Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2017-04-18

Ahoz-aho

Ahoz-aho

Ahoz-ahoZertarako balio du ahozko hitzak, haizeak eramaten badu? Zertarako, zin egiteak, paperean sinatu arte ofizial izango ez bada? Dena idatziz aurkeztu behar den garaiotan, zer balio du kontakizun batek? Zertarako balio du  ahozkoak, email eta whatsappez komunikatzen den gizartean? Ahozkoa galdu egiten omen, idatzizkoak iraun.  Zer egin dezake ahozko transmisioak idatziz iraunarazten badira baliozko gauzak eta garrantzizkoak?

Ez da asko, hunkituta entzun nuela hiru urteko haur bat Orioko balea-ren sorta oso-osoa abesten; irakurtzen ez dakien norbaiti, ahozkoa soilik iristen zaiolako eta ziurrenik, ume horrek sorta hori ahots eta momentu bati lotua berreskuratzen duelako, aldiro.

Aste honetan gertatu zait bigarren aldiz, Buenos Aireseko Euskaltzaleak etxean. Bertan euskara ikasle asko dituzte eta han ikasitako gazteek ere, maila harrigarria erakusten dute argentinar ahoskeran. Lehen belaunaldikoek, aldiz, lotsaz aitortzen dute ez dakitela euskaraz; batzuk, ez zieten gurasoei ikasi eta beste batzuk, ahaztu egin dute. Gero, bat-batean, euskal kantekin hasi eta hara non, abesti osoak goitik behera guk baino hobeto dakizkiten.

Horrelakoetan ohartzen zara zein den garrantzitsua ahoz transmititzen den hori, edukitik harago. Horrelakoetan ikusten duzu, bertsogintza zenbateraino den tresna indartsua. Batzuetan, haizeak daraman horretan, ahotsean, momentuan dagoelako norbaiti eman nahi diozun guztia, gogoratuko duzuna, merezi duena. Paperak, instituzioak, ofizialtasuna erdaraz den munduan ahozkoak biziarazten duelako, ahozkotik iristen delako beste guztira. Guk, ahoz aho transmititzen jarraituko dugu, norbaitek gogora dezan.

Ahoz-aho