TTAKUN-HERREN: "X izpiak" eta "Borreroak baditu milaka aurpegi"

Izar Mendiguren eta Iñaki Gurrutxaga-(r)en argazkia Izar Mendiguren eta Iñaki Gurrutxaga 2019-10-15

“X izpiak” eta “Borreroak baditu milaka aurpegi” –

"X izpiak" eta "Borreroak baditu milaka aurpegi"

Testua: Izar Mendiguren

X IZPIAK

Gorputzaren barrenean zer dagoen bistaratzen dute X izpiek. X hamar izan liteke, baina ez nator kode erromatarraz hitz egitera, mendeetan zehar gertatu izan denaz baizik. X egoeratan jartzen ditu gai-jartzaileak aldiro bertsolariak edota ikus-entzuleak. X bidez markatu edota ukatu ditugu hamaika paperetan gure aukerak. Baita gure bizitzetan ere.

Kontrako eztarritik (Susa, 2019) liburuan pilatu ditu Uxue Alberdi Estibaritzek bertsolaritzan ema(te)n diren zapalkuntzetako batzuk. Barrenak mugitzeko beste, kanpoa astintzeko balio beharko luke argitalpenak (Saiakera lana irakurtzeko gonbita luzatzen dizuet, bide batez). 23 eta 42 urte bitarteko 15 emakume bertsolariren testigantza eta gogoetak biltzen ditu; nesken jarduna mugatzen duten mekanismoak azaleratuta. Latza.

Sentitzen dut, baina zu ere bazara hitzen jolasaren parte; edozein generokoa izanik ere. Ondorioz, zuk ere eragin dezakezu min eta ahalduntze hau. Guztiok dugu —bakoitzaregandik hasita— norbera edo aldamenekoa txikitu edo indartzeko aukera. Modua eta momentuarekin asmatzean dago gakoa, esango nuke. Jolastuko al dugu batera? Nik ez dut inoiz…

Onartu kontsulta. Badut lagun bat aipatuz jarrai nezake… baina hainbeste ditut, ez nukeela jakingo guztietatik nor eta zein egoera aukeratu. Uler dezagun, azter gaitezen. Bertsozalearen azalean sartuko naiz. Zer txalotzen dugu? Bertsoaren mezua, diskurtsoa, tonua, bertsolariaren itxura, jarrera… entzuleak berdina espero al du oholtzakoa emakumea edo gizona denean? Zeharo errotua badago ere, zapalkuntzei ematen zaien zilegitasunak noiz arte iraun behar du? Ligatze edo sexu gaietan, zergatik da onargarria batzuentzat umore matxista? Kasualitatea ote da ohikoan emakume eta gizonen arteko bikote edo sexu harremanei kantatzeko joera, bestelako generoen arteko harreman motak bazter utzita? Zenbatetan etiketatu dugu “emakume bertsolaria” sei laguneko saioetan, emanaldirako deitutako eme bakarra izanagatik? Zergatik ez gara larritzen plazetan kantari dabiltzan neskak asko direla jakin, eta mikrofono aurrean %100 edo %80 arrak direnean? Zer egin genezake jarrera matxistez jabetu eta bertsolaritza ikuspegi feministarekin eraikitzeko?

“Emakumeok plazaratzen garen heinean aldatzen dugu plaza, eta plaza aldatzen den unean plazaratzen gara emakumeak”, dio Miren Artetxe Sarasolak Kontrako eztarritik liburuan. Bat nator, dudarik gabe. Zorionekoak gu ateak botatzera ausartu diren pertsonak bidelagun izan ditugulako: Kristina Mardaras Sedrunengandik hasi (Euskal Herriko bertsolari txapelketan aritu zen lehenbiziko emakumea) eta bertso eskoletan dabilen neska gaztearenganaino. Edota, Ahalduntze Bertso Eskolaren bidez besteak beste —pertsona, kolektibo zein artista gisa— txikitzen gaituzten joera zein jarrera matxistak identifikatzen eta aldatzeko ahaleginean dihardugulako.

