Magian sinesten dugu

Maite Berriozabal eta Alaitz Rekondo-(r)en argazkia Maite Berriozabal eta Alaitz Rekondo 2016-12-30
Argazkiak: Conny Beyreuther

Magian sinesten dugu –

Bat-batean sakeleko telefonoak jotzen digu, batari Elorrion eta besteari Lesakan. Telefonoaren bestaldetik Bertsozale Elkarteko emakume ahots ezagun batek pasioz diosku eskuartean dutena itzela dela, udaberrikoa ezin hobeto joan zela, uztailerako aurreikusita dutena zoragarria izango dela eta ea guk horretan guztian parte hartu nahi dugun.

Halako gonbidapen erakargarriari baietz erantzun genion, asko pentsatu gabe, orduan oraindik ez genekielako zein zailak ziren ahoskatzen zipretarren izenak. Kontua da baietz esan genuela eta luzaroan lantzen ibilitakoari ginga jartzeko azken esprintera batu ginela.

Munduko hainbat txokotatik etorritako inprobisatzaileen saioetan gaiak jarri behar genituen, beraz. Dozenaka galdera egin genizkion lehenengo geure buruari eta, gero, Bertsozale Elkarteko aurpegia zuen norbaiti: “Gaiak, zein motatakoak? Ohiko saio egitura? Herrialde bakoitzeko ordezkariek elkarrekin abestuko dute ala bertsolariekin batera? Ofiziotan badakite? Beraiek erabiltzen dituzten doinuak zeintzuk diren badakigu, gaiak doinuetara egokitu beharko ditugu, ala? Errazagoa izan daiteke horrela, ezta? Edozein gai izan daiteke ala esan dizuete beraiek zerbait? Egitura erabakita dago ala guk egin behar dugu hori? Zenbat denbora daukagu?”.

Magian sinesten dugu
Alaitz Rekondo

Eta azken galdera horretan denbora izoztu zen, marrazki bizidunetan sorpresaz zerbait gertatzen denean bezalaxe. Handik gutxira, eta denbora bere onera itzuli zenean ohartu ginen inork ezin zizkigula galdera horiek guztiak erantzun. Diplomatikoago esanda, galdera horiek guztiak oso interesgarriak eta aberasgarriak ziren, baina, tamalez, ez zegoela erantzunik. Guk gure barrurako ontasun osoz pentsatu genuen: “Oso interesgarria izango da eta esperientzia aberasgarri horretatik asko ikasiko dugu. Gainera, ziur norbaitek zerbait prestatu eta landu duela gaien inguruan, baina justu gurekin hitz egin duenak ez zekien. Ziur baietz, bertsozale elkartean denerako dago lantalderen bat eta gure gaiak lantzen laguntzeko ere egongo da, bai horixe. Erraza izango da, eta gidoia eginda emango digute, beharbada. Dena ezinhobeto joango da”.

Bueno, benetan zera pentsatu genuen: “Horren denbora gutxian eta horrenbeste saio? Baina zer gai? Ez dakite ez zer, ez nola, ez noiz, ez zenbat… Eta guk saio denak aurkeztu? Baina zein herrialdetatik datoz? Eta hizkuntzak? Guk ingelesez askorik ez dakigu… Bueno, Interneten herrialde gonbidatuetako inprobisazioaren inguruan irakurriko dugu eta… Non sartu gara baina!”.

Laster ohartu ginen non sartzen ari ginen. Izan ere, segituan ulertu genuen zergatik deitzen zen egitasmoa Europa Bat-batean. Izena ez zebilen ahozko inprobisazioaz bakarrik, denon inprobisatzeko gaitasunaz zebilen; alegia, ahalik eta denborarik laburrenean gauzak prestatu, eztabaidatu, landu, kontrastatu, errepasatu eta gauzatzeko gaitasunaz. Bat-bateko gai-jartzailetza asmatuta dago, baina trebatu ginen gu biok ere horretan. Azkenerako, gustua ere hartu genion sasi bat-batekotasunari, emaitzarekin pozik geratzeraino.

Hasierako galderak eta beldurrak ahuldu zitzaizkigun herrialdeei aurpegiak jarri ahala. Kubatarren indarra, zipretarren jolasa, galestarren dotorezia, mexikarren alaitasuna, austriarren umorea, Balear Uharteetakoen etorria… Lehenengo saioa egin, inprobisatzaileak kantuan entzun, eta konturatu ginen guk aurreikusitako mugen gainetik ari zirela denak kantuan. Gure beldurra zela beraiek gure gaien logika ez ulertzea, geure ardura handienetakoa zela beraien eta euskaldunen arteko interakzioak ez funtzionatzea, guk kontrolatu nahi genuela beraiek berez eta bat-batean egiten dutena. Lehenengo saioa entzun eta argi ikusi genuen: kantu inprobisatuaren jatorri desberdintasunak ez du bat-batekotasunaren magia zapuzten. Bada jendea munduan kantu-inprobisatuak konektatzen duena.

Magia horrek hartu gintuen gu ere oholtzan behin eta berriz. Aurrez horren konplexua zirudiena ez zen horren zaila antza. Dena bere lekuan eta ordurako. Itzultzaileak oholtzan batetik bestera. Gure paperetan nota bat hemen eta beste bat han. Bertsolariak anfitrioi onenen gisara. Herrialde gonbidatuetako inprobisatzaileak prestu eta irribarretsu. Txaloak publikoan eta txaloak oholtzan. Talde bat kantuan. Eta gu magiari forma eman behar zitzaiolakoan.

Gai ederra da hori bakarreko saio baterako: zer da edo zerk eragiten du bat-bateko magia?

Gu ez gara bertsolari eta ez dugu bertso sortarik idatziko, baina magian sinesten dugu.

Magian sinesten dugu
Magian sinesten dugu  Magian sinesten dugu  Magian sinesten dugu