Durangoko saioa, erreplikanteak eta Voight-Kampff froga

Manex Mantxola-(r)en argazkia Manex Mantxola 2017-11-13

Durangoko saioa, erreplikanteak eta Voight-Kampff froga

Atzo jokatu zen finalaurrekoetako lehen faseko azken kanporaketa eta badakigu zeintzuk diren hurrengo fasean kantatuko duten bertsolariak. 2100 lagun elkartu ginen Durangoko Landako aretoan. Epaileen abakoak gora eta behera ibili ziren, eta guk, ordena bat jarraitze aldera, behetik gorakoa egingo dugu:

Zerrendan lehena eta merezi baina puntu gutxiagorekin: Miren Artetxe. Gehiagorako gai zen arren, ez zen eroso aritu, lotuta, barruko Maurizia atera ezinda. Nahiz eta tarteka asmatu zuen. Puntu eratzunetan bereziki, seiko motzean ere fin eta zortziko txikian utzi zuen detailetxoren bat. Kartzelan, iruditzen zait asmatu zuela gaiaren aukeraketan baina ez zuen lortu borobiltzea. Zortziko nagusikoa, beno, ez dut uste saioko lehen gaiak deskolokatu zuen bakarra izan zenik.

Iñaki Apalategik jarri zuen hurrengo faserako langa, 648 puntutan. Nahiz eta, gehiagorako saioa egin. Azpimarratzekoa, bertsoak janzteko duen gaitasuna. Bota zituen bertso ia guztietan ekarri zituen gaiarekin lotutako elementuak: like, gopro, spray, akupuntura, liztor asiatikoa eta abar. Kartzelakoan gaiari estuegi heltzea lortu ez bazuen ere, Fermin aitonaren irudia Barçako kamisetarekin jeniala iruditu zitzaidan.

Oihana Iguaranek, dena ondo egin zuen, Leitzako saioa berdintzera heldu ez arren. Seiko motzean aparteko saioa osatu zuen Aitor Mendiluzerekin batera. Kartzelan berriz, aurrez denek hautatutako senide maitatu baten gaiari buelta eman zion, sinesgarriagoa egin zitzaidan amona baten paperetik, familia eredua desmitifikatuz.

Jon Maiak finalean egon nahi du. Bederatzi puntukoan bota zuen agurra, BEC-eko ariketari keinu eginez. Zortziko txikian umoretsu aritu zen Maia erlearen aipamen eta guzti. Hala ere, erle langile baino, erlamandoago ikusi nuen, gehiegi arriskatu gabe, errazetik. Kartzelan lortu zuen, hain berea duen habaneran, zertarako gai den erakustea. Agurrean kantatu zuen buru haundia zeukala, gogorra ere bai. Estutzea besterik ez zaio falta finalera heldu nahi badu.

Miren Amuriza, lasai eta eroso. Finalean egoteko aukerak dauzka. Paregabea Mendiluzerekin zortziko txikian osatutako tangoa. Dantzan seguru, aurrera egiteko gai da inorri oinak zapaldu gabe. Oraindik imajinatzen dut Aitor larrosa batekin ahoan.

 

Aitor Mendiluze, distiratsu

 

 

Erreplikanteak eta Voight-Kampff froga.

Testua: Oker Ximenez

Doinua: Konspiranoikoarena

 

Ez naiz lehenengoa Aitor Mendiluzeren jatorri gizatiarra zalantzan jartzen. Bertsolari aldizkariak argitaratutako NORK maisulanean ere aipatzen zen zerbait. Baina lasai, XXI. mendean spoilerfobiak izan duen hedapena kontuan harturik, ez dizuet gehiago kontatuko. Hala ere irakurri, bi aldiz, merezi du.

Iragarkien atala amaituta, gatozen lihora:

Durangoko saioko erakustaldiaren ostean mota guztietako hipotesiak zabaldu ziren. Eta nik, zer ikertua bazegoelakoan, millennial ororen oinarrizko informazio iturrira jo nuen: Wikipediara. Dokumentazio lan sakon bat egin eta datuak kontrastatu ostean, honatx nire teoria: Aitor Mendiluze erreplikante bat da.