Ni ez naiz bertsolaritzaren inguruko proiektu feministetan murgildu (Ahalduntze Eskolan, Zilekoak bezalako ekimenetan….), baina urrunetik bezain gertutik jarraitu ditut bertako kezka, gogoeta eta eraldaketaren abiapuntu izateko pausoak. Iruditzen zait librean kantatzen dugula, baina libre izan gabe. Ni ere sentitu naiz itxuragatik epaitua, ni ere hartu izan naute saioaren osagarri askotan (osagai ordez), gizonen desirari segika egin ditut makina bat ofizio, jazarpena sentitu dut bertsotan… Horrek izen bat du: biolentzia matxista. Eta bertsolaritzan ere erreproduzitzen dugu. Gogoan dut, behin, Arabako txapelketa batean sexu langile baten azaletik kantatu izanagatik kritikak entzun behar izan nituela. Dezentetan hartu naute objektu sexual gisa oholtzan, berdekeria eta lizunkeria andana jasan behar izan ditut kantukide mutilen aldetik. Eta aitortzen dut: gune batzuetan, emakume izanagatik, merezimendua lortzeko ahalegin bikoitza egin behar izan dut. Ez da kasualitatea autoexijentziak txikitzea txapelketan ez kantatzea erabakitzeraino… Era berean, nik ere jolastu dut kantukidea azpiratzera (errespetutik bada ere), lehiatzera, bertsolariak kategorizatzera… Gai-jartzaile zein bertsolari gisa nik ere baztertu ditut zenbait pertsona eta egoera: aniztasun funtzionala dutenen sexu eta desira bizitza… Dena den, X-k edo “gaizki” eginak markatu baino, nahiago dut izpiekin geratu.

Garai berriak datoz bertsolaritzarentzat. Maritxuk eta Bartolok eboluzio izugarria izan dute. Egun, Maritxuri nora zoaz galdetzean, “eta zuri zer?” erantzungo luke. Horregatik espero dut amona bertsolariak ezagutzea plazan, amatasuna ez bihurtzea oholtzara igotzen jarraitzeko oztopo; genero guztiak aintzat hartzea (transexualak barne) saioak antolatzean, gaiak jartzean edota bertso eskoletan; zer onartu eta zer salatu behar den egungo eta etorkizuneko belaunaldiei irakastea… Asko dugu ikasteko, baina batez ere, desikasteko. Lurra egokia izan behar da edozer eraikitzeko. Eta zeregin horretatik inor ez dago salbu.

 

 

Testua: Iñaki Gurrutxaga

BORREROAK BADITU MILAKA AURPEGI

Gure bizitzako soinu bandan iltzatuta geratu zitzaigun esaldia: nire baitan daude biak, zapaltzailea eta zapaldua. Jekyll doktorea eta Mr. Hyde, deabrua eta aingerua. Dikotomia, bitasuna eta ezinbizia. Gureak eta kontrako eztarriak. Askotan tokatu izan zaigu listua irentsi beharra, batzuetan kontraesanengatik, besteetan egoerak gaina hartuta.

Nire artasunean, gizonezkoa naiz, eta orain gutxi arte hain esplizituki eta etxe-barruraino azaldu ez zaigun feminismoa gure bizitzen parte izan aurretik, ez dut bizi izan nire jarduna mugatuta. Horrekin ez dut esan nahi orain mugatuta dudanik: baina bai nire ideologia zedarrituta ikusten dudala, badakidala noraino bai eta noraino ez, eta orain ahalik eta kontzienteen egiten dudala bai bertsotan, bai beste edozein jardun, lehen hausnarketa handiegirik gabe bezala.

Bide batez esanda, mugimendu feministak etengabe ematen dizkigu abisuak, eta benetan hautu hori egiten duena oso adi ibiltzera behartzen du. Nekagarria zaigu, noski, baina zapalduen alderdira lerratu nahi duen zapaltzaileari dagokio neke hori, ez beste inori.

Aldi berean, jabetu naiz zenbaterainoko motxila daramagun bizkarrean. Gizonezkoenak (izan) diren ezaugarrietan oinarritutako jokaerekin askotan egin izan dut talka, ez naiz inoiz izan bereziki testosteronikoa. Gure etxean badakite aitarekin ere zenbaterainoko eztabaidak izaten nituen bere izaera zela eta: izaera eraikia, oso gizarte jakin batean moldatua eta nirearekin aurrez aurre askotan jartzen zena. Eta, zer diren paradoxak, feminismoaren bidetik hasi nintzen ulertzen bere jarrera matxista asko, zer eta nik ere aurrez aurrekoa jarrera berberetik egiten niolako. Ahari-borrokak, elkarri kolpeka eta alferrik. Ofizio gutxiko jarduna.

