[Joxe Agirre VIII] Auzoak

2018-02-28

[Joxe Agirre VIII] Auzoak –

“Hogeita zazpi aldiz kantatu zuen Artadin”

[Joxe Agirre VIII] Auzoak

Baditu Joxe Agirrek hogeita zortzi urtetik gora kantura joandako auzoak. Imanol Lazkanok Mendaroko Santa Ana gogoratzen du, esate baterako. Mezaren ondoren egiten zuten saioa, baina benetako jarduna herrikoa izaten zen, elizaren kontra zegoen taberna zahar batean bazkalondoan egiten zutena. Santanatan gehienetan bero egiten zuenez, taberna horrek edariak errekan freskatzen jartzeko ohitura omen zuen. “Guk han sekulako saioak egiten genituen. Laja eta Landakanda izaten ziren trikitia jotzen, eta behin Landakandari entzun nion bertso saio on asko entzundakoa zela, baina gurearen parekorik ez zuela gogoratzen. Geu ere exijentzia puntu horrekin joaten ginen. Uholde batek eraman zuen taberna hori, eta gehiagoa ez zen hor saiorik egin. Hogeita zortzi bat aldiz uste dut joan ginela Mendaroko Santa Anara. Juanito Loiola izeneko bertsozale bat ibiltzen zen antolatzen. Bertsotan ere poliki egiten zuen”, esan zigun Imanol Lazkanok. Bi auzo zeudela Gipuzkoan esan ohi zuen Joxe Agirrek berak inoiz kantatu gabeak, Aldaba eta Santa Marina; beste guztietan kantatu zuela, eta horietako batzuetan askotan. Nafarroan ere bazituen plaza finko samarrak: Areso, Leitza eta Azkarate, esate baterako. Eta Bizkaian ere harrapatzen zituen auzo batzuk Agirreren zirkuituak.

Askotan bisitatutako auzo horietako bat da Zumaiako Artadi, eta auzo horretan sanmigeletan gai-jartzaile urte askoan ibilitakoa den Juan Mari Galarragarekin egin genuen hitzordua. Torre baserrian jaio zen eta Zumaiako kalean bizi da.

Artadiko festek ba omen dute aurre-historia bat, 1979an hasi eta 82ra bitartean bertako gazteek nahikoa lan izan baitzuten elkartzeko leku bila. Elizaren ondoan garai batean eskola eta ondoren apaizetxea izandakoari bota zioten begia, eta hiru urte eman zituzten gotzaitegira bueltaka, lekua alokatu eta egokitzapen lanak burutu zituzten arte. 1982an hasi ziren, beraz, diru-laguntzak eskuratu eta festak antolatzen. Eta, une hartan puri-purian zeudelako edo, Amuriza eta Lopategi ekarri zituzten. “Lehen bi urteetan Basakarte bertsolaria ibili zen gai-jartzen, baina, hirugarren urteko festen bezperan, eztarrian polipo bat atera zitzaion eta egokitu zitzaidan niri hastea. Anaia eta biok ibili ginen, bezperan, presaka, gai batzuk asmatzen, eta 2007ra bitartean ibili naiz lan horretan, erreleboa Igor Manzisidorri, auzoko gazte bati, pasatu nion arte. Hogeita bost urteotan zehar bertsolari asko pasatu da hemendik, Sanmigeletako festez gain zaharren omenaldi eguna ere egin izan baita urte askoan. Baina gehien etorri den bertsolaria Joxe Agirre izan da”, esan du Juan Marik, eta karpeta txukun batetik urtez urte nork kantatu duten erakusten duten orrialdeak atera ditu. “Nire zerrendaren arabera, 27 aldiz izan da Joxe Artadin. Horrek esan nahi du, urterik huts egin gabe etorri dela auzo honetara, sanmigeletan ez bada, zaharren omenaldi egunean. Omenaldi horietako batean, 92an, auzoko hiru amona aukeratu genituen, eta haiekin batean, omenduen artean, Lazkao Txiki eta Agirre ere sartu egin genituen, hainbeste urtetan etorri zirenez, ondo irabazia zutelako. 2011n ere ekarri genuen Joxe Agirre, baina gonbidatu bezala etorri zen”.

Juan Marik ez du tratu pertsonal esturik izan Joxerekin, baina bertsolari bezala mirespen handia izan dio. “Ikaragarria zen bertsolari bezala. Neuri mahai-inguruko bertsolaritza izugarri gustatzen zait, eta Joxe oso ona zen horretan. Urteen poderioz, gainera, auzoko guztiak ezagutzen zituen, eta horrek aukera ematen zion denekin sartzeko. Meza ondoren pilota partidak egiten ziren eta dira, Etxabetarrak jatorriz hemengoak direlako; txakolin dastatzea izaten zen gero, gu umeak ginenean baserri askotan txakolina egiten zelako, eta ondoren egiten zen lehen bertso jarduna. Baina benetako saioa bazkalondokoa izaten zen. Bertan izaten ziren trikitilariak ere, eta sekulako giroa sortzen zen. Batzuetan, kanpoan jende asko biltzen bazen, hirugarren saio labur bat egiten zuten kanpoan. Bazkalondokoa gai librean egiten zen beti”, gogoratu du Juan Marik.

Ia hogei urte daramatza Artadiko gazteen soziedadeak San Migel ondorengo igandean 18 urtez beherako trikitilari txapelketa antolatzen, eta ekitaldia aurkezten jarraitzen du Juan Marik, ez baitu oraindik ordezkorik aurkitu.

[Joxe Agirre VIII] Auzoak