Txapelketen historia: 1993. Joxerra Garzia

2018-02-05

Txapelketen historia: 1993. Joxerra Garzia –

Egaña, plazan bezala txapelketan ere

 

TESTUA: Joxerra garzia
ARGAZKIAK: bertsolari aldizkaria eta  XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA

 

Estu hartuta, 90eko hamarraldian Euskal Herriko txapelketa nagusi bi baino ez ziren jokatu: 1993koa eta 97koa. Ez dakit bietako zeinek ote duen berez bertso mailarik onena, baina niretzat askoz garrantzitsuagoa da aurrenekoa, 93koa, eta ahaleginduko naiz horren zergatiak azaltzen.

Txapelketen historia: 1993. Joxerra GarziaArrazoi batzuk, beharbada funtsezkoenak, pertsonalak dira. Zori on edo txarrez, ez dut izan aro modernoko bertso txapelketak entzule soil gisa bizitzeko aukera handirik. Beti bazen zerbait: epaile jardun beharra ez bazen, saioak irratiz edo telebistaz eman beharra… eta horrek izugarri distortsionatzen du bertsoa jasotzeko modua. 1960ko hamarkadakoetan artean gaztetxo nintzen, eta zeharkako erreferentziak baino ez ditut: irratiko emankizunen bat edo beste, eta etxean entzundako kontuak. Uztapideren aldeko giroa zegoen gurean, eta ziur nago hamarkadako azken txapelketan Xalbadorri txistu egin ziotenen sailekoa izango zela gure aitajauna. Harentzat ez zen Uztapidek amari kantatutakoak baino bertso hoberik (1962ko txapelketan). Binilozko LP bat genuen etxean, bertso antologia moduko bat, eta buruz genekizkien hango bertso gehienak. Baina hori beste kontu bat da, niri 90eko hamarkadakoez aritzea eskatu didate eta.

Mendeko azken hamarkadara iristeko, ordea, haren aurreko hamarkadan geldialditxo bat egin beharra daukat nahitaez. 1980ko txapelketak Alemanian harrapatu ninduen, ikasten-edo. Bi kasete bidali zizkidan garai hartan andre-nahi eta orain emazte dudanak, Amaiak, eta haiek ere buruz ikasi nituen gehien-gehienak. Amuriza epaile izana zen 1967koan, eta Arrasateko ikastolan irakasle nenbilela plazaren batean edo bestean ikusia eta entzuna nuen arren, deskubritu txapelketa hartan deskubritu nuen nik Amuriza, munduan beste askok bezala. 1982ko txapelketa da, Euskaltzaindiak antolatutako azkena, entzule soil gisa entzuteko aukera izan dudan bakarra. Alde ederra dago, aretora joan, eseri, hankak zabal-zabal egin, eta datorrena datorrela saioa entzutetik bertso guztiak onak izan daitezela desiratuz entzutera, alde ederra dagoenez. Handik aurrerako txapelketa guztietan beti izan dut eginkizunen bat: 1986koan, lehen fasean epaile eta gero irratiko emankizunen arduradun; 1989an, azkenerako epaile, ordurako Hitzetik Hortzerarekin hasia banintzen ere…

Iritsi gara, kostata bada ere, 1993ko txapelketara. Hitzetik Hortzeraren audientzia eta erreferentzialtasuna handia zen ordurako. Hainbeste, non ETBko nagusiek bertsoa nonahi eta noiznahi ematea nahi baitzuten. Horren aurrean, planto egitea erabaki nuen, Bertsozale Elkartea (artean “Bertsolari Elkartea”) ere nire jarrerakin ados zegoela. Berez, Euskadi Irratiko plantillakoa nintzenez, irratira itzultzeko erabakia hartu nuen, eta hantxe eman nuen aste pare bat. Azkenean, Elkarteak hala eskatuta, bertso programarekin jarraitzea erabaki nuen, baina horretarako plantillakoa izateari utzi eta autonomo gisa aritzea beste biderik ez zidaten ETBko nagusiek utzi.

Tirabira horiek alditxartuta ekin nion Hitzetik Hortzeraren 1993-94 sasoiari. Urrian hasi eta urtea amaitu artekoa, nagusiki txapelketako saioekin osatu genuen, eta ezin dut aipatu gabe utzi une larri hartan sekulako laguntza eskaini zidala txapelketako epaile batek, Antton Kazabonek.

