Txapelketen historia: 1993. Amaia Agirre

2018-02-06

Txapelketen historia: 1993. Amaia Agirre –

Memoriaren ganbaran

 

TESTUA: Amaia agirre
ARGAZKIAK: bertsolari aldizkaria eta XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA

 

1993. urtea Txekoslovakia bitan banatu zela iragarriz hasi zen, eta Egañak eta txapelak bat egin zutela ospatuz amaitu. Txapeldun handi bat agertu zen Ylenia Carrisi desagertu zen garaian. Horiexek dira historikoki nire buruak gorde dituen datuak. Baina ganbara denetan gertatzen den moduan, nirean ere badira puntuz jositako armiarma-sareak. Habeetan pipiak egurrean bezala euren seinalea utzi duten bertsoaldiak. Ganbaran gorde izan dira ustez gerora erabilgarri izango ziren baina denboraren ahanzturak pixkanaka balioa kendu dien tresnak eta gailuak. Nire memoriaren ganbaran, ordea, inoiz herdoilduko ez diren aleak eta eleak topatu ditut.

1993an hamasei urte nituen Belodromoan jokatu zen final hartan; bertso eskolara joaten hasi nintzela bizpahiru urte. Bertsoak irensten nituen, basamortuko lurrak euria nola. Ikastolako mahai, etxeko apal, koaderno eta karpetak bertsoz josita izaten nituen orduan. Geroztik, makina bat euri egin du, baina orain lehortetik gertuago nabil uholdetik baino. Niretzat aterki zabal koloretsu bat izan da bertsolaritza, nire ganbaran oroitzapenak gorde ahal izateko ezinbesteko bizi-oinarri.

Eta, bai, gogoan daukat final hura. 1991ko Gipuzkoako finalak eragin handia izan zuen nigan, intentsitatez eta gertutik jarraitu nuen lehenengoa izan zelako, ziurrenik.

Ea, has nadin ganbaratik jaitsi eta txukuntze lanetan. Pentsatzen nuen, bai, emakumezkoen parte hartzea ez zela handia izango, eta halaxe izan. 1993ko txapelketarako txartela Estitxu Arozenak eta Amaia Telletxeak soilik lortu zuten. Biak nafarrak. Aurtengo udazkenean, aitzitik, emakume parte-hartzaileetan ez da nafarrik izango.

Has gaitezen, hala ere, Leitzako final laurdenetik. Unai Iturriagak “tanpoi eta konpresa” kantatu zuenekoa daukat gogoan. Emakume bati poltsa lapurtu ondoren bertan topatu zuenaz ari zen. Ikuspegi, kantaera, kontatzeko modu eta hizkera berri baten aurrean aurkitu nintzen. Kontaketa zinematografikoa; nik behintzat entzun ahala eraiki nituen irudiak, eta barruan zerbait ezberdina sentitu nuen. Bertsokera eta gaitasun hartatik oso urrun nengoen, baina agian nire bizimodu eta bizipenetatik gertuago zeuden bertsolari gazte haiek, eta horregatik erakarri ninduten, nik uste.

Bertsotan hizketan bezain sinple eta dotore egiten zutenean ere belarriak alertan jartzen zitzaizkidan, eta horren adibide bat dut gogoan. Bittor Agirre, futboleko entrenatzailea, eta Iñaki Murua, futbolaria. Garai batean futbolariari beste talde batera joaten utzi arren, orain berriz itzultzeko eskatu zion. Muruak hala kantatu zion entrenatzaileari: “Kirol honetan jadanik ez da dirua ez dan besterik / zure ondoan ez det izango oso pozik jokatzerik / nahi ez badezu lehen merke zena orain garesti hartzerik / beste batean ez zazu egin holako hanka-sartzerik”. Futbola eta bertsoa nituen orduko bi pasio, eta tematikak eta teknikak bat egitean, pentsa nik zer gozamen!

Eta agurrak? Bertsolaria zer-nola datorren agurretan antzematen omen da. Xabier Zeberioren agurrek ere egin dute euren bidea. Agurrak soilik gogoratzeak ere zerbait esan nahiko du baina… Laudioko final laurdenean hala ekin zion saioari: “Hastera nua bertso kantari Laudion zirti ta zarta / paisajea ere ikusi degu goizez etorri gera ta / badaude, jaunak, pipar soroak, erremolatx ta patata / baina Araban eman digute animaliaren planta / azkenen “Granjan” kantatutzea besterik ez gendun falta!”. Eta Eibarko finalaurrekoan bota zuen agurra ere gogoan daukat; oraindik irribarre batek ihes egiten dit oroitzen dudan aldiro: “Goierritikan Eibarreraino zuek pozteko asmotan / taberna bila ibili gera zazpi bat kilometrotan / batzuek daude itxita eta beste batzuk erdi lotan / gosaldutzeko leku onikan / ez al dago herri hontan? / Uste al dute txiklea janda egiten dala bertsotan?”.

