Agurrak (Berri Txarrak)

Oihana Iguaran

Oihana Iguaran

2018-12-20

Agurrak (Berri Txarrak) –

Eskerrik asko, ederki bizi

eta nahi dezuten arte

 

edo:

plazer handi bat izan da

 

edo:

(silaba kopuruaren arabera) eskerrik asko / mila esker + (gehitu herria)

 

Bertsolaria ohitua dago azken agurrak prestatzen. Minik gabe, ia benetako agur kutsurik gabe, eskertza formatuan. Normalean, “gero arte” bat direlako. Ordu pare batez harrotu dugun olatua lehertu eta zipriztinekin elkarri begiratzea izaten da, amets on baten ostean begiak ireki eta argiari pixkanaka leku egitea begi-ninietan, larrualdi on batean eztanda egin osteko muxu hori, ezpain handituekin eta arnas bizkortuarekin. Ikusi arte gozo bat da azken agurra.

Baina lehengo astean kantatu zigun “bila ezazu beste bat, eta ikusi arte”, hainbeste olatu, hainbeste amets eta hainbeste larrualditan soinu-banda izan dugunak; bere poesia “bigarren eskuko amets” bezala entregatu zigunak; hanka sartzen genuenetan “exijitzea zilegi den gutxieneko hori” pasioa dela gogoratzen zigunak, “lotsaren aingura” hondoratzeko kuraia eman zigunak, mikrofonoaren aurrean isilik geratzean “ez da hitzik ez dudalako” gogoratzen zigunak. Agur esan du.

Eta hori dena nahi dugunean entzun dezakegun arren, badirudi orain oihartzun bat dela, urrunagotik datorrena. Harridura ikurrez bete zaizkigu egunak, “gehiegi, eta nahikorik ez”. Agian norbaitek gogoratu behar zigun “iragan hau guztia betiko izango genuela aurretik”, eta elkar topatzen jarraituko dugula, atzoko “dardararen bat”ean, “zuhaitz zaharren azaletan” … eta bitartean “zerbait asmatuko dugu”, ze “berdin dio ze adinekoak diren elkar ikusi gabeko egunak”, guretzako “hitz ederrak utzi ditu idatziak”. Egingo ditugu katedralak “hegalik gabe sortu ziren abesti pusketekin” eta abestuko ditugu “arima urratu arte”.

Eta bitartean, “beude” gugan, bitez “ahazten ez dugun kantu gure ezpainetan”, 25 urte hauetako bertso/amets/larru saio onen osteko ezpain puztu hauetan.

Agurrak (Berri Txarrak)
Agurrak (Berri Txarrak)