Bertsolaritzari buruz

Zer da bertsolaritza? , jenero bat? Fenomeno bat? Artelana al da?

Orixe dala artelana! Euskera izkuntzaren, itzezko jostaillu bat-batekoa. Ziur nago, mundu guztian gure izkera euskeran bakarrik egiten dala; bat-bateko artelan au.

Zein aundia izango dan mundua, eta zein txikia Euskalerria. Ala ere, ementxe bakarrik daukagu miraria dirudien, bat-bateko itz-jolas, bertsolaritza.

Nere galdera da; benetan konturatu al gera, zer daukagun esku artean? Gure bertso entzulegoa benetan konturatzen al da, bertsolaria ezerezetik ari dala bat-batean? Doiñua bakarrik dala dakien bakarra jendaurrean; gaiñerako guztia sormenez bat-bateratu bear duela? Gaiñerako ekitaldiak itzaldi, musika, abeslari, dana dijoa ondo ikasita jendaurrera. Ez dira bat-bateko jeneroak, jenero ikasiak dira.

Baiña jaunandreok, bertsoa ezerezetik aireratzen da, edo paper txuriratzen da bat-batean. Gaiñera segundo mordoxka baten barne. Doiñura tolestatu, neurria, errima, esaldia, ziria, gaiaren erabillera, erantzutea eta abar.

Bosteun lagunen aurrean, millaren aurrean, bost millaren aurrean, edo amabi millaren aurrean. Ez ori bakarrik, jendeari aalik eta txalogarrien egingo zaion eran, moldatuko du bere saioa. Auxe da euskararen bertsolaritza.

Eta, au ez da oraingo berria. Ea noiztik datozen bertsolari aztarnak. Ni ez noa izenak aipatzera. Baiña, garaian garaiko jakintzarekin kantatzen zan leen ere, bertsoa.

Nik esango nuke, meritua berdintsua dala. Ezerezetik sortu izan dalako beti bertsoa. Garaiak ezin dira konparatu, teknikak ere ez, jakintzak ere ez. Argatik diot, garaian garaikoa.

Gaur eguneko bertsolari geienek, jakintza mailla aundia dute. Baiña kontuz. Entzulegoak ere badu jakintza mailla. Orduan, gaiak ere jakintzaren maillakoak edo egunekoak erabili oi dira gaur egun. Entzuleak zerbait garrantzitsua entzun nai du, bertsolariarengandik.

Eta ori guztia, errespeturik aundienez itzultzen dio bertsolariak entzulegoari. Aalik eta alaitasun bitxienez. Eredutzat artu bearko genuke, gutxienez.

Jarrera eta ekintza txalogarria benetan bertsolariarena. Euskeraren tresna berezi eta artelan, bat-bateko au, euskaldunari eskeintzea.

Gaiñera esango nuke, naiko bidelagun garbia degula bertsolaritzaren ingurua. Ea zer gaztedi ikusten dan bertso saioetan, eta txapelketetan batez ere. Zigarro erretze gutxiko gaztedia. Itz baterako, gaztedi sanoa, alegia.

Ea zenbat bertso eskola dagoen gaur Euskalerrian zear. Bertsolaritzaren taillertxoak, deitzen diet nik bertso eskolei. Euskeraren bertso tresna erabiltzen ikasteko, lekuak baitira. Aupa zuek.

Bertsolaritza txukun erabiltzeko eta, merezi duen maillara jasotzeko leen urratsak eman zituena, Basarri bertsolaria izan zan, diotenez.

Beraz, artzai aundi ark izan du zein artaldek jarraitua. Aurten betetzen da gaiñera mende urrena Basarri jaio zala. Asiak dira dagoeneko Zarautzen jaierak edo ekitaldiak antolatzen. Azi, bizi eta il, Zarautzen egin bait zan, Basarri.

Gogoratu dezagun bada, bertsozale geranok. Bertsolaritza sail onen barne, onako au ere aipatu naiko nuke. Bertso idatzien sailla. Bertso jarriak, alegia.

Bertsolaritza bezain aztarna zaarrak daude, bertso jarrietan ere. Oso aspaldiko bertso jarriei gainbegiratua emateko zoria eduki det eta, nabaritzen zaiena da, ordungo jakintzaren maillan ere, euskal jatorriaren muiñ-muiñetik jartzen zituztela bertso sortak.

Azkeneko hogei-hogeita amar urtetan berriz, bertsopaper leiaketak antolatzen dira gaiñera an emenka. Eskolartekoak, erriartekoak, eta irekiak. Obra ederrak eta inbidiagarriak azaltzen dira. Batez ere, jende gazteen bertso jarrietan.

Gero, naiko zokoratuta edo, naiko gutxi azalduta geratzen diranak.

Nire galdera da, zergatik ez dira antolatzen bertso jarriekin emanaldiak musikaz egokituta? Saritutako zenbait bertsorekin batez ere? Gaiñerako kantaldiekin antolatzen diran bezela!

Uste det bertsolaritzaren beste kimu bat izango litzatekeela.

Agur bat.

Nikolas Zendoia