Beñat Gaztelumendi: Gorputzetik

Gorputzetik –

Testua: Beñat Gaztelumendi
Argazkia: Conny Beireuther
Ilustrazioa: Patxi Gallego

 

“Kantatzen dudana gorputzetik ekarri nahiko nuke”.

GorputzetikLagunen adarjotzeak eragin zituen finalaren aurreko elkarrizketa batean botatakoak. “Gorputzetik? Nondik kantatu behar duk bestela, bada?”. Gorputzetik, noski. Baina zirudiena baino konplexuagoa zen kontua. Edonork egin dezake ariketa: irudikatu zure burua oholtza batean eta 14.000 pertsona parean, mutu. 14.000 aho eta 28.000 belarriko gorputz bat zure aurrean arnasa gordetzen, zure aurrean hunkitzen, zure aurrean barrez, zure aurrean huts egindako hitz bakoitzagatik ileak lazten. Irudikatu gorputz bat mugimendu batetik datorrena, mugitzen ari dena; gorputz bat proiektu batean sinesten duena, bertso eskoletan eragiten ari dena, herriz herri saioak antolatzen, lehenengoz erratz muturraren aurrean kantari, berak antolatutako saioak grabatu eta sarean zintzilikatzen, hurrengo saiorako gaiak prestatzeko deialdia whatsappez zabaltzen, Euskaltegiko ikasleak motibatzeko bertso sortak inprimatzen, Bertso Udalekuetako lagunekin egunik euritsu eta hotzena ere festa, emozio eta zaintza bilakatzen. Irudikatu gorputz bat herri bati bertsotik eragin nahi diona, etengabeko aldaketan dagoen mundua hitzetara ekarrita entzun nahi duena; bere pentsamendua eta sentitzeko moduak bertso baten ispiluan islatuta ikusi nahi dituena eta ispilua kraskatuko dion bertso horren zain dagoena. Irudikatu gorputz hori. Eta haren parean, zure burua, zure gorputza, beste zazpi gorputzen aldamenean. Eta saiatu hori dena zure gorputzean kabitzen. Horixe nahi nuen abenduaren 17an.

Ez da erraza une kolektibo horren kronika pertsona batek egitea eta juxtua ere, seguru asko, ez da izango. Bertsolari Txapelketa Nagusia mugimendu horrentzat astinaldi bat ere bada, gorputz horrentzat elikagai bat ere bada, finalak astinaldia biderkatu egiten duelako. Lau urtean astero-astero, plazarik plaza, bertso eskolaz bertso eskola egindako inurri lana eltze batean sartzea baita. Festa kolektibo bat. Baina bakoitza bere baitan bildutako zortzi ahots horiei dagokie eltzea sutan jartzea, beren onena ematea, munduan egoteko daukaten leku horretatik bertsotan egitea.

Oholtza ezagutzen nuen, 2013an ere egona nintzen finalean, buruan ondo gordeta neuzkan irudi eta soinuak, horretara joan nintzelako duela lau urteko finalera: egotera. Baina “betikoen finala” izendatua zuen katedrak 2017koa. “Betikoetakoa” nintzela, alegia, egitea zegokidala. Txapelketa arraro xamarretik nentorren: bi saio eta bietan ondo. “Ondo, baina”. Maulen, saioa hotz. Eta Amurrion, saio erdi parean, itzalalditxo bat. “Ondo, baina”. Finalera iristea bertsotan ondo egin izanaren ondorio dela jakinda, atzean geratutako bertsokideen maila ezagututa. Ondo, baina lehertu gabe, bertso eskolan landutako bideak oholtzan guztiz erakustea lortu gabe, urduritasunaren korapiloak askatzea lortu gabe. “Baina, ondo”.

 

GEZUR TXIKIAK

Behin finaleko zortzikotea osatzen denean norbere buruari gezur txikiak esaten hasteko garaia iristen da: “Inoiz baino hobeto hago” edo “finalean lehertuko haiz” edo “berandu hasi hintzen prestatzen eta abenduan emango duk hire onena”… Segurtasuna eta konfiantza ere eraiki egiten dira, eta buzoa jantzita, eraikitze lanetan igaro nituen finalaren aurreko asteak: gotortzen.

