Ahots-ikarak

Oihana Iguaran

Oihana Iguaran

2018-07-24

Ahots-ikarak –

Ahots-ikarakBadira engainatu ezin dituzun pertsonak; eta nik uste, badirela engainatu ezin dituzun doinuak ere. Ahotsak badaki oso traidorea izaten, batez ere tentsio unetan. Jaiotzen garenetik hasten gara poker aurpegiak entseatzen, baina inork ikasten al du ahotsarekin hori egiten? Gauza bakarra egongo da nota baten dardara baino salagarriagoa: umetan bertsopaperak kantatzean eskuan jartzen ziguten paper borrosoa agiAn. Gero, zorionez, bat-batean hasi ginen eta eskuak poltsikoan ezkutatzen irakatsi ziguten.

Ahots kordak ezin dira ipurgainean gurutzatu, ordea. Nork ez du korapilo itogarri hori sentitu saio zail batean? Nork ez du doinu aukeraketa mugatu behar izan, ahotsa kontrolatzeko lanak dituelako? Nire eztarria ez da jabetu nerabezaroa pasa dugunik, oraindik. Ez diot askorik lagundu, egia esan, heltzen. Noizbait ikasiko dut arnasa erabiltzen, zin dagit. Noizbait egitekoen zerrendan daukat, ‘ezetz esaten ikastea’ren aurretik eta ‘saioko tarifa zein den totelik gabe esatea’ren atzetik.

Gauza da badirela saio zailak (eta ez naiz txapelketaz ari), non emozionatzen zaituen zerbait edo norbaiti kantatu behar duzun edo diozun. Abiatzerako dakizu negargura sentituko duzula eta ahal den neurrian esaten duzuna sentitu gabe bezala kantatu behar duzula. Miresten ditut bereizketa hori egiten dakitenak. Nik pentsatzen dudana ezkutatzen beste lan dut, sentitzen dudana kontrolatzen.

Ze trantze jartzen dizkiogun gure buruari, maite dugun norbaitek edo gure gorputzak eskatuta. Zenbat hiletatan abestu ote dugun, haragi-bizitan. Besteek ez dakit, nik horrelakoetan behin eta berriz abestu behar dut pentsatu dudana, negarra agortu arte. Hitz bakoitza sentituko ez banu bezala esan dezakedan arte. Orduan irtengo naiz publikora automata baten pare abestera. Tristea da, baina nik ez dut beste erarik bukaeraraino iristekotan. Zenbat azken puntu geratu zaidan eztarriko korapiloan itota, bestela.

Kontua da, doinu batzuk erraztu egiten dutela arreta gorputzetik aldentzea, burutik abestea. Beste batzuk, baina, tripetatik abestu behar dira ezinbestean. Ni azken horiek bribraarazten naute. Eta bibrazioa eta dardara bereizi nahian nabil oraindik. Edo bateratu nahian.

Ahots-ikarak
Ahots-ikarak