Aitor Sarriegi: 2017-12-16, Beasain-Bilbo

Beasain-Bilbo –

Testua: Aitor Sarriegi
Argazkia: Conny Beireuther
Ilustrazioa: Patxi Gallego

 

2017-12-16 Beasain-Bilbo

Beasain-BilboEz da erraza izaten final handiaren aurreko ordu eta egunak zertan eta nola pasa asmatzea. Aurten erraz samar jarri zidan agenda kuadrillako lagunak (eskerrik asko, Jon!) eta, San Mames Barria ezagutzen ez genuenez, derbi santua ikustera joatea erabaki genuen. Eguerdirako hurreratu ginen eta BECen aparkatu genuen furgoneta. Biharamuna nolakoa izan zitekeen aurreikusteko ez zitzaidan gaizki etorri. Hutsik handia dirudi, baina ez beteta bezain handia.

Ez dut derbiari buruz ezer esango (0-0). Bilboko kaleetan bueltaxka eman, metroan San Inazioko bidegurutzean galdu, eta iritsi nintzen hitzartutako hotelera. Sabino, Andoni, Unai eta Aitor mahaian zain; afaldu, afalosteko ezinbesteko tertulia, eta lotara.

2017-12-17 Barakaldo

Ez nintzen gorputzaldirik onenarekin esnatu. Bezperakoak botata oheratu arren lo ondo egin nuen, baina egun osoan joango ez zitzaidan ezinegona (tarteka inon egon nahi eza ere bai;) gorputzean nuela joan ginen BECera.

Azken aulkiak betetzen ikusi genituen, lagun eta etxekoak pankartak lotzen ere bai, eta iritsi zen Gladiator momentua. Orain artekoetan luzeena egin zaidan pasilloa izan zen, kamera zela eta ez zela geratu ere egin ginelako, akaso, baina dozena erdi ezagun fitxatzeko beta ere izan nuen, eta oholtza ikusgarriaren erdian txaloka hasi genuen eguna.

Saioaz zer esan, barrutik oso gorabeheratsu bizi izan nuela, baina, era berean, harmailetatik zetorren erantzuna beroa zela ikusten nuela. Lehen ofizioa plazari neurria hartzen joan zitzaigun azken finala partekatu dugun Igor eta bioi (bide batez, gozamena eta ohore handia azken finala hirekin hastea, Igor!); bigarrenean, gusturago Unairekin (asko poztu nauk, Unai, merezi huen!), eta puntu-erantzunak jarraian. Asko hitz egin da horri buruz, eta gustuko ariketa dudan arren, txapelketan jartzekotan, huts egiteko aukera emango duen puntuazio-sistemarekin jarri behar dela uste dut. Puntua ezin da ongi erantzun arriskatu gabe, eta erortzeko beldurrak tramitea pasatzera eramaten gaitu askotan. Nire kasuan, lehenengoan erori nintzen nabarmen (Irunen bezalaxe), eta, beste biak txukunago erantzun arren, ez nintzen gustura geratu. Besteak beste, puntu batetik besterako denbora-tartea oso txikia delako, erori eta jaikitzeko. Hamarreko txikian gehiago gozatu nuen ordurako beste maila batean ikusten nuen Maialenekin, eta, kartzelako egonaldi laburraren ostean, bakarkako gaiari heldu behar.

Uste dut hamarreko txikiko gaiaren eraginez, egunero bizi dudan egoera bat saihestu ezinda ibili nintzela hasiera-hasieratik, eta zer kristo! Berari heltzea erabaki nuen. Lehen bertsoan klasetik gelarakoa ongi deskribatu nuela uste dut. Bigarrenean poto egitera nindoala ohartu eta trabatu egin nintzen, eta bertsoaren amaiera ere nahi bezala ez borobiltzea ekarri zidan. Hala ere, salbatu nuela uste dut “gela honetan askotan / erdaraz egiten da hitz” baitzen esaldi gakoa. Hirugarrenera seigarren martxa sartuta iritsi nintzen, eta esateko neuzkanak eta zetozkidanak arrapaladan joan ziren. Txalo-zaparrada handia. Akatsak akats, gustura, entzun nahi duenarentzat hor dago (eta entzun nahi ez duenarentzat ere bai).