<<Erreplikantea 1982. urteko Blade Runner filmean azaltzen den fikziozko androide biorrobotiko bat da. Nexus serieko erreplikanteak gizaki heldu bat bezalakoak dira, baina indar, abiadura, bizkortasun eta adimen gehiago daukate.>>

Hori da Aitor, erdi-gizaki erdi-robota, ez gizaki ez robota. Ardi elektrikoekin baino, txapel beltzarekin amesten duena. Kode bitarrean ulertzen duena txapelketa: 1 ala 0. Txapela ala ezer ez. Eta gisa horretara kantatu zuena atzo: gauzak azkar, zuzen eta garbi.

Filmaren arabera, badago modu bat erreplikante bat identifikatzeko: Voight-Kampff froga.

<<Proba honek norbait gizakia ala erreplikantea (androidea) den jakiteko balio du. Makinak gorputzen funtzio fisikoen aldaketak neurtzen ditu, tartean arnasketa, aurpegiko gorritasuna, bihotz taupaden erritmoa eta begien mugimendua, betiere galdeketa bat egin eta honetan galdetuak emandako erantzunen arabera, gainera galdetuak galdekatzaileari emandako erantzunetan bere erreakzio denbora ere neurtzen da. Galdeketako galderak galdetzailean erantzun emozional bat sortzeko nahitan burutuak daude.>>

Txapelketarena, froga honen moldaketa bat litzateke: galdera gai-jartzaileak egiten du eta horrekin erantzun emozional bat eragin behar du, kasu honetan, bertsolariak entzulearengan. Kartzelakoa da ariketa esanguratsuena aspektu honetan, eta kasualidadez, Aitorrek saio osoan irrist egin zuen bakarra. Hain zuzen ere, askorentzat une horretan demostratu zuen gizakia zela. Baina mila arrazoi egon daitezke zirkuitu-labur horren atzean: nahita egin izana susmoak uxatzeko, azken orduko eguneraketaren baten erruz sistema berrabiarazi beharra, mugikorren interferentziak, ertzaintzaren inibidoreak… batek daki.

Kontua da, wikipediaren arabera, erreplikanteek lau urteko bizitza dutela. Hortik aurrera, erretiratu egin behar dira arriskutsuak bilaka daitezkeelako, gizakiengandik gehiegi ikasten dutelako, eta ezinezkoa bihurtzen delako erreplikante diren ala ez bereiztea. Kasualidadez, lau urte igaro dira saio gogoangarria eginda ere, Mendiluze 3.en geratu zen BECeko final hartatik. Asko ikasi du geroztik, eta badaki zer egin behar duen. Garaipen bila dator, eta zerbaitek esaten dit ez daukala harri berarekin bi aldiz estroputz egiteko asmorik.

Hala ere, bada oraindik ere jendea, begiko ez duena, transmititzen ez diona, bertsotan zeinen ondo egiten duen apreziatzeko gai izan arren, hotza iruditzen zaiona. Baina kontuan izan: hotzetik freskora gradu bateko aldea besterik ez dago.

Honaino nire konspiranoia. Ez dut uste inor guztiz konbentzitzea lortuko nuenik, baina jakin dezazuela ez naizela susmoak dituen bakarra, Miren Amurizak zeozer badaki:

 

Berriako lagunek igotako argazkia. Hitzak soberan.

 

Puntu aldetik bederen, Maialen Lujanbio da Aitor Mendiluzerekin leihatu daitekeen bakarra. Beti ere, itzalean zain dagoen Amets Arzallusen baimenarekin. Azken honek ere badu erreplikantetik ala? Besterik gabe, jakin nahiko nuke kartzelan ere asmatu izan balu zer gertatuko zen, noraino igo daitekeen langa txapelketa honetan.

Amaitzeko, gogoraraztea Mendiluzek eraikin abandonatu bateko azken pisuko terrazan, gau euritsu batean esandakoa:

<<Gizakiek sinestuko ez zenituzketen gauzak ikusi ditut. Eraso ontziak sutan Oriyotik haratago. Transhäuser Atari ondoan, Lujanbioren-izpiek iluntasuna nola argitzen zuten ikusi dut. Une guzti horiek galdu egingo dira, malkoak… euritan… bezala. Bertso garaia da.>>

Durangoko saioa, erreplikanteak eta Voight-Kampff froga