Txapelketa alternatiboak IV: Urtarrileko saioa. Markina-Xemein, Bizkaia

2017-10-11

Urtarrileko saioa –

Testua: Nera Ibarzabal

2009 Markina-Xemeingo I. Bertso Txapelketa

2010 Markina-Xemeingo II. Bertso Txapelketa

2011 Bertso Boxeo Izarrak

2012 Amaiurko Bertso Guda (Nafarroako Erresumaren historia)

2013 Boiseko Euskal Etxea

2014 Bertso Zirkua

2015 Bertso Olinpiadak

2016 12 bertso probak (Asterix eta Obelix)

2017 Markinaldeko Merindadearen historia

Bederatzi urte bete ditu Markina-Xemeingo urtarrileko saioak. Akerbeltz gaztetxea goraino betetzen da, urtero, urtarrileko azken edo azken aurreko asteburuan, eta ez da gutxiagorako, gaztetxea osorik eraldatzen baita aukeratutako gaiaren arabera: boxeoko ring izan da, Nafarroako gaztelu ere bai, Boiseko euskal etxe, zirku… irudimenak eman ahala.

Gazte asanbladako jende bertsozaleak bultzatu zuen txapelketaren ideia 2009an. Lehenengo saio biak txapelketa “arruntak” izan ziren: banaka jokatu zuten bertsolariek, ariketa tradizionalekin eta txapela sari zutela. Baina, gerora, testuinguru bat ematea pentsatu zen, eta hortik hasi ziren txapelketak gai baten inguruan antolatzen. 

Afalosteko saioa izaten da, eta bertsolariak, epaileak, gai-jartzaileak eta afaria bera ere urte bakoitzeko gaira egokitzen dira. Gaztetxea Boiseko euskal etxe bilakatu zen urtean, esaterako, hanburgesak eta patata frijituak afaldu zituzten, eta bertsolariak artzain, indiano edo zestalari bilakatu ziren gau batez. Biko edo hiruko taldetan kantatu ohi dute.

Bertsolari multifuntzionalak

Noizbait txapelketa serioetako ariketak berritu beharra baldin badago, Akerbeltzen egin diren esperimentuen artean aukeratu daitezke. Gaiak eta oholtzako ariketak ere tematikara ekarriak egoten dira, noski, eta horri esker Usain Bolten abiadura errekorra gainditu zuen Joseba Artzak Olinpiadak egin ziren urtean. Hitz bat eman eta hari kopla bat kantatu behar zion ahalik eta bizkorren –ez kantuan hasi soilik, baizik eta kantatu ere bizkor-. Kopla transkribaezina da, ez baitzitzaion ia ezer ulertu.

Igeriketa sinkronizatua ere egin daiteke bertsotan, bikote bakoitzaren kohesio maila neurtzeko. Bata kantuan hasterakoan, besteak bertso bera kantatu behar zuen aldi berean. Publikoak barre dezente egin zuen bertsolarien kontura.

Ofizio bat bizikleta estatikoen gainean egin zuten, eta baita xake taula baten aurrean ere. Inguru oso bertsozalea denez, gerturatzen direnek asko gozatzen dute, eta mimoz oroitzen dituzte entzundako bertsoak gerora ere. Antolatu zen lehenengo urtarrileko saioa herrian sarekada bat egon eta urtebetera izan zen zehazki, egun berean, eta Joseba Sololuzek botatako agurraren bukaera kantatzen du jendeak oraindik:

segi daigun gaur lez barrez

pasatzen gaba gehienak

horrelako gauzak dira

izorratzen dituztenak.

 

Mailari eustearen lana

Asanbladak urtean zehar egiten duen ekintzarik handienetakoa da, eta erantzuna ere horrelakoa izaten den arren, lan karga handia suposatzen du urtero.

Asanbladako kidez eta inguruko batzuez osatutako lantaldeak antolatzen du saioa. Bertan pentsatzen dituzte tematika, testuingurua, gidoia, gaiak, ariketak, egitura, afaria… eta, gero, dena asanbladak onartzen du. Guztiek parte hartzen dute muntaketa eta dekorazio lanetan zein afaria egiten.

Saria ere gaiarekin bateragarria izan ohi da, nola ez. Hasierako bi urteetan txapela egon zen arren, Boxeoaren urtean gerrikoa izan zen saria, esaterako, eta Olinpiadetan, erramu koroa.

Kuriositate gisa, Gazte Topaguneetara esportatu izan dira Akerbeltzen sortutako bi ideia: Amaiurko Bertso Guda eta Bertso Zirkua.

Urtarrileko saioa