Txapelketan parte hartzekoak zirenen artean Jon Sarasua ageri zen. 1991n, Gipuzkoako txapelketan zenbaitek tongotzat jo zuten intsumisio ekintzaren ostean, airean zebilen zalantza, benetan parte hartuko ote zuen. Telebistako programari begira ere garrantzitsua zen, oso, Jonek parte hartzea. Zalantza areagotzeko, hortxe zegoen Jon Sarasuak 1992ko apirilaren 25ean kantatutako bertsoaldia, plazei agur esateko despedida zirudiena: “… bertsolaritzan oso zaila da / beti egotea tinko; / ja ez nauzue inoiz gehiago / plazaz plaza ikusiko”. Hori bertsoaldiko lehen bertsoan; bigarrenean, berriz, hauxe: “Bertsolaritzan, nere ustetan, / gaur antzerki gehitxo dago, / ta uste nuen zerbait bazela / hori baino barrurago. / Sei urte luze pasa ditut ta / hartu makina bat trago; / nere ustez asko aguantatu dut, / baina ezin dut gehiago, / zuek antzerkia nahi duzue ta / hortarako prest ez nago”. Jakina, bertsolaritzak beti (orain arte behintzat) izan duen benetan-txantxetan joko horrekin, inork ez zekien hura Jonen benetako despedida ote zen, edota Mikel Mendizabalek jarritako gaiari emandako erantzun jolastia.

Kontuak kontu, txapelketa hasteko zorian zela uko egin zion Jon Sarasuak bertan parte hartzeari. Patu puta zer den, haren ordez Aitor sartu zen, Jonen anaia, ordezko zerrendan buru-buruan zegoen eta.

Arrazoi pertsonalak albora utzita, esango nuke txapelketa hasterako bertsozale gehien-gehienek faborito argi eta garbia zutela: Andoni Egaña. Amurizarena ustekabekoa izan zen 1980an (ez hainbeste 1982an), eta esan liteke Amurizaren proposamena txapelketari esker ezagutu eta zabaldu zela. Egañak, berriz, plazaz plazako jardunean egina zuen bere aldarria (1986 eta 1989ko txapelketetan ere bertsoaldi gogoangarriak eginak zituen baina). Aurreko bi txapelketetan ez zegoen faborito garbirik, 1993koan bai. Lagun batek esan zidan istripu latza beharko zuela txapel hura Andonik ez ateratzeko.

Plazan bezala, Hitzetik Hortzeran ere izar nagusi bihurtua zen Egaña, eta gogoan dut kritika zorrotzak jasan nituela hori dela eta. Plazako jarduna asko sofistikatu zen 1990eko boomarekin, eta Andoni edozertara egokitzen zen: ofizio biak berari eman eta mikrofono banatan kantatu; atzekoen auskalo zer ezaugarriak bana-banaka aletu… Egokitu bakarrik ez, horrelako lan bihurrietan sekulako maila ematen zuen Egañak. Bertsoaldi horietako asko buruz dakizkit nik, eta ez dira gutxi 1990etik 1993ra bitartean kantatutakoak (gerokoak ere asko dira, hala ere).

1993ko txapelketari dagokionez, final aurreko bertsoaldi batek bereziki hunkitu ninduen. Abenduaren 8an izan zen, Bilbon, eta gaia honako hau: “Une honetan zuretzako telegrama hauxe jaso dugu. Honelaxe dio: `Eskerrik asko, xarmagarria zara. Laster arte. Kattalin´”. Zazpi puntuko hiru bertso eder kantatu zituen Andonik, egoera zehazki zein zen azken bertsoaren amaiera arte deskubritu gabe: “Ene bihotzeko Kattalin, / nik jokatu nahi nuen fin (bis); / IHESA duzu, eta goxatzen / egin dut hainbat ahalegin, / arantza artean bizi den hori / lore artean hil dedin (bis).

Bertsotan bikain aritzea berez zaila bada, are zailagoa da bikaintasun horren barruan estilo propio bat markatzea, eta esango nuke Egaña izan zela horretan (ere) aitzindari nabarmena. Horregatik ere bada 1993ko txapelketa niretzat bereziki garrantzitsua, plazan erakutsitako bertsokerari txapelaren bedeinkazioa eman ziolako. Hortik aurrerakoa kontu jakina da: haren osteko hiru txapelketak ere Egañak irabazi zituen. Une historikoa zela esango nuke, adjektibo hori hain higatua ez balego. Bereizkuntza batekin: une jakin bat, jeneralean, a posteriori bihurtu ohi da historiko. Egañaren kasuan, gehienok susmatzen genuen luzaroko erregetza izango zela Andonirena.

Lausotuta neuzkan txapelketa hartako xehetasun asko eta asko, eta liburuetan begiratuta argitu behar izan ditut. Egañarekin batera, Euzkitze, S. Lizaso, Iturriaga, Sorozabal, J. Enbeita, Peñagarikano eta A. Lopategi aritu ziren finalean, eta hurrenkera horretan sailkatu ziren. Artean, goiz eta arratsaldez zortziak aritzen ziren, ez zen buruz buruko saiorik egiten. Finalerako sailkatzetik gertuen Igor Elortza, Iñaki Murua eta Aitor Sarasua geratu ziren. Ari zen finkatzen hamarkadako bertsogintzari eutsiko zion bertsolari kuadrilla.