Eibarko finalaurreko horretan bertan Egañaren bertsoaldi bat daukat gogoan iltzatuta. Lehenengoz bere maitearen aurpegia ukitzen ari zen itsu baten larruan bota zituen hiru bertsoek izugarri liluratu ninduten. Doinua sarkorra, eta neurria bederatzi puntuko handia, puf! Zer zen hori? Bat-batean deskribapen hura? Sinetsi egin nion. Maitearen aurpegia ez ezik, Andoniren eskuak ere sentitu egin nituen, eta itsu hark ikusten ez zuena ikusarazi zidan. “Zuri eskerrak sinistu det ni gizon osoa naizela”. Horixe izan zen gustatu ez zitzaidan bakarra. Hainbeste sentsibilitate eta taktu izan ondoren… lastima!”.

Eta finala. Gurasoekin joan nintzen. Nik hala eskatuta, noski. Anai-arrebak ez ziren joan orduan ere. Ez dakit gurasoek eraginik izan ote duten ni bertsozaletzean, baina ziur naiz nik haien bertsozaletasunean baietz, eta badakit orduan ere gustura joan zirela.

Inoiz ez zait gustatu izan zain egon beharra, baina egun hartan, ikusminak eraginda, begiak zabal-zabalik egon nintzen ilara luzean, finalista horietako gehienekin noizbait oholtza konpartitzeko zoria izango nuela jakitun izan gabe.

Belodromoa. Pasillo luzeak, eskailerak, barandilla eta aldapa. Hori dut gogoan. Bertsolariak eta oholtza txikiak iruditu zitzaizkidan. Urrun, urrunegi. Txaloak, eta aurkezpenak, eta agurrak. Agurrek salatu zuten bi belaunaldi zeudela tabladuan. Aritz Lopategik eta Unai Iturriagak, finalista gazteenek, atxilotutako intsumisoak eta euskal presoak aipatu zituzten. Aldarrikapen agurrak izan ziren. Beste sei finalistak uste dut urduritasunei, txapelari eta finalari buruz aritu zirela oro har.

Hasi zen oilar-jokoa, eta iritsi zen begietako makarrak kentzeko ordua. Euzkitze eta Egañaren bertsoaldi bat. “Loa ez dugu guztiok berdin behar, ezta zuek ere. Andonik 12 ordu egiten ditu lo. Xabierrek, aldiz, sei ordurekin aski du”. Elkarri zorrotz eta gordin, nor baino nor, eman eta jaso. Hitz-jokoak eta sententziadun bukaerak, arrazoi eternalaren eta egia absolutuaren jabe bailiran. Gerora jakin nuen Andoni egun hartan hamabi ordu baino dexente gutxiago lo eginda joan zela. Goizeko lauretan jaiki zen. Burua ez ezik gorputza ere entrenatu eta ohitu egin behar omen da, eta goizean baino saio hobeak egiten omen zituen iluntzetan, eta bere buruari goizeko hamaikak iluntzea zela sinetsarazi nahi izan zion. Egañak edonor harritzeko dohain bereziak ditu, baina baita Andonik ere.

Gaur egun pentsaezina egiten zaigu final nagusi batean lau oinak emanda aritzea, baina final hartan euren zigilua utzi zuten ariketa horretan osatutako hainbat bertsok. Euzkitzek Atotxa zaharrari kantatua, Iturriagak Igor Elortzari eskainia, Lizasoren posterra…

Hara zer diren gauzak!: nik logelako horma zurian Bertsolari aldizkarian agertutako argazkiak nituen itsatsita. Nire gelakideek urruneko aktore gazte ederren argazkiak zituzten bezala, nik bertsolarienak neramatzan. Eta ez prezisamente fisikoki erakartzen nindutelako. Bertsolari gazteen artean Jon Sarasua zen la créme de la créme, baina nik Euzkitzeri begira pasa nuen 1993ko final osoa. Hamasei urte soinean eta hamaika pajaro buruan.

Gaur egun finala soilik da goiz eta arratsalde, baina orduan finalerdiak ere egun-pasak egiteko arrazoi ziren. Arratsaldean, Anoeta estadio inauguratu berrian Realak eta Madrilek jokatzen zuten partidaren aipamenarekin hasi zuen Iturriagak bere saioa. Eta Aritz Lopategi kartzelako lanean ari zela Kodrok gola sartu eta Belodromoko barea kanpoko olatuak zapuztu zuen.

