan zen. Ur putzu baten ondoan dagoen zabalgunea da Kostita, ondoan txabola eder batekin. Hara Luziano Xaguak eramaten zuen ardoa, eta Arbe trikitilaria hasi zen joaten Leandro pandero-jotzaile zuela. Eta Madariaga Txikiak berak ere jo omen zuen bolada batez, eta Lajak ere bai, artean mutikoa zela, tarteka gero Kupela taldean bateria-jotzaile bezala ezagun egin zen Juan Ezenarro Berastegi panderoarekin ondoan zuela. Neguan, beheraxeago dagoen Villa Plata izeneko etxe batera jaisten ziren. Etxe horretatik egin omen zuen Joxek bere lehen neska-laguntza, baina ez omen zen bere meritua izan. Neska inguratu zitzaion eta “gaur biok joan behar dugu elkarrekin”, esan omen zion.

Erromeria horri buruz hitz egiteko, Azpeitian bizi diren Joxe Agirreren hiru arreba bildu ditugu kafetegi batean: Maritxok, zaharrenak, gazterik aurkitu zuen senargaia eta gutxiago ibili zen Kostitako erromerian, baina beste biak, Ixiar eta Sabina, elkarrekin abentura asko pasatakoak dira.

“Gu dantzari amorratuak ginen, eta arratsaldea dantzan ematen genuen, mutilak guri begira edo ardoa edaten zeuden bitartean. Erromeria bukatzen zenean hasten ziren gure atzetik eta han izaten zen ferra-hotsa!”, hasi da Ixiar. Mutilak ez zirela hain animaliak izango, ferra-hotsak ateratzeko adina ez behintzat, aurpegiratu diot, eta berehala erantzuten du, bere anaiak puntuari bezala: “Orduan mendiko bota batzuk ferrekin izaten ziren”.

“Oso gazteak ginen eta mutilak ez zitzaizkigun askorik axola –jarraitzen du Sabinak-. Dantzan eginez gero, nahikoa genuen. Etxean ere logelan aritzen ginen dantzan ikasten edo entrenatzen, eta etxe ondoan genuen saletxean ere bai. Lanaren aitzakian joaten ginen saletxera eta dantzan jarduten genuen jo eta ke. Otea ebakitzera bidaltzen gintuzten, eta gu dantzan”.

Neskak elkarrekin, kuadrillan, joaten ziren erromeriara. “Xagua, Xagu Handia, anaia Joxeren kontra apustuan ibilitakoa, garrafoi ardoarekin igotzen zen, eta mutilak bazterrean gelditzen ziren. Bi edo hiru bakarrik etortzen ziren dantzara. Orduan ere motzak ziren oso gizonezkoak, edan egin behar izaten zuten neska batekin hitz egiteko”, jarraitzen dute bi ahizpek nahasian.

Maritxuk ez daki zenbat jende bilduko zen kalkulatzen, baina jende mordoxka biltzen zen, Izarraitz maldakoez gainera, landetarrak igotzen baitziren eta Azkoititik gazteak ere bai”. Azkoitiarrak espabilatuagoak zirela dio Sabinak, eta eztabaidan hasi dira.

Ea Kostitatik Orandara zenbat denbora dagoen, neska-laguntza hori laburra izaten al zen galdetu eta hirurak hasi dira bakoitza berea kontatzen. “Gustukoarekin laburra izaten zen, baina hala moduzko batekin luzea”, dio Sabinak. “Nik, behin, erdi bidean, Alabier aldera doan bidetik behera bidali nuen mutil bat haizea hartzera. ‘Hi, joan hadi hortik behera’, esan eta bidali nuen”, dio Ixiarrek.

Neguan eguraldi txarra egiten zuenean Kostitatik beherago dagoen Villa Platan elkartzen ziren. “Abarka beltzei lustrea ematen ibiltzen ginen dotoreago egoteko”, dio Sabinak. “Gure garaian Arbe etorri ohi zen soinu-jotzera, baina ez beti. Hura etortzea gauza handia izaten zen. Hari ordaintzeko, mutilek jartzen zuten dirua. Neskok ez genuen ordaintzen”, dio Ixiarrek.

Ea etxera bidean mutilarekin zertaz hitz egiten zuen galdetu eta “eguraldiari buruz edo etxean genituen behiei buruz, batek esne asko ematen zuelako, eta horrelako gaiekin ibiltzen ginen”, erantzuten dute adar-jotzaile.

Ez ziren, noski, Kostitara bakarrik joaten. Hirurak daude Sakabi eta Elgeta soinua jotzen ikusita, Azpeitiko Galtxanean eta Aittolan ere bai. “Donostian Egia jatetxean egon nintzen lanean, Parte Zaharrean, eta barruak behin buelta eman zidan mahai baten gainean Elgeta, baldartuta, soinua jotzen ikusi nuenean. Aurrean txapela jarrita zuen dirua biltzeko”, gogoratu du Ixiarrek.

Mariaren Alabak kongregaziotik botata ibilitakoak dira hiru ahizpak, dantza lotua ere egiten zutelako. “Salatariak egoten ziren, orduan. Apaizarengana joaten ziren dantza lotua egiten ikusi gintuztela esatera. Gu irten samarrak ginen. Ez ginen eskandalu bila inoiz ibili, baina gauza gutxi behar izaten zen, orduan, kongregaziotik botatzeko”, dio Sabinak.

