Kanpotik - Bernardo Atxaga

Kanpotik – Bernardo Atxaga

Euskal Herriko bertsolari hilezinen batzar harrigarriak (I)

 

Bernardo Atxaga. Anaitasuna aldizkarian 1973, 253. zenbakia, 4. orrialdea. 

Zeruaren ertzeko bost izar gorriak itzaltzen direnean (Arkturo eta Betelgeuse lehendabizi, eta Aldebaran, Antares eta Pollux azkenik), ilundu egiten du zeharo, eta asko tristetzen da gaua. Orduan gehiago erretzen du suak, eta gehiago bustitzen urak. Denbora gelditu, eta ez da gehiago betetzen.

Gau horretan, gainera, ezkutuko* indar sakonak libratu egiten dira, eta, hauen poderioz, euskal bertsolari hilezinek hitz egiteko aukera edukitzen dute.

Batzar hauetako ohizko* sekretarioaren eritasun bat dela medio, oraingoz nik hartzen dut esaten direnak gordetzeko eginkizuna, eta munduari azaltzekoa, izan dadila denon onerako, eta gaiztoen txarrerako.

Arratsa iritxi* zenerako, ailegatuak izanen ziren guttienez bostehun bertsolari. Han ikusi nituen Neolitiko garaietako batzuk,* Erdi Harokoak (eta, hauen tartean, Santxo VII. Bortitzari* hainbeste gustatzen zitzaion Etxarriko Beltza), Errenteriako Xenpelar, Musarro, Saiburu eta abar, Asteasuko Pello Errota eta Zakarra, zazpigarren mendeko Motxondo eta Usurbilgo Udarregi; bai eta ere Etxahun, Bordel eta iparreko beste zenbait bertsolari. Ez zen falta Muskariako* Iruain, Fernando Katolikoak 1512. urte goibelean gartzelatu zuena, ez eta ere oraintsu joan zaizkigun Txirrita, Urretxindorra, Zepai eta beste anitz.*

Batzar hauetara beti azkena heltzen dena, Fernando Amezketarra omen* da. Besteetan ez dakit, baina oraingoan behintzat bera ailegatu zen atzeraturik.

Batzar honetarako aginduta zegoen gaia, hauxe zen: «Mundu honetako bizimodua». Eta horretaz kantatu behar zuena, Jose Manuel Lujanbio «Txirrita» bertsolari handia. Bere 150 kilo zutitu, eta honela eman zion ihardunaldiari hasiera:

Gure munduko bizimodua

guziyentzat da laburra

griña gaiztuak tiratzen gaitu

hortatik dator makurra

leku askotan ikusi ohi da

lapur guardiyan lapurra

animaliya ere igual

katua eta zakurra

berak asko nahi t’ezin sofritu

bestek daraman apurra

Pello Mari Otaño Zizurkildarraren hitza entzun zen orduan. «Kontuan izan —esan zuen— bertso batek, ona izateko, gauza bat duela derrigorrezkoa, hori da, fantasiaren arintasuna, irudi eta imajen poetikoen bizkortasuna, kontrasteen sendotasun eta indarra. Erlea lorez lore ibiltzen ohi den bezala ibiltzen da bertsolaria ere, inongo ederrarekin gelditu gabe, gozoa laburki dastatuz. Alferrikako hitzak —hots, bertsoa ulertzeko behar beharrezkoak ez direnak— ez dira maiz aurkitzen bertso onetan. Joxe Manuelek botatakoa adibide da horretan».

