Aniztasunaren distortsioa

Gatazka politikoaren adierazpiderik bortitzena, indarkeriarena, bukaerara iristen ari den honetan, kritika, autokritika eta gogoetarako tartea zabaltzen ari da gure gizartean. Bide onetik goazela uste dut, nahiz eta kontziente naizen bide hori, oraindik, malkartsua izanen dela. Gogoeta horretan kokatzen dut neuk ere artikulu hau. Bertsolaritzak gatazka politikoarekin izan duen harremanaz galdetu eta gogoeta franko etortzen zait burura. Lehenik, indarkeria amaituta ere, gatazka politikoak bizi-bizi jarraitzen duela, eta, ondorioz, bertsolaritzak ere, bertze edozein kultura adierazpidek bezala, eta gizarteko edozein arlok bezala, jarraituko duela gatazka politikoaren zurrunbiloan. Bizilegea dela, alegia.

Ukaezina da Euskal Herriko gatazka politikoak bertsolaritza ere bete-betean harrapatu duela. Ezin zen bertzela izan. Bertsolaritza euskal kulturaren adierazpide nabarmena den neurrian, gizartean gertatzen den heinean, herritarrek egiten dugun neurrian, gatazkaren zurrunbiloaren parte da. Ezin da ekidistantziarik mantendu inoiz eta inon, eta are gutiago gatazka batek jotako gizartean.

Kontua da zein neurritan eragin dion. Gatazka politikoak bertsolaritzan ere utzi ditu, agerian, ondorioak. Eragin du zatiketarik, jaso du kritikarik batzuengana bertzeengana baino gehiago lerratu delako; bada eroso sentitu ez eta bertsolaritzatik urrundu denik, gehiago ez itzultzeko; sortu ditu eztabaidak, ez, beti, modu egokian kudeatuak. Bai. Galdera da ea hori guztia bertze arte-adierazpide batzuetan baino gehiago edo modu bortitzagoan gertatu den. Gizarteko bertze alor batzuetan baino gehiagotan eman den. Eta, uste dut, ezetz. Denetatik bikoiztuta dugun herri honetan (komunikabideetan, hezkuntzan, sindikalgintzan, politikan, euskalgintzan… ohikoak izan dira zatiketak), bertsolaritzak lortu du sortzaileak, jarraitzaileak, zaleak… bat eginda egotea proiektu baten inguruan, barne kohesio handiz: Bertsozale Elkartean. Elkarteak jakin du aniztasuna kudeatzen, gizartean eta bertsolaritzan zer gertatzen zen aditzen, eta bere espazioa eta zeregina aldarrikatzen, batzuen eta bertzeen erabilera interesatutik ihesi.

Oro ez da urre, egia da. Baina bertze alor batzuetan izan ditudan bizipenekin alderatuta (kultur arloan zein kultur arlotik kanpo), inon gutxitan bizi izan dut askatasun bera eztabaidarako, gogoetarako, analisirako. Eta beti errespetuz. Eta hori izan da bertsolaritza biziberritzeko eta zabaltzeko gakoa nagusietakoa.

Izan dira kritikak, polemika eragin duten uneak (halako bertsolariaren jardunak, gai-jartzaileen lanak, telebistarekin ika-mikak, bertsolarien arteko tentsioak…). Izan da bertso saioak politizatzeko joera ere. Egia da bertsolaritzak gehiago heldu diola gatazkaren alderdi bati, sufrimendu bati. Gehiago lerratu dela abertzaleongana, eta, are gehiago, ezkerreko abertzaleengana. Bai. Baina bertsolaritza sustatzen eta zabalkundea egiten ere gehiago inplikatu gara abertzaleok, eta, bereziki, ezkerreko abertzaleok, oro har euskal kulturarekin gertatu den bezala.

Horren ardura, baina, partekatu beharrekoa da. Aritu direnek bezainbertzeko ardura dute euskarazko kulturgintzari bizkarra eman diotenek, bertsolaritza demonizatu nahi izan dutenek, lubakietan sakondu nahi izan dutenek. Tentazioa egon da, eta handia, adierazpen askatasunari atakak jartzekoa, bertsolariek zer kanta zezaketen eta zer ez mugarritu nahi izan duenik, eta administrazio publikoan zein irrati-telebista publikoetan zentsura ezarri duenik, bertsolari batzuei eta bertso batzuei, bereziki. Diru publikoak bertsolaritzarentzat ukatu duenik izan da, bere balio kulturala ukatuta, ETArekin lotu nahi izan duenik.

Egia da bertsolaritza, eta euskarazko sormena, oro har, batez ere sufrimendu batekin lerratu dela, gehiegi ahantzi duela bertze sufrimendu bat, batzuetan nahita eta gehienetan kontziente izan gabe. Baina gauza bera leporatzen ahal zaie euskarazko kulturatik, euskal hizkuntzatik hain urrun dauden eta egon diren artista, politikari eta gizarteko zenbait sektoreri. Lubakiaren bertze aldeko sufrimendua, gatazkaren bertze ikuspegia barneratzeko arazoa gizarte honi errotuta dago, ez da bertsolaritzaren arazoa, ez euskal kulturarena. gizartearena da, gizarte hau osatzen dugun gizon-emakumeena. Eta hori da euskal herritarrok dugun erronka nagusienetakoa: bertzearen sufrimendua ulertzetik abiatutako gizarte bat eraikitzea.

Urteak eman ditut bertsolaritzari lotuta, Bertso eskolan hasi, eta Nafarroako zein Euskal Herriko elkarteetako batzorde eta zuzendaritza talde desberdinetan. Epaile lanetan aritu naiz 15 urtean Nafarroan zein Euskal Herrian. Eta denboraldi batean, lan horiek politikako jardunarekin bat etorri dira. Izan da errealitate hori ongi hartu ez duenik, alderdi politiko bateko bozeramaleak bertsolarien epaile lana egoki eta neutraltasunez egiteko gaitasuna ote zuen edo ez zalantzan jarri duenik. Eta gehiago, seguru aski, alderdi jakin batean aritzeagatik, politikan jarduteagatik baino. Horrek eraman nau erantzun argiegirik gabeko galderak planteatzera: jardun daiteke politikako lehen lerroan eta gizarte zibileko mugimenduetan, aldi berean? Nik uste dut baietz. Eta hori bera aldarrikatzen dut. Politikarekiko sinesgarritasuna galdua duen gizarte batean, ezinbertzekoa da gizarte zibiletik, kulturgintzatik, euskalgintzatik hornitutako jendea erakartzea politikara.

Baina nago arazoa ez dela hainbertze bateragarriak diren politika eta kulturgintza. Arazo gehiago eragin du, historikoki, alderdi politiko jakin batzuetako kide izanda kulturgintzan aritzea. Hamabortz urteotan, literaturan edo kantagintzan bezala, bertsolaritzan ere kargurik gabeko aunitz sumatu ditut sigla batzuen bozeramale. Bertsolaritzak berak baino, bertsolaritza egiten duten pertsona jakin batzuek aniztasuna ulertzeko moduan egon da –eta dago, oraindik- arazoa, egotekotan. Gatazka politikoak, bertsolaritzan ere, bizitzako gainerako ataletan bezala, aniztasunaren kontzeptuan distortsioa eragin du, desberdina onartzeko gaitasuna apaldu du. Kultura politikoa aldatzeko premia duen gizarte baten adierazle bat gehiago da.

Jon Abril

(Bertso-epailea eta Aralarreko koordinatzaileorde ohia)