Eta animoso iritsi nintzen abenduaren 17ko goiz freskora. Goizeko 7etan jaiki eta nire buruari gai batzuk jarri nizkion eguna hasteko. Ariketa bat zortziko handian, ariketa bat zortziko txikian eta bakarkako hiru bertso. Eztarria libratu eta burua martxan jartzeko. Ideiak bazetozen, eta oinek bezperan utzitako lekuan jarraitzen zuten. Lasaitua. Autoa hartu eta BECera. Eta hortik aurrera, zurrunbiloan datozen oroitzapenak: “Hi haiz lehenengoa iristen” aparkalekuko petodunak, eta jendez betetzen ari zen aretoari teloi atzetik botatako bistadizoa; eta Sustrai lehenengo, bi Aitor eta Unai ondoren, Igor berehala, Maialen gero, Amets azkena; zozketa, eupadak, animoak, bizkarrean emandako kolpeak, taldea egin nahia, elkar babestu nahia, bertsoa norberak baina elkarrekin eta saioa denok egiten dugun sentsazio hori; hurrengo ordu luzeetan, hurrengo une muturrekoetan euskarri izango ditugunengana hurbildu nahia, eta aretoko zurrumurrua, sintonia, jendea zutitzen denean BECeko burdinazko egiturak ateratzen duen hotsa, “goazen”, bizkarrekoak, eupadak, “ez begiratu lurrera, begiratu jendeari, akaso berriz ez haiz hona iritsiko, eutsi”, eta 14.000 gorputzez osatutako gorputz erraldoi horren distortsioa: aurpegiak, bizkarrekoak, malkoren bat begiren batetik zintzilik, txaloak, txaloak eta txaloak, oholtzako eskaileretan gora hanken dardara, pauso batzuk aurrera eta txalo BECi, txalo, txalo eta txalo. Eta isiltasuna. Aulkia. Begirada moketa grisari. Agurraren errepasoa. Eta gorputzera.

 

ONDO, BAINA…

Kontraste izugarria dago txapelketaren irismenaren, tamainaren eta espektatiben eta gure lehengai hauskorraren artean. Horixe sentitu nuen oholtzako moketa grisari begiratzen nion bitartean. Agurra bota eta nire gorputzeko sentsazioak irakurri eta dezifratu nahian aritu nintzen. Bertsolaritza, mugimendu bezala, gai da txapelketa zazpi herrialdeetara eramateko, gai da BEC betetzeko, gai da ehunka borondatezko petoa janztera erakartzeko. Baina nik, abenduaren 17ko goizeko 11:20an, ez nekien gaia entzun eta bukaerak etorriko ote zitzaizkidan, errimek bere lekuan jarraituko ote zuten. Segituan igarri nion baietz, etorri behintzat etortzen zirela ideiak, baina bideetan asmatu ezinda nenbilela, gaietan tokia egin ezinda. “Ondo, baina”. Sustrairekin pisu batean sartu nintzen zortziko handian. Hozka egin nahi nuen hasieratik. Baina Sustrai zaborra ateratzera joan zenean ohartu nintzen etxeko zapatilekin nengoela. Ametsekin artzain lanetan jarri nintzen zortziko txikian, eta artaldeak ihes egin zigun. Puntu erantzunak ere hotz. Hamarreko txikian, seme-alaben gelara sartu nintzen Aitor Mendiluzerekin. Lehenengoz lortu nuen esaten ari nintzena gorputzera ekartzea, gaian sartu eta logela ikustea.