Gero, Txirritak berak hitz egin zuen. Bere bizimodua diru ezari oso atxekitua egon zela adierazi zigun, eta pobre izate horretatik etorri zitzaiola hargina bezala lan egin beharra, sagardo txarro baten eskean ibili beharra, eta beste zenbait gauza itsusi. Eta segidan bertso hau bota zuen, berak pasatako larritasunak pasatzen dituzten guztiei dedikatu eta gero:

Itsasuan zer gertatzen dan

ez al dezute ikusi

txardin berriya eta antxua

izurdiaren igesi

azpiyan ezin aguantatuta

gainera irten arazi

an ere arrantzaliak pronto

beren sare eta guzi

anima salbo jende pobria

gaur olaxe gara bizi

Atsegin haundia hartu genuen entzule guztiok. Marmarrak isildu eta gero, Bilintxek hau aipatu zuen: «Bertsoak, ona behar badu izan, arrazoi sakona, zartadarik sendoena azkeneko estrofan gordeta etorri behar du. Gainera, aurreneko estrofek jendea talaian jar erazi behar dute, honetarako ahal den poesia guztia erabiliz. Begira, bestela, arestian botatakoari».

Hirugarren bertsoa bota baino lehen, Txirrita Euskal Herriko gertaera gaitz batzuei buruz mintzatu zen, eta 1876 (foruak kendu zizkiguten urtea, noski) garren urtean (…) amaitutako prozesuaren berri eman zigun. «Handik honantza gauzak ez dira asko aldatu» esan zuen triste. Besterik gabe, orain jartzen den lanturua kantatu zuen:

Kolka txarraren azpiyan dauden

txito urrikalgarriyak

amarretatik bost hiltzen dira

beste bostak elbarriyak

pizti gaiztuen beldurrez beti

gora begira jarriyak

indar gutxiko gorputzak eta

suspiriyuak berriyak

kastigu onen menpian bizi

gera gaur Euskal Herriyak

Oraingo honetan hitz egin zuena, Erdi Haroko Antton Kiskurra bertsolaria izan zen. Honen aburuz, egungo bertsolari asko klitxe batzuez baliatzen omen dira, kantatzeko orduan. «Ene ustez, bi bertsok ez dute behin ere berdinak izan behar, beti ekarri behar dute berekin gauza berrien freskura. Puntu eta irudi bitxi eta bereziak ez badira bilatzen, hitzak gastatuz eta zimelduz joanen zaizkigu, bertsoak beren magia eta misterioa galduz, eta bertsolaritzak labana amustu baten antza hartuko du. ‘Herria’ eta horrelako hitzak ez non eta ez han erabiltzeak (hots, harira datozen ala ez kontuan hartzeke) gaitz egiten dio bertsolaritzari», oihuztatu zuen Elduaieneko bertsolariak.

Nola giroa asko seriotu zen, Txirritaren ingurukoek «bertso txar bat egiteko» esan zioten, «ea horretarako gauza zen», eta beste gauza barregarri asko. Lujanbiok honela kantatu zuen:

Bart arratsean Panplonan

giñaden feriyan

Etumetako artzaiak

sermoia debalde

ernari jarri omen dek

Aizarnan idiya

ai zer esne eratea

batere ez balu

nere txapela tellatuan

ala Jaungoikoa

Eta algara batean, batzarrari bukaera eman genion. 

 

Euskal Herriko bertsolari hilezinen batzar harrigarriak (2)

 

Bernardo Atxaga. Anaitasuna aldizkarian, 1973, 256. zenbakia, 8. orrialdea.

Zeruaren ertzeko bost izar gorriak ostera itzaldu zirenean, eta ura urago eta sua suago bihurtu zirela konturatu nintzenean, azkeneko lanak bukatu eta arin arinka abiatu nintzen batzarrera.

Bidean, Fernando Amezketarrarekin egin nuen topo, eta, honengatik, berandu nenbilela susmatu nuen. Zereri bertsolari hau —orain urruneko kronikan adierazi nizuen bezala— ez baita behin ere behar den garaitako ailegatzen, desgaraian ibiltzen baita beti.

Gertatu ere, uste bezala gertatu zen. Batzarra hasia zegoen, eta Patxi Bakalloren aldamenean eseri nintzen. Txintik ere atera gabe, zer gai genuen galdetu nion, zein bertsoz arituko ginen. «Matalasen hilketarenak zitiagu gai» erantzun zidan ixil ixilik.

Pentsatzen jarri nintzen. Bai, ongi gogoratzen nintzen euskal jendearen aldeko burrukalari honetaz, justizi eta askatasun egarriz osatutako bihotza zedukan iraultzaileaz!

