Ainhoa Agirreazaldegi

AHOZKO INPROBISAZIOA ITZULTZEAZ

Joan dira urte batzuk, bertsolariok, euskararen eremutik kanpo, gure jarduna erakutsi eta beste zenbait hizkuntzetako inprobisatzaileekin batera saioak egiten hasi ginenetik. Kanporako lehen irteerak egin eta berehala hasi ginen kanpoko inprobisatzaileak Euskal Herrira ekartzen ere.

Hizkuntza- eta kultura-truke horretan, atoan topo egin genuen ahozko inprobisazioa itzultzeko beharrarekin. Hasieran, bertsoz bertso itzultzen genuen bertsoaldi bakoitza, sarri, itzultzaile-lanez gain, beste hainbat lan egiteko ardura ere bazuen norbaiten ahotik. Itzulpenari aparteko garrantzirik eman gabe, alegia. Gaztelera nahiko zabarrean maiz, formatan gehiegi erreparatu gabe eta bertsoaldia behin eta berriro etenda.

Baina bertsolariok ulertu egiten genuen itzultzaileak esandakoa, eta bertsolariaren lana boteprontoko itzulpen hark maila baju samarrean uzten zuela iritzita, beren lana atzekoz aurrera antolatzen hasi ziren bertsolari batzuk: gaztelerazko bertsioa pentsatu lehendabizi, eta hori euskarara moldatu gero. Gazteleraz errimatuta, neurrian ondo emana eta estilistikoki gozatzeko moduan jaso zezaten entzuleek. Horretarako ere abilezia behar den arren, azkar ohartu ginen hori ere ez zela bidea, ez zuela zentzurik bertso eskasagoa kantatzeak, itzulpen on baten truke.

Geroago etorri zen itzulpen-lanak maisuki egiten asmatzen zuen Xabi Paya. Xabirekin berdin zion bertso ona edo erdipurdikoa kantatu, honen gaztelerazko itzulpena beti baitzen ona, bai edukiz, bai formaz. Baina itzulpena horrela egiteko gaitasuna Xabik bakarrik zeukan eta, entzuleek bertsolaritzaren nondik norakoen berri nahiko ondo jasotzen bazuten ere, dena esan behar bada, beti ez ziren bat etortzen euskarazko eta gaztelerazko bertsioa…

Eta hortxe genbiltzan, itzulpenaren gaiari nola aurre egin oso ondo asmatu ezinda, 2016ko Europa Bat-batean kulturarteko topaketak ia gainean genituela. Eta aproba berria egin dugu apirilean Europako inprobisatzaileen egin diguten bisitan: bertsoak (oraingoan nagusiki beste hizkuntza batzuetatik euskararakoa izan da itzulpena) ahoz ez, baizik pantailan itzulita ematea publikoari.

Aldeko gauza asko ditu itzulpen-modu honek: batetik, inprobisatzaileen jarduna ez da behin eta berriro eteten. Bestetik, itzulpenak ez du ez dagokion protagonismorik hartzen (inprobisatzaileak ez du itzulpenaren presentzia nozitzen, propio buelta eman eta pantailan irakurtzen hasi ezean). Eta, azkenik, bakarkako lan askotan, bertsoaldi osoa amaitu ondoren eman dira itzulpenak. Erabaki honek, mezua bezain garrantzitsu bihurtzen ditu inprobisatzailearen bestelako adierazpideak (kantua, ahotsa, gorputza, isiluneak…), eta inprobisatzailearen jarduna ulertzeari ez ezik, jardun hori sentitzeari ere bidea irekitzen zaio.

Baditu, dena den, bere ezintasunak ere pantailako itzulpenak. Esaterako: zilegi al da idatziz ematea ahoz kantatu dena? Edo: nola transmititu entzuleari, mezuaren edukiaz gain, mezuaren forma?

Oraindik ere askatu gabeko korapiloa dugu, zalantzarik gabe, ahozko inprobisazioaren itzulpenarena. Seguruenera, bere ekitaldi nagusiak uztailean izango dituzten 2016ko kulturarteko topaketek utziko digute, arlo honetan ere, ikasgai berririk. Eta topaketak amaitzean ere, egin beharko ditugu bilera gehiago, itzulpenaren gaia hobetzen jarraitzeko.