Egañaren perfumea

Amagoia Mujika-(r)en argazkia Amagoia Mujika 2016-04-26

Bertsolari aldizkariak, 25 urte. Bertan argitaratutako nire lehen erreportajeak, 15. Ariketa dibertigarria izan da lehen lan hura berriz ikustea eta irakurtzea. Ez nuen ahaztuta hala ere, iruditzen baitzait ez dudala aise ahaztuko Andoni Egañari egindako lehen elkarrizketa. Baina, memoriak berezkoak dituen errebuelta bihurriak tarteko, ez nuen horrela gogoratzen; hain inozo, hain bistako, hain ageriko.

Baina hor dago hemeroteka, ezkutatu ezina eta moldatu ezina, nire orduko orrazkera eta nire idazkeraren ajeak betiko gordeko dituena, gustatu ala ez.

Ez nintzen asko ezkutatu Andoni Egañaren bertuteak famatzen; hasi janzkerarekin eta segi perfumearekin, eta, tartean, bere hizketarako jarioa eta inteligentzia. Hori irakurri eta Egañarekin maiteminduta nengoela ematen du. (Eta honaino iritsita, nire ahizpak gustura kontatuko luke partekatzen genuen logelako paretan Andoni Egaña eta Julen Gerrero inposatzen nizkiola. Nolako sesioak izaten genituen horren kontura, ‘zergatik ez duzu Superpop-eko poster bat jartzen jende guztiak bezala?’).

Ba, horixe, Bertsolari Aldizkariari esker Andoni Egañaren perfumea usaindu ahal izan nuen, parean izan nuelako. Eta logelako paretan itsatsita bizi zen idoloa hezur eta haragizkoa bihurtu zitzaidan. Eta Egañaren ondotik beste bertsolari, antolatzaile, gai-jartzaile, epaile, koordinatzaile, bertsozale asko bihurtu zaizkit hezur eta haragizko, egiatako. Horretan lan handia egin du Bertsolari aldizkariak, sortzaileak gerturatzen, hezur eta haragizko bihurtzen, haien perfumeak deskubritzen.

Hamabost urte Bertsolarin lehen aldiz idatzi nuenetik, juxtu bertsolaritzaz idazten hasi nintzen garai paretsuan. Asko ikusi dut eta ahalik gehien ikasi.

Ikusi dut bertsolaritzarena familia handia dela eta bertsolariak ez ezik, beste kideak ere oso garrantzitsuak direla familia horretan. Ikusi dut borondatez eta batez ere pasioz egindako lan handia dagoela egun bertsolaritzak bizi duen gorputzaldi osasuntsuan. Antolaketa maila handia dago, gainera, eguneroko lan horretan.

Ikusi dut bertsolariak ez direla paretako posterrekoak, bistaratzen ez dituzten ahulguneak eta bertuteak ere badituztela. Baina, gero eta gehiago, bertsolariak bertsolari bakoitza dira; ikuskera, pentsaera eta sinadura propio. Eta gero eta gehiago, norberaren hori bat-batekora eramaten asmatzen du bertsolariak, ñabardurak modu elegantean errimaren eta neurriaren mendera jarriz. Bertsolariak uneoro inguratzen duen errealitatea begiratzeko, ulertzeko eta gogoetatzeko egiten duen ariketak eskoletan derrigorrezko ikasgai izan beharko luke. Bizitzeko tresna ezinbestekoa.

Bertsolaritza ez da duela hamabost urteko hura. Ni ez naiz duela hamabost urteko hura. Dagoeneko ikasi dut Egañarenganako nire miresmena kudeatzen eta disimulatzen, eta miresmen horretan beste asko kabitzen zaizkit orain; bakoitza bere ñabardura, estilo, mundu ikuskera eta perfumearekin. Eta miresten ditudan horietan denak ez dira bertsolariak, bertso familia handi horretan badaude bertsolariak ez diren perla asko.

Bertsolaritzaren fenomenoak ondo merezi du hogeita bost urtean Bertsolari aldizkaria, eta presta dadila aurrera begira jartzeko, bertsolaritzak segituko baitu ibiltzen, garaian garaian pausajea moldatuz.

Dagoeneko ahizparekin partekatzen ez dudan logelako paretan ez dago Andoni Egaña. Baina miresten segitzen dut, orduan baino ñabardura gehiagorekin. Eta Bertsolarik bertsolarien “Superpop” estiloko posterrak argitaratzen baditu, akaso…