Beasain-BilboBazkalorduak esaten du askotan bakoitza nola dagoen, goizarekin konforme dagoen… Sentsazio gorabeheratsuak nituen eta bazkaldu ere apenas bazkaldu nuen, goierritarrek aski bazkari goxoa prestatu arren (eskerrik asko zuei ere, a zer aldea orain zortzi urte hotelean izan genuen bazkaritik!).

Bazkalondoko agurra Mendiluze eta bion artean egin genuen esateko, beste neurri batean neukana metrika horretara ekartzeko proposamena egin baitzidan (eskerrik asko, Aitor). Egin dezala eztanda!

Eta egin zuen, noski. Seiko motzean Sustrai eta biok komertzialak ginen. Ez naiz alferrik beasaindarra, eta segituan esan nion lagunari: “CAF”. Gero, nire bertsoan sartzeko tarterik gabe geratu nintzen, baina ordurako bidea hobetsia zuen Sustraik. Bide batez, a zer finala! Bejondeiala, konpai!

Txukun egin genuela uste dut. Puntutakoan ez nion gaiari helduleku askorik ikusi, kokatzea kostatu zitzaigun, akaso, eta elementu ezberdinak sartzen saiatu arren, eta hain saio txarra egin gabe ere, gainerakoetatik baxuagoa izan zela esango nuke (Beñat, kamisetak ez dik preziorik, ez jarri salgai).

Azken bakarkakoa loteria izaten da. Zortzi gai desberdin, baina luzitzeko aukera eskaintzen duten zortzi gai jartzea ez da lan erraza. Ez zitzaidan gai txarra iruditu tokatutakoa, hausnarrean egotera ertz asko ukitzeko modukoa, baina bertsoak txukun osatzera mugatu nintzela esango nuke. Eta zergatik ez esan, lagunak indarrean ikusi nituen eta azken kartutxoan dinamita sartu behar da.

Hala egiten asmatu zutenak ziren Maialenen inguruan zebiltzanak (niri ere pena eman zidan Amets goizean ezin ekarriz ikusteak. Lau urte barru azti berriz Ametsekin!), eta azkenean Sustrairi zapatan geratu zaion puntu erdiko hartxintxarra poltsikoratu zuen Aitorrek. Honek ere merezita, bestalde.

Hiru buruz buruko ikusi ditut atzeko aulkitik. Egia esan, ez dago horrelako bi buru lehian 15.000 pertsonak osatutako hondoa dutela atzetik ikustea bezalakorik (eta whiskya eskuan, hori ere bai). Ez ziguten hutsik egin. Ale ederrak osatu eta, egun osoan imajinatu bezala, lagun imajinarioarentzat txapela. Askotan esaten da halako edo bestelako existituko ez balitz imajinatu edo asmatu egin beharko litzatekeela. Ez dakit nik Maialen bezalako bertsolari bat existituko ez balitz inor imajinatzera ere iritsiko litzatekeen. Zorionak bene-benetan. Chape(l)au!

Eta hortik aurrerakoa badakizue. Hogeita bi urte dira 95eko Gipuzkoako txapelketa hartatik, sailkapen-fase, final laurden eta finalerdi asko (oker ez banaiz, lehiako 33 saio guztira), tartean bost final ere bai, oraindik telebistapeko kajoian dagoen txapela ere bai, eta une gozo eta gazi asko. Ez dut uste norberak erabakita eta halako tokian agur esatea baino gauza ederragorik dagoenik. Sekula ahaztuko ez dudan irudia begietan eta ahogozo benetan eztiarekin, belarrietatik azken txalo-zaparrada kendu ezinik daramat aste hau.

Ohorea, plazera… zer ez ote da izan final eder honetan bukatu dudan ibilbidea. Plazako bidean jarraitzeko gogotsu eta motibazio berri batekin agurtu dut txapelketa.

Eta gauzak zer diren, arratseko 20:00etarako, gorputzaldia ere ona. Egia izango da urduri nengoela.

 

Beasain-Bilbo
Beasain-Bilbo
Beasain-Bilbo
Beasain-Bilbo