Sentsazio arraroarekin joan nintzen kartzelara. Bertsokideak ondo ari zirela esaten zidaten moketa grisari begira egindako entzunaldi selektiboek; bazirela beren onenetik gertu zebiltzanak, finala oso ona zihoala eta ederra zela horren parte izatea. Baina, ni… Tira, gezur txikiak esateko garaia zen: beti lortzen nuela kartzelako lanean goraxeago etortzea, finala hasi besterik ez zela egin… Duela lau urteko finalean ahitu egin nintzen, gorputzak pott egin zidan eguna bukatzerako. Horren jakitun, jateko aprobetxatu nuen kartzelako egonaldia; elkarri adarra jo eta tentsioa askatzeko, esnatzeko, gorputza berotzeko. Unai Agirre berriz oholtzara joan zenean, ertz batean jarri eta kartzelarako hautatu nuen doinua kantatu nion nire buruari, nire ahotsean lekua egiteko, segurtasuna bilatzeko, dardara eta indarra non zeuden aztertzeko. Prest nengoen. Amorratzen nengoen. Doinuan babestu nuen nire burua, ahots kordak sentitu nahi nituen. Baina aretora sartzen hasi nintzenean isildu egin nintzen, gelditu egin zitzaizkidan ahots kordak eta nire gorputzetik joan egin nintzen. Gerora jakin nuen Unai Agirrek Puigdemonten paperetik osatu zuela ariketa, eta BEC lehertu egin zuen (abenduaren 17 hartan behin baino gehiagotan lortu zuen). Baina leherketa olatu bilakatu zen, eta ni oholtzara igotzen ari nintzela eztanda horrekin egin nuen topo. Isiltasuna itzuli arte itxaron genuen. Eta hor etorri zitzaidan kartzelan ezkutatzen saiatu nintzen sentsazioa: final ederra zihoala, bere onenean ari zirela bertsokideetako asko, baina ni ez nintzela eman nahi nuena ematen ari; tokia ezin eginda nenbilela, parean neukan gorputz erraldoi horren eta nire gorputzaren arteko puntu zehaztugaberen batean nengoela. “Gelan sartu zarenean, denak isildu dira”. Horixe zihoen gaiak, eta horixe zioten nire sentsazioek. Eta nire burua bide arraroak arakatzen harrapatu nuen: pentsatu nuen kartzelakoa nire goizeko sentsazioei botatzea, baina festa kolektibo hartan nire sentipen pertsonalez aritzea egoista eta pobrea iruditu zitzaidan. Gero, beste helduleku bat ere etorri zitzaidan, baina horrek ere ez ninduen konbentzitu. Eta, azkenean, gelakideek baztertutako haurrarena hartu nuen, presaka xamar, eta haurra eta ikasgela ikusterik lortu gabe. Ahalik eta azkarren bota eta bazkaltzera. Horixe behar nuen. Luze egin zitzaidan goiza.

Oholtzaren atzeko gela batean bazkaldu genuen zortziok. Elkar zaintzen saiatu ginen, egunari pisua kentzen, adarra jotzen. Halako egun bat beste zazpi lagunekin konpartitzea deskribatu ezin den luxu bat da, betiko geratzen den oroitzapen eder bat. Bazkaritan ere asmatu genuen taldea egiten. Goizeko nire sentsazio gordinak baretu zizkidaten konpainiak eta arrozak. Arratsaldeko saioa falta zen, aukera neukan goizekoa itxuratzeko. Aurpegia busti, loaldi motz bat egin… Gorputzari buelta ematen ahalegindu nintzen. Agur umoretsu bat, neure buruari barre egin. Horixe behar nuen. Agurraren ondoren jertsea bota nuen, askatu beharra neukan. Eta nahi adina ez, baina goizean baino askeago ibili nintzen arratsaldean.

Buruz burukorako izenak esan zituztenean lasaitu egin nintzen; bakarkakoarekin aseta geratu ez arren, istorioa ikustea behintzat lortu nuelako. Eta hortik aurrera, BECeko luxuzko entzule bat izan nintzen nire aulkian eserita. Ederra iruditu zitzaidan Maialenen eta Aitorren buruz burukoa; aurretik entzun nizkien ale solteak ere hala iruditu zitzaizkidan. Eta finala bera ere ederra izan zelakoan nago, berriz entzuterik izan ez badut ere.

Aste batzuk pasa dira abenduaren 17 hartatik. Bakoitzak bere finala bizi izan zuen, eta horixe izan zen nirea. Zortedun sentitzen naiz han aritzeko aukera izan nuelako, horraino iritsi nintzelako, final eder hura osatu zuen taldeko parte izan nintzelako. Baina finala, bere irismen, tamaina eta zurrunbilo guztiekin, egun bat baino ez da. Orain berriz dagokigu oholtza handi horretatik jaitsi eta parean izan genuen gorputz handi horretan murgiltzea, mugimenduko parte izatea, aldatzen ari den munduari hitzak jartzen jarraitzea, gure gorputzekin eta munduan egoteko leku partikular hauekin bertsogintza aberasten jarraitzea. Ni amorratzen nago, ikasteko desioz, bertsokideekin kantatzeko gogoz. Besteen ahotsa entzunez eraikitzen baitu nork berea. Ederra izan zen eguna, baina ederragoa da egiten gaituen bidea.

Gorputzetik
Gorputzetik
Gorputzetik
Gorputzetik
Gorputzetik