Lau arreba zituen Joxek. Zaharrena hilda dago. Laurogei ditu Ixiarrek, 83 Sabinak eta 86 Maritxuk. Adinean aurrera doaz, baina ez dute umorerik galdu. Lehen ere ba omen ziren mutil formalak, eta baita tontoak ere. “Behin neska-laguntza egin eta neskaren etxera, urrutiko baserri batera, iritsi zirenean neskak esan omen zion: “Honaino etorrita, zerbait nahiko zenuen, ba?” eta “Ez, afalduta etorri naiz”, erantzun omen zuen mutilak.

 

Iñaki Garmendia Laja trikitilaria: “13 urtetik 15era jo nuen Kostitan”

“Gure aita zenak jotzen zuen soinua, eta hura falta zenean, bere kutxatik atera eta harekin ikasi nuen zerbait jotzen, pieza bakan batzuk, aitari entzundakoak. Artean maisua etxera ekarri gabe nenbilen. Geroxeago, 17 urte nituela ekarri zidaten Elgeta, eta egin zituen hilabete batzuk gurean niri erakusten. Baina aitari ikasitako pieza horiek joko nituen Kostitako erromerian. Soinua ere zahar samarra zen hasieran, haize asko samar galtzen zuen bat. Geroxeago, 15 bat urte nituela, erosi genion Epelarri. Oraingo Epelarren aita zena zen, soinu-jotzaile polita, Elgetarekin ikasitakoa. Elgetaren tonukoa zelako erosiko genion, nik harekin ikasi nahi nuelako”, hasi zen eta Kostitako erromerian azken aldera erabili zuen Larrinaga Guerrini horrekin igo ginen argazkiak ateratzera. “Hirurogei urte baino gehiago dira erosi nuela, eta begira nolako soinua duen”, esaten zuen piezak jotzen zituen bitartean.

“Kostitako erromerian Izarraizpeko jendea biltzen zen. Bostak aldean hasi eta ilunabarrera arte jarduten genuen. Mutilek txapela pasatzen zuten eta duro batzuk irabazten genituen, guretzako asko garai hartan. Hamahiru urterekin hasi eta 15era bitartean jo nuen nik erromeria honetan. Bakarrik etortzen nintzen, baina batzuetan Juan Ezenarro Berastegi, gerora Kupela taldean bateria jotzen aritu zena, etortzen zen panderoarekin laguntzera. Ondoren, Komuntzoko erromerian ere jo izan nuen, baina plaza hori Sakabik hartua zuen, eta inguruko erromerietara bidaltzen ninduen, Granadara etab. Komuntzon bolatokia egin eta kantina bat ere jarri zuten. Kostitan Azkoitiko Leandrok, Arbek eta Madariaga Txikiak ere jotzen omen zuten gure aurretik. Mutikoa nintzela ikusten nituen inoiz gure etxe aurretik pasatzen”.

 

Joxe Agirre izan zen Laja eta Landakandarentzat kopla gehien egin zituen bertsolaria. Beren diskoetako hitz gehienak harenak dira, tarteka Azpillagak egiten bazituen ere. Trikitixa diskotik bi pieza aukeratu ditugu:

 

Trikitilarien elkartasuna

1.-Trikitilariak gera
Euskal Herrian sortuak
batez ere Bizkaia ta
Gipuzkoako frutuak
nahiz eta batzuetan egon
pixka bat atzeratuak
berriro zorionian
gaude indarra hartuak

 

2.-Soinu txiki ta pandero
eskuetan dabilzkigunak
horien bidez gozatu nahi
inguruan dauzkagunak
inoiz aiton ta amonak
dantzan jartzen dakigunak
gu gera tristura danak
uxatu nahi ditugunak

 

3.-Apaizak deitzen zioten
lehen infernuko hauspua
Aspaldiko esaera
baina ez daukat ahaztua
orain garbia dala-ta
jende gehiena poztua
hau bertako gauza degu
ez da inori ostua.

 

4.-Orain elizan jotzea
Ere ontzat hartzen dute
herri mezak diranean
inoiz deitzen digute
gure soinuaren hotsak
nori egingo dio kalte
Jaungoikoak berak ere
tristurarik ez du maite.

 

5.-Eskerrak jaialdi hauek
antolatzen dituztenei
era honetako gauzak
ez dira ikusten noiznahi
eta besarkada handi bat
gu maitatzen gaituztenei
euskaldunak poztutzea
besterik ez genduke nahi.

 

 

Gure estuasunak

1.-Gaur zer gertatu zaigun
esan nahi nuke nik
gizon ezjakinentzat
ez da zorionik
ez pentsatu ederki
ibili geranik
kaliak nola pasa
asmatu ezinik.

 

2.-Gaur arte Madrilera
ez ginan etorri
argi asko da hemen
berde eta gorri
ta zertarako diran
guk ezin igarri
kale zaliak ez ditut
ondraduak jarri.

 

3.-Pasa geradenian
hala ere kontentu
berehala neska bat
zaigu inguratu
kafea hartzera gaitu
berak gonbidatu
baina gu ez gerade
joaten atrebitu

 

4.-Neskatxa hori hasi da
goxo hitz eginez
gurekin osatu nahi
zuen atseginez
ipurdiari oso
bizkor eraginez
sasoi ederra daukan
itxurak eginez.

 

5.-Hola izaten omen da
neska horien jira
deskuidatzen danari
poltxikotik tira
eskerrak gure andrak
ez dauden begira
hemen ez dek giro ta
goazen Azkoitira.

[Joxe Agirre VII] Erromeriak