Txapelketen historia: 1965-67. Luis Baraiazarra

Txapelketen historia: 1967. Luis Baraiazarra –

Hirurogeiko hamarkadako bertso-giroa

Luis Baraiazarra Txertudi

 

Bertsolari aldizkarikoek gaia jarri digute: Hirurogeiko hamarkadako Bertsolari Txapelketa Nagusiak; batez ere, garai horretako finaletan ezartzeko begirada. Nik oroimenaren begiak zorroztu nahi izan ditut, eta orduko bi final gogoangarri etorri zaizkit bat-batean: 1965ekoa eta 1967koa. Azken hau final handia, lehiatua eta beroa izan zen; zorionez, ni bertan izan nintzen. Oraintsuko txapelketako finalaz ari nintzela, honela gogoratzen nuen hura.

 

1967ko ekainaren 11n jokatu zen Donostiako Anoetan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren final gogoangarria. Final hura bai nekez ahaztuko dela! Kalitate handiko finala izan zen, baina, era berean, agerian geratu zen han nolako grinaz eta berotasunez bizi izaten ziren lehia hauek euskaldunen artean. Xalbadorri txistu egin zioteneko finala izan zen hura”.

Final haren eta beste batzuen oroipenak ongi sarturik ditut, dirudienez, eta gutxien uste denean azaleratzen zaizkit. Barruan gorderik ditudan bertsolaritzako argazki zaharrak dira. Baina hura, bertso antologikoak kantatu zituen Xalbadorri txistu egin ziotelako-edo, oso ezaguna da eta hartaz luze idatzi dute adituek. Horregatik, bi urte lehenagokoa, 1965eko Urteberri egunekoa, hautatu dut mintzagai. Dena dela, 1967koa ere burutik ezin kendurik nabil. Bietan ere Manuel Olaizola Uztapide izan zen txapeldun, eta zuzen ebatzia izango zen oro har, Uztapidek beti bertso onak kantatzen baitzituen. Baina geroko kameraren argitan ikusiz, bi bertsolari agertzen dira distiratsuago, ez dakit saio osoan barrena, baina bai une batzuetan: 1965ekoan, Lazkao Txiki eta Xalbador, eta 1967koan, Xalbador.

 

Gazterik erakarri ninduten bertsolariek eta, nola edo hala, haien saioak jarraitzen saiatzen nintzen, zuzenean ez bazen, irratiz. Bertsolariak benetan miresteraino iritsi nintzen, eta nik neuk ere, neure erara, bertso jarriekin –inoiz ez baitut uste izan bat-batean egiteko gai nintzenik– haien jarduera imitatu nahi izaten nuen.

1965eko finala jokatu zenean, ni Teologiako ikasketak amaitzeko eta apaiztu gabe nengoen. Gure ikasketa garaian bertso-saioren batera joateko baimena lortzea zaila izaten zen. Diziplina gogorra genuen. Beraz, 1965eko hau irratiz jarraitu genuen. Lagun banaka batzuk banituen zaleak eta interes handiz izan ginen entzuten. Orduan, Bizkaian ere indartsu zetozen bertsolari gazteak, eta haiek zer egingo geunden. Hamar bertsolari ziren lehiari ekiteko, Aitzolek esan ohi zuen bezala guduari ekiteko, prest. Bizkaitik Jon Lopategi (txapelduna) eta Juan Mugartegi (txapeldunordea); Gipuzkoatik Lazkao Txiki (txapelduna), Txomin Garmendia (txapeldunordea) eta Jose Joakin Mitxelena (Gipuzkoako hirugarrena); Nafarroatik Andres Narbarte Xalto (txapelduna) eta Migel Arozamena (txapeldunordea); Iparraldetik Xalbador eta Mattin; gainera, Gipuzkoatik Manuel Olaizola Uztapide (Euskal Herriko aurreko txapelduna); hau arratsaldeko bigarren zatian, buruz burukoan, sartuko zen lehian.

Goizean bederatzi aritu ziren, Uztapide izan ezik gainerako guztiak. Bederatzi bertsolarietatik lau aukeratu behar ziren arratsalderako, eta arratsaldean lau haietatik bat, aurreko txapeldunaren aurka, Uztapideren aurka, buruz buru jokatzeko. Hiru une geratu zitzaizkidan batez ere gogoan:

 

Lehenengoa, Mattin eta Lopategiren arteko lehia. Arratsalderako hiru hautatu zituen epaimahaiak: Lazkao Txiki, Mitxelena eta Xalbador; laugarrena Mattin eta Lopategiren arteko lehia horretatik aterako zen. Gaia hau zen: Zure seme txikia kezkaz dago umeak mundura nola datozen jakin nahirik. Ea zer erantzuten diozun.

 

Jon Lopategiren biografia liburuan hau dator: “Hiru bertsoetan progresio egokia dago: lehenengoan, gaiaren inguruko jarrera agertzen dau; holan hasten da: Gauzak egoki egitearren / dozu ainbat borondate. Amaiera, hari-harira: duda guztiyak azaldutzera / aitagana etorri zaite. Bigarren bertsoan itaun horren erantzuna dator; fintasun handiz agertua; senar-emazteak jarririk elkarren arteko maitasuna, Jainkoak egiten dauala gainerako guztia. Ideia aldetik, bete-beteko erantzuna zan, garai haretako gizarte erlijiosoan ezin hobeto etorrena. Tamalez, “guztia” bi bider sartuz poto egin eban… Jonek berak esan deuskunez, “bestia” eukan azkenerako pentsatua, garai haretan -ea / -ia nahasketari ez eutsalako hainbesteko garrantzirik emoten”.