Eta zer sentitu ote zuten bertsolariek, gizon hori herioaz jo zuten egunean? Nola kantatu zuten kontsolatzeko? Hori zen batzar hartan jakin behar nuena, eta zuei adierazi nahi nizuekeena. Ea, bada!

Piarres Topet «Etxahun» zuberotar bertsolariak kontatu zigunez, gauza arraro ugari sentitu eta ikusi omen zituen. Adibidez, haritz baten zazpi adarrak nigarrez, xaguxar baldarrak airoso kantatzen; eta, horretaz gainera, xorien xirulian kantore hau entzuten zuela iruditu zitzaion:

Urz’aphal bat ba dügü herrian trixterik,

Nigarrez ari düzü kaloian barnetik,

Bere lagün maitiaz beit’izan iitzirik:

Kuntsola ezazie, ziek adizkidik.

(Usapal bat ba dugu herrian trixterik,

nigarrez ari zaigu kaiolan barnetik,

bere lagun maiteak baitu utzi bakarrik:

zuen kontsolapenaz ba dauka beharrik).

Matalas arras maitea zuen baten baten lanturuak ote? Etxahunek hori dio.

Miarritz Ahamil andre bertsolaria, berriz, itsas inguruan paseatzen omen zebilen ezbeharraren egun goibelean, eta, adi adi jarriz, itsas haizeak zekarren kanta ilun baten notak aditu omen zituen. Eta hitz hauekin:

Sofrimendua ba du sarri Euskal Herriyak,

negarrez ari dira mendiko harriyak,

joan zaizkigu anai maitagarriyak,

pasaturikan mila mementu larriyak,

gorputzean sortuaz odol iturriyak.

Emakumeak hitz egin eta gero, Mikeltxo Apala Otxagiko bertsolariak hartu zuen hitza, eta hark ere zerbait bitxi ikusi zuela esan zigun. Kantatu zuenez, bi hilabete izanen ez zituen haurtxo batek (ordurarte hitzik ere esan gabekoa, noski) eta bere aita-amen harridurako, bertso bat kantatu omen zuen. Hemen bukaera bakarrik dakart, zeren gurasoak ez baitziren lehen estrofez oroitzen, eta umetxoak ez baitzuen atzera kantatu. Hona hemen amaiera hori:

jende pobreak edaten degu

zazpi ontzitan ozpiña,

euskaldunari gurutze askok

ematen diote miña.

Ba dirudi, lehengo bertsoarekin lotuta dagoela, eta bihotzeko min sakon batek eragindakoak direla, hain zuzen ere. Orain, nork bota zezakeen bertso hori lehenengoz? Jakin egin behar, jakin.

Etxahun mintzatu zitzaigun berriro, batzarraren bukaeran. Guretzat maitea den pertsona batek abandonatzen gaituenean —esan zuen—, nori eskainiko diogun harentzako gordea zegoen ardoa pentsatzen dugu, eta nori esanen dizkiogun harentzat ziren hitz goxoak; eta hori tristea da, halabeharrez. Eta horregatik tristeak izaten dira bertsoak holako okasioetan. Baina esperantza zaila da kiskailtzen, eta Matalas hil denik ez beza inork pentsa, hark defendatu zuen jendea bizi deino behintzat. Xoriek ere era honetan txiotzen omen zuten:

Üda lili eijerra, ez ezin nigarrik,

Bardin ez ahal düzü orain profeitürik;

Ene lagünak dira bortitan sarthurik,

Eta ni ezin pharti, maitia, züganik.

(Uda lore polita, ez egin nigarrik,

Ez baituzu izango hortik probetxurik;

Nire lagunak dira menditara joanik,

Eta nik ezin alde, maitea, zugandik).

Agian, Matalas berberari ikasi zioten xoriek kantore hau. Eta arrazoi zuten: hark eramandako bizi berbera eramaten duen edozein gizon, beti ere biziko baita euskaldunen bihotzean.

Kanpotik – Bernardo Atxaga