Egañak “irrifarra” hitza emanda eskaini zigun bederatziko txikiak bederatzikoa merezi zuen. Sorozabalek “gerrikoa estutu/entzuten da sarri” puntuari “eta berak nahi duten/ neurriko jarri” errematea eman zion. Irrifarra zabal eta gerrikoa estu, Egaña eta Enbeitaren sei puntuko motza iritsi zen. Semetxoa galdu zuten bi guraso fededun. Egaña: “ze puta degun patua / gure ume sakratua / lotan al zeunden ene Jaungoiko madarikatua?” Eta hau: “Hossana eta Hossana / hainbat alditan esana / damu bat daukat: garai batean fededun izana”.

Bertsoaldi horri engantxatuta geratu nintzen, harik eta Euzkitze drogazalea amaren pitxiak lapurtzera iritsi zen arte. Bere etxekalte zen drogari zuzenean mintzatu zitzaion, eta buruz ikasi nituen bertso hauek ere. Hala zioen: “Aizu droga dohakabe / indartsuegia zaude / zu egin zera nere amets ta ekintza guztien jabe / bizimodua desertu huts bat / iruditzen zait zu gabe”. Lehenengo drogari kantatzen dio eta gero bere burua madarikatuz, amari.

Garai hartan eta lehenago droga batek Euskal Herrian zuen presentzia eta eragina ez da gaur egungoa, ez eta etorkinen kasuan ere. Bihotza mugiarazten digutela dirudi, baina apenas jarrera eta pentsamendua, etxeko ateraino etorri arte. Eta halaxe gertatu zitzaion Sorozabali: Apopilo berriak afrikarrak dira, ondorioz, bizilagunak agurra ukatzen hasi zaizkizu. Kolorea galtzen ari da gisa honetako erkaketa, baina orduan eraginkorra izan zen oso. Honela amaitu zuen hirugarren bertsoa: “zein da beltzago hauen azala / edota gure bihotza?”.

 Final hartan gure bizilagun zen baten parentesiak eraiki dit hurrengorako zubia. Gogoan al duzue Euzkitzek Iturriagari kantatu ziona euren alaben gaueko ibilerei buruz? “Gauerdia jotzean / kalera begira / ta oilarren kantuaz / etxeratzen dira”. Eta Iturriagak: “oilarren dei horrekin / bazaizkigu sartzen / ea arraultzik behintzat / ez duten ekartzen”. Gure ondoan eserita zegoen gizonari Iturriaga haren baserrira eramateko gogoa piztu zitzaion bat-batean. Zerbait irakatsiko ziola usteko zuen, baina beste behin Iturriagak umore propioaren erakustaldia egin zuen.

Oilarrak han ez zuen arrautzarik jarri, baina egun hartan gandorraren ordez txapela eraman zuen oilategiko azeriak, Egañak, ia denak jarri zituen. Bai behintzat soina eta soinekoa.

Iparragirren gozatu ederra hartu ondoren, bertso-plaza zezen-plaza bihurtu zen, eta belaze batean larrean ari zen zezenak hausnarrean jarri ninduen. Euzkitzek argi esan zien “ole” eta “ole” ari zirenei: “ni toreatu behar nautenak / guztiz lasai ote daude / nereak ia egin du baina / ez nereak egin gabe”.

Oso oker ez banago Lizaso izan zen bere gainetik inor pasa ordez bere gainean jar zitezen nahiago izan zuena. Parkeko banku estatikoak mugimendua eta bizitasuna eman zion kartzelako lanari, eta txaloak zapi zuri bihurtu ziren orduan. Zezen plazetan bezala ikus-entzulea zutik. Aulkiak eta barruak mugitu zituen Lizasoren bertsoaldiak.

Eta azkenik, Lizaso ere aulkitik azken agurra kantatzera jaiki zenean esan zuen moduan, bere lagunik onenak irabazi zuen. Eta Belodromoa berriz ere dardarka jarri zen. Txapeldunen bi agur soilik dakizkit buruz, lehena Belodromo hartan entzuna. Lazkao-Txiki berpizteko modukoa izan zen. Intentsitatea, pasioa, desioa, miresmena eta inbidia gurutzatu ziren lerroan egon nintzen eserita, eta aurten ere hala egon nahi nuke besteak entzuten. Zorte on denoi!

Txapelketen historia: 1993. Amaia Agirre
Txapelketen historia: 1993. Amaia Agirre