Gogoan nuen bertsolariek egin beharreko lanekin ere gorabeherak izan zirela, baina hori ere paperetan begiratu behar izan dut. Goizeko saioan, bakarka, 9 puntuko txikian aritu behar izan zuten bertsolariek (orotariko gaiekin, gainera: gosea, Lazkao Txiki…). Bitxikeria bat: arratsaldeko lehen lana, ofizioka jardutea zuten bertsolariek, hamarreko moldean… baina bikote bakoitzak aukeratzen zuen hamarreko handian edo txikian aritu. Ofizioko beste lan batean, Iparragirre abila dela doinuan aritu behar zuten nahitaez. Eta arratsaldez, kartzelako lanerako bi gai eman zitzaien aukeran: parkeko bankuarena eta zezen plazaren inguruko larrean dagoen zezenarena. Iturriagak eta Lizasok bankuarena aukeratu zuten, gainerako seiek zezenarena. Ez dut sekula behar bezala ulertu izan hautu horren zergatia, baina garbi dago plaza arrunteko bertsogintzaren sofistikazioak bere isla izan zuela txapelketan ere.

Plazan ez ezik, txapelketetan ere sekulako maila eman izan du beti Andoni Egañak. Aipagarriena, aldiro estrategia berriren bat eramaten zuela. Niretzat aipagarriena, kopla zaharren moldea nola edo hala baliatuz egin zituen bertsoaldi gogoangarri haiek dira, esan beharrekoa esan aurretik metafora bidez giro berezi eta egokia sortzen zuten haiek (ardagai-sabai-talai-hil kanpai; ruleta-buelta-zer gerta-beteta). Txapelketatik kanpo, Luis Ocaña txirrindulariari kantatutakoa ere horrelatsu: “Geure buruen txotxongilo, ta / sarri besteren titere; / ustez antuxun ginenak ere / bihurtzen gera titare…”. Berak Jose Luis Ansorenari propio eginarazitako doinua erabiltzen zuen gehienetan horretarako, zazpi puntuko ahapaldietan. Nik dakidala ez zen hori 1993ko txapelketarako hautatu zuen estrategia nagusia, baina txapelketa hartakoa da nik txapelketa batean zuzenean sekula entzun dudan bertsoaldirik onena.

Finalean izan zen, 1993ko abenduaren 19an, Donostiako Belodromoan. Bertsoaldi haren bi ezaugarrik are meritu handiagoa ematen diete, nire aburuz, Egañaren bertsoei. Bata, ez zela bakarkako bertsoaldia izan, Jon Enbeitarekin ofiziotan egindakoa baizik: “Andoni, senarra; eta Jon Enbeita emaztea. Biok zarete fededunak. Zuen semetxo bakarra, gaixotasun baten ondoren hil da. Amari, ezbehar honi aurre egiteko, fedeak ematen dio indarra. Aitak, orain bere zalantzak ditu”. Enbeitaren bertsoak ere onak dira, baina ezin hemen denak sartu, eta Andonirenak ere bi baino ez ditut aldatuko (Egañaren lehena eta hirugarrena, bertsoaldiko lehena eta bosgarrena):

 

Bizitzaren merkatua…
nago neka-nekatua.
Ez zen handia, inola ere,
haurran pekatua.
Zein puta degun patua:
gure ume sakratua…
Lotan al zeunden, ene Jaungoiko
madarikatua? (bis)

 

Sinismentsu dago ama,
haurra lurpean etzana;
nola arraio kendu digute
hain haurtxo otzana?
Hossanna eta hossana,
hainbat alditan esana…
Damu bat daukat: garai batean
fededun izana. (bis)

 

Bigarren ezaugarria, seiko txikiak izatea. Batzuetan besterik ematen badu ere, molde txikian eta zazpi errima baino gutxiagotan ere osa litezke bertso zirraragarriak.

Andoni Egañak sekulako ekarpena egin dio bertsogintzari, horretaz ez dago dudarik. Ekarpen horrek zainak bertso tradizioan dituela ere argi eta garbi dago, ordea. Horregatik iruditu zitzaidan ezinago egoki eta esanguratsua Andonik bere txapela Lazkao Txikiri eskaintzea: “… goizean goizik Lazkao Txiki / aipatu dute, nolanahi. / Zuen txaloak beretzat dira / nere txapela ere bai”.

Urte hartako apirilaren hiruan hila zen Lazkao Txiki, eta zortzi hilabete geroago Egañak txapela hari eskaintzeak zentzu betea zuela iruditu zitzaidan orduan. Hogeita lau urte pasa dira, baina oraindik hala iruditzen zait.

Txapelketen historia: 1993. Joxerra Garzia