Aurrekoengandik jasotako mekanismo asko aldatu nahi dituenak ere beste asko erreproduzituko ditu, ezinbestean. Horren kontzientzia-hartzea da dagokiguna, lehenik, eta, gero, horri buelta emateko borondatea izatea eta ekitea. Motxilak hustu eta atzera berriz betetzea. Batzuetan tokatu izan zait, eta mingarri zait, feminismoaren bidean pausorik sendoenak ematen ari direnek ere zapaltzailearen mekanismoak erabiltzen dituztela iruditzea. Elkar elikatzen jarraitu beharra beste biderik ez dagoela pentsatzen dut orduan, niri ohartarazpenak egiten dizkidaten bezala, nik ere egin beharko nituzkela. Hor daukat, ordea, zapatako hartxintxarra: gizonezko bezala ez dakit zenbateraino den zilegi edo paternalista mugimendu feministako emakumeei* halako mezurik bidaltzea. Bidean oztopo izan nahi ez baina lagunari, bidez erratuko den beldurrak, ezer esaten ezin ausartu.

Entzuleek ere zer txalotzen duten eta zer ez galdera sorgina da gero. Adibide garbia izan genuen azken Txapelketa Nagusian, niki arrosa baten haritik, aipatu izan dugun bezala. Nik uste marra gorriak finkatzen ari garela, eta beharrezkoa dela, gainera. Txiste bat entzun orduko erreakzio bat datorkigu: gero pentsatzen dugu graziarik egin beharko ligukeen edo ez, eta horrek dakar bigarren erreakzioa. Zorionez edo zoritxarrez, motxilatik ari gara askotan barrez. Esaten genuena, hustu eta bete-lanetan aritu behar, ondorengo erreakzioak kontrolatzeko.

Bertsolarien kasuan, gai-jartzaileenean, ez gara ari ordea erreakziotik. Hor geronek hartu beharko genuke dagokigun ardura, hor ez da edozer gauza libre. Aurre-hausnarketa bat behar du bertso, puntu bakoitzak, ez a posteriori egindakorik. Akats teknikoak egin ditzakegu, eta oso dira barkagarri: baina akats ideologikoak beste gauza bat dira. Kode konpartitu bat eraikitzen ari garela sinesten badugu, hor daukagu kokatu beharra. Ortodoxoegia iruditzen zaiona, gera dadila kanpora eta egin dezala bere bidea. Zorrotz behar dugu horretan.

Iritsi garen lekuraino iritsi gara. Aipatzen zenituen bide-urratzaileak: Kristina Mardaras, adibide garbi bezala. Kontrako eztarritik liburua argitaratu ostean izan zen erreakzio-kate bat, benetan larria izan den kasu baten aurrean Bertsozale Elkarteak izan zuen indiferentzia salatuz. Ez naiz hasiko kasuaren inguruan, beste gauza askoren artean iritzira arituko nintzatekeelako, benetan Elkartearen jarrera zein izan zen ez baitakit —hori bera nahiko argigarri baden arren, akaso—. Kristina Mardaras eta Txapelketako lehen bertsolari emakumezkoa aipatu nahi nituzke ordea nik ere, benetan pentsatzen dudalako artean Bertsolari Elkarte zenak benetako pauso bat eman zuela emakumeen plazaratzea bideratuz. Gizonezkoen egitura batetik atera zen emakumeen aldeko pausoa. Ez diot hau loreak banatzeko eta “begira gizonezkoak zein onak garen, utzi egin genizuen” esatearren. Oraindik ere mekanismo heteropatriarkalak bete-betean ditugun norbanako eta egituretatik ere aurrerabideak atera ditzakegula sinisten dudalako aipatzen nuen, eta Elkartea, bere argi-itzalekin, benetan mugimendu eredugarri izan delako nire begietara.

Ibilbide luzea dugu atzean, eta luzeagoa aurretik. Ekosistema osoa etengabe iraultzen jarraitu beharko du bertsolaritzaren mugimenduak. Transmisioan oinarrituta eta hausnarketa jarraian. A, eta Izar, bukatzeko: bertsolari amonak aipatzen zenituen. Bada, bat behintzat badugu, nik dakidala, orain hilabete batzuetatik honantza. Rosi Lazkano.

“X izpiak” eta “Borreroak baditu milaka aurpegi”
“X izpiak” eta “Borreroak baditu milaka aurpegi”
“X izpiak” eta “Borreroak baditu milaka aurpegi”
“X izpiak” eta “Borreroak baditu milaka aurpegi”
“X izpiak” eta “Borreroak baditu milaka aurpegi”
“X izpiak” eta “Borreroak baditu milaka aurpegi”
“X izpiak” eta “Borreroak baditu milaka aurpegi”
“X izpiak” eta “Borreroak baditu milaka aurpegi”
“X izpiak” eta “Borreroak baditu milaka aurpegi”