 

Mattinek bide gordinagoa hartzen du. Hirugarren bertsoko azken bi puntuetan dator erantzuna; erantzun argia, baina arrunt samarra orduko pentsaerarako: ikusi al dituk behin e alkartzen / inun arra ta emia? // Heiek bezala ibili eta / etorritzen dek umia.

 

Mattin hautatu zuten arratsaldeko laukotea osatzeko eta txistu-hotsean jaso zuten entzuleek erabakia. Gero, eguneko bertsorik onenaren saria Jon Lopategik saio horretan kantaturiko bertso bati emanez leundu nahi izan zuen, antza, epaimahaiak giroa, baina bertsorik onenak, arratsaldean Xalbadorrek emazte zenduaren soinekoari kantaturikoak izan ziren, ezbairik gabe. Jakina! Haiek ez ziren hain ongi ulertu orduko lehiaren beroan, geroago Hegoaldeko bertsozaleak Xalbadorren euskararen gozoa eta ederra dastatzen pixka bat ikasi zuenean baizik.

 

Eta hau izan zen bigarren unea Xalbadorrek hila zen emaztearen soinekoari bi bertso zoragarri haiek kantatu zizkionekoa. Gorago esan dudanez, une hartan ez gintuen hainbeste hunkitu, artean haren behe-nafarrera ongi barneratu gabe genuelako, baina ondorengo egunetako iruzkinak, Zeruko Argiakoak eta irakurriz, konturatu ginen bertso haien ederraz.

 

Hirugarren une interesgarri eta zaila Alfontso Irigoienek arratsaldeko laukoteari hiru bertsotan txiste bat kontatzeko agindu zienekoa izan zen. Jon Lopategi arratsalderako ez zen hautatua izan poto baten erruz, eta erruki izango zituen bere lagunak eta bere kautan esango: “Ederretik salbatu nauk”. Dena dela, bertso on eta politak izan ziren proba horretan. Xalbadorrek prozesioan mendira joan zen apaiz handi baten istorioa asmatu zuen, han etzan eta nola loak hartu zuen; lozorroan zela artzain zahar batek zapatak ebatsi zizkiola, etab. Baina, batez ere, Lazkao Txikirenak ziren xelebreenak. Trenez feriara joan zen baserritarrarena kontatzen du. Hiru bertsoek lotura estua eta progresio egokia dute: lehenengoan, gaia aurkeztu eta entzuleei adi egoteko diotse; bigarrenean,polizia sekretu batek ukitzen dio bizkar gaina eta baserritarrak hiru erreal ematen dizkio eskalea zelakoan; hirugarrenean, berriz, poliziak begitartea belztu eta txapatxoa erakutsi zionean, baserritarrak muin eman zion santua zala uste-ta.

 

Azkenik, bertsozale askoren gogoan geratu dira Lazkao Txikik Egunsentiari kantaturiko hiru bertso poesiaz jantziriko haiek. Inon ez dut aurkitu zein urtetako txapelketakoak diren; 1965eko txapelketakoak izan daitezke, baina ez finalekoak. Eta beste txapelketa batekoak izan arren, 1962ko finalekoak izan arren, Bizkaiko bertsolari batzuei (Jon Lopategiri eta Jose Mari Arregi Altsuri) miresmen handiz hitz egiten entzun diet Xalbadorrek urte horretako txapelketan, arratsaldeko saioan, gauez agertu zitzaion sorginari kantaturiko hiru bertsoez. Gaia hau zen: Bart Joxeri etxerako bidean sorgin bat agertu zitzaion, jaurti harria eta sorgina aieneka joan zen ihes. Gaur goizean auzoko Mikela burua loturik agertu da. Zu zara Joxe sorginari harria bota zeniona. Hona hemen Xalbadorren bertsoak:

 

Huna mutil bat eta hura ni / gauak etxerat derama,
hantxe pausatu behar nuela / oihanean hartu zama,
sorgin bat hortxet atera zeraut / ene maitearen ama,
bazuen harek lendikan ere / sorgin handiaren fama.

 

Gero zonbaitek erraiten dute / orai ez dela sorginik,
huna ni zuer mintzo hasia / pruebak ontsa eginik,
ez da, ez, sorgin horietan / Mikela horren berdinik,
bi harri ere botako nazkon / hilko nuela jakinik.

 

Mikela, ez al zaizu dolutu / bart egin duzun ertera?
Hobeko duzu hemendik goitik / etxean egoiten bazera,
zurea pasatu zen eta / hola ibiltzia kalte da,
zuhur baduzu berriz ez jalgi / amoros baten bidera.

 

Orain, denboraren altzoan lehiaren beroa pasatzen eta pausatzen utzita, erraz da epai zuzenagoa ematea. Baina, 1960ko hamarkadan entzuleen artean ziren grina eta presioa kontuan izanik, nork kendu txapela Basarri edo Uztapideren burutik Lazkao Txiki edo Xalbadorren, batez ere honen, buruan jartzeko? Dena dela, adituen artean gaur egun bada kontsentsu moduko bat 1967ko txapela gutxienez Xalbadorrek merezi zuela dioena.

Txapelketen historia: 1967. Luis Baraiazarra