Donibane Lohizuneko saioa, hego-haizea eta potokumeak

Manex Mantxola

Manex Mantxola

2017-11-27

Donibane Lohizuneko saioa, hego haizea eta potokumeak

 

Donibane Lohizunen egin genuen topo saioetara joaten garen betiko 2000 bertsozaleok. Batek daki nondik ateratzen diren BECeko gainontzeko 12 000 horiek.. Beno, Arkaitz Estiballes badakigu non zegoen. Zertan, ez daukat hain garbi. Atzokoaren ostean, saio bakarra geratzen da finalaren aurretik, eta suposa zitekeen broma gutxi eta sakontasun asko izango zela saioko ezaugarri nagusia. Baina ez, edo ez hori bakarrik, umoretik ere izan baitzuen. Amurrion ez bezala, puntukako ariketa izan zen saioko izar nagusia. Itxoin, hobe kronologikoki:

 

Agurrak agur, eta Aginen kamisetaren keinua ahaztu gabe, zortziko nagusian jada ez da nobedade ariketa honek txapelketan berezkoa duen seriotasunaren bidetik baino, umoretik ere jorratzea. Horren erakusgarri, Jone Uria eta Julio Sotok osatu zutena ezkontzaren gaiaren bueltan, ederra eta bixia. Dirudienez, astean zehar zigortu gaituen hego-haizeak ez ditu mukiak eta eztula bakarrik ekartzen, plaza ere ekarri baitzuen txapelketara.

Zortziko txikian, zirtoan jarrai. Aipatzekoak, Jone Uria garbitzailearen ariketa aparta Maialen Lujanbiorekin eta Igor Elortza lore-saltzaileak Iñaki Apalategiri botatakoak, Igorren lehen bertsoa bereziki, baita Iñakiren azken arrazoia ere. Ezin ahaztu, Agin Labururi Julio Sotok botatako bigarrena, itsaso hotzean murgiltzera animatu nahian.

 

 

Puntukako ariketa heldu zenerako, hasia zegoen Jai-Alai frontoia plaza itxura hartzen. Iñaki eta Maialenek ekin zioten Gazte Eguneko bazkariko zaharrenen paperetik: lastozko txapelak, plastikozko platerak, niki arrastodunak, erdipurdiko oilaskoa eta txupito, kafe eta puroak aipatuz, hobe dutela Benidormera joatea ondorioztatzen amaitzeko. Hortik aurrera, ero-haizea nagusi: Agin Pan-Bimboa gomendatuz komuneko paper funtziorako, Jonek Nocilla gogora; Julio, elementua, bere elementuan: txiton! eta PinyPon errimatuz (Amuriza, apuntatu hitzek hiztegirako), zapatuan zanpatu zenuen banana eta horrela. Malkoek ez dutelako zertan tristurarik behar ihes egiteko.

Esan beharra dago, aurreko ofizioetan egokitutako paperei errefentziak baliatu zituztela Jonek eta Aginek. Eta Juliok azken bi hauen ariketako Pan Bimboa aipatu zuela. Maialenek ere baliatu zuen 10ko txikiko etorkinarena, baina honek kartzelarako.

Hamarreko txikian eta kartzelan umorea des-plazatu zen, dena ez baita jauja. Igor maisuki Puntaren Puntako alderdiaren ustelkeriari kantuan 10ko txikian. Kartzelan, denetik: Maielenena, potoak gora-behera, bat, bi edo bat ere ez, berdin dio, itzel josiak hiru bertsoak. Igorrek eta Juliok, bortxaketa baten aurrean justizia egiteko gezurra esan zuten. Zingiratsu xamarra gai aukeraketa, batez ere, ez dakidalako azken asteetako #niksinistendizut mezuari laguntzen dion. Intentzio onarekin, baina gizon bat neska gaixo, bakarti, ahul baten salbatzera.. ejem.

Azkenik, Jonek eta Iñakik pelikulako gaiztoaren paperetik kantatu zuten, eta iruditzen zait kartzelako ariketan mami gehien duen heldulekuetako bat dela hori. Hain zuzen ere, Bastidako saioan Sustraik Colinak esan bezala, ikustaraztea pelikulako gaiztoa maitatzera heldu daitekeela.

 

PD. (Poto-data) Ez da potokumea izatearren, baina badaude potoa baino gauza okerragoak bertsoan. Gutxienez hiru bertsolarik egin zuten topo errima berarekin atzoko saioan, eta hala ere, saio itzela izan zen. Horrek pentsarazten dit zenbaterainoko akatsa ote den, eta ez duela balio bera ariketa guztietan. Esaterako, puntukakoa da poto arrisku gehien duen ariketa, eta era berean, gutxien sufritzen duena ematen denean. Erritmoa eta erantzunaren azkartasuna dira ezaugarri nagusiak ariketa honetan, eta horiek mantentze aldera egin behar bada, ez zait iruditzen bakarkako batean, puntu erantzunetan edo lau oinak emanda (noizko berriro txapelketan?) poto egitean bezainbeste penalizatu beharko litzatekeenik. Hori bai, koplatan egiten